ASKOTARIKO ESKOLAK

Genero eta klase sozial desberdinak berdin hezteko asmoduna, eta euskalduna, horrelakoa zen ezagutu nuen lehen hezkuntza-sistema. Gaur egun ohikoa eman arren, 1970ean ikastola eredua bitxikeria eta ausarkeria zen, Eibarko gure langile auzoan bat ere ulertzen ez zen aukera. Baina aitak, militante eta temati, hautua egin zuen, amaren konfiantzarekin. Auzokideak eskola nazionaletan edo moja-fraileetan hezi ziren, gazteleraz, neska-mutikoak banatuta. Baliabide eta jakintza profesionala baino, militantzia eta gogoa zuen ikastola hura izan zen gure lehen hezkuntza-sistema. Berrogei neska-mutiko etxebehe bateko gela txikian, egun guztia kantuan, marrazkitan eta jolasean, gogora-tzen dudanez. Ikastolaren bilakaera ezagutu genuen: apaletik oparora, etxebeheko gela solteetatik eraikin handira. Baliabideak ugaritzen joan ziren, profesionaltasuna gehitzen. Sistema euskalduna eta berdintzailea izateari ez dut uste utzi zionik. Batez ere inguruko moja-fraile eta eskola nazionalen aldean.

Hamar urte beranduago, Espainiako hezkuntza publikoan murgildu nin-tzen batxilergoa egitera. Hemendik begiratuta, ez dut hainbesteko jauzia gogoratzen, hizkuntzan ez bada, gutxi igarri nuena euskaldunok berezko dugun elebitasunari, eta eredu euskaldunak gazteleraz eman zigun formazio sendoari esker. Gehienbat Espainiatik etorritako irakasle gazte progreak geneuzkan, gauzak egiteko gogoz baina sistemaren hertsitasunarekin talka egiten zutenak.
Hirugarren hezkuntza-sistema guraso moduan ezagutu dut, gure semeak herriko ikastolan hasi zirenean. Horrenbeste urte hezkuntza-sistematik kanpo, erabat eredu berria niretzat. Ikastola euskalduna eta berdintzailea, ikaslearekin inplikatua, eredu zahar eta berrien jakitun, esperientziaduna, baliabideduna. Eta guraso moduan bizi izan dut baita ere eredu talka, eskola sistemen arteko gatazka herrian, non morroiren batek oraindik agurra ukatzen didan sistema pubikoari ikastolarentzako baliabideak eskatu genizkiolako.
Hiru, hobeto esanda, lau, sistema ezagutu ditut hezkuntzan: hasierako ikastola, ikastolaren garapena, Espainiako hezkuntza publikoa, eta guraso moduan, ikastola kontzertatu egonkortua. Guztiak desberdinak, baina ez behar bada errotikako desberdintasundunak. Geratu zaidan hondarra, hala ere, ez da sistema bat edo bestearen nolakotasuna. Nigan urratsa utzi duena ez da hainbeste halako irakaskuntza modua, baizik eta sistema bakoitzean, ikasle zein guraso moduan, horrelako edo halako irakaslea. Giza-baliabidez diharduen sistema batean, gizakiaren ezaugarriek baldintzatzen baitute sistema, eta hezkuntza-sistema, batez ere, irakasle-ereduak dira. Irakasle txarrez eta erdipurdikoez ahaztu naiz. Baina kuttun gordetzen ditut irakasle onak, izan dira eskukadatxo bat. Euren lan hutsaz harago, azterketak gainditzeko irakasteaz harago, ikaslea eta irakasgaia maite zutenak, lana gustuko zutenak. Kuriositatea piztu ziguten, pasioa transmititu, astindu intelektuala eman, ikasteko eta ekiteko gogoa, eta bizitzaren aurrean iritzi kritiko bat osatzen lagundu. Modu berean bizi izan ditut neure semeenak: klase emale hutsak ahaztu, eta irakaskun-tzan inplikatuak oroitu.
Hezkuntza-sistema ororen misioa izan beharko litzatekeelako irakasle onak formatzea, ikaslearekin ikasteko gertu egongo direnak, gizartean eragiteko gogoa zabalduko dutenak, irakatsi beharrekoa ikasgelako hormetatik harantzago eramango dutenak, pentsatzen erakusteko bidea emango diotenak. Nekez eraikiko baitugu sistema ganorazkoa irakasleek beraien lanbidea karreraren erraztasunagatik, oporren luzeerarengatik aukeratzen badute, eta ez per-tsonak eraikitzeko grinak bultzatuta, etengabe ikasten ibiltzeko gogoak eraginda. Horretarako baliabiderik jartzen ez bada, sistemarik onenak ere, kale.