ANTZEZTUZ IKASI

Antzerkia eta dramatizazioa, irakasteko lanabes

 2016ko Udako Topaketetan, antzerkiaren munduarekin loturiko bi eskaintza aurkeztu dizkie Hik Hasi-k irakasleei. Izan ere, irakaskuntzan ere erabilgarria izan daiteke edukiak ez ezik, askotariko gaitasunak lantzeko, nahiz ikasleen arteko elkarbizitza sustatzeko. Kurluxetan taldeak dramatizazioa izango du ardatz Bilborako prestatu duen ikastaroan; Esther Uriak aldiz, antzerkia hainbat formatutan landuko du Donostiako ikastaroan, indar berezia jarriz antzerki foroaren dinamikan.

 
 

Euskararen erabilera, pertsonaren garapena balio aurrerakoietan oinarrituta, eta atal artistikoa. Hiru elementu horiek uztartuta landu nahi dituzte Kurluxetan antzerki-eskolako Koldo Zelestinok eta Rita Naveirak dramatizazioa hezkuntza-sisteman aplikatuz. Eta esperientzian ondutako jakintzatik prestatu dute Dramatizazioa hezkuntza-sisteman ikastaroa, Bilbon emateko ekainaren 28an, 29an eta 30ean. Izan ere, hamarkada bete daramate bereziki Bilbo eta inguruetako herrietako ikastetxeetan dramatizazioa lantzen; badira beraiekin jarraian lanean 8-9 urte daramatzaten ikastetxeak ere. Baina zergatik eta zertarako dramatizazioa, antzerkiaren baitan dauden hamaika adierazpenen artean? "Antzerkigintzaren helburua espektakulu bat egitea da: publikoak emaitza bat espero du, eta azkenean txalokatu egiten du. Dramatizazioa, aldiz, ez dago zentratua azken emaitzan, emankizunean eta lortuko duzun arrakastan, baizik eta prozesuan, hainbat gauza ikasten direlako eta garapen bat dagoelako", Zelestinoren esanetan. Horregatik, hain zuzen ere, iruditzen zaie bereziki erabilgarria hezkuntza-baliabide gisa, haurrak eskolan ikaste- eta garapen-prozesu betean daudelako.

Eta, garapena nahiz ikasketa jarraia eta iraunkorra izan dadin, prozesu ebolutibo gisa ulertzen dute dramatizazioaren alorrean egin beharreko lanketa. Horregatik, Lehen Hezkuntzako 1go mailatik hasi eta LH6ra bitarteko programazioak osatu dituzte eskoletarako, mailaren, adinaren eta gaiaren arabera. Hau da, programazio horiek osatzerakoan, eskolaren curriculuma, maila bakoitzari dagokion adin tarte zehatz horren ezaugarriak eta beraien helburu artistikoak hartzen dituzte kontuan. Urtero berritzen dituzte programazio horiek, beraiek ere beti daudelako ikasten.
Programazio horiek oinarri hartuta, 700 haur ingururekin aritzen dira lanean hainbat ikastetxetan. Dena dela, zailtasunak dituzte helburu duten bezala Lehen Hezkuntza osoan zehar modu iraunkorrean garatzeko dramatizazioa prozesu ebolutibo gisa, gehinetan LHko ziklo edo maila jakin batean besterik ez baitute lantzen ikastetxeek; gehienetan, aurrekontu arazoak tarteko, eta oraindik ere hezkuntza-sisteman kontzientzia falta delako antzerkiak eta bere adierazpenek iraskasteko nahiz ikasteko lanabes gisa izan dezaketen indarraz. "LH1etik LH6ra, hori litzateke dramatizazioa lantzeko modu egokia. Eta LH6n iritsiko ginateke puntu gorenera, hau da, antzezlana egitera; hori iritsi behar da beste guztia landu ondoren. Baina askotan iristen gara ikastetxe batera eta bat-batean LH5ean landu nahi dute dramatizazioa, eta haurrei kosta egiten zaie soltatzea, lantaldea sortu egin behar da, erritmoa hartu... LH1etik hartuta, aldiz, prozesu ebolutibo horretan sartuko ginateke buru-belarri eta emaitza modu osoagoan ikusko litzateke LH6n", dio Naveirak.

Adin bakoitzari berea

Izan ere, txikiekin adibidez, clown teknikak lantzen dituzte, egokiagoak direlako haurrak modu horretan bizi duen garapena estimulatzeko. Besteak beste, "sentimenduak adierazteko eta izena ipintzeko sentitzen duten horri", dio Naveirak: "Badakite zerbait sentitzen ari direla, baina ez dakite zer den edo nola deitu horri, edo ez dakite euskaraz esaten. Beraz, erabilgarria da euskara lantzeko, baina baita hizkuntza menderatzen duten horiekin ere, zer gertatzen zien azaltzeko".

Nagusiagoak direnekin, bestalde, dramatizazioa baliabide aproposa izan daiteke edukiak lantzeko ere, historia ikasgaitik hasi eta zientzietaraino. "Seguru nago historia hobeto ikasiko luketela gai potoloen inguruan, demagun Bigarren Mundu Gerrari buruz, sketx-ak egingo balituzte: egoerak bizi egingo lituzkete, emozioak aterako lirateke, komentarioak edo eztabaidak sor daitezke...", Zelestinoren ustez. Nerabeekin, gainera, psikologia ere lantzen da, eta elkarlanaren bidez, talde izaera indartu eta gatazkak kudeatzeko baliabide oso egokia izan daiteke.

Dramatizazioa, giza-harremanetan eta euskaran trebatzeko bide

Izan ere, baliabide hezitzaile izanik, edukiak lantzeko ez ezik, emozioak eta gaitasunak sustatzeko tresna ere izan daiteke dramatizazioa, hala nola, lotsak gainditu eta jendaurrean hitz egiteko abilezia lantzekoa, espontaneitatea garatzeko, gorputz adierazpena hobetzeko... Baina bereziki gizatasunean eta giza-harremanetan duen eragina nabarmentzen dute Kurluxetan-eko kideek: "Balioetan oinarri-tzen diren pertsonak, gizarte justuago baterantz abiatuko direnak, ez dira sortzen soilik matematikak landuta, baizik eta giza-harremanetan trebatuta, eta dramatizazioa baliabide ezinhobea da harremanak lantzeko, beti ere oinarri hartuta euskararen erabilera eta pertsonaren garapena. Gainera, harreman horietan gatazkak kudeatzeko tresna baliagarria da".  Horrekin batera, antzerkiak gizarteaz hitz egiteko aukera ematen du, eta, beraz, Naveiraren ustez, beste irakurpen bat egiteko gai diren ikasle kritikoak hezteko baliagarria da. Azken finean, Zelestinok esan bezala, "helburua ez da aktoreak sortzea, baizik eta dramatizazioak ematen dizkigun tresnak erabiltzea prozesu-hezitzaile bat garatzeko, eskolako curriculumean txertatuta".

Bestalde, euskara arrotza egiten zaien ikasleek, etxekoa ez delako edo beraien inguruan presentzia eskasa duelako, dramatizazioaren bidez modu natural batean erabiltzeko eta ahozkotasuna garatzeko bidea aurkitzen dute; hizkuntza horretan adierazkortasuna lantzeko, alegia.

Topaketak, garapenaren erakusleiho

Lehiaketen zale ez badira ere, ikasturtean zehar dramatizazioa beraiekin landu duten ikastetxeekin ikasturte amaieran antzerki-topaketak antolatzen dituzte Kurluxetaneko kideek, eta ondo baloratzen dute ekimena, gurasoei ere aukera ematen dielako urtean zehar beraien seme-alabek landutakoaz jabetzeko. "Urtero etortzen zaizkigu irakasleak eta gurasoak esanez aho zabalik gelditu direla ikasle hark edo besteak egindakoarekin. Izan ere, ikusten dituzte jendaurrean burua altxatzeko edo hitz egiteko gai ez ziren umeak antzezten, eta ohartzen dira aldaketa handia egin dutela urtebete eskasean. Imajinatu LH osoan zehar landuko bagenu!", dio Zelestinok. Horretaz gain, ikasturte amaieran ikasgaiaren ebaluazioa egiten dute eta gurasoei igortzen diete. Hiru ardatzetan baloratzen dute ikasleek egindako lana: adierazpena; irudimena eta autonomia; eta talde-lana.

Hik Hasiren Udako Topaketetarako prestatu duten ikastaroa nagusiki praktikoa izango da, eta adinaren nahiz taldearen ezaugarrien arabera erabilgarriak diren dinamikak, jolasak aurkeztuko dizkiete parte hartzen duten irakasleei: ariketa dramatikoak, hala nola, itzal beltzak, txotxongiloak, mimoa edo ipuingintza; jolas dramatikoaren elementuak; gidoigintza.... Baina izango da dramatizazioaren dimentsio antropologikoaz nahiz haur antzerkiaren beharraz hitz egiteko tartea ere. Izan ere, "ez da berdina dramatizazioa hemen ikasi edo Finlandian. Eta jendeak ez daki zer den pastorala edo libertimendua, eta helburua ez da gai horietan sakon-tzea, baina bai gutxienez parte-hartzaileak kokatzea".
Azken finean, ikastaroaren bidez Kurluxetan antzeki-eskolako lagunen helburua da hezkuntza-eragileak, irakasleak, dramatizazioaren ahalmenaz jabetzea, eta tresnak ematea beren jardunean erabiltzeko.

Antzerkia, DBHn elkarbizitza lantzeko elementu gisa

Kurluxetan-eko kideek bezala, Esther Uriak ere giza-harremenetan eta bereziki elkarbizitzarako elementu gisa antzerkiak duen ahalmena ikusaraztea izango du helburua Donostian emango duen Antzerki teknikak: hezkuntzarako tresna pedagogikoa ikastaroan. Hain zuzen, doktoregotza aurreko ikertzailea da Uria eta Antzerkia, Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean elkarbizitza sustatzeko tresna pedagogikoa eta berritzailea tesia ari da lantzen. Lan horren baitan, hainbat ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleekin antzerkian oinarrituriko proiektu bat gauzatu berri du. Udako Topaketetan esperientzia horretan ateratako ondorioak partekatu nahi ditu. "Antzerkia eta elkarbizitza, horiek dira ikerketa lanaren ardatzak. Erakutsi nahi dugu antzerkiak horretarako ere balio duela, eta curriculumaren baitan beti ere, ez eskolaz kanpoko jarduera gisa", dio Uriak.

Lau ikastetxetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleekin 15na saio egin ditu Uriak, tutoretzan edo hiritartasun ikasgaiaren baitan. Lehen saioetan deshinibitzeko dinamika batzuk egin ondoren, prestatu behar zuten antzezlanerako gaiak esploratzeari ekin zioten. Hau da, nerabeek eurek beraien interesekoak edo kezka iturri dituzten gaiak jarri zituzten mahai gainean, eta guztien artean adostu zuten zein izango zen antzezlanean jorratu nahi zuten gai zehatza. Ondoren, inprobisazio-ariketen bidez osatu zituzten gai horri lotuta antzezlana osa zezaketen eszenak, eta gidoigintzari ekin zioten. Prozesuari amaiera emateko, eta hainbat entseguren ondoren, maiatzean aurkeztu zituzten euren antzezlanak lau ikastetxe horietako ikasleek.
Prozesu horretan guztian zehar, hainbat gaitasun landu dute ikasleek, antzerkia tresna pedagogiko gisa hartuta: autoestimua, emozioen adierazpena, gatazken kudeaketa... eta bereziki enpatia, bestearen azalean jartzea lantzen baitute antzerkiaren bidez. Horrekin guztiarekin batera, Uriak 4 K deitzen dituen balioak azpimarratzen ditu: komunikazioa, kontzentrazioa, konpromisoa taldearekin eta kolaborazioa. "Horiek landu dituzte antzezlana osatzeko prozesuan. Azkenean agian asko gustatzen ez zaizun pertsona batekin lankidetzan aritzea dagokizu eta, tolerantziaren eta errespetuaren bidez egiten diozu aurre, guztiok partekatzen dugun proiektuak hartzen baitu lehentasuna". Horregatik, taldearen kohesioa lantzeko ere tresna indartsua delakoan dago Uria.
Ikastaroan parte hartzen duten irakasleei "beraien motxilan sartzeko beste baliabide bat, beste tresna erabilgarri eta baliagarri bat" eman nahi die Uriak. Izan ere, berak elkarbizitzaren gaian jarri arren arreta, Kurluxetaneko lagunek bezala uste du antzerkia erabilgarri dela edozein ikasgaitan eta edozein adinetan. "Adibidez, has zintezke historiako kapitulu zehatz bat lantzen, inprobisazioa eta rol jolasak erabilita. Zer imajina datozkit burura? Zein emozio?".
Bigarren Hezkuntzara etorrita, garrantzia berezia ematen dio nerabeek sorkuntza-prozesuaren ardura hartzeari, beraien gaietatik abiatutako sormenari. Eta hori uztargarria iruditzen zaio historia, ingelesa edo zientzia irakasgaiekin. "Gainera, gidoigintzaren bidez hizkuntza eta idazmena ere landu dezakete, dramaturgia arloaren bidez. Dena dela, nerabeekin inportanteena da beraiek sentitzea beraiek ari direla zerbait eraikitzen, beraien gaia eta beraien antzezlana dela". Hala ere, uste du komenigarria dela irakasleak ere pertsonaia bat hartzea eta parte hartzea antzezlanean, ikasgela osoa hartuz espazio eszenikoak. Txikiekin aldiz, jolasak garrantzia handia dauka. "Zerbait egituratuagoa eman behar diezu, eta beraiekin jolastu. Adibidez, ipuin bat eman, eta pertsonaia desberdinen ikuspegitik antzeztea proposatu".
Dena dela, txikiekin edo nagusiagoekin egin lan, badira ikas daitezkeen oinarrizko dinamikak, eta Uriaren helburua da horiek irakastea ikastaroan parte hartzen duten irakasleei. "Taldearen beharretatik abiatu nahi dut, beraien espektatibei erantzuna ematen saiatu. Baina badaude globalki proposatuko ditudan ariketa batzuk, gure zentzumenak garatzeko, konfiantza hartzeko, deshinibizioa lantzeko..."
Oro har ikastaroa oso bibentziala izango da, "inolaz ere ez teorikoa", eta horretarako, besteak beste antzerki foroa izango da erabiliko duen tresna nagusia. Dinamika horretan antzezleen eta publikoaren arteko interakzioa indartsua da, guztien artean erabakitzen baitute zer norabide hartuko duen antzezlanak, nola bukatuko den: "Azkenean antzerkia erabiltzen da pertsonak edo egoerak aldatzeko, espazio parte-hartzaile horiek ahalbidetzen dute hori. Eta, ez da terapia bat, baina terapeutikoa izan daiteke!", dio Uriak.
Azken finean, Uriaren nahia da irakasleek beraien ikasgeletan "ariketatxo bat bada ere egiteko gogoa eta ausardia hartzea, animoa eta motibazioa zerbait egiteko, edozein ikasgaitan".