Hezitzaileen emozioak humanizatzeko bidean

Hezitzaileen lanak barrutik zer-nolako inplikazioa eskatzen duen eta inplikazio horrek zer ondorio izan ditzakeen aztertu du Xabier Tapia psikologo klinikoak,  0-3 adin-tarteko haurrekin aritzen diren profesionalentzat Hik Hasik antolatzen duen bi urteko prestakuntzako sarrera-hitzaldian. “Hezitzaileak eta emozioak. Profesionalen inplikazioa” izeneko saioan, hezitzaileen bizipenak ulertzeko eta humanizatzeko bidean jartzea izan du xede: “Hezitzaileon sentipenak humanizatu egin behar ditugu. Gure buruari baimena eman behar diogu bizi ditugun hainbat emozio adierazteko”. Batzuetan lotsagarriak badirudite ere, emozioei duintasuna eman behar zaiela dio, ez direlako akats, eta sekulako baliabideak ere izan daitezkeelako hezitzaileentzat. Akaso, duten bitartekorik indartsuena adierazten dute.  

 
 

Emoziorik ez badago, ezin da lanik egin. Are gutxiago, hiru urtez azpiko umeez ari bagara”, horixe esanez abiatu zuen Tapiak “0-3 prestakuntzako” ikasturte berria. Izan ere, haren esanetan, azaleratu egin behar da haur-eskoletako hezitzaileen lanean emozioek hartzen duten garrantzia, emozio horien zentzua, zergatia, sorburua… ezagutzeko; baina inondik inora ere ez emozio horien gaineko balorazioak nahiz juzguak egiteko edota sentipen horiek izatea ondo edo gaizki dagoen esateko. “Ez gara epaileak. Gauzak zergatik sortzen diren edo zer zentzu duten aztertu behar dugu. Gogoeta bat baino ez da”.

Lan egiteko modu desberdinak daude hezitzaileen artean, profesionalen artean, eskoletan… Baina, Tapiak dioenez, bada profesional guztiek aho batez onartzen duten errealitate bat, aintzat hartzen ez dena: haur txikiekin lan egiteak dakarren gainkarga mental, emozional eta etikoa. “Hainbat zaintza- eta heziketa-lanetan, norbera baino ahulago den norbaiten beharrei erantzuteak gainkarga mental, emozional eta etiko handia dakar. Neurririk gabeko eginbeharren espiral batean murgilarazten du hezitzailea, eta neurria har-tzen ikasten dute profesionalek, nola edo hala ”. Psikologoaren hitzetan, haurraren eta helduaren arteko harreman horrek eta zaindu behar horrek ez dauka amaierarik: “Haurrek gero eta gehiago eskatzen dute, zaharrek bezala; bukatzen ez den espiral baten antzekoa da zaintza-lan hori. Hezi-tzaileek eta halako lanbideek horren berea duten lan emozionala guztiz deskribagaitza da, neurgaitza, konta-tzeko zaila, ikusgaitza, eta topiko eta karikatura merkez betea”.
Testuinguru horretan, sekulako paradoxa gertatzen da hezitzaileen lanaren inguruan, Tapiaren aburuz: batetik, haur txikiekin lan egiten duten profesionalen inplikazio emozionala goraipatu egiten da —“andereño hau zeinen jatorra den, zeinen goxoa, zeinen ongi tratatzen dituen umeak…”—; baina, bestetik,  ez da aintzat hartzen horrek dakarren gainkarga, eta lilura moduko bat sortzen du —“zeinen polita hezitzaileen lana, ezta?, ondo pasatuko duzue egun guztia umeekin…”—.

Hezitzaileen lana, ikusgaitz

Zer daki gizarteak haur txikiekin egiten den lanari buruz? Argi dio Tapiak: “Ezertxo ere ez. Eta hezkun-tzako profesional askok, are gutxiago. Goi-mailakoek ez daukate ideiarik ere zer den haur txikiekin lan egitea”. Et a ezezagutza horren aurrean topiko ugari eraikitzen direla gaineratu du; “zeinen polita!, ondo pasako duzue..., zuek bai meritua…” eta antzeko laudorio eta lausenguak egiten direla dio, paternalismotik. Bestalde, haur txikiekin aritzen diren profesionalen ahotsik ez dela en-tzuten adierazi du, eta ez dagoela ia ikerketarik lan horri buruz.
Beraz, psikologoaren irudiko, hezi-tzaileen lanak identitate lausoa du, ezin uztartu diren bi eskakizun egiten baitzaizkio: alde batetik, gurasoen-tzako zerbitzua da, gurasoen etxeko eta laneko eginkizunak umea zain-tzearekin bateragarri izan daitezen; bestetik, berriz, haurren zaintzarako edo heziketarako gunea da; hots, ez da gordeleku bat, eta baditu beste balio batzuk. Kontua da, ordea, bi
helburu horiek bateragarriak ote diren. Hala dio Tapiak: “Nik ez daukat horren garbi. Askotan, haurtzaindegiaren defentsa egiten da emakumearen izenean, baina inork ez ditu aipatzen umearen eskubideak”.
Hori horrela, bada oztopo bat haur-eskoletan haur zein hezitzaileentzat : erritmoaren eta denboraren presioa. “Goizetan gurasoak datoz eta esaten dizute: ‘tira, hartu umea lanera joan behar dut eta’. Gero, umeak entregatzerakoan ere berdin: ‘txukun, garbi… ez dezatela aita-amek ezer desberdina ikusi…’. Siesta, jateko ordua, bigarren txanda… Urtebeteko eta bi urteko umeei izugarrizko presioa egiten zaiela iruditzen zait. Eta ez dut uste hori umearen izenean egiten denik. Zergatik presio hori umeari? Zer irizpide pedagogikoren arabera? ‘Ume, azkar jan behar duzu, baina ez zuretzat ona delako, baizik eta beste aukeratik ez daukazulako’. Beraz, zergatik jokatzen dugu horrela hezitzaileok? Gure izatasunak eska-
tzen digulako, edo gurasoak haserretu ez daitezen?. Eta, horren ondorioz, akatsa dena balio bihurtzen dugu: ‘zure umeak ez du ondo jaten; azkarrago jan beharko luke; obeditu egin beharko luke…’, eta tranpan erortzen gara”.
Horren aurrean, etikoki garbi jokatzeko premia azpimarratzen du Tapiak, nahiz eta umeek ulertu ez. Hau da, uste du argi bereizi behar dela zer egiten den hezitzailearen, eskolaren, familiaren edota erakundeen ezintasunagatik, nahiz eta jakin egiten den hori umearentzat kaltegarria dela —“Ume, jasan egin beharko duzu, baina ez zuretzat ona delako, gure ezintasunagatik baizik”—, eta zer egiten den umearen onagatik.

‘Zaintza’ kontzeptuaren

balio-gutxitzea
Zaintzeak oso esanahi sakona du euskaraz, Tapiaren esanetan; umeari kontu egiteaz ari da psikologoa, eta kontzeptu horren barruan sartzen ditu zaintza fisikoa nahiz psikikoa. “Zentzu horretan, esango nuke haur-tzaindegiak haurrak zaintzeko lekuak direla”. Izan ere, hezitzaileen eguneroko lanean, alde batetik, umeen zaintza fisikoa dago, gorputz-harremana eskatzen duena helduaren eta haurraren artean; horren barruan sartuko litzateke haurrari jaten ematea, garbitzea, lo eginaraztea, janztea… Lan hori, Tapiaren hitzetan, agerikoa da, baina hutsala: “Goi-mailetako irakasleei aitortzen zaie matematika irakasten dutela, hizkuntzak, fisika… irakasten dituztela, baina haur txikiekin aritzen direnek zer egiten dute? Ipurdiak garbitu, jaten eman…, eta badirudi hori ez dela beste munduko ezer”. Zaintza fisikoaren txanponaren beste aldean, berriz, zaintza psikikoa legoke; horrek inplikazio afektibo handia eskatzen du, baina, psikologoak azaldu duenez, “zaintza mota hori ikusi ere ez da egiten; badirudi hezitzaileak berezkoa duela hori. Hezitzaileen lana arrunt bihurtzea, ezereztea ekarri du horrek”.
Gauzak horrela, oso zaila da hezi-tzaileen lana nolakoa den definitzea eta profesional horiek zer egiten duten azaltzea, Tapiaren iritziz: “Esan dezakezu, ‘umeari jaten ematen diogu; gero, garbitu egiten dugu, eta jolasean ibiltzen gara…’”; eta edonork esango dizu: ‘Eta?’. Benetan da zaila hezitzaileon lana deskriba-tzea. Izan ere, eginaren eta jakinaren eraginpean baino gehiago, izanaren eraginpean dago. Hau da, haur txikiekiko lanean, garrantzia handiagoa dauka norberaren izaerak, egiten denak baino”. Horregatik, gurasoei kontuak ematerakoan askotan hezi-tzaileak emozioak azaltzen saiatzen direla dio Tapiak; ondo pasatu dutela, edota haurra oso pozik ibili dela adierazten ahalegintzen dira… Baina, dioenez, oso gaitza da eguneko jarduna deskribatzea, “beti egongo delako gehiago nabarmentzen den zerbait: umeak aurpegian atzamarkada bat duela, umea negarrez hasi dela, ez duela jan…”. Esaldi argigarri batekin laburbiltzen du psikologoak errealitatea: “Dagizuna dagizula, txarto egongo da”.
Gainera, hezitzaileen lana erabat lotu ohi da “emakumetasunarekin”, Tapiaren hitzetan. Haur txikiekin lan egiteak ez luke gaitasun profesional handirik eskatuko; nahikoa litzateke emakumeek berezkoak lituzketen balio eta dohainekin. Hau da, etxean amek egiten duten lana andereñoek egingo lukete haurtzaindegian. Eta ama izateko ez denez titulazio handiegirik behar, haurtzaindegiko andereño izateko ere ez. Horren guztiaren atzean, paradoxa hauxe legoke: gehiegizko balioespen teoriko eta topikoa, batetik; eta, bestetik, gizarteak, guraso askok eta goi-mailatako irakasle zenbaitek ez aitortzea egiten dutena.

Umeen emozioei ez ezik, gurasoenei ere aurre egin behar

Haur-eskoletako profesionalek emozioz betetako umeak dituzte langai. Hor daude umeen larritasunak ere, eta, Tapiak aipatzen duenez, umeen larritasunak ez dira edonolako larritasunak; larritasun primitiboak dira, arkaikoak, sakonekoak, bortitzak… “Umeek ez daukate beren emozioak doitzeko gaitasunik, eta beren gordintasunean azaltzen dira”. Mina, tristura, beldurra, amorrua, oldarkortasuna... Umeek era askotako sufrimendua erakusten dute haur-eskolan. Eta psikologoak dio hezitzaileek gaizki bizi dutela umeen sufrimendua askotan. “Emozio horiek ondo har ditzakegu lasai bagaude, denbora badaukagu, gu ondo harrapatzen bagaituzte… Baina, bestela, errepresioa eskatzen dute zenbait portaerak, nahiz eta hori ez izan umearentzat ona”.
Umeen emozioekin ez ezik, gurasoen emozioekin ere lan egin behar izate dute hezitzaileek, eta, Tapiaren arabera, era guztietako gurasoak daude, hezitzaileak eta haurrak bezalaxe: edozertarako prest direnak; dena desegoki iruditzen zaienak; kritikoak eta kexatiak; axolagabeak eta arduragabeak; lotsatiak eta ihesean bezala dabiltzanak...
Testuinguru horretan, zaila izan ohi da egiten den lanaren frogak azaltzea kanpora begira: “Goragoko mailetan, koadernoak daude, eskulanak daude… Badaude objektibagarriak diren elementuak; baina, haur-eskoletan, ez. Beraz, zailtasun bat badaukagu hor, gure lan onaren frogak azaltzeko orduan”.
Bestetik, Tapiak dio oso nekeza izaten dela haur-eskoletako profesionalentzat “gurasoen mehatxu-kutsuko presentzia” burutik kentzea. Nahiz eta gurasoak joan, arratsaldean itzuli arte beti presente daudela dio: “Haurrak atzamarkada bat baldin badauka, zerbait esan beharko diot, edo botaka egin badu, edo jan ez badu…”. Gurasoen presentzia hori fisikoa baino gehiago mentala dela gaineratu du, eta, batzuetan, presio-bide handia dela. Horren atzean, kontrolaren ideologia bat egon daitekeela uste du, eta testuinguru horren ondorioa dela hezitzaileen aintzatespen edo aitortza txikia: “Umeekin plazerik gabe ezarritako harreman bat ez da sortzailea, eta, lanean gozatuko bada, bi baldintza behar dira: batetik, barne-irudi ona; eta, bigarrenik, besteek gure lana aintzat hartzea. Eta, baldintza horiek izan ezean, ondoeza, mina eta kaltea sortzen dira”.

Ikaskuntzak gero eta goizago

Tapiak ohartarazi du lanbidearen defentsarako ideologia bat sortu ohi dela min eta ondoez horren aurrean, eta, horrekin lotuta, zaintzatik hezkuntzarako jauzia, berak horrenbeste kritikatzen duena. Arrisku bat ikusten du hor: “Gure bakardadetik, ikusgaiztasunetik ihes egiteko, behagarriak diren objektuak bilatzen saiatzea eta pedagogizatzen hastea, besteek bezala egin nahi horretan: marraz-kiak, abestiak, jokoak…”. Gero eta azkarrago hasita, ikasketaren aldeko lerratze defentsibo bat egiten dela ikusten du, “gurasoen aurrean askozaz ere objektibagarriagoa baita marrazki bat erakustea, ‘gaur zeinen ondo pasa dugun’ esatea baino”. Hortaz, ikaskuntzak gero eta goizago sartzeko joera ari da gailentzen, “aitorpen bila edo…”. Psikologoak dioenez, ordea, zaila da objektiba-tzea hezitzaileen lanean, umearekiko harremana delako euren lana, eta ez harreman horretatik sortzen diren produktuak.
Idealaren eta errealitatearen arteko talka luke aurrez esandako guztiak ondorio. Tapiak dio profesionaltasunaren ideala emozioak eta barne-zirrarak isilik gordetzeko gaitasuna litzatekeela, emozioen kontrol-gaitasuna, oreka emozionala… Eta, azken batean, hezitzailea orojakina eta ahalguztiduna izatea. “Kontuz, baina, idealekin. Denetik dago errealitatean; gaziak eta gozoak; pozak eta ondoezak. Ekidin ezinak guztiak”. Minberatasuna, sufrimendua, ezintasuna, lotsa, beldurra, etsipena, amorrua, haserrea, gorrotoa, depresioa, negarra… eta, batez ere, emozioek gainezka egiteko beldurra. “Sekulako kontrastea dago egin nahiko litzatekeenaren, egiten denaren eta egiten dela esaten denaren artean. Eta ondoeza dakar desfase horrek, ondoez intimo eta sekretua”.
Emozio eta sentipen horiek guztiak humanizatu beharra dagoela aldarrikatzen du Tapiak, duintasun osoa eman behar zaiela. Emozioek gainezka egitea ere gizatiarra delako, eta aukera bakarra, zenbait baldintzatan. “Kontua da, ordea, bileretan ez dela hitz egiten emozioekin lotutako gai horiez; baina, nire ustez, faktore eraginkorrenetakoa da hezitzaileen lanbidean. Helburua da sentiberatasun hori guztia txarrerako beharrean onerako erabiltzea”.   

Lanbidearen ideologia, defentsan oinarritua

Aipatutako minaren aurrean, defen-tsa-mekanismoak bilatu ohi dituzte 0-3 urteko umeekin lanean aritzen diren profesionalek. Horien artean, ondoko hauek zerrendatu ditu Tapiak:
Kexa kolektibo etengabeak, lanari eutsi ezinaren adierazgarri: gurasoez, agintariez, lankideez…
Umeen hainbat emozioren ukazio “argudiatua”: negar egiten duen haurrari kasurik ez egitea, haurrei ez begiratzea, banatzeak sortutako larritasunaren garrantzia gutxiestea, etab.
Hiperaktibismoa: joko eta jarduera ugari egitea, haurraren jolasaren kaltetan.
Lan “teknikoa” edota “trebatzailea” modu agerikoagoan egitea: marrazkiak, ohituren lanketa, abestiak, autonomiaren trebakuntza, eskulanak, ordutegiak ikastea… Alegia, lan presenteagoa, objektibagarriagoa, “onargarriagoa”.
Berdintasuna: haur guztiak berdin tratatzeko aldarria.
Pagaburuak asmatzea: haurren bat (“bihurria”, “egoskorra”, “gaiztoa”, “betikoa”, “hau ez da aldatuko!”, “beti berdin!”...), gurasoren bat, lankideren bat (berriena, bigunena, ahulena, ezberdina…), agintariren bat… “Taldea edo norbera zenbat eta ahulago, orduan eta handiagoa pagaburuaren beharra”.
Erakunde-mailako defentsak: haur-taldeen antolakuntza, zurruntasuna, ordutegiak, helburu eta agindu pedagogikoegiak…
Psikologoaren hitzetan, ez dute batere laguntzen “sasidefentsa” horiek hezitzaileen eguneroko lanean, ez euren osasunean, ezta euren bizitzan ere, eta “ez dira kritikagarri; aitzitik, ulertu egin behar da zer dagoen horren guztiaren atzean ”. Zalantza egiten du lanak eragindako sintomak ote diren, ala gehiago den mututasunaren eragina: “Akaso, lanak areagotu egingo ditu sintoma horiek, baina, bizipen horiek adierazteko lekuren bat balego, gutxitu egingo lirateke beharbada. Izan ere, sintoma horiek duindu egingo lirateke; ulertu egingo lirateke; erruduntasunak gutxituko lirateke…”. Hala, 0-3 urte bitarteko haurrekin aritzen direnek euren emozioez hitz egiteko leku bat izatea litzateke ideala psikologoaren ustez, kanpoko ikuskapen batekin, betiere. “Esaten ari naizen hau luxutzat har liteke, baina, nire ustez, beharrezkoa da guztiz”. Gogoetarako espazio bat prestatu beharko litzatekeela dio, pentsagaitza pentsatzen saia-tzeko, esangaitza esateko, onargaitza onartzeko eta ulergaitza ulertzen saiatzeko.

Egoera horren aurrean, zer egin?

Hainbat estrategia planteatzen ditu Tapiak:
Nork bere burua babestu: bizitza profesionala eta pribatua ondo bereizi; bizitza pribatua babestu; juzgu moralik ez egin; “egin behar tasunik” ez, “ahal tasuna” bai; erruduntasun-sentipenak ez hauspotu; norberaren gutxiespenak eta lotsa-sentipenak ez hauspotu. Azken batean, kontua ez litzateke emozionalki inplikatu behar den ala ez hausnartzea, ezinbesteko inplikazio emozionalarekin zer egin gogoeta egitea baizik.
Errealitatetik abiatu: emozioak badirela onartu, behatu, aipatu, plazaratu, izendatu, idatzi… Hori guztia, nork bere golkorako nahiz besteekin batera; idealismoak baztertu; eta lotsarik ez hauspotu.
Inplikazio emozionala lanerako tresna preziatu bihur dadin saiatu, hurbiltasuna eta urruntasuna kudeatuz haurrarekin, gurasoekin, beste profesionalekin eta erakundeekin. “Zentzu horretan, komenigarria da haurra eta haurraren onura bereizten jakitea. Hau da, profesionalaren egitekoa da haurraren desiren eta haurraren onerako den horren artean bereizketa egitea”.
Gogoeta egin: taldean, ikuskapen bidez… eta hezitzailea, haurra eta teoria (helburuak, prestakun-tza, eztabaidak…) bereiziz beti.
Helburuak eta praktikak egoki-tzen saiatu: idealen mentalitatea baztertu.
Lobby bat antolatu: profesionalena, langileena, erakundearena…