Formazioa, hezkuntza-kalitatearen berme

FORMAZIOAK, IRAKASLEEN

PRESTAKUNTZAK BERMATUKO DU HEZKUNTZA-KALITATEA. BEREZIKI
ZAILTASUNETAN DAUDEN UMEEN
ONGIZATEA ETA HEZKUNTZA KALITATEA.

 
 

Etorriko dira dekretuak, etorriko dira protokoloak, testak, eskalak, itemak, etorriko dira legeak, azterketak, errebalidak, etorriko dira politikariak, agintariak, teknikariak... eta hobetuko al dute hezkuntzaren kalitatea? Saihestuko al dute eskola-porrota? Bermatuko al dute umeen ongizatea? Eta bereziki, hobetuko al dute zailtasunetan dauden eskola-umeen ongizatea? Ez. Sinpleki, ez.

Egiteko manerak dira: Hezkuntzaren kalitatea kontrolaren, azterketen, errebaliden, presioen bidez hobetuko dela diote Madrilgo politikariek. LOMCEk ezarritako probak erabat zentralizatuta egongo direla jakin dugu azaro hasieran, Madrilek markatuko du zein ikasgairen azterketak egin behar diren Hegoaldeko gure eskoletan eta zein diren ebaluazio-irizpideak. Edukiei dagokienez, Batxilergoko errebalidaren % 80 Madrilek ezarritako ebaluazio-irizpideen araberakoa izango da, eta DBHko errebalidan, ostera, % 70. Eta berriro diogu, halako legeek, akaso, hobetuko dute hezkuntzaren kalitatea?

Egiteko manerak dira: Formazioari garrantzia ematea, lan-astearen ondoren zapatu batean zazpi orduko formazioa jasotzea da hezkun-tzaren kalitatea bermatzeko beste manera bat. Madrilen errebaliden % 80 kontrolatuko zutela egosten ari ziren bitartean, arreta goiztiarraren inguruan hik hasi-k antolatutako jardunaldietan formatzen ari ziren 600dik gora hezitzaile eta hezitzaile-gai. Horra irakasleen ardura, profesionaltasuna, erantzunkizuna.

Formazioak, irakasleen prestakuntzak bermatuko du hezkuntza-kalitatea. Bereziki zailtasunetan dauden umeen ongizatea eta hezkuntza-kalitatea. Etorri eta joango baitira legeak, dekretuak eta protokoloak. Baina geldituko dira haurrak, familiak, premiak, galderak, zailtasunak... eta geldituko dira irakasleak, eta geldituko prestakuntza, profesionaltasuna, eskarmentua. Hezkuntza-kalitatean inbertitu behar bada, utikan errebalida, protokolo, test, eskala, item eta Madrilek idatzitako legeak. Hezkuntza-kalitatea bermatzeko irakasleen formazioan inbertitu behar da, hemen eta orain.

Bi hizlariek, Euskal Herrian arreta goiztiarrean urtetan egin duten lanagatik prestigio handiko bi espezialistak aitortu zuten hik hasi-ren jardunaldietan hezitzaileen lanaren kalitatea dela arreta goiztiarraren prebentzio eragingarriena: “Arreta Goiztiarraren ikuspegitik, kalitatezko hezkuntzak sinets ezinezko onura dakarkio haurren osasun mentalari eta garapenari”, adierazi zuen Xabier Tapia psikologo klinikoak. Antzeko iritzia azaldu zuen Alvaro Beñaran psikomotrizistak: “Hezitzaile izatea erantzunkizun handi-handia da, ez da objektu batzuekin aritzeko teknika bat, ez; hau pertsonekin egiten den lan bat da. Batzuetan zailtasunak dituzten pertsonekin, sufrimendu handian dauden per-tsonekin, eta guk, hezitzaile bezala, ezin dugu edozein modutan lan egin: guk egiten dugunak ondorio positiboak edo agian ondorio latzak izango ditu, hau ez da metodologia kontua, hau ez da protokolo kontua, hau pertsonen arteko gauza bat da. Hezitzaileak tresna bat behar du metodologia, protokolo eta dekretuen gainetik: Formazioa”.

Egiteko manerak eta manerak daude. Hezkun-tza kontu serioegia da Madrilgo politikarien esku uzteko.