OTSOAREN AHOAN BARRENA!

Mila eta bat iruditan zehar… ikasgelan nork bere Heroiaren Bidaia egiteko gonbidapen ausarta

 Zuk eta nik gustuko ditugun istorioen heroia, bere eguneroko bizitza arrunta atzean utzirik, abenturara irteten da egun batez. Zu eta ni prestatzen hasten gara une horretantxe heroiaren patuarekin bat egiteko, bere urrats guztiak gertutik jarraitzeko, etxeko ataritik Itakaraino, beharrezkoa izango balitz.

 
 

Bai. Zuri eta niri –haur ginela eta oraindik ere– gustatzen zaizkigun ipuin, film, mito, bizitza erreal eta eleberrietako heroi edo protagonistak entzun duen Abenturarako deiak erakarri eta beldurtu du aldi berean. Ezertxo ere gertatzen ez den erresumaren erosotasun aspergarria lagatzea? Zeren truke? Erotu al haiz, Frodo, nora hoa? Denen ahotik entzungo du: etxean bezala inon ere ez! Aitzakiak etorriko zaizkio ezpainetara bere bidaia hasteari uko egiteko. Moisesen antzera, Egipton esklabo den bere herriarentzat askatasuna faraoiari eskatzera joan behar ez izateko, alegazioak Yaveri berari ere aurkeztuko lizkioke, beharrezkoa izatera. Zuk eta nik bezala, beldurra eta zalantzaren aurrean heroiak erakusten du eskakeorako joera eta trebezia izugarria. Zuk eta nik bezala, behin betiko urratsa ez du emango norbaitek edo zerbaitek bere buruarekiko ez duen konfiantza eskaintzen ez dion bitartean. Horixe alegien funtzioa! Virgilio zaharra agertu beharko zaio Danteri infernuetako ate beldurgarria zeharkatzen ausartu dadin (Lasciate ogni speranza, voi chentrate, pasa-tzen baldin bazara, ez dago bueltarik, laguna, dio atearen gaineko inskribu beldurgarriak). Eta Teseo bera ere ez da ausartuko labirintoan sartu eta Minotauroa ukabilka akabatzen, ahalik eta Ariadnak bueltako bidea seinalatzen duen haria eskaintzen dion arte. Hansel eta Gretelek ez dute zorte bera izango: euren haria txoriek jango baitute, eta baso mehatxagarria zeharkatu beharko dute bizitzak ipiniko dizkien heldutasun probak gainditzeko.

Beste heroi batzuek, aldiz, ez dute inoren laguntzarik beharko etxetik irten eta bide zuzenetik aldentzeko. Txanogorritxuk eta Pinotxok jakin bai baitakite ezin zaiola ezer gertatu etxean gelditzen denari. Baina eurak desiratzen ari dira “zerbait gertatzea”… Abentura – latinezko adventus, gertaera hitzetik eratorrita – inoiz urratu ez duzun debekatutako bidean soilik aurki dezakezu, otso maltzurrak bizi diren basoetan, edo balearen sabelean. Abenturetako heroiak ondo baino hobeto daki etxean geldituz gero ez duela sekulan topatuko altxorrik preziatuena, bere bizitzaren zentzuarena, Jung-ek irakasten digun self-arena, hain zuzen ere.
Erlojuaren atzean ezkutatzen den Antxume Txikiak itxoingo dio amatxori, harekin eta haren babesaren pean baso ilunean zeharreko bere lehen txango heroikoari ekiteko. Helduaren konpainia izango zaio behar-beharrezkoa etxetik kanporako lehen urratsak ematera ausartu dadin. Irene Henchek (Psikodrama Sinbolikoaren sortzaileak, Heroiaren bidaia hamabi ipuinetan zehar artikuluan) azalduko digu nola, honen ondoko ipuinetan, heroiak ekingo dion bere bideari amaren oniritziaren zain egon gabe, are gehiago, amaren debekua urratuz: “Ez atea inori ireki”, “Ez inorekin hitz egin amonaren etxerako bidean”… Bai, ama, baina horrela… nola haziko naiz? Benetan maite nauzun ama izan nahi baduzu eta nik zu maitatzea, orain gogoaren zilbor estea etetea, beste biderik ez dago, gogoratuko dio kantariak. Atxikimendu edo apego aroari separazio edo bereizketarenak jarraitzen diolako. Maitasunez jositako loturak maitasunaren poderioz baino ezin ditugulako askatu. Ipuinek, istorioek esku-beteka eta doan ematen diguten maitasunaz, hain zuzen ere. Nor naiz? galderari sutondoaren babeslekutik urrun erantzun beharko diolako heroi txikiak, geuk sutondoan entzuten ditugun istorioen protagonista bilakatzeko hain zuzen ere.
Zuk bezala, nik bezala, haurrak bezala… abenturetako heroiak ere praktikatzen du transgresioa dosi eta modalitate desberdinetan: desobedituz, gezurrak esanez, lagunei bizkarra emanez… Badaukagu, zorionez, noren ispiluan begiratu gure buruari. Ipuinek, istorioek irakasten digutelako gure burua barkatzen, gure bidea izan den bezala onartzen, bere itzal eta argiekin. Bidai heroikoaren ereduan begiratzen diren narrazioen abordatze-pedagogiko egokia –serio eta ludikoa aldi berean– egiten baldin badugu, ikasleak aukera izango du bere autokontakizuna sendatu eta gaurkotzeko, bere historia istorio bihurtuz, haren subjektu eta autore sentitzera iristeko, bere iraganaren pasarte zailak hari narratibo batean kokatuz, non patu dramatikotik ihes egin dezakeela konturatuko den alaitasunez.
 *  *  *  *  *  *  *  *
On the Road… Etxetik irten eta itzulerarik ez duen atea zeharkatu ostean –bere gibelean Itsaso Gorriko urak berriro itxi direlako, amaordearen herio kondenari iheska baso beldurgarria igaro berri duelako, edo diskoteka hartako aparkalekuan Louisek Thelmaren erasotzailea bi aldiz pentsatu gabe hil egin duelako–, heroia joango da pixkanaka-pixkanaka ahalduntzen eta bere buruarengan konfiantza irabazten. Egun batetik bestera ez dugu ikasten dragoiak akabatzen, inor ez da ikasia jaio. Probarik proba –Iparraldeko Sorgin Onak emandako zilarrezko zapata eta musuari esker, Gandalf-en gidaritza magikoaz baliatuz edo ikastolan andereñok egunero-egunero kontatzen dizkion ipuin miragarriak gogoratuz– heroia joango da bere Iniziazioa osa-
tzen, ahalik eta Dragoi Handiari
–bere Itzalari– aurre egiteko kondiziotan sentitzen den arte.
Joseph Campbell-ek identifikatutako Monomitoaren azken fasean sartzear dugu jadanik gure heroia: bere ibilbidearen zirkulua ixteko, “Etxera Itzultzearena”, hain zuzen ere (heroi hitzaren etimologian –zerbitzaria– bere periploa osatu ondoren irabazitako jakintza komunitatearen zerbitzura ipintzen duenaren ideia baitago). Lehenago hainbat protagonistari heriotza sinboliko batetik igarotzea suertatuko zaio (Edurne Zuri, Loti Ederra…), ezkontza sakratu batez borobilduko dena (piztia akabatu izanagatik bidezko saria, sarritan) … Heroiaren apoteosian gaude, Akilesek berak ere inoiz amestu ezin lezakeen aintzan ezin gorago dago kokatuta orain. Baina segituan entzungo du protagonistak bueltarako deia: berriro ere erresistentzia, berriro ere inertziaren legea. Mediterraneoko munstro guztiak hil eta gero, hamaika naufragiotan bere tripulazioa galdu ondoren, Ulisesek zazpi urte daramatza Calipso ninfa ederrik ederrenarekin Ogigia irlan, bere bidaia bukatzeari uko egitearen truke hilezkortasuna eskaini diona. Ulisesek badaki Itakara itzulita jainkoen pribilegioak bukatu egingo zaizkiola. Penelope, Telemako, lagunak, maite dituen pertsona guztiak ikusi beharko ditu zahartzen, konfliktoak eta gaixotasunak pairatzen, eta, azkenean, hil egingo “zaizkio”. Calipsoren tentazioari uko eginez gero, Ulises bera ere hil egingo da betirako egun batean. Eta hala ere, bere abenturaren zirkulua osatzea da bere hautua, Itakatik Itakara, Poseidonek bidalitako ekaitzari aurre eginez berriro itsasoratuz, baltsa txiki batean.
Fikzioaren funtzioa ez delako fantasiazko mundu baten promesa egitea, baizik eta, bere bidea egiten duen heroiarekiko identifikazio eta ereduaren bidez, bizitzaren zailtasun eta proben aurrean gure barruko haurraren bihotza itxaropenaz, kontsolamenduz eta konfiantzaz betetzea. Bere haurtzaroaren Itaka atzean uzten ari den haurra eta nerabeari –baina baita zuri eta niri ere– bizitzan oreka ematen digun zentzua eta norabidea, topatzen, finkatzen, hautatzen laguntzea da abenturetako narrazioak betetzen duen eginkizuna.
*  *  *  *  *  *  *  
Bruno Bettelheim-ek esaten digu Serezadek mila eta bat gau behar izan zituela Schahriar errege krudel eta misoginoaren bihotz mindua sendatzeko. Antologiaren idazle ezezagunak zehaztapenik ez digu ematen bisirraren alaba nagusiaz. Soilik eder eta liraina izateaz gainera, antzinako herri, errege, gertaera eta poetei buruz mila bat liburu zituela irakurrita. Eta adoretsua zela: “Aita, erregearekin ezkondu nazazu eta zin degizut erresuma honetako emakumeak tiranoaren hatzaparretatik askatuko ditudala edo hil egingo naizela ahaleginean”. Carol Pearson-en ikuspegitik, Gerlari eta Ongile izenak jasotzen dituzten eboluzio edo transformazio arketipoen artean kokatu beharko genuke Serezade. Armarik gabeko Gerlaria, irudimenaren bidezko Ongilea, mila eta bat gauetan zehar bizitzak kolpatutako erregearen barneko haur minduan erresilientziaren txinpartak irazeki dituena. Ipuinen kandela, abenturaren sua, bidai heroikoaren argia, ikasgelan pizturik iraunarazten baldin baditugu, taldearen dinamika atseginagoa, interaktiboagoa, emankorragoa bihurtzeaz gainera, prebentzio eta oreka pertsonalaren aldetik txertorik eraginkorrena, depresioarekiko antidotorik efikazena ariko gara inokulatzen gure ikasleengan.
Inuzentea, Umezurtza, Arlotea, Gerlaria, Ongilea, Bufoia, Aztia… Pearson-en irakaspenaz (“Barneko heroia”) ulertzen ditugu narrazio heroikoaren bilakaeran –eta zure eta nire bizitzaren garapenean!– dauden transformazio arketipo garrantzi-tsuenak. Batetik bestera igarotzean, fase bakoitzari dagozkion zailtasun eta itzalak gainditzerakoan, une bakoitzak eskaintzen duen ikaskuntza barneratzerakoan, liluratuta gaituen istorioaren protagonista joango da gero eta gehiago ahalduntzen, sekulan ere lineala izango ez den bere ibilbidea osatzen duen bitartean. Heroia –aspaldian neskato edo mutiko zelarik etxeko ziurtasuna laga zuena–, zahartuta, nekatuta agian, baina esperientziaz eta jakituriaz beterik, iritsiko da bere abiapuntua izan zen helmugara, espiralean eta gorantz den amaigabeko zeharbide bat marraztuz. Ahatetxo Itsusiaren antzera, umezurtz sentituko da, munduak errefusatuta sarritan, noraezean, lakuan islatzen den bere irudia gorrotatu beharko du akaso. Baina bidean amore eman barik, azkenean, agian gutxiago espero zuenean, bere bizi-tzari sena emango dion altxorrarekin topatu egingo da (identitatearena, Andersen-en pertsonaiaren kasuan), bere bidaia jarraitzeko abiapuntu berria bilakatuko dena.
Itakatik Itakara… Claudio Naranjo bidaiaren oinarrian dagoen abiapuntu-helmugaren inguruko paradoxaz mintzatzen zaigu Gilgamesh heroi sumeriarraren abenturaren berri ematerakoan: hilezkortasunaren bila egindako bilaketaren bukaerara iritsita, Gilgamesh konturatzen da bidaia ez dela beharrezkoa izan, baina horren kontzientzia izatera heltzeko behar-beharrezkoa izan da bidaiatzea! Bere zeharbidearen amaieran abenturaren poderioz Aztia (Jakintsua, Maitalea…) bihurtu den heroia topatzen delako hasierako Haurrarekin. Ezertxo ere ez dakienaren inozentziatik, “ezer ez dakidala, besterik ez dakit” jakituria sokratikora, beti zerbait gehiago ikasteko, umiltasun eta ausardiaz urrats berriak emateko prest dagoenaren inozentziara.
 *  *  *  *  *  *  *  *
Otsoaren ahoan barrena! Ez gara lerro hauetan irakurketa lantzeko edota motibatzeko metodologia bat proposatzen ari, jainkoek libra gai-tzatela halako atrebentziatik. Merkatu pedagogikoa horretarako irakasleoi mila eta bat errezeta eskaintzen dizkiguten metodologiez gainezka dago. Heroiaren bidaiak ez du lehiatu nahi argitaletxeekin. Aldez aurretik galdutako gudu batera ez dugu bidaliko irakasle gogotsua. Mila eta bat errezetaren ordez, mila eta bat istorio, ikasleekin mila eta bat esperientzia eta abentura bizitzean datza gure gonbidapena.
Aresketa Ikastolako nerabeengandik ikasitakoaz, eta azken hamarkadan hainbat Kultur Etxetan dinamizatu ditudan literatur tailerretako pertsona helduekin egindako eskarmentuaz, joan naiz narrazioa abordatzeko zenbait estrategia balioztatzen eta, batez ere, ikasleek eta irakasleek modu errazean ulertu eta erabili dezaketen marko edo eredu teoriko heterodoxo bat sortzen, zeinaren ispiluan ikasgelara ekartzen ditugun istorio gehienak islatu daitezkeen. Campbell, Pearson eta beste hainbat maisu eta maistrari baimenik eskatu barik, guk Erroskoa deitzen diogu gure heroiaren bideari. Ikasgelaren erdian, osatzen dugun zirkuluaz inguraturik, pizten du taldeak bere Sua, gure imajinarioaren ehunka eszena eta pertsonaiez elikatzen dena. Tribuko kideak baikinen hasten gara denok Suaren, irudien inguruan bueltaka, emeki-emeki, agian musikaz lagunduta, irudiak aukeratzen baino, haiek gu aukera gaitzaten utzirik, ahal dela aurreiritzirik gabe, ahal dela gure Haurrari, gure Inuzenteari, protagonismoa emanez bidaiaren hasiera une honetan.
Jolastea nork bere burua jokoan jartzea da. Arriskatzea. Eskolaren marko serio eta programatuan kontrol ezari bere aukeratxoa ematea. Ikasleak eta gu geu. Joaquín Jiménez Oroz nire maisuari behin eta berriz entzun diot irakasleok gure burua kargugabetzeko prest egon behar dugula gure desioa baldin bada ikaslea subjektua bihur dadin. Ikasleak “bere” bidea egitea (eta ez nire programazioan edo urruneko kontrolaren bidez argitaletxe batean finkatutako curriculum edo bidea), eta testuliburuan erabakitako erantzunen partez –“erantzun bakarraren” ordez– ikasleak galdera eta hipotesi anitz eta berriak libreki egitea, bere aurrean biluzten zaion bizitzarekin solasaldian. Aldez aurretik finkatutako programaren partez, taldeari gonbite bat luzatzea, horixe gure proposamena. Jean-Claude Carrièrek izendatutako “gezurtion zirkuluan”, hautatzen ditugun –hautatzen gaituzten– irudien bitartez, taldeak –eta norberak– irekitzen du fikzioaren meloia, konturatu gabe hasten gara iker-tzen gure autokontakizunean, non istorio batek beste istorio askotara eramango duen taldea, non Jordi Balló eta Xavier Pérezi jarraituz (La semilla inmortal), argudioak, aroak, kontinenteak eta generoak gurutzatuko diren, non narrazioaren “hazi hilezkorrak” , urrezko iturburuak, aurkitu eta dastatuko ditugun.
Gianni Rodari gogoan, nahikoa izaten da leinuko aztiak lakuaren ur geldian istorio baten harritxoa bota-tzea, hamaika olatu, hamaika uhin, eta mila eta bat istorio gure barruko Haurraren bihotzera iristeko.
Leinuko aztiak… edo zuk eta nik.