EL MARTINET ESKOLA

2015-02-01

Bartzelonako Ripollet herriko Can Mas auzo zaharkituak zituen ­hezkuntza- eta zerbitzu-premiei erantzuteko erronka aukera gisa baliatu zuten eskola berritzaile bat egiteko ametsa zuten ibilbide ­luzeko hainbat irakaslek. Eta ­ametsa gauzaturik, duela hamar urte zabaldu zituen ateak El Martinet eskolak. Bertan ­“autonomia, autogestioa, ­erabakimena eta ezagutzaren ­eraikuntza” ez dira hitz soilak, praktikan egunero Haur Hezkuntzan bezala Lehen Hezkuntza osoan proiektuka lan eginez egikaritzen diren balioak baizik.

 
 

Goiz bat Kataluniako El Martinet eskolan

 Lasai datoz haurrak eskolara. Amarekin, aitarekin, beste senitartekoren batekin... Baina lasai denak, oro har. Bederatziak aurretik sartu dira gehienak, baina, bederatziak pasatuta ere, presarik gabe datoz haurrak eskolara. Ez da txirrinik, klaxonik, ez eta  istilurik edota garrasirik ere; musika entzuten da bozgorailuetatik. Barruraino doaz haur eta gurasoak, eskaileretan gora, geletaraino. Maisu-maistrak agurtzen dituzte, eta beste haurrak, gurasoak, langileak... Haur batek bezperan egin duen marrazkia erakusten dio aitari; beste guraso bat irakasle batekin mintzo da, sukar apur batekin jaiki omen da neskatoa...

Une bizi eta dinamikoa da eskola-sarrerako unea Ripolleteko El Martinet eskolan (Bartzelona), baina lasaia eta pausatua, aldi berean, bai haurrentzat, bai guraso edo aitona-amonentzat eta bai irakasleentzat ere. Egunero-egunero, egokitzapen-aldiko goiz bat balitz bezala, eskolak harrera egiten die haurrei eta familiei, eskolako sarrerak berak erakusten du haurraren umoreari eta izaerari arreta jartzen diotela egunero, hau da, bagaje afektiboari leku egiten diotela eskolan: “bagaje pertsonal horrek haur hori bakan eta desberdin egiten du, eta horrela hartzen ditugu haur guztiak, egunero, El Martineten”.
Hitz horiek Entramados (Grao) liburukoak dira, El Martineteko irakasleek euren pedagogia berritzailea azaltzeko idatziriko liburuetako batetik harturikoak. Izan ere, hala Katalunian nola lurraldetik kanpo, El Martinet eskola publikoa ikastetxe eredugarritzat hartzen da, ongizatean eta errespetuan oinarrituriko pedagogia aurrerakoi eta berritzaileagatik; izaera kolektibo eta komunitarioagatik; espazio eta ingurune aberatsengatik eta nortasun demokratiko eta berdinzaleagatik. hik hasiko kideek euren begiz ikusi dute eskolako bizitza; goiz bat igaro dute hango umeen eta irakasleen artean, Olga Romera irakaslearen laguntzarekin.
Pixkanaka, geletan batzen ari dira haurrak, eta gurasoak nahiz aitona-­amonak irteten ari dira, haur bakoitzak behar duen denboraren arabera, igaro duen gauaren arabera... Adin bereko kideekin elkartzen dira haurrak egunaren hasieran erreferentziazko gelan, ­erreferentziazko irakaslearekin, eta, ­egun osoan zehar ume bakoitza bere jardueran aritu ostean, adin bereko taldekideekin eta erreferentziazko irakaslearekin elkartuko dira guztiak berriro jardunaldiaren amaieran, ikasgela berean. Egunean zehar, barruko nahiz kanpoko espazioetan, guneetan eta lantegietan ibiliko dira ikasleak, bakoitza berean, eskuartean dituzten proiektuak gauzatzen.
2003-2004 ikasturtean Haur eta ­Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bat sortzeko beharra zeukan Kataluniako Hezkuntza Departamentuak Bartzelona hiritik 20 minutura dagoen Ripollet herrian. Can Mas auzo zaharrean eraiki zuten eskola, eta, horrela, kartierraren zerbitzu eta baliabid- eskasiari ­erantzun nahi izan zion administrazioak. Auzoaren ezaugarri izan da 50eko eta 60ko hamarkadetan Espainia hegoaldetik jasotako immigrazio masiboa, eta, gaur egun, adineko biztanleria eta etorkinen uholde berria nahasten dira eraikin zahar grisez beterik dagoen auzune horretan.
Behar hori aukera gisa ikusi zuten esperientzia luzeko hainbat irakaslek. Hezkuntza-departamentuak ikastetxeei aitortzen zien programa-autonomia baliatuz, eskola garaikide bat eraikitzeko erronka beren gain hartu zuten Montserrat Navarrok eta beste hainbat hezitzailek: “Proiektuan interesa genuen irakasleok hainbat balio zahar, ohitura eta inertzia mahai gainera atera genituen, eta, hasiera-hasieratik, gure eskolari begi berriekin begiratu nahi ­izan genion. Eskola honi buruz pentsatu genuenean, garapen pertsonal eta sozialerako espazio pribilegiatu gisa planteatu genuen; leku adeitsu eta atsegin bat, lasaia eta bizigarria, eraiki nahi genuen, bertan parte hartuko zuten pertsona guztien bizi-kalitatearen hobekuntza bermatuko zuena; eta, horregatik guztiagatik, konpromiso sozial handi bat hartu genuen gure auzoarekin”. Horixe da El Martineten goiz bat pasatuta bisitariak duen sentsazioa: ongizatea zaintzen dela ikusten da; dinamikoa eta, era berean, lasaia da giroa, bai haurrentzat, bai irakasleentzat, bai langileentzat eta bai gurasoentzat ere.
Aurrez hamaika prestakuntza-saiotan, eskolatan eta bileratan elkarturiko irakasle talde baten ametsa izan zen ­lehenik El Martinet; gero, proiektu bat, eta, gaur eraikia eta egikaritua den ­arren, abentura eta aldaketa berrien ­aterpe izaten jarraitzen du Can Maseko eskolak egunero-egunero, lehen aldiz ateak ireki zituenetik hamar urtera. “Hasieratik gaur arte, egokitzen, aldatzen eta hobetzen joan gara, eta etengabeko behaketa, hausnarketa, elkarrizketa eta prestakuntza izan ditugu horretarako baliabide”, azaldu du Romerak.  
2004-2005 ikasturtean estreinatu zuten Haur Hezkuntzako eraikina, eta horrela sortu zen El Martineteko txikien komunitatea, 5 urte arteko haurrekin. Haren ondotik, ertainen komunitatea (6 urtetik 8ra bitarteko haurrak) eta handiena (9 urtetik 11ra bitartekoak) sortu dira, bakoitza 150 haurrekin eta ­etapa bakoitzari dagozkion irakasleekin. Ikasturte honetan, 475 haur hartu ditu eskolak, eta 25 haurreko ratioa du gelako. Alta bada, El Martineten ezaugarrietako bat da ikasleak geletan adinaren arabera ez bereiztea, soilik egunaren hasieran eta amaieran elkartzen dira erreferentziazko gelan kide eta irakasle erreferentziazkoekin; baina, izan adinkide edo ez, hiru komunitateetako haurrak elkarrekin harremanetan daude egunean zehar, irakasleak gidatu ­gabeko topaketa naturaletan. “Haur guztiak nahasirik ez dauden arren, ­ezaugarri garrantzitsua da adinen aniztasuna, horrek ikasketa- eta jabekuntza-prozesua aberasten duelako, eta ­bizitza ere halakoxea delako, bai txikienen kasuan eta baita handienen kasuan ere”, Romerak azaldu duenez.
El Martineten beste ezaugarri bat espazioen antolaketa da: geletan, ez dago aulki eta mahaitxorik, ezta arbelik ere; ez txikien komunitatean, baina ezta ­ertainen eta handien solairuetan ere. Geletako hormen eta materialen kolore neutroek eta kristal handiek arreta ­erakartzen dute; kanpotik barrukoa eta barrutik kanpokoa ikus daiteke, eta gardentasun eta iragazkortasun fisikotik harago iradokitzen dute kristal horiek. Gela barruan edo eskola barruan egiten dena kanpoan ikus dadin aukera ematen du. Eta, era berean, natura barreneraino sartuta dago: egur-koloreak natura iradokitzen du, eta material organiko ugariek ere naturaren usaina dakarte.
Eskolako espazio guztiak, gelak, geletako mikroespazioak, korridoreak, guneak, lantegiak, kanpoko espazioak, jangela, sukaldea, eta abar proiektu pedagogikoaren zerbitzura daude, eta guztiak daude ikasleen arteko harremanak sustatzeko pentsatuta eta ikasteko prestatuta. Izan ere, barne eta kanpo espazioak nahiz eraikina bera diseinatzeko orduan, proiektu pedagogikoa izan zuten abiapuntu irakasle eta arkitektoek. Navarrok dioenez, ­“eraikina erabilera anitzeko ingurune aldakor gisa” pentsatu zuten, eta “ikasmahaiak eta aulkiak dituen eskola tradizional bat baino gehiago, etxe bat ­dirudi”. Entramados liburuan jaso zutenez, espazioaren antolaketak ikasketa-prozesuari buruzko galdera eta hausnarketa asko eginarazi zizkien irakasleei: “Ikasketak beharrezko du ­haurren begirada eta arreta norabide bakarrean zuzentzea, eta irakasleak ­esaten duenera edo arbelean idazten duen horretara bideratuta egongo den espazio bat behar du? Edo begiraden arteko elkarrekintza sustatuko duten espazioak behar ditu ikasketak, ikuspegi eta ikuspuntu askotarikoak ahalbidetuko dituzten espazioak?”.
Txikien komunitatean, adin guztietako haurrak nahierara mugitzen dira euren solairuko gela batetik bestera ­edo lantegietatik lorategira. Mugimendua, garapen-motorra eta adierazpena ahalbidetzen dizkieten 45 mikroespazio dituzte eskura, kanpoan zein barruan; mugitzeko eta energia xahutzeko aukera ematen diete, baina baita lasaitasuna eta sosegua ere; eskuekin lan egiteko aukera ematen dieten espazioak dira, urarekin, irinarekin, haziekin... esperimentatzeko aukera ematen dieten espazioak; egiteko, probatzeko diseinatu dituzte mikroespazioak; garapen-motorra lantzeaz gain, usaimena eta zentzumenak garatzeko aukera ­ematen dieten materialak proposatzen dizkiete gune horietan umeei, egituratu gabeko material naturalak.  
Txikienek eurek erabakitzen dute noiz, non eta norekin egon, eguzkia ala euria egin. Baldintza bakarra irtetean kaleko oinetakoak janztea da, eta botak euria ari duenean; eta, bustiz gero, aldatzeko arropak dituzte guztiek. Oso txikitatik, haurren erabakimenari garrantzia ematen dio irakasle taldeak.
Txikienen komunitatean, hitzak, ­abestiak, hau da, adierazpenak eta ­garapen-motorrak, leku handia zuten; bada, ertainen komunitatean, idazketa eta irakurketarako proposamenak eskaintzen dituzten mikroespazio ugari daude, baina ikerketak eta gorputz-­adierazpenak ere garrantzia izaten jarraitzen dute, ikasketa burutik ez eze gorputzetik pasatzen baita. Hala, bada, animalien espazioan ikertzen ari dira goiz honetan hainbat haur; haiei buruz irakurtzen eta idazten ari dira, animalien katalogoak egiten batzuk, ipuinak isilean irakurtzen beste batzuk, eta hegazti fantastiko bat sortzen beste bat, buru-belarri. Ertainen komunitatean, nork bere interesen arabera erabakitzen du zer landu unean-unean; irakasleek ondo pentsatu eta aukeratutako kalitatezko materiala dute lantegietan, kanpoan nahiz barruko espazioetan, ­eta, horrela, bakoitzak bere erritmora ­ikasten du. Esate baterako, haur bakoitzak erabakitzen du espazio matematikoan muntaketa eta zenbaketa-lanak egin material anitzekin, edo idazketa-­irakurketa prozesuan murgildu; haurrak horretan interesa baldin badu, eskura hamaika liburu, entziklopedia, koaderno eta abarrez beteriko mikroespazio ugari ditu. Ez espazio batzuetan ez besteetan, ez komunitate batean ez bestean, inor ez da behartzen egin nahi ez duen lanik egitera, garrantzia handia ematen baitiote El Martineteko irakasleek txiki-txikitatik hasita haurren garapena eta erritmoa errespetatzeari.
Handien komunitatean proiektu-kaxekin egiten dute lan 9 urtetik 11ra bitartekoek. Ez oinarrizko curriculumaren eskariak, ez Kataluniako Governetik egiten direnak ez Madriletik LOMCEk egiten dituenak ere ez dituzte ikasgaietan banatzen, proiektuetan baizik, ingelesezko antzezlan bat prestatuz, uraren kanalizazio bat diseinatuz edota munduan barrena bidaia bat antolatuz, korridoreko espazio batean lau neska ari diren eran. Ez daukate testulibururik; horren ordez, ondo aukeratutako hamaika liburu eta entziklopedia dituzte apalategietan. Ikasleen beharretatik eta interesetatik abiaturik, irakasleak prestatzen ditu proiektu-­kaxak, eta astearen hasieran ikasle ­bakoitzak aukeratzen du aste horretan zer landuko duen. Kaxa horrek talde-lanean egiteko proposamen artistiko bat baldin badauka, adibidez, lantegian egingo dute lan ikasleek, eta, lantegi horretan, beste komunitate eta ­adin batzuetako kideekin elkartzeko ­eta elkarrengan eragiteko aukera izango dute. Era berean, lorategian lantzeko proposamen bat izan dezake kaxak, handien komunitatekoek ere denbora luzea egiten baitute lorategian. Kanpoko espazioa ere esperimentatzeko eta ­ikasteko espazio gisa dago pentsatuta eta diseinatuta, hau da, haurrei aukerak emateko espazio gisa, harremanetan jartzeko, ikertzeko eta sortzeko espazio gisa.
Oro har, txikietatik handietara, lau ardatzen inguruan prestaturiko espazioak dituzte aukeran egunero El Martineteko ikasleek: “Autonomia, autogestioa, erabakimena eta, laugarrenik, ingurunearen, munduaren, objektuen, besteen eta norberaren aurkikuntzan lagunduko duten esperientzia errealen eraikuntza”. Ardatz deituriko horiek ez dira hitz hutsaletan gelditzen, eta oso ondo ulertzen da hori eskolan goiz bat igaro ostean: buru-belarri ari dira haurrak ekinean, banaka nahiz taldeka, isilean nahiz elkarrekintzan, nor bere ­erritmoan ikasten.

 

El Martineteko irakasleak

 Aurrelan handia egiten dute El Martineteko irakasleek, proposamenak ­oso ondo pentsatzen eta diseinatzen dituzte, eta zer-nolako materialak hautatu aztertzen dute, aukerak zabalagoak eta aberatsagoak izan daitezen. Txikienen solairuko marrazketa-gelan, esate baterako, mikroespazio batzuetako proposamenak sentsorialagoak eta  ­lasaiagoak dira; beste batzuek trazua lantzeko aukera eskaintzen dute; bertikalean edo horizontalean marrazteko aukera, adibidez, oso ondo pentsatua dago, haurrek askotariko adierazpideei erantzuten dieten proposamenak ­izan ditzaten eskura. Trazua egite hutsak, hasieran, behar motorrari erantzuten dio, eta, denborarekin, pentsamenduren bati erantzuten diote marrazkiarekin. Espazio bakoitzean, beti irakasle berbera egoten da, baina El Martineteko irakasleak, ez Haur Hezkuntzan ez Lehen Hezkuntzan ere, ez dira irakasgaietako irakasleak, haur bakoitzaren jabetze- eta ikasketa-prozesuaren laguntzaileak baizik.

El Martineteko lantaldeak “haurraren laguntzaile dinamiko eta hausnartzaile” gisa ikusten du irakaslea, eta ­“berrikuntzari eta ikerketari lotuta” ­dago: “Haurrari bere dimentsio guztietan entzuteko gai izan behar du irakasleak, ikusten, entzuten eta sumatzen duenari esanahia ematen jakin behar du”. Beraz, irakasle guztiek izan behar duten jakintza kognitibo-zientifikoaz gain, kultura eta errealitate garaikidearekiko jakinduria eta jakin-mina balioesten dituzte El Martineten, eta garapen pertsonalean prestatzeari garrantzia handia ematen diote.
Alabaina, alderdi askotan beste ­eskola-eredu baten antza baldin badu ere, sare publikoko ikastetxea da El Martinet, hala izaeraz nola egituraz. ­Beraz, administrazioak ezartzen dituen hainbat arau bete behar ditu, besteak beste, irakaslearen kontratazio publikoari dagokiona. Sorburuan eskola berri bat eraikitzeko proiektuak batzen ­zituen irakasleen talde bat baldin bazegoen ere, gerora, denborarekin eta hezkuntza-sistema publikoaren mugikortasunaren ondorioz, aldatuz joan da egitura, administrazioa baita ikasturte hasieran eta ikasturtean zehar zentroetako langileen zerrendak osatzen ­dituena, eta ez eskola. Hara jo duten irakasle batzuk proiektuak erakarri baditu ere, halabeharrak ekarri ditu beste ­batzuk, eta, horrexegatik, prestakuntzari eta norberak bere burua prestatzeari garrantzi berezia eman diote zentro honetan, proiektu komunitarioak ­iraungo badu konpromisoa erakutsi behar baitu irakasleak. Irakasle berriek beterano baten laguntza izaten dute ondoan, gatazken aurrean edo zalantzen aurrean behar dutenero babesa ­izan dezaten. Eskolari buruzko dokumentazioa eta bibliografia interesgarriak ematen dizkiete batez ere epe luzerako datozen irakasleei, eta egunean egunekoa balioesteko bilerak egiten dituzte guztiekin.
27,5 irakasleko langile-zerrenda du gaur egun El Martinetek. Eta, horrez gain, sukaldaria, sukaldeko laguntzaileak eta bestelako laguntzaileak ere hezkuntza-proiektuaren kide dira. Beste eskoletan bezala, irakasle espezializatuak dituzte ingeleserako, gorputz-hezkuntzarako, musikarako...
Baina El Martinet ez dute ikasleek, ­irakasleek eta langileek soilik osatzen. Gurasoak eta aitona-amonak eskola-sarrerako unean ez ezik −hots, goizeko 9etan− egunean zehar ere sartzen dira eskolara, sukalderaino. Txikienen gosaria prestatzen ari dira hainbat guraso gaur goizean −ertainen eta handien komunitateetako ikasleek eurek prestatzen dute fruta−, solasean euren artean, haurrek ekarritako aleak prestatzen dituzten bitartean. Gosaltzea, bazkaltzea bezala, esperientzia bat da eskola honetan, bizipen bat gehiago, irakasgai bat gehiago, baina esperientzia hori senitartekoekin partekatzen dute. Gurasoak euren artean atondutako egutegi baten arabera antolatzen dira txikienei goizero fruta-gosaria emateko.
Beste guraso bat ikasmaterialak ­azaleztatzen ari da irakasle gelan. Zeregin horiek guztiak ondo pentsatuta eta diseinatuta daude El Martineten. Gurasoen eta senitartekoen parte-hartzea ­areagotzea dute helburu, eta eskolaren parte sentitzea eta komunitatea saretzea. Can Maseko ikastetxe honen beste ezaugarrietako bat izaera komunitarioa baita: “Eskolak pertsona bakoitzaren ongizatea zaintzen, bermatzen eta laguntzen badu, uste dugu jakintzari ­eta harremanei bidea irekitzen diegula. Haurrak ondo egongo dira eskolan, euren familiak eta gainerako helduak ere eskolan ondo badaude”.

El Martinet eta gero...

Norbaitek Can Mas auzo zahar grisean El Martinet eskola bizia uharte bat dela pentsa dezakeen bezalaxe, eskola hau Kataluniako sare publikoan oasi bat dela pentsa dezake beste norbaitek. Baina eskolak auzoan ditu sustraiak, ­eta El Martinetekoaren antzeko pedagogia aurrerazaleak ez dira horren salbuespenezkoak Katalunian. Governeko Hezkuntza Departamentuak zentro berriak sortzeko garaian irakasle taldeen hezkuntza-proiektuen programa-autonomia balioetsi izanak aukera ugari eman zizkien ibilbide luzeko irakasleei, sare publikoaren barruan bestelako metodo pedagogikoak baliatzeko. Adibidez, Ripolleten bada filosofia bertsuko beste eskola bat: Els Pinetons, duela lau urte Hik Hasik bisitaturikoa,  hain zuzen ere.
El Martineteko ikasleek, 12 urte bitartean testuliburu, ikasmahai, arbel eta azterketarik gabe ikasi ostean, institutura joan behar dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera. 2004-2005 ­ikasturtean ireki zituen lehenengoz ­ateak, eta dagoeneko hiru promozio ­atera dira ikastetxe honetatik, inguruko hainbat institututara. Hezkuntza-eredu honetatik atera eta ikasmahaietan arbelera begira egotera egokitu ote diren galdetu diegunean, oro har hiru promozioetako ikasleei buruz institutuetatik jaso dutena oso baikorra izan dela ­azaldu du Romerak: “Haurrek egiteko, ikasteko eta konpromisoak hartzeko gogo berezia erakutsi dutela esan digute. Gainera, El Martinetetik eta antzeko eredu pedagogikoak lantzetik doazen ikasleek bultzaturik, DBHn ere aldaketa eta berrikuntza beharrezko ikusten duten gero eta irakasle gehiago ari gara ikusten inguruetan, zorionez”.

 

Ebaluazioa

Irakasleen kontratazioarekin batera, hezkuntza-sistemak arautzen duen eta El Martinetek bete behar duen beste puntu bat ebaluazioarena da. Alabaina, Ripolleteko eskola honek ebaluazioa ez du nota gisa ulertzen, jarraipen gisa baizik. Haurrek eta familiek ez dute, beraz, zenbakirik edo kalifikaziorik jasotzen ikasturte amaieran, erreferentziazko irakasleak espazio bakoitzeko irakasleen laguntzarekin osaturiko txostena baizik. Eta ez dute azterketarik egiten. Handienetan, autoebaluazioari oso lotuta dago ebaluazioa: haur bakoitza bere ikasketa-prozesuan non dagoen jabetzeari garrantzia ematen diote, eta ikasturte amaierara itxaron gabe, ikasturtean zehar ikasle bakoitzaren indargune eta ahulguneei buruz hitz egiteko tarteak bilatzen dituzte.