AMOUR IKUSKIZUNA

Haurren antzerkia helduentzat, helduen antzerkia haurrentzat

 Iazko abenduan estreinatu zenetik, sariak pilatzen ari da Marie de Jongh konpainiaren ‘Amour’ ikuskizuna. Familia osoari zuzentzen zaio, haurrentzat nahiz helduentzat baita, eta, izenaren jabe, maitasuna eta horren adierazpideak ditu ardatz. Konpainiaren esanetan, aurreiritziak zokoratzeko eta desberdinen artean elkar ulertzeko deia egin nahi dute ikuskizunaren bidez.

 
 

Haurrentzat baliagarria den helduen antzerkia izan daiteke, edo helduei zuzenduriko haur-antzerkia. Baldintzarik gabeko maitasunaren inguruko ikuskizuna da, edo desatxikitzearen ingurukoa. Sarri kontrajarriak diren bi uren artean dabil etengabe igeri Amour ikuskizuna, eta, agian, horixe da haren xarmaren nahiz arrakastaren gakoetako bat. Izan ere, abenduan aurkeztu zutenetik, hilabete bakoitzeko sari bat jaso du Arriaga Antzokiak eta Marie de Jongh konpainiak elkarlanean aurkezturiko ikuskizunak: FETEN 2016ko ikuskizunik onenaren saria eta euskal produkziorik onenaren Ercilla 2015 saria jaso ditu; gainera, gomendatutako ikuskizun izendatu du Espainiako Antzerki Sareak (RED).     

Txanponaren bi aldeak
Izenaren jabe, ikuskizunaren ardatza maitasuna da , eta txanpon beraren beste aldea desatxikitzea da. Lau umerekin hasten da istorioa, bi neskatorekin eta bi mutikorekin. Jolasean agertzen zaizkigu ume horiek, “dena hastear dagoen herrialdean. Mundua aurkitzen ari dira, beren unibertsoa itxuraldatuz. Nagusiak imitatzen dituzte, ausart eta ozarki. Maitatzeko gai direla sinetsita daude, maitasunaren sakonera arrotza zaien arren. Ez dute etsaitzeko erreparorik, euren patriketan gorroto hitza oraindik topatuta ez badute ere”. Izan ere, bi neskatilen arteko harremanak amodiotik amorrura egingo du jauzi.
Eta, bat-batean, hirurogei urtetik gora igaro dira, eta zaharturik ageri zaizkigu pertsonaia horiek berak. Dagoeneko aurkitu dute mundua, eta ezagutu dute maitasun hitzaren sakoneko esanahia; baina, hala ere, ezin dute aspaldiko etsaia berriro lagun bihurtu. Azkenean, ordea, maitasunak beste aukera bat ematen duela ohartuko dira.
Ikuskizunaren bidez, baldintzarik gabeko maitasunaren eta desatxiki-tzearen arteko muga lausoari buruzko hausnarketa egiten du Marie de Jongh konpainiak. Horrekin batera, desberdinen artean elkar ulertzeko eta aurreiritziak gainditzeko deia egin nahi dute ikuskizunaren bidez.
Konpainiako kideen esanetan, Amour “erronka handia da: balioa eman nahi dio umeek eta nagusiek elkarrekin goza dezaketen antzerkiari; zirrarak, hausnarketak, zalantzak eta ziurtasunak partekatzeko lekua izan dadin. Helduen antzerkia umeentzat, eta umeen antzerkia helduentzat”.

Hitzen faltan, adierazpena

Hitzik gabe hitz egiten dute Amour antzezlaneko pertsonaiek, Marie de Jongh konpainiaren ikuskizunetan ohikoa den moduan. Eta aurpegia ere estalita dute aktoreek, maskarak erabiltzen baitituzte. Hitzik eta aurpegirik gabe, gorputzaren adierazkortasunak hartzen du protagonismoa obra honetan, Ana Meabe, Anduriña Zurutuza, Javier Renobales, Ana Martinez eta Pablo Ibarluzea aktoreen eskutik.
Horretaz gain, eszenografia mugikorra da, eta musikak ere indar berezia hartzen du ikuskizunean, adierazpenerako gako gisa. Pascal Gaigneren musikan oinarritzen da, hain zuzen, Amour.
Jokin Oregi antzerki-zuzendaria eta Elisa Sanz zuzendari artistikoa aritu dira horri guztiari forma ematen. Oregik hainbat euskal konpainiarekin egin du lan, eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar, besteak beste, Gorakada konpainiarekin. 2008an, Ana Meaberekin batera sortu zuen Marie de Jongh konpainia, familia osoari zuzenduriko antzerkigintzaren bidea urratzeko, eta ibilbide hori ere oparoa ari da izaten, hainbat sari tarteko.
Bestalde, Oregik euskarazko hainbat antzerki-lan idatzi ditu, besteak beste, Larria, kutsakorra, mendebaldekoa Tartean konpainiarentzat, Patxo Telleriarekin elkarlanean, eta antzerkigile onenaren MAX saria jaso zuen lan horregatik.