IZASKUN TORRE. WALDORF ESKOLAKO IRAKASLEA DBH-N

Waldorf pedagogian oinarritutako Geroa Eskola Trokonizen ireki zutenean ametsa besterik ez zena egia bilakatu dute: DBHra zabaldu dute eskola, Eusko Jaurlaritzaren baimenarekin. Bertako bi tutoreetariko bat —zientzia arlokoa — da Izaskun Torre elorriotarra. 14 urtez Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan eskolak ematen aritu ondoren, erronka berri bati ekin zion orain dela sei urte: Bigarren Hezkuntzan ere Waldorf pedagogiarekin lanean hastea. Gustura dago bizitzan ari den prozesuarekin eta esperientzia asebetegarria ari dela izaten dio. “Testulibururik ez darabilgunez, sormena asko erabili behar dugu irakasleok. Guk badakigu zertara heldu behar diren ikasleak eta gure egitekoa da helburu horretara ahalik eta modu egokienean iristea”.

 
 

Nolakoa da DBHko ikasle baten eguna Waldorf eskolan? Zein berezitasun nagusi ditu?

Gure berezitasun nagusia da periodoka lan egiten dugula, Lehen Hezkuntzan bezala DBHn ere. Hortaz, hiru edo lau astean gai bera lantzen aritzen gara goizero, lehen orduetan. Adibidez, ni momentu honetan, DBHko 2. mailakoekin geometria lantzen ari naiz, irudi geometrikoen azalera eta perimetroen kalkulua eta antzeko kontuak. Periodo hau bukatutakoan ikasle horiek eduki dezakete historiako periodoa, edo fisikakoa, kimikakoa… eta horrela betetzen dugu ikasturte osoa.
Baina, egunero, klasea hasteko ikaslea jaso egiten dugu eta banakako harrera egiten diogu. Gure hartu-emana oso estua da eta ikasle bakoitzari ongi-etorria egiten zaio. Eta, jarraian, beti erritmoa lantzeko jarduera bat eginaz hasten gara, eta gorputzaren mugimenduarekin lotuta dauden hainbat ariketa egiten ditugu: pilotarekin jardueraren bat, oreka landu, erritmo ariketak musikaz lagunduta… ariketa horiek gela barruan edota kanpoan egiten ditugu. Atal horrek gutxi gora-behera ordu erdi irauten du. Eta erritmoaren atal hori bukatzeko beti abestiren bat kantatzen dugu edo txirula jotzen dugu… Eta ondoren, astero, ikasle batek berari dagokion olerkia errezitatzen du. Astelehenean jaio den ikasleak astelehenean, asteartean jaio denak asteartean… Ikasle bakoitzak bere olerkia dauka, irakasleak oparitu diona. Hala, gelakide guztien aurrera irteten dira eta euren olerkia errezitatzen dute.
Gero, periodoka lantzen dugun klase printzipalaren ondoren, atsedena dute ikasleek eta horren ostean guk “ikasgai erritmiko” deritzegunak ematen dira: musika, talla, ingelesa, eskulanak, gorputz hezkuntza, euskara, etika…

Periodoka antolatzen dituzuen gai nagusi edo tronkal horiek nola lantzen dituzue? Metodologia zehatzen bat erabiltzen duzue?

Gai printzipal batzuk ditugu, ikasturtean zehar jarraian eta modu sakonean jorratzen ditugunak, eta horri deitzen diogu guk periodoka lan egitea. Gai printzipal hori jorratzeko klasea beti aurreko egunean egindakoa gogoratuz hasten dugu. Gero, eduki berria sartzen dugu, modu esperimentalean.
Gaurko adibidea jarriko dizut. Gure helburua zen zirkunferentzien perimetroaren eta azaleraren formulak ondorioztatzea. Baina guk ez diegu ikasleei azaleraren (Πr2) eta perimetroaren (2Πr) formula ematen, baizik eta euren egitekoa da hori ikertzea.  
Adibidez, ondorio horretara iristeko zer egin dugu gaur? Bada, ikasleek etxetik hainbat objektu borobil ekarri dituzte: tapak, bizikletaren gurpila, uztaiak... Lehenik objektu horien perimetroak eta diametroak neurtu ditugu, eta ondoren, perimetroa zati diametroa egiten hasi gara, eta ikusi dugu objektu batzuen kasuan 3,2 ematen zuela, beste batzuenean 3, 1 edo 3,09… Hortik ondorio bat atera dugu: edozein zirkunferentziatan perimetroaren eta diametroaren arteko zatiketan Π zenbakia existitzen dela, eta nahiz eta zirkunferentzia handia izan, nahiz txikia izan beti proportzio bera betetzen dela. Ni eskolara joan nintzenean zera esan zidaten: “Badago zenbaki bat ‘Π’ deitzen dena eta 3,1416 balio duena”. Beno, ba, guk ikusi dugu zenbaki hori existitzen dela prozesu logiko baten bitartez.  Hortik gero ondorioztatu dugu zein den zirkunferentzia baten perimetroaren formula: diametroa bider Π edo 2Πr (diametroak bi radio dituelako). Eta horrela jakin dugu perimetroa zer den.
Gero Arkimedesek egin zuena egin dugu. Arkimedesek zirkunferentzia bat zeukan eta haren azalera kalkulatzeko, zirkunferentzia hura hainbat zatitan egin zuen eta lauki zuzenaren forma eman zion. Berak ez zekien zirkunferentziaren azalera kalkulatzen, baina lauki zuzenarena bai (alde bat bider bestea). Horrela konturatu zen zirkunferentzia baten azalera perimetroaren erdia bider erradioa zela. Eta perimetroaren ordez 2Πr ezartzen badugu, segituan ohartuko gara zirkunferentziaren azalera Πr2 famoso hori dela.

Formulak eman beharrean, modu praktikoan, ikasleek eurek ondoriozta ditzaten saiatzen zarete hortaz.

Gure helburua hori da. Ikasleei esaten badiezu zeintzuk diren formulak, lehenik ikasleek sinetsi egin behar dizute hori horrela dela, baina ulertu gabe zergatik. Gainera, gero, berehala ahaztu egingo zaie. Aldiz, horrelako lana eginda, alegia, behetik gorako prozesua eginda, eurei ikertzen uzten badiegu, ikasten dutena ez dute sekula ahaztuko. Izan ere, eurak lehengo matematikoen azalean ipintzen dira eta lehengo matematikoak heldu ziren bidetik heltzen dira gauza berberak ondorioztatzera.
Beraz, hor hiru aspektu lantzen ditugu: hasieran borondatea, ariketa praktikoak egiten ditugulako suertatuko dena oraindik ezagutu gabe; gero sentimentua, “Hau zer izango da? Zer esan nahiko du?”; eta azkenik pentsamendua, ateratzen ditugun ondorioen bidez gauzak nola diren ulertu dugunean.
Testulibururik edo bestelako bitartekorik erabiltzen duzue?
Ikasleek eurek sortzen dituzte euren testuliburuak. Periodo bakoitzeko euren koadernoa egiten dute, ahalik eta edertasun handienarekin. Koadernoa txukun eta artez osatzeari garrantzia handia ematen diogu guk: kolore, errekorte, irudi… asko erabiltzen ditugu. Hala, kreatibitatea bultzatzen saiatzen gara. Batetik, ikasleen kreatibitatea: “Nola pasatuko dut gelan landutako hau guztia koadernora? Koloreak erabiliko ditut? Nola pegatuko dut?…”. Eta, bestetik, irakasleon kreatibitatea: ez daukagulako testulibururik jarraitzeko, eta beraz egun batetik bestera gauza asko prestatu behar ditugulako. Guk badakigu zertara heldu behar diren ikasleak, eta gure egitekoa da helburu horretara ahalik eta modu egokienean iristea.

Eta zein abantaila dakar, tetulibururik erabili gabe, norberak bere koadernoa sortzeak?

Gure ikasleak izango dira zelabaitera etorkizunean mundu hau zuzenduko dutenak. Eta ez dakigu zeintzuk izango diren etorkizuneko erronkak. Beraz, gaitasun berriak landu behar dituzte gure ikasleek. Zentzu horretan, sormena lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu eta uste dugu testuliburuak, era batera edo bestera, mugatu egiten gaituela: “Hau da dagoena eta ez dago besterik”. Gainera, testuliburuetan, azkenean, badakigu zer egiten dugun: azpimarratu egiten dugu inportanteena iruditzen zaiguna, baina ez dugu idazten, eta guretzat oso inportantea da idaztea, edertasunez, lumarekin, ortografia akatsik gabe…  

Gai printzipalak peridoka jorratzen dituzuela. diozu. Lanketa hori egin ahal izateko irakasleok nola antolatzen zarete?

Lehen Hezkuntzan tutore bakarra izaten dute 1. mailatik 6. mailara arte. Baina DBHn jada ez da horrela. Baizik eta bi tutore gaude maila guztietarako. Ni zientzia arloko tutorea naiz eta Raimundo humanitateen arlokoa. Hortaz, esan dezakegu DBH1etik 4ra bi tutore dituztela. Hala ere, ingeleserako beste irakasle bat dago, heziketa fisikorako beste bat, tallarako, musikarako… Aurten DBH 1 eta 2 elkarrekin daude, 16 ikasle ditugulako orotara; eta baita DBH 3 eta 4 ere, zortzi ikaslerekin. Hala, goizeko lehen ordu horietan ni egoten naiz talde batekin eta Raimundo bestearekin. Ikasleen pertsona erreferentzialak gu biok gara.
Zergatik egiten duzue lan periodoka? Arrazoiren bat dago?
Lan egiteko modu hau nahita nahiezkoa da gaiak modu esperimentalean jorratu nahi baditugu. 50 minutuko klase bat baldin badaukagu, 50 minututan egin dezakeguna da formulak eman eta 1., 2., eta 3. ariketak egiteko eskatu. Hurrengo egunean berriz ere formulak gogoratu eta beste ariketa batzuk egin. Baina, guk modu esperimentalean egiten dugu lan. Horrek ikasleei gaian sartzea eta inplikatzea eskatzen die. Orduka egiteak ez liguke utziko gai bat sakontasunez lantzen. Gainera, gerta daiteke hasieran ikasle batek gauzak nola diren ez ulertzea, baina egunero-egunero gai berean murgilduz, azkenean guztiak sartzen dira gaian eta denek amaitzen dute landutakoa ondo ulertzen. Zergatik? Murgilduta daudelako gai batean, murgilduta buru-belarri! Gainera, gero etxera joaten dira, han ere geometriaren kontu honekin atzera eta aurrera ibiltzen dira eta ideia berriak ekartzen dituzte gelara. Hortaz, gelan landutakoa kanpoan ikusten dutenarekin lotzen dute, eta hala, indarrak eta ahalegina biderkatu egiten dira.
Niri benetan oso zaila egiten zait ulertzea umeekin nola egin daitekeen lan 50 minutu ingelesa emanaz, 50 minutu matematika, 50 minutu euskara… Kasu horretan zer gertatzen da? Batzuek ez dakitela zer koaderno atera behar duten ere. Sartu orduko bukatu da klasea eta beste bat dator guztiz desberdina. Hortaz, egun batetik bestera ahaztuta daukate aurreko egunekoa. Eta, noski, neska-mutil batzuei izugarri kostatzen zaie gauza batean zentratzea, baina ez diegu horretarako aukerarik ere ematen.
Edozein kasutan, periodoka lan egitearen kontuan hau ere dagoeneko ez da hain berria. Unibertsitate askotan hasi dira horrela lanean.
Nik uste dut periodoko lan egiteak esan nahi duela indarrak zerbaitetan zentratzea. Eta indarrak zerbaitetan zentratzen baditut, azkenean lortuko dut ulertzea, eta gainera,  askoz ere sakontasun handiagoarekin barneratuko ditut gauzak. Gainera, uste dut lan egiteko era hau edozein umerentzat dela ona. Gaur ulertzen ez duenak akaso datorren astean ulertuko duelako, eta denek gauzak beste sakontasun batekin barneratuko dituztelako. Eta logika batekin egingo dituztelako gauzak, ez dute egingo egiteagatik.
Jendaurrean hitz egiteko gaitasuna ere asko lantzen duzue.
Hori txikitatik lantzen dute hemengo haurrek. Alde batetik, bakoitzak tokatzen zaion asteko egunean bere olerkia errezitatzen du beste ikasle guztien aurrean; eta bestetik, hiru hilabetean behin jai bat egiten dugu gurasoekin, irakasleekin, aiton-amonekin, lagunekin… eta ikasleek, beti, jendaurrean zerbait egiten dute: antzerkia, txotxongiloak, poema bat errezitatu… Eskenatokira igo eta denen aurrean jardun behar izaten dute. Jendaurrean hitz egiten ere ikasi egiten da eta iruditzen zait eskolan, sarri, arlo hori lantzea ahaztu egiten zaigula.

Ikasleak nola ebaluatzen dituzue DBHn? Azterketak badauzkazue?

Goizero gogoratzen dugu aurreko egunekoan egindakoa, eta hor ikasleek nola parte hartzen duten ikusita, ebaluaziorako lehen heldulekua daukagu. Eurek badakite galdetu behar diegula, ekarri behar dugula aurreko egunean egindakoa gelara. Bestalde, periodo bakoitzeko ontzen duten koadernoa bera ere hor daukagu. Koadernoa nola eginda dagoen… zuzentasunez, txukuntasunez, edertasunez… hori guztia ere kontuan hartzen dugu. Eta, amaitzeko, probak ere egiten ditugu. Normalki, periodo bat amaitzen dugunean egiten dugu proba. Baina gerta daiteke periodo batek probarik ez edukitzea, ez delako beharrezkoa. Agian gogoratzearekin, koadernoarekin eta egunero eurekin daukagun harremanarekin nahikoa delako ebaluazioa egin ahal izateko. Esan bezala, periodo amaiera batzuetan probak egiten ditugun arren, ez daukagu hiruhileko amaieran-edo egiten diren azterketa-aldi horietakorik.

Familiek eskolan parte hartzen dute? Gurasoekin zer harreman mota daukazue?

Horretan ere LHko antzera jokatzen dugu. Bigarren Hezkuntzan bi tutore gaudenez, bi periodo lantzen ditugunean gurasoekin bilera egiten dugu.  Alegia, Raimundok ikasle-talde bat pasatu denean bere periodoarekin eta nik neurearekin, ikasleen gurasoekin elkartzen gara ikusteko gauzak nola joan diren eta kontatzeko ondoren etorriko diren periodoak zeri buruzkoak izango diren. Hortaz, 6-8 astean behin elkartzen gara haiekin. Gure helburua da gurasoek jakitea zer landu dugun, hurrena zer datorren eta nola ikusi ditugun ikasleak. Guretzat inportantea da gurasoek gure lan egiteko modua jarraitzea. Ikasle batzuek DBHn ez dute behar laguntzarik eta oso autonomoak dira, baina beste batzuek oraindik laguntza behar dute. Hortaz, inportantea da gurasoekin egotea, zelabaitera gure lan egiteko modua eta eurek kontatzen digutena ildo beretik joan daitezen.

HHn eta LHn naturarekin kontaktuan egoteari garrantzia handia ematen diozue. Berdin jarraitzen duzue DBHn ere?

Eskola hau zein ingurunetan dagoen begiratzea besterik ez dago naturari garrantzia ematen diogula ikusteko. Edozein kasutan, HHn eta LHn naturarekin harremana estuagoa da. Gure ikasleak jada bizitzako beste momentu batean daude. Izan ere, Waldorf pedagogian, zelabaitera, adinari egokitutako pedagogia jarraitzen dugu. Haurrak 0-7 urte bitartean bizi behar duena da mundua ona dela. Hortaz, aro horretan “familia” moduko zerbait behar du bere inguruan. Haur Hezkuntzan daudenak, azken batean, familian bezala daude: ogia egiten dute, mermeladak prestatu… 7tik 14ra bitartean edertasuna lantzen dugu asko. Izan ere, aldi horretan mundua ederra dela bizi behar du ikasleak. Horrexegatik, asko jorratzen dugu artea, musika, pintura, buztina… Eta jada 14tik aurrera, —hemen16ra arteko ikasleak ditugu— landu behar dutena da mundua egiazkoa dela. Hortaz, naturarekin harremana inportantea da, edertasuna ere bai, baina nerabezaroan dagoen ikasleak beste ezeren gainetik jakin nahi duena da ea parean daukan heldua egiazkoa den edo ez. Adin horretan ikasleak denbora guztian irakasleei pultsoa botatzen bezala ari dira. Garrantzitsuena ez da zuk irakasle bezala esaten duzuna, baizik eta zu zarena. Eta zuk esaten baduzu gauza bat, eurek begiratu egingo dute ea hori koherentea den zure bizitzarekin.
Denbora guztian daude ikusten aurrean daukatena egiazkoa den edo ez. Horregatik, adibidez, etikako klasean pertsona berezien biografiak lantzen ditugu: Malala, Nelson Mandela… eta ikasleak txundituta geratzen dira: “Nola da posible pertsona honek hau egitea? Ni kapaz izango nintzateke hau egiteko? Jo, baina zelako gaitasunak dituen…”. Hortaz, DBHn nolabait ari dira ziurtatzen bizitza egiazkoa dela.

‘Teknofobo’ fama apur bat badu Waldorf eskolak. Hori hala da? Nola kudeatzen duzue teknologiaren erabilera nola kudeatzen duzue?

Erantzun aurretik gauza bat kontatu nahi dizut: Silicon Valley-ko guru denek, Microsoft, Google eta horietakoek, euren seme-alabak Waldorf eskoletara eramaten dituzte. Bitxia irudi dakiguke, baina horrek badauka izateko arrazoi bat: haur horiek ez dituzte ordenagailuak hartzen 14-15 urte izan arte. Eta horrek ez du esan nahi ordenagailurik ez dugunik erabiltzen, baina asko zaintzen dugu noiz eta nola. Gure ikasleek ere informatikako asignatura daukate, baina DBH 3an hasten dira horrekin.
Eskola batzuetan LHn hasten dira tabletak erabiltzen, baina gero zenbaitek ez dute eskuz idazten ikasten. Eta guretzat hori oso inportantea da. Izan ere, guk uste dugu eskuz idazte horrek, eskulanak egiteak bezala, eta beste hainbat gauza egiteak bezala, pertsonaren pentsatzeko gaitasunarekin lotura daukala. Askotan esaten da psikomotrizitate fin horrek lotura duela guk pentsatzeko jarraitzen dugun hariarekin. Eta ez badaukagu fintasun hori gure eskuetan, gure lanean, pentsatzeko orduan ere zailtasunak izango ditugu.
Guretzat inportantea da ikasleek ondo idazten ikastea, grafia politarekin, txukun, ortografia akatsik gabe… Beraz, uste dugu DBHko 3. mailara arte ez dutela ordenagailurik ezertarako behar. Adin horrekin, ordenagailuen historia eta hainbat programa erabiltzen ikasten hasten dira. Hemendik irteten direnean erabiliko duten erreminta bat izango da ordenagailua. Baina, zer gertatzen da? Bada orain ikasten dutenak hemendik 20 urtera izango dugun errealitatearekin ez duela zerikusirik edukiko. Eta, beraz, prestatua egon behar dute erronka berriei aurre egiteko. Baina guk argi dugu nahiz eta HHn tabletarekin hasi, gerora ez dutela besteek baino erraztasun handiagoa edukiko. Zeren erreminta teknologiko hauek gero eta intuitiboak dira eta gero eta errazago daude prestatuta edozeinek erabil ditzan. Umea ondo garatu bada eta oinarri ona badu, baliabideak izango ditu teknologia horiek ere erabiltzeko.

Artea asko jorratzen den arloa da Waldorf eskolan. Zergatik ematen diozue horrenbesterainoko garrantzia? Zer ematen die ikasleei eremu artistiko hori lantzeak?

Bai, handia. Batzuetan uste dugu gizakia burua bakarrik dela eta ume buru-handi batzuk ari gara egiten, baina gizakiok badaukagu beste zati bat ere arnasketarekin lotua dagoena: sentimenduen arloaz ari naiz. Eta hirugarrenik, badaukagu eskuekin eta hankekin loturiko beste eremu bat ere, borondatearena, hain zuzen. Hortaz, pentsatzeaz, sentitzeaz eta egiteaz ari gara hitz egiten. Zer gertatzen da? Gure klasea antolatzeko moduak hori guztia hartzen duela barne. Sentimenduak, burua eta ekintza lantzen ditugu, badakigulako burua bakarrik landuz gero, desoreka gertatzen dela. Horregatik ematen diogu garrantzia handia arteari, zelabait orekatu egiten duelako pentsatzearen eta egitearen arteko dinamika.
Iruditzen zait askotan sentimenduen arloa kanpoan uzten dugula. Burua lantzen dugu, egitea ere bai. Baina artearen bidez orekatu daitekeen sentimenduen arlo hori ez. Batzuetan beste leku batean arnasarik hartu ezin izan duten umeak etortzen zaizkigu. Lehenengo egunetan agian espresatu ezinik ibiltzen dira, sentimenduak adierazteko arazoekin. Baina denbora emanez gero, segituan konturatzen zara nola hasten diren arnasa hartzen. Eta etxekoek esaten dizute: “Arnasa hartzen hasi da”. Ez badago arnasa hartzeko lekurik, oso zaila da ikasketetan aurrera egitea. Nik arnasa guk eskolan lantzen dugun guztiarekin lotzen du: artearekin, plastikarekin, musikarekin…

Arlo espirituala ere sentimenduen eremu horretan sartzen duzue?

Gauza bat argitu nahiko nuke: askok uste dutenaren kontrara guk ez daukagu inolako konfesio erlijiosorik. Hona edozein ikasle etor daiteke. Waldorf eskolak mundu osoan daude, izan daiteke arabe bat, afrikar bat, amerikar bat… Waldorf eskolara doana. Baina egia da guk gizakia osotasun batean ikusten dugula. Hortaz, guretzat traszendentzia bat badauka gizakiak. Eta zelabait gizakia bere orokortasun horretan landu nahi dugu, ez bakarrik aspektu batean. Eskolan mitologia desberdinak lantzen ditugu eta historiaren bitartez erlijiorik nagusienak: budismoa, animismoa, islama, kristau erlijioak...