NOLA LANGUNDU DEZAKE MINDFULNESSAK HEZKUNTZAN?

 
 

Esnatu, altxatu, jantzi, dutxatu … ala kasik aldrebes hobeto? Arrapaladan umeak itzartu, jantzi (edo alderantziz ere, presaka ibilita umeak lo daudela janztea errazagoa delako), gosaria eman, gosaria jateko borrokan egin, ateraino irten, umeen zain haserretu … eskolara eraman tiraka, liburu, hamaiketako, kirol arropa, ingeleseko koadernoa, pinturarako materiala … dena daukatela bermatu, eta ospa lanera, bidean zerbait okertuz gero gaur ere berandu ailegatuko naiz eta..

Zoritxarrez goikoa ez da karikatura bat, baizik eta nik eta guraso askok umeak hazten egon garen bitartean bizi izan dugun errealitatea.
Gure gizartean egonezina oso hedatuta dago: gurasoak, presaka eta korrika, ailegatu ezinda bizitzearen sentsazioarekin gabiltza; ondorioz, ume eta gazteen artean ere ezinegona areagotu egin da, besteak beste, etxe barruan askotan erreferentzia gutxiago dutelako eta estimulu gehiegiren menpe bizi direlako. Hortaz, arreta falta, hiperaktibitatea, antsietatea eta bestelako arazoek gero eta presentzia handiagoa dute gure ikasgeletan, horiek dakartzaten elkarbizitza eta funtzionamendurako zailtasunekin.
Mendebaldeko gizarte gehienetan gertatu den azelerazio fenomeno horrekin batera, immigrazioaren ondoriozko kultur aniztasunak ikasgeletan daukan isla eta sortutako moldaketa premiak ere baditugu. Euskal Herrian, halaber, horri guztiari gure historiaren azken hamarkadetan izandako gatazketatik eratorritako elkarbizitzarako tirabirak ere gehitu behar zaizkio toki askotan, eta guztiaren ondorioz, gelaren kudeaketa gero eta lan konplexuagoa bihurtu da.
Materia irakasteaz gain, irakaslearengandik beste hainbat funtzio betetzea espero da (heziketa emozionala, premia bereziak dituzten ikasleentzat moldaketak, gurasoekin harremana, kudeaketa lanak…), fronte guztiak ase ezinda dabiltz
Bestetik, duela berrogeita hamar urteko irakasle orojakile eta erabateko autoritatedun figura hartatik zorionez urrundu ginen arren, gaur egun askotan irakasleen autoritatea guraso eta umeek eurak zalan-tzan jarrita agertzen da. Ondorioz, irakasleen artean ere estresa eta erreta egotearen sentsazioa nahiko hedatuta daudela ikusten dugu.
Egoera konplexu honen aurrean, mindfulnessak planteatzen duena oso bide xumea da, baina aldi berean sistema osoan eraldaketa handia ekar dezakeena: bakoitzaren barrukotasunari begiratzea da proposamena, besteekin eraikitzen ditugun harremanen abiapuntu bezala.
Mindfulnessa Ekialdeko tradizioetan oinarritutako praktika bat da, eta bere jatorria Budismoan koka dezakegun arren, diziplina hau Mendebaldera ekartzean eduki erlijiosoez hustu eta praktika guztiz laikoa bihurtu da. Bertan, norbere burua lasaitu eta orain eta hemen gertatzen ari denarekin konektatzera bideratutako era askotako ariketak ditu oinarri.

Zer da meditatzea?

Mindfulnessaren praktika nagusia jesarritako meditazioa da. Meditazio hitza askotan entzuna dugun arren, “Zer da, baina, meditatzea? Zelan meditatzen da?” guztion burutik pasatu diren galderak dira.
Meditazioan, praktikatzailea jarleku, banku txiki edo zafu izeneko kuxin batean jesarriko da, bizkarra zuzen duela ziurtatuta, arnasbideak irekita egon daitezen, eta gorputza ondo lerrokatu ostean, meditatzaileak arnasketari erreparatuko dio, arnasketaren erritmo eta kalitatean eragiteko asmorik gabe, bakarrik sartu eta ateratzen den aireari arreta eskaintzen, mugimendu horretan sortzen diren sentsazio fisikoez jabetuz, zein ager daitezkeen emozio edo pentsamenduak behatuz.
Meditatzaileak bere burua estimulu bakarrean kontzentratzera diziplinatuko du, estimulu hori arnasa zein bestelako behaketa-objektu bat izan, eta horrek, batetik, une horretako esperientzian murgiltzeko aukera emango dio, arreta horrenbestetan aipatzen den orain eta hemen horretan jartzeko. Praktikan sakondu ahala, orain eta hemen hori une fisikotik harantzago joan daiteke eta norbere bizitzaren esparru zabalagora hedatu.
Halaber, meditatzen dagoenak estimulu batean zentratzeko, gainerakoak baztertu beharko ditu, horrek eskatzen duen diziplinaren entrenamenduarekin. Borondatea sendotzea da, arreta lantzearekin batera, meditazioak eskaintzen digun bigarren onura.
Arreta eta borondatea lantzea oso erabilgarria izan daiteke esparru akademikoan, gero eta hedatuago ditugun arreta eta ekimen faltaren arazoei aurre egiteko. Baina meditazioaren azken helburua hori balitz, arriskutsua izateko aukera ere baluke, indartutako arreta eta borondate hori hain goresgarri ez diren xedeetarako ere erabil daitekeelako. Hain zuzen ere, mindfulnessaren baliagarritasuna eta indarra hain dago onartua, ezen zenbait multinazional eta armaden entrenamenduen oinarri bihurtu baita.
Meditazioak enfokatzeko, kontzentratzeko eta gure barru eta inguruan gertatzen dena behatzeko balio izateaz gain, hori guztia begi garbiez eta epairik gabe ikusteko gaitasuna eman nahi digu, gertatzen denaren aurrean gogoa lasai mantenduz, parean dugun arazoarekin identifikatu gabe.
Ekuanimitate hori ezin da, baina, axolagabekeriarekin nahastu. Kanpoan gertatzen ari dena ardura zait, baina estimulu horren aurrean zuzenean erreakzionatu beharrean, jazotzen dena aztertuko dut, ona edo txarra den berehala etiketatu gabe, eta nire barruan gertatzen ari den horrentzat espazio bat egin ostean, egokien iruditzen zaidan eran jokatuko dut. Meditazioaren ezaugarri hau oso lagungarria da inpultsibitatearen gestioan, eta ezin dugu ahaztu eskola barruko eguneroko jardunean sor-tzen diren istiluak hein handi baten egonezinaren eta oldarkortasunaren ondorio direla.
Mindfulness edo Arreta Osoaren azken helburua, ordea, ez da gaitasun horiek garatzea. Horiek guztiak benetako xedea lortzeko erremintak dira. Ingeleseko mindfulness hitza arreta oso bezala itzuli ohi da euskarara (gaztelaniazko atención plena-ren ordaintzat). Nolanahi ere, komenigarria da hemen ñabardura bat egitea: arreta osoa da praktikatzaileak meditatzean erabiltzen duen gaitasun kognitiboa; baina ingeleseko hitzaren esanahiari erreparatzen badiogu, mindfulnessa gehiago da arreta horren emaitza, hau da kontzientzia. Eta kontzientzia hori da meditazioaren xedea, garena hobeto ezagututa barruko askatasuna emango diguna, eta gure barruan dagoenaz kontziente izanda, besteengan gertatzen direnak hobeto ezagutu eta onartzera eramango gaituena, enpatiara alegia, edo termino budistetan esanda, errukira. Ulertze horretatik sortuko den begirada maitekorra da meditazioaren xede nagusiaren bigarren atala.
Tradizio budistak dio jakituria eta errukia txoriaren hegal biak direla, eta mindfulnessak biak garatzen lagun diezaguke. Jakituria bizitzaren pertzepzio erreala izatetik datorkigu, esperientzia biltzen duten ideia eta aurreiritziei joaten uztetik, eta askotan esaten den bezala, iraunkorra den gauza bakarra aldaketa dela jabetzetik.
Maitasuna eta errukia garatzen dira pertzepzio hori gainerako izakiei zabaltzen diegunean; denak hain desberdinak izanda, guztiok sufrimendu eta miseria berdinak bizi ditugula ikusten dugunean. Bada Eckhart Tolleri irakurritako esaldi bat nire pertsonen gaineko pertzep-zioa aldatu zuena eta honela dioena: epaitzen ari garen pertsona horren jatorri, bizipen zein gaitasun berberak eduki izan bagenitu, berak egiten diharduen berdina egingo genuke. Niretzat apaltasun ikaspena, benetan, guztiok funtsean berdinak garela eta gure zirkunstantziek era batera edo bestera jokatzera eramaten gaituztela konturatzea da.
Eta eskola mundura ere ekarrita, hau izan daiteke gugandik desberdina dena maitatzeko bidea: zailtasun edo nahasmendu bereziren bat daukanetik hasita, beste orientazio sexual bat, azal kolore edo, oinarriz-ko bezain mingarri izan daitezkeenak, beste pisu, altuera edo edertasun maila daukanera. Desberdina dena iraindu eta baztertzeko hezita gaude, baina gure gizartean dagoen krispazioa jaisteko onarpena eta benetako integrazioa dira jorratu beharreko bideak.
Meditazioaren inguruko xehetasunekin bukatzeko, meditazio praktikak askotan metta izeneko eskaintzarekin amaitzen dira. Gure adierazpen moldeetarako apur bat arrotz den arren, sakoneko esanahi oso ederra dauka, nire ustez, metta egiteko erabiltzen den formulak:
- Nik eta bizidun guztiok bizi dezagula benetako zoriontasuna.
- Ni eta bizidun guztiok libera gaitezela sufrimendutik, nahasmendutik, beldurretik eta beren kausetatik.
- Ni eta bizidun guztiok gai izan gaitezela pozez aitortzeko besteengan dagoen ontasuna eta zoriontasuna.
- Ni eta bizidun guztiok gai izan gaitezela ekuanimitatea gauzatzeko.
Eta berriro euskararen esamoldeetara itzulita, Hala Bedi ateratzen zait, benetan aspalditik sinesten dudalako mundua eta gizartea aldatzeko bideak barrutik kanporakoa izan behar duela.
Mindfulnessa eskolan
Bide horretan dagoeneko badugu auzoan esperientzia garrantzitsu asko: izan ere, Britainia Handian hartu duen indarra hain da nabarmena, ezen Parlamentuak Mindfulness Talde bat jarri baitu praktika hau bultzatzen eta bere eraginkortasuna bizitzaren esparru guztietan ikertzen.
Taldeak argitaratutako txostenean Hezkuntzari buruzko kapitulu hasieran adierazten den bezala, “hezkun-tza arloan badira hiru erronka nagusi kontzientzia edo arreta osoaren ikerketaren ebidentziak eragiten dituenak. Lehena lorpen akademikoa eta emaitzen hobekuntza, bigarrena gero eta hedatuago dagoen umeen osasunaren inguruko antsietatea baretzea, eta hirugarrena, izaera eratzea eta erresilientzia garatzea bezalako kontzeptuen inguruan egiten duen ekarpena”. Azken hori litzateke gure xedea, txosten horren sarreran jasotzen den bezala mindfulness-aren inguruan egindako interbentzioek “autoebaluazioetan antzemandako estres, amorru, barruko marmar eta sintoma fisiologikoen mailak jaisten dituztelako, eta itxura fisikoa, enpatia, koherentzia, norbere buruarekiko errukia eta bizi kalitate orokorra hobetzen dituztelako”.
Eskola barruko egunerokotasunean txertakaitza izan daitekeela eman dezakeen arren, orain arte azaldutakoak oso praktika labur eta soiletara ekar daitezke. Lanaren giltzarria, arnasketan zentratzea izango da, ikasle guztiekin eta sarritan, ahalik eta mekanika barneratu arte. Erlaxazio, kontzentrazio eta meditazio ariketa laburrak ere eguneko ordu edo ataza jakinetan erabiliko ditugu.
Honelako programa batek arrakastarako gako nagusi bi behar ditu: konstantzia eta onuretan sinestea. Batetik, badakigu gauzak behin eginda behin-behineko onura ekartzen dutela, baina ez behar dugun patroi aldaketa; ikastetxe askotan, ordea, horrelako gaietan trebakuntza egiten da eta gero egunerokotasunean ez zaio tarterik egiten, materia akademikoari denbora lapurtzea bezala ikusten baita, kontuan izan barik praktikak berak kontzentrazioari eta etekin intelektualari egiten dion ekarpena.
Bestetik, irakasle asko deseroso sentitzen dira gidari lanetan; barregarri geratuko diren sentsazioa daukate inoiz praktikatu ez duten (eta sarritan oso arrotz zein mistiko bezala ikusi den) egiteko modu berri bat aplika-tzean. Horregatik garrantzitsua da lehenik eta behin irakasleekin lan egitea, eurak lehen pertsonan onurak bizi ditzaten, ondoren, duten gaitasun biderkatzailea aprobetxatuz, ikasleei transmititzeko.

Mindfulnessaren aplikazio espezifikoak

Orain arte deskribatutako mindfulnessaren onurak aplikagarriak dira bizitzaren edozein esparrutan, eta zehazki, Hik Hasiren inguruan batzen gaituen hezkuntzaren munduan.
Nolanahi ere, badira meditazioaren praktikak eskaintzen dituen zenbait trebetasun ikaste-prozesurako bereziki lagungarriak direnak, eta horien artean nagusi arretaren lanketa litzateke.
Gaur egungo ume eta gazteen artean oso hedatuta daude irakurmenaren inguruko arazoak eta Ebaluazio Diagnostikoetan agertzen diren emaitzek klase barruko errealitatean aurkitzen dugun egoera kezkagarria berresten dute.
Mindfulnessa ikasleekin lantzeak hiru mailatan lagunduko digu:
Maila kognitiboan, arreta garatzeko baliagarria izango delako, eta irakurtzeko prozesuan funtsezko baliabidea den heinean, oso erabilgarria izango zaigulako.
Maila metakognitiboan, askotan ikasleen artean topatzen dugun “ez dakit eta ez dakit zer ez dakidan” jarrera hori aldatzen lagunduko digulako, ikaslea aktiboago eta kontzienteago bihurtzea ere badelako meditazioaren helburua.
Maila motibazionalean, aktibotasun hori berori ikaslea suspertzeko lagungarri izan daitekeelako, irakasleok ikasleak hartzaile hutsak izatetik edukien sortzaile izateko bidean lagun diezaiekegulako. Hortaz, Sokratesen maieutikaren berreskurapenaren aldeko SOS deia bidaltzen dut hemendik. Bestalde, meditazioak dakarren aipatutako erruki edo enpatia hori ere oso lagungarria izan daiteke besteekin eta, are gehiago, norbere buruarekin hain gogor ez aritzeko.
Onura horiek guztiak ikasgelako ume guztientzat baliagarriak badira ere, oraindik beharrezkoagoak dira zailtasun bereziak dituzten umeen kasuan, hala nola arreta falta eta hiperaktibitatea, jokabide arazoak zein ikasteko bestelako zailtasunak dituzten haur eta gazteentzat.