ARBEL BELTZA erakusketa: Euskal hezkuntzaren argi-ilunak bisitagai

XX. mendean euskal irakaskuntzak izan duen bilakaeraren inguruko erakusketa ireki dute Donostiako ­Aiete Kultur Etxean, Donostiako ­Udalak eta Aranzadi Zientzia ­Elkarteak elkarlanean antolatuta. ­Bereziki, 36ko gerrako eta frankismo garaiko hezkuntza-jarduerak ­azpimarratzen ditu, Francoren ­erregimenaren pean “sistema ­totalitarioa iraunarazteko oinarrizko zutabe” bilakatu baitzen ­hezkuntza. Abenduaren 16an ireki zen erakusketa, eta martxoaren 13ra arte egongo da zabalik. Bisita gidatu espezifikoak antolatu dituzte ­ikastetxeentzat, eta 11 eta 18 urte ­bitarteko ikasleei zuzentzen zaizkie.

 
 

Domund egunez dirua emateko ­itsulapikoa, nesken josketarako otzara eta armazoia, maisu-maistra batzuek ikasleak jotzeko erabiltzen zuten arbazta, “emakume ona” nola ­izan ikasteko eskuliburua, ikasmahaiak, ikastetxeetako aktak, kartelak, argazkiak, liburuak… Horiek guztiak eta gehiago ikus daitezke Aiete Kultur Etxean (Donostia) bisitagai dagoen Arbel Beltza: euskal hezkuntzaren urte ilunak erakusketan. Donostiako ­Udaleko Giza Eskubideen Sailak prestatu du Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, besteak beste, frankismo garaiko maisu eta maistrak omentzeko xedez. Bereziki, 36ko gerraren hasieratik Francisco Franco diktadorea hil arteko euskal irakaskuntzaren berri eman nahi izan dute erakusketaren bidez. Baina, horrez gain, XIX. mendearen hondarreko euskal irakaskuntza, errepublika garaikoa, frankismokoa, klandestinitatean sortutako lehenengo ikastolak ­edota Euskal Herriko hasierako unibertsitatea ere jorratzen ditu erakusketak. Berori osatu ahal izateko, 50 ­erakundek eta norbanakok baino gehiagok utzi dituzte objektuak eta argazkiak, eta beste hainbestek euren lekukotasunak eskaini dituzte. Erakunde horien artean daude, besteak beste, Madrilgo Liburutegi Nazionala, Salamancako Agiritegi Historikoa, Frantziako Agiritegi Historikoa edota Kutxaren Fototeka.

Izenak iradokitzen duen moduan, Arbel Beltza erakusketak euskal irakaskuntzak XX. mendean zehar bizi ­izandako arorik ilunenean jartzen du arreta. Izan ere, bertan aditzera ematen denez eta erakusketaren arduradunek azaldu dutenez, aldi hartan, “hezkuntza frankismoko sistema totalitarioaren oinarrizko zutabe bihurtu zen, ikasleak doktrinatuz, eta Eliza katolikoa eta falangea egin ziren hezkuntza-monopolioaren jabe, erregimena iraunarazteko”. Hortaz, Aiete Kultur Etxera hurbiltzen diren bisitariek Errepublika garaian eta Frankismoan erabiltzen zituzten ikasliburuen arteko aldea ezagutu ahal izango dute, edota horietatik ikastoletan erabiltzen ziren Xabiertxo eta horrelako material didaktikoetara zegoen aldea ikusiko dute. Gainera, historiako gertakari “beltzen” berri jaso ahal ­izango dute, hala nola, Elvira Zipitria andereñoaren ikasgelako arbela mehatxuzko esaldiz beteta agertu zenekoa. Gaur egungo heldu askoren ­ikasle garaietan nahitaez jakin beharreko “Cara al sol” nahiz eguneroko ­errezoak egiteko erabiltzen zuten ­arrosarioa ere ikus daitezke bertan.
Lehenengoz, Txiki Zabalo marrazkilariak 1993. urtean Euskal Estatutuaren kartel baterako egin zuen jatorrizko zirriborroa ere ikusgai dago, eta Iñaki Egañak garai hartako hezkuntzaren inguruan egindako argitalpen bat ere publikatu dute. Testu horretan, Gipuzkoan 1936tik 1942ra bitartean baztertu eta zigortu zituzten 140 maisu eta maistren izenen zerrenda bat dator. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak memoria historikoa berreskuratzeko egin nahi duen ahaleginaren emaitza da erakusketa. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen hitzetan, erakusketaren helburua da gerra zibil garaian nahiz diktadura aldian “jazarpena, indarkeria, bidegabekeria eta irainak jasan zituen maisu-maistrak gogoratzea eta ohoratzea”. Xede horrekin, Aranzadi Zientzia Elkarteak lan handia egin du garai haiek bizi izan zituzten pertsonen lekukotasunak biltzen, hautatzen eta ikertzen. “Urte haietan, izan ere, ehunka maisu-maistra baztertu ­eta bota zituzten beren ikasgeletatik erregimen frankistarekin bat ez etortzeagatik, eta milaka haurrek kolpeak, zigorrak eta umiliazioa pairatu ­zituzten”.
Erakusketak dibulgazio-izaera duenez, Donostiako Udalak eta Arazadi Zientzia Elkarteak bisita gidatuak antolatu dituzte ikastetxeetako 11 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat, ­erakusketa itxi bitartean. Hitzordua 943 48 1975 telefonora deituta eska daiteke.

 

Arbel beltza: euskal hezkuntzaren urte ilunak, erakusketa

 · XX. mendean euskal hezkuntzak izan duen bilakaeraren inguruko

erakusketa da.

· Objektuak, argazkiak, liburuak, bideoak eta garai hartako lekukotasunak eta datuak biltzen ditu.

· Donostiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak prestatu dute.

· Martxoaren 13ra arte dago irekita. Asteartetik igandera. Astelehen eta

jaiegunetan itxita.

· Aiete Kultu Etxean (Aiete pasealekua 63, Donostia) bisita daiteke.

· Serrera doakoa da.

· Ikastetxeentzako, bisita gidatuak antolatu dira (11 eta 18 urteko ikasleei

zuzentzen zaizkie).