ESTONIA. Txikitik asko egin daitekeenean

Herrialde txikia, hizkuntza gutxitua, atez ate bizilagun herrialde erraldoi bat eta hizkuntza indartsua dituena. Euskal Herriaz esan genezake hori bera, baina Estoniaz ari gara. Okupazioz josiriko historia izan du itsaso Baltikoak ukituriko herrialde eskadinaviar honek, duela 25 urte independentzia aldarrikatu zuten arte. Herri gazte gisa, nortasun eta estatu propioa eraikitzeko lanean ari dira harrezkero. Eta, horretarako giltzarrietako bat hezkuntza izan behar dela erabaki dute: oraindik orain populazioaren % 30a errusiarra da 1,5 milioiko biztanleriaren artean, eta hezkuntza bilakatzen ari da estoniar kultura eta hizkuntza normalizatzeko baliabide nagusienetako bat. Badirudi egindako lanak fruituak eman dituela, eskola-porrot txikienetarikoa eta emaitza onenetarikoak dituen herrialdea baita.

 
 

Besteak behatuta ikasi, besteek egiten dutenetik baliagarri zaiguna ikusi, eta geure egin. Ikaskuntza-prozesuaren urratsetako bat izan daiteke, halaxe ikasten dute espezie gehienek ere, giza-espezieak barne: behatuz eta imitatuz, beti ere bakoitzak berea sortzeko ondoren. Bada, heziketaren oinarrizko prozesu hori bere egin du Hik Hasik ere, besteak beste 20 urte baino gehiagoko ibilbide honetan antolatu izan dituen bidaia pedagogikoen bidez. Finlandia, Italia edo Kuba bisitatu izan ditu, beti ere esperientzia Hik Hasirekin partekatu nahi izan duten irakasle eta hezitzaileak hartuta bidaide. 2016ko apirileko oporraldian Estoniari iritsi zaio txanda: bertako hezkuntza-sistema ezagutzea xede duen bidaia antolatu du. 20 laguneko taldea elkartu da bidaia-pedagogiko horretan.

Baina, zergatik Estonia? Zer du berezitik? Bada, batetik, Euskal Herriarentzat erreferentzia izan daitekeelako, hainbat antzeko ezaugarri baititu. Batetik, hizkuntza gutxitua da bertako hizkuntza, estoniera alegia; euskararekin batera, jatorri indoeuroparra ez duen hizkuntza bakanetarikoa da Europan. Hizkuntza gutxitu horrek hizkuntza eta herrialde erraldoi bat du bizilagun, atez ate: Errusia, eta errusiera. Hain zuzen, honen itzalpean egon da urte luzez, euskara gaztelerarenean edo frantsesarenean egon den bezalatsu. Baina, eta horretan datza Euskal Herriarekiko izan dezakeen desberdintasun nagusienetariko batek, Moskuren gerizpetik ateratzea lortu du Estoniak: 1991n Sobietar Batasuna desegin zenetik herrialde independentea da.

Bigarrenik, bidaia-pedagogikoa Estoniara egitea erabaki du Hik Hasik hezkuntzari garrantzia handia ematen dion herrialdea delako: estoniar gizartearen ardatzetako bat da hezkuntza. Emaitzak ere onak dira, 2garrena baita Estonia PISA azterketaren sailkapenean, Finlandiaren atzetik, eta eskola-porrot txikienetarikoa duen herrialdea da. Gainera, hezkuntza giltzarria izan da independentzia eta gero estoniar hizkuntzaren normalizazioa sustatzeko.

Okupazioz josiriko gora-beherek osatzen dute Estoniaren historia. Finlandiarren, suediarren, germaniarren, errusiarren... mende egon izan da. XX. mendean, ordea, bi aldiz egokitu zaio bere independentzia aldarrikatzea. Lehenengoz, 1918an, Errusian Nicolas tsarrak boterea galdu eta gobernu boltxebikea osatzean. Paradoxikoki, boltxebikeek osaturiko Sobietar Batasunaren mende egon zen, ordea, XX. mendearen erdialdetik aurrera: Bigarren Mundu Gerran historian beste behin okupatu zuten alemaniarrek Estonia, oraingo honetan Reich naziak, eta honen aurka borrokan ari zen Stalinen Sobietar Batasunak hartu zuen berriro ere Estoniaren kontrola gerraren amaieran. Hala egon zen 1991n Sobietar Batasuna desegin eta mende berean 2garren aldiz independentzia aldarrikatu zuen arte.

Errusiaren nahiz sobietarren mende egoniko urte luzeen ondare, 2 hiztun- eta kultur-komunitate bizi dira gaur egun Estonian; izan ere, errusiar hiztunak biztanleriaren %30 inguru dira, eta beraien hizkuntzari eta kulturari eusten diote Estoniaren baitan. 35-40 urtetik goragoko estoniar gehienentzat beraien bigarren hizkuntza da errusiera. Belaunaldi gazteek, ordea, independentzia lortu ondoren hazitakoek, ez dute errusiera ezagutzen eta erabiltzen; hala ere, elebidunak dira txikitatik, ingelesak hartu baitio lekukoa errusierari bigarren hizkuntza edo atzerriko lehen hizkuntza gisa. Nagusiki bi komunitate horiek osatzen dute 1,3 milioiko biztanleria. Herri txikia da Estonia, bertako biztanleek behin eta berriz errepikatu izan duten bezala bidaian zehar. Baina, txikitasunetik asko egiteko gai izan da hezkuntza-alorrean, batik bat independentzia aldarrikatu ondorengo urteetan.

Okupazio istorio luzeek nagusiki bi ezaugarri utzi dituzte estoniar herriaren azalean grabaturik. Batetik, hizkuntza handiagoen itzalean egon den hizkuntza gutxituak ahozko tradizioa baliatu du bizirauteko, horrelaxe gorde dute mendez mende euren kulturaren eta tradizioaren zati handi bat; horregatik, “kantatzen duen herria” deitzen diote Estoniari, beraientzat ahozkotasunak duen inportantziaren isla. Bestetik, askatasunari garrantzia handia ematen dion herrialdea da, norbanakoaren nahiz taldearen libertateari. Orain, herri gazte gisa etorkizunari begira jarririk, hezkuntzaren bidez saiatu dira, hain zuzen, beraien kulturari eta hizkuntzari gizartean dagokion toki normalizatua ematen, beti ere askatasun izpiritu hori oinarri harturik.

Nolakoa da estoniar hezkuntza-sistema?

7 urterekin hasten da derrigorrezko hezkuntza Estonian. Adin hori arte, gurasoek aukera dute euren seme-alabak etxean hezteko edo haur eskolara eramateko. Etxean heztea erabakitzen badute, familien ardura da haurrak derrigorrezko hezkuntza hasteko behar dituen gaitasunak garatzea. Bestalde, urte eta erdirekin has daitezke haur eskolan; ordu arte familian egon ohi dira, eta horretarako estatuaren aldetik laguntzak jasotzen dituzte familiek. Gurasoetako batek aukera du haurra jaio baino zertxobait lehenagotik hasi eta honek 1,5 urte bete arte etxean gelditzeko umearen zain-tzan; baimenak iraun bitartean, lanean zegoeneko soldata bera jasoko du, estatuak ordainduta, eta ordu arte betetako lanpostua gordeko diote lanera itzultzen denerako.

7 urtetik aurrera, 9 ikasturtez oinarrizko eta derrigorrezko hezkuntza hasiko du haurrak, 16 urte bete arte. Oinarrizko heziketa hori bi sasoitan banatzen dute: bata, 7-13 urte artekoa, Lehen Hezkuntza deitzen dutena; eta bigarrena 13-16 urte artekoa, Behe Bigarren Hezkuntza deitzen dutena. 16 urterekin aldiz, Goi Bigarren Hezkuntza, gymnasiun deitzen dutena hasteko aukera izango dute, 19 urte arte; edo, bestela, bokazio-eskola deitzen dutenera joan daitezke, lanbide heziketaren pareko litzatekeenera.

Estonian eskola publikoa da nagusi. Tallin hiriburuan, esaterako, 79 eskoletatik (derrigorrezko hezkuntzaren eremuan) 14 dira eskola pribatuak. Gainerako 65 eskolak publikoak dira (horietatik 25 errusiar eskolak), eta tokiko administrazioaren mende daude; udaletxearen esku, alegia. Haur Eskolen kasuan, erabat: Udal Haur Eskolak dira. Udalak ikasle kopuruaren araberako finantziazioa ematen dio haur eskolari, eta ondoren eskolak berak kudeatzen du diru hori: hortik ordaindu behar dituzte irakasleen soldatak, eskola-materiala, mantenu-lanak... Beraz, udal bakoitzaren egoera ekonomikoak eragina izango du eskolaren diru-sarreretan. Dena dela, horrez gain, haur eskolako gurasoek ere kuota bat ordaindu ohi dute, eskolari finantzatzen laguntzeko; besteak beste, ikasleen jatorduak ordaintzeko erabiltzen da diru-sarrera hori. Kuota hori ordaintzeko arazoak dituzten familiek Estoniako Gobernuaren laguntza jasotzen dute.

Hortik aurrerako eskoletan, hau da, derrigorrezko hezkun-tzan, bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan edo unibertsitate-mailan, Estoniar Gobernuko Hezkuntza Sailaren ardura da eskolen finantzaketa, neurri batean behintzat. Gobernuak ikasle kopuruaren araberako diru-laguntza ematen dio eskola bakoitzari, honako zereginetarako: ehuneko bat irakasleen soldatak ordaintzeko, beste bat ikasleen jatorduak ordaintzeko, eta hirugarren bat eskola-materialerako. Hortik aurrerako gastuetarako, hala nola, azpiegituren mantenu-lanetarako, udalak diruz laguntzen du eskola bakoitza.

Askatasuna, hezkuntzaren ezaugarri

Finantzaketaz harago, eskolek autonomia handia dute kudeaketarako, bai metodologiari bai taldearen osaerari dagokionez. Dena dela, Udal Hezkuntza Batzordeak gainbegiratzen du horien kudeaketa. Tallin hiriburuko Pirita haur eskolako ikasketa buruak, Helina Aaboja-k azaldutakoaren arabera, “udal batzorde hori hezkuntza-alorreko adituek osatzen dute, profesional independenteek”. Dena dela, administrazioaren esku egon arren herrialdeko eskola gehienak, “hezkuntza politika gaietatik kanpo dago Estonian. Ia ezinezkoa litzateke Gobernu aldaketa batek eragina izatea hezkuntza-sisteman. Estonian hezkuntzak garrantzia handia dauka eta alor horretan zerbait aldatu behar izanez gero ezin du pertsona edo alderdi jakin batek bakarrik egin. Guztien arteko akordio zabal bat behar da aldaketak egiteko”.

Eskolen autonomia horren parte da, besteak beste, irakasleen kontratazioa. Eskola bakoitzak erabakitzen du zer profesional mota behar dituen, eta zein izango den postu hori betetzeko aukeraturiko pertsona. Zehazki, Aabojak azaldu bezala, eskola barneko komisio bat arduratzen da irakasleen edo bestelako langileen kontratazioaz. Komisio horretan, zuzendariak eta ikasketa-buruak, bi irakaslek eta gurasoen ordezkari batek hartzen dute parte. Haur eskoletan zuzendaria da alor ekonomikoaren kudeaketaz arduratzen dena, nagusiki, baita azpiegituraren eta mantenu-lanen kudeaketaz ere. Aldiz, ikasketa-buruaren esku gelditzen da pedagogiarekin eta hezkuntza-prozesuarekin loturiko lana. Zuzendaria, aldiz, udal hezkuntza batzordeak aukeratzen du, eta bi urtetik behin ebaluatzen dute bere lana, baita eskolak bere kudeaketa pean izan duen bilakaera ere. Bi urteko aldi horietan, ordea, askatasun osoa du bere lana egiteko.

Irakasleek beren lanean duten askatasun bera, hain zuzen. Eskolen lana estatu-mailako curriculumean oinarritzen da; baina, hortik abiatuta, eskola bakoitzak bere plangintza osatzen du. Horretan, ikasleek adin bakoitzeko lortu behar dituzten gaitasunak zehazten dituzte. Hortik aurrera, irakasle bakoitzak askatasun osoa du helburu horietara iristeko zer metodologia erabiliko duen aukeratzeko. Aabojaren esanetan, beraien haur eskolan "irakasleek erabakitzen dute zer, nola eta noiz egin. Ez dute goizean hau edo beste egin beharrik, edo arratsaldeon hori edo hura. Ikasleak nola dauden, zertarako dauden ikusi, eta gauza bat edo beste landu erabakitzen dute. Horrela askoz emankorragoa eta sortzaileago da ikaskuntza-irakaskuntza prozesua, bai ikasleentzat bai irakasleentzat”. Irakasle bakoitzak eguneroko batean jasotzen du egun horretan zer egin duen eta nola, eta baloratu egiten du egun horretako lana. Horretaz gain, eguneroko horretan planifikatzen ditu aste horretarako aurreikusten dituen lanak. Bere burua antolatzen du, alegia, baita bere jarduna ebaluatu ere, autonomiaz. “Irakasle bakoitza bakarra da eta bere estiloa du. Ez diegu esaten nola egin behar duten beren lana, askatasuna dute nahi duten metodoa erabiltzeko. Eskatzen dugun bakarra da derrigorrezko hezkuntza hasteko behar dituzten gaitasunak garatzea ikasleek”. Gauzak horrela, metodologia aldetik aniztasuna da nagusi Piritan. Zenbaitetan proiektuka egiten dute lan, edo gai zehatz bati erantzunez… Herriko eragileekin elkarlanean ere aritzen dira, eta, hala, zaborraren inguruko proiektu bat landu dute natur-taldearekin batera.

Jolasa ere ikasketaren parte

Bidaia pedagogikoko partaideek Estonian bisitaturiko beste eskoletako bat Tallina izan da. Derrigorrezko hezkuntza eta Goi Bigarren Hezkuntza eskaintzen ditu, Tallin hiriburuan bertan. 900 ikasle eta 74 irakasleko zentroa da, eta ospea du hizkuntzen irakaskuntzan eginiko ekarpenagatik. Derrigorrezko hezkuntzan zehar, ingelesa ikasten dute ikasleek (C maila lortzen dute 16 urterekin bukatzean), eta baita alemaniera edo errusiera ere (B maila lortzen dute). Bigarren hezkuntzan atzerriko hirugarren hizkuntza bat ikasi behar dute: espainiera, frantsesa, finlandiera, errusiera, japoniera… eskaintzen diete aukeratzeko. Izan ere, Tallina eskolako zuzendariaren esanetan, “ikasitako hizkuntza bakoitzeko segurtasun-uhal bat gehitzen diogu gure buruari”.

Bidaia-pedagogikoko partaideek bai Tallina eskolako bai Pirita haur eskolako ikasgeletan egoteko aukera izan dute, eskola-orduetan, eskolaren martxa eta irakasleen-lana ezagutzeko, eta ikusi ahal izan dute jolasa elementu inportantea dela estoniar eskolen metodologian. Esaterako, Tallina eskolan hizkuntzak irakasteko prozesuaren parte da jolasa, teknologiarekin batera; ez diote alferrik deitzen Estoniari e-herrialdea. Hala, ingeleseko klasean Socrate System doako aplikazioa erabiltzen dute, eta ikasle bakoitza bere smartphone-a erabilita konektatzen da jolasteko. Pirita haur eskolan ere, jolas librean ikusi genituen haurrak ikasgelan, eta bereziki mugimendua lantzeko gelara egindako bisitan. Irakasleak antzerkia, dantza, musika eta bestelako adierazpideak baliatu zituen haurrak mugimenduan jartzeko, jolasteko eta emozioak askatzeko. Bestalde, tarte zabala hartu zuten ikasleek eskolaren kanpoan jolasteko ere; zuhaitzez, hondarrez eta bestelako material naturalez osaturiko patioan, modu libre eta askean.

Eskolen antolamendua

Hik Hasirekin eginiko elkarrizketan (ikus aldizkari honen 16. orrialdea) Irene Käosaar Estoniako Gobernuko Hezkun-tza Ministerioko ordezkariak azaldu zigun zeintzuk ziren 2015ean onarturiko hezkuntza-plangintzaren helburu nagusiak. Horren arabera ari dira lanean bai Tallina eskolan bai Pirita haur eskolan: “Gobernuak gidalerro batzuk zehazten ditu, nolabait derrigorrezko eskolara iristen direnerako haurrek zer gaitasun izan behar dituzten azalduz; pertsonalak, sozialak, edo jolasarekin eta ikasketa-prozesuarekin loturiko trebeziak”, dio Aaboja-k.

Bestalde, Gobernuak ezartzen du hezkuntzaren etapa bakoitzeko ikasgela bakoitzean izan beharreko ikasle kopurua: 1,5-3 urteko geletan, 14-16 ume egon daitezke; 4-7 urte bitartean, 20-24 ume; eta, derrigorrezko hezkuntzan, berriz, 24 ikasle egon daitezke ikasgela bakoitzean. Dena dela, Tallina eskolan ikusi bezala, zenbait ikasgaitarako bitan banatzen dute ikasgela; adibidez, hizkuntzak irakasteko. Modu horretan, irakaskuntza-prozesuaren eraginkortasuna areagotu nahi dute. Helburu berarekin, Tallina eskolan 7 astean behin ikasgaiak aldatu egiten dituzte, eta 7 asteko sasoi bakoitzean gehienez 7 ikasgai dituzte ikasleek; adibidez, ikasturte honetako lehen 7 asteetan, geografia ikasgaia izan zuten ikasleek, baina ez hurrengo 7 asteetan, eta orain gutxi berriro itzuli da ikasleen ikasgai sortara. Modu horretan, “ikasgai bakoitza modu trinkoagoan lantzen da eta hobeto ikasten dute”, Tallinako zuzendariaren esanetan. Ikasgai bakoitzeko ikasgela bat dute, eta, beraz, ikasleak etengabe aldatzen dira gelaz; horrek dinamikotasuna ematen duela uste dute; ikasgai bakoitzak 50 minutuko iraupena du.

Eta lehen minututik azken minutura arte aprobetxatzen dituzte 50 minutu horiek. Izan ere, eskoletan ez ezik familietan ere garrantzia handia ematen zaio heziketari, eta deigarria da haurrek geletan erakusten duten patxada eta diziplina. Modu horretan, lanerako giro aproposa sortzen da lehen minututik, eta klaseak askotarako ematen du. Deigarria da, era berean, ariketa labur asko egiten dituztela, dinamismo handia emanez ikasgaiari. Eta, estoniar askatasun izpiritu horren isla da ikasgelan haurrek duten portaera ere; edozein momentutan altxatzen dira euren mahaietatik irakaslearengana hurbildu eta galdera bat egiteko, edo komunera joateko, lasaitasunez, gelako lan-giroa hautsi gabe.

Dena ez dago curriculumean

Bidaian bisitaturiko eskoletan gogotsu eta harrotasunez azaldu izan dute eskola-arduradunek eskola bakoitzaren curriculumaz kanpoko eskaintza ere. Kirolari garrantzia handia ematen diote, baina baita estoniar tradizioak eta festak ospatzeko antolatzen dituzten ekitaldiei ere; estoniar hizkuntzaren eguna, esaterako. Ekitaldi horietan, gainera, familiek ere hartzen dute parte, eta eskolarekin zubiak eraikitzeko baliabide dira. Bestalde, dantzarekin eta musikaren loturiko ekintzek ere garrantzia handia dute eskoletan; hainbesterainokoa, non zenbaitetan curriculumaren parte ere badiren. Esaterako, Tallinan eskola-orduetan derrigorrezko ikasgai bezala dantza eskolak jasotzen dituzte ikasleek. Izan ere, zuzendariaren esanetan, "dantza modu egokia da komunikatzeko, harremantzeko. Dantzaren eta mugimenduaren bidez ikasleak emozionalki eta fisikoki garatzen dira". Musikarekin lotuta, hainbat musika-instrumentu erakusten dute eskoletan, horien artean estoniar tresna tradizionalak, eta abesbatzak dituzte; ospe handikoak dira eskolarteko abesbatza-lehiaketak eta musika-jaialdiak.

Deigarria da, era berean, haurren osasunari ematen dioten garrantzia. Eskola bakoitzak bere medikua du, egunero-egunero bertan dagoena, eta haurrak artatzen dituzte edozein gaixotasunen aurrean, edo egunerokoan sor daitezkeen zauri edo ezbehar txikien aurrean. Osasunaren parte den heinean, elikadurak ere garrantzia handia hartzen du. Hezkuntza-maila guztietan, otordu bat behintzat eskoletan egiten dute haurrek, bazkaria bederen. Hori normalean eskolan bertan prestatzen dute. Haur eskoletan, bazkaldu ez ezik, gosaldu ere eskolan bertan egiten dute haurrek. Iritsi, kaleko zapatak etxeko zapatilekin ordezkatu, eta gosaltzera esertzen dira; horregatik, haur eskoletako gelak espazio askoren batura dira: gelaren erdigunean dago sukaldea, ontziak garbitzeko makina eta guzti; beste gela batean, berriz, haurrentzako oheak daude, bazkaldu ondorengo lo-kuluxka egin dezaten. Komuna ere gelaren parte da, baita kanpora ateratzerakoan nahiz sartzerakoan arropak eta zapatak aldatzeko erabiltzen dute gelatxoa ere. Behar guztiak eremu bakarrean dituzte, eskura.

Txikian handi

Askatasuna, zentroen autonomia edo hezkuntza gizartearen erdigunean eta politikatik at kokatzea... izan daitezke estoniar hezkuntza-sistemaren arrakastaren gakoetako batzuk, baina ezin aipatu gabe utzi beste giltzarri bat: irakasleen motibazioa eta baliabide gutxirekin asko egiteko borondate irmoa: "Non dagoen arrakasten gakoa? Kontua da irakasleok oso inplikatuta gaudela, bai geure buruari bai gure ikasleei ahalik eta onena ematea exijitzen diogula. Gainera, irakasleok asko partekatzen ditugu bizipenak geure artean, eta diru gutxirekin asko egiten saiatzen gara", azaldu du Aaboja-k.

 

Bi hizkuntza, bi komunitate

Errusiar komunitate handia bizi da Estonian: biztanleriaren ia % 30a errusiarra da. Horiek beren hizkuntza eta kultura mantendu dute, eta, komunitate zentzu horri erantzunez, errusiar eskoletara bidaltzen dituzte gehienek euren seme-alabak. Gutxi gorabehera, errusiar familietako haurren % 20 inguru errusiar eskoletara joaten da. Eskola horiek Estoniako hezkuntza-plangintzen eta curriculumen arabera egiten dute lan, desberdintasun batekin: haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan errusiarra da nagusi eskola horietan. Ikastetxe horietako zenbaitetan, estoniera ikasgai bat besterik ez da; baina behin Behe Bigarren Hezkuntzatik aurrera, legez ikasgaien % 60 estonieraz irakastera behartuta daude. Beste errusiar eskola batzuek ehuneko horretan irakasten dute lehen mailetatik; murgiltze-eredua deitzen dutena litzateke. Bigarren Hezkuntzatik aurrera aldiz, hau da, 16 urtetik aurrera, estonieraz bakarrik irakasten da, baita unibertsitatean ere.

Bi komunitateak, herrialde bakarra osatu arren, bi dira, bi errealitate bereizi. Bakoitzak bere kultura eta bere hizkun-tza du, bere ohiturak, bere bizimodua, herrialde bakarra partekatu arren. Ordea, hezkuntza tresna baliagarria izaten ari da bi komunitateak elkarrengana gerturatzeko; esaterako, ohikoak dira eskola errusiarren eta eskola estoniarren arteko ikasle trukeak. Horrela, belaunaldi gazteek aukera dute beren herriaren parte den beste kultura ezagutzeko, eta zubiak eraikitzeko; bi izatetik bat izatera pasatzeko.