INSAUSTI, Bittori: Psikopedagogiako adituaren jarrera etiko-ideologikoa, inoiz baino <br /> beharrezkoagoa hezkuntzaren <br /> Kalitate Legearen aurrean

2003-04-01
 
 
Hezkuntzaren Kalitate Legea dela eta, nire gogoetak hezkuntza orientabidearen inguruari azaldu nahi ditut, izan ere, gogoeta horiek, lege araudiari dagozkion faktoreen ondorioz, beste behin ere psikopedagogiako adituentzat ondorioztatzen den funtzioa zalantzan jartzera eramaten bainaute.
XX. mendearen hasieran, orientabidearen hastapena "lanbide orientabidearekin" lotuta egon zen. Hezkuntza sistemaren paraleloak ziren zerbitzu jakin batzuk ezarri ziren, euskarri lanak beteko zituztenak, bokazioarekin edo lanbidearekin lotutako erabakiak hartzeko unean pertsonei laguntzeko beharrean oinarrituta.
Hezkuntzaren Lege Orokorrarekin (1970), orientabidea prozesu jarraitu eta integral moduan ulertu da, tutoretza kontzeptuari lotuta, eta ikasle guztiek izango dute horretarako eskubidea. Orientabidearen esku-hartzea irakatsi eta ikasteko prozesuan laurogeiko hamarkadan proposatu zen. Lanbide orientabideak bilakaera jasango du gero, eskola orientabiderantz.
Hezkuntza Erreformak irakasle guztiek tutore eta orientatzaile funtzioa bete behar zutela zehaztu zuen eta, orientabide zerbitzuek euren esku-hartzearen esparrua eta eredua berriro definitu behar izan zituzten. Orientabidea, LOGSEren esparruan, hezkuntzako esku-hartze ororen kalitatea hobetzeko hezkuntza baliabide eta faktore gisa definitu zen. Orientabide zerbitzuak berregituratu egin ziren, sistema berriaren euskarri pedagogiko gisa. Gerentziarekin lotutako funtzioak esleitu zitzaizkion, Hezkuntza Erreforma berriak proposatutako zentroko hezkuntza eta orientabide programak ezartzeko eta garatzeko. Intelektualtasun teknikoak zentroko behar berrietan laguntzeko eta aholkua eskaintzeko lanbide profil berri bat eratzeko beharra planteatu zuen. Elkarrekin lan egin behar zen, ez esku hartu soilik.
Derrigorrezko eskolatze adina 16 urte arte luzatzeak eta muinbakartasunaren eta aniztasunarekiko arretaren planteamendu berriek hezkuntza ekintzan kanpoko eta barneko zerbitzuen esku-hartzea justifikatu eta instituzionalizatu zuten (psikopedagogiako espezialitate berria ezarri zen 1991-11-29ko 1701/1991 Errege Dekretuaren bidez). Zentroa izango zen jarduketaren oinarrizko unitatea eta curriculum arrunta, berriz, hezkuntzako esku-hartze oro batzeko abiapuntua; orientabide zerbitzuek laguntza eta aholkularitza teknikoa eskaintzeko ardura izango zuten. Baina ardura horrek ez du toki instituzional argirik aurkitu zentroko programa muinbakarren garapenean.
Orientabiderako esku-hartze eredua oraindik ezarpen prozesuan dagoen bitartean, Erreformaren ezarpenaren garapena arautu egin da. Hala ere, ez lege araudiaren eta ez bibliografia teknikoaren ikuspegitik ez dugu hezkuntza orientabiderako programa behar bezala artikulatuko duen esparru orokorrik aurkitu. Muinbakartasunean eta irakaskuntza pertsonalizatzeko prozesuetan aurkitu dute justifikazioa irakatsi eta ikasteko prozesuetan aholkularitza eskaintzeko zereginek eta lanerako plan bereziek: Tutoretza Planak eta Ikasketa, Bokazio eta Lanbide Orientabidearen Planak nahiz Aniztasunarekiko Arretak.
Psikopedagogiako adituen esku-hartzeak zentroetarako ezarritako programa muinbakarren garapenean hartu behar duen tokia ez da behar bezala arautu eta, horregatik, baliabide horrek -zentroko zeregin orientatzaileetan aholkularitza eta laguntza eskaintzeko sortua- ez du bere eremu profesionala behar bezala mugatu. Ez da erraza izan psikopedagogiako espezialistaren esku-hartzea txertatzea zentroetako orientabide sailaren barnean, instituzionalizatuta eta zentroari atxikita dagoen arren.
Hezkuntza Erreformak planteatutako hezkuntza filosofia garatzen duen araudiak, ordea, ebaluazioa hezkuntza ekintzaren kalitatea hobetzeko faktoreetako bat dela jaso du (LOGSE, IV. titulua; LOPEGCE, III. titulua; 928/1993 ED, INCE arautzen duena), baina, hala ere, ez dira garatu behar besteko oinarria duten testuinguruzko ebaluazioak, ebaluazio etnografikoak eta ekintza eta ikerkuntzako ebaluazioak. Psikopedagogiaren inguru profesionala bera hasi da ulertzen ezinezkoa dela hezkuntza orientabidea eta adituen esku-hartzea ebaluatzea, esku-hartze hori ez bada zentroko hezkuntza programan txertatzen. Hala, bada, nahiko harrigarria da Hezkuntza Erreformaren ezarpenaren garapenaren "ebaluazioa" txarra izan dela adieraztea publikoki eta hezkuntza sistema aldatzeko (ez hobetzeko) beharra sustatzea.
PPren Gobernuak LOGSEk proposatutako irakaskuntzaren muinbakartasunak sortutako Hezkuntza Sistemaren akatsak bide egokitik zuzentzea erabaki zuenean eta Hezkuntzaren Kalitate Legea agertu zenean, oraindik egituratu gabe zegoen Hezkuntza Orientabiderako Eredua, eta hezkuntza ekintzan behar bezala txertatu gabe zegoen; horregatik, aldaketa berrien egokitasuna justifikatzeko erabili nahi den arlo hori -zentrotik kanpokoa eta, bereziki, barnekoa- behar bezala ebaluatu gabe zegoen oraindik. Psikopedagogiako espezialitateari gaitasun teknikoa eta teknologikoa emateko modurik egokiena praktikaren berrikuspena egitea izango da. Kontuan izan behar dugu LOGSEren printzipio psikopedagogikoen hedapenak irudi profesional honi eskatu zion konpromiso etiko eta ideologikoa -ez dugu ahaztu behar, Administrazioak proposatuta, Hezkuntza Erreformaren zerbitzura jarritako baliabide gerentzialista izan zela-.

Zenbait galdera Kalitate Legearen aurrean
Ministerioak emandako Kalitate Legearen aurrean hainbat galdera egiten dizkiot neure buruari:
- "Promozio automatikoa" deitu izan dena -gaizki deitua, gainera- saihesteko planteatzen den irtenbideak, hots, hiru ikasgai edo gehiago gainditu gabe izatean kurtsoa errepikatzea planteatzen duenak, eskola porrota murriztuko du eta ahaleginean oinarritutako kultura eta ikasle "intsumisoen" prestakuntza maila handituko du edo, aitzitik, ikasleak katalogatzea ekarriko du, batzuen gabeziak are gehiago azpimarratuz -hala, errekuperazio eta konpentsazio prozesuak blokeatuz- eta ikasle horiek hezkuntza sistematik lehenago bereiztea ekarriz?
- Hezkuntza ibilbideen ezarpena, ikasleen interesak, motibazioak eta gaitasunak kontuan izanik egingo dena, lagungarria izango al da orientabide akademikoarekin lotutako erabaki prozesuetan edo, aitzitik, hezkuntza orientabidea eta aholkularitza psikopedagogikoa ikasle horien aukeraketaren eta sailkapenaren zerbitzura jarriko ditu?
- Hartutako neurriek (Batxilergoko Proba Nagusia, zuzendaritza funtzioaren sendotzea, bereziki) irakasleen lanbide gaitasuna eta zentroaren autonomia sustatu nahi dituzte edo, aitzitik, erabakiak hartzeko gaitasuna zentralizatu eta arautu nahi dute, irakasleen gaitasun demokratikoa, teknikoa eta partaidetzazkoa zalantzan jarriz, orain arte adostasun eta justifikazio psikopedagogikoaren arabera zeuden erabakietan?
- Irakaskuntza publikoa hobetzeko eta babesteko proposamenak, ikasleen "aniztasuna" eta "kulturartekotasuna" kontuan izanik, eraginkorrak al dira ikasleak onartzeko sistemaren arabera -sistema horrek familiaren urteko errenta, zentroan anaia-arrebak dauden, ikaslearen bizitokiaren hurbiltasuna eta, "erregelamenduak zehazten duen kasuetan", ikasketa espedientea hartzen ditu kontuan-, edo, aitzitik, ikasleak zentro jakin batzuetan bilduko ditu (onak eta txarrak) -aurreiritzi sozialen arabera-, euren baldintza sozialak eta akademikoak "hezkuntza behar eta/edo lehentasunen arabera erantzuteko baliabide egokiak dituen" ikastetxe batean tokia bermatzen dielako?
- Maila akademikoa bereziki azpimarratzen da eta Lehen Hezkuntzan ikaskuntza instrumentaletan gaitasun handiagoa eskatzen da eta Bigarren Hezkuntzan, berriz, ikasgaiak gainditzean eta azterketetan oinarritzen da; baina horrek ikasle gehienak derrigorrezko irakaskuntzan sartzerakoan dagoen maila handitzeko hezkuntza sistemak dituen zailtasunak hobetuko ditu, justiziaren eta gizarteko mugikortasunaren alde edo, aitzitik, irakatsi eta ikasteko prozesuaren ikuspegi elitistagoa, ikasle onak baino sustatuko ez dituena, bultzatuko du?
- Lagungarri izango al da derrigorrezko irakaskuntzaren globalizaziorako ingelesa 3 urtetik txertatzea, bereziki kontuan izaten badugu derrigorrezko curriculuma gero eta espezialitate eta hautazko ikasgai gehiagotan zatitzen ari dela eta irakaskuntzaren pertsonalizazioa zailtzen duela horrek? Hizkuntz murgilketen ereduei buruzko ikerketek (beraz, zentroetan hizkuntz programa argiak eta ikaskuntzetarako erabiltzen den hizkuntzarekin identifikatzeko baliabide pertsonalak eta materialak eskatuz) ez al dute esaten horiek direla gaitasun egokia bermatzen duten bakarrak -hizkuntzari eta irakas hizkuntzari dagokiena- komunikazioaren eta ikaskuntzen mailan? Legeak hezkuntza prestakuntza bereziki azpimarratzen duenean, irakasleek zentroetako programekiko eta hizkuntz errealitateekiko ikusten dituzten beharretan, aukeretan eta abantailetan oinarritzen al da?
- Lanbide Heziketan, erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloen arteko "giltza" moduan "egokitze maila" ezartzeak ez al lituzke bi hezkuntza sistema paralelo sortuko, bata Lanbide Heziketarako eta bestea Batxilergorako? Maila edo kurtso hori, nolabait, Batxilergoko curriculumaren laburpena bada, nolatan da egokia kasu honetan, gutxieneko ikaskuntzen curriculum orokorra arloka zatitutako programen aurrean, arlo horiek baldin badira irakaskuntzaren "kalitatea" bermatzen dutenak? Edo Lanbide Heziketak gizartean duen onespena hobetzeko Batxilergorako egokiak diruditen azterketekin edo errebalidarekin inolako zerikusirik ez duten neurriak baliozkoak al dira, bada?

Legearen irakurketa egin ondoren, hezkuntza sistema muinbakarra eta aniztasunarekiko arreta lortzeko egindako ahalegin handiak merezi ote duen galdetzen diot neure buruari; zeregin handia izan da lan demokratikoari, sistemikoari eta hezkuntza programen arteko lankidetzari dagokienez eta gutako askok gogor lan egin dugu. Ustez abiapuntutzat bidean aurkitutako zailtasunen hobekuntzan eta berrikuntzan oinarritutako helburuak izan beharko lituzketen planteamendu batzuetan konfiantza izatera eramango al nau horrek?
Hezkuntza orientabidearen eta aholkularitza psikopedagogikoaren azterketak horien euskarri diren planteamenduak muinbakartasunaren eta aniztasunaren trataeraren printzipioetan oinarritzen direla berresten lagundu dit. Hezkuntza gizarteko zerbitzu bat dela eta gizarteko justizia ekintzak sustatzen dituela ulertzeak psikopedagogiaren esparru profesionaleko eragileen jarrera etiko eta ideologikoa zehazten du. Hezkuntza orientabidea hezkuntzarekin lotutako zientzia da eta Fernández, A. eta Sarramona, J. (1998:89-523) egileen irizpideen arabera, zientzia esplikatiboa da: azalpenarekin eta ulermenarekin eta praktikan oinarritutako erabakiak hartzearekin lotutako ezagutzak1, hezkuntza ekintza hobetzeko asmoz. Psikopedagogiaren espezialitatearen eskumen profesionala Kalitate Legeak justifikatzen duen Hezkuntza Erreformaren garapen praktikoari buruzko balorazio negatiboan konprometituta dago.
Nor garen eta zertarako planteatzeari utzi behar diogu, eta orain arte psikopedagogiaren espezialitatearen esparru profesionalean emandako planteamenduetatik -LOGSE irten zenetik- urruntzen diren beste planteamendu batzuetan parte hartu behar dugu, isilik bada ere. Lege horrek ez du psikopedagogiak hezkuntza ekintzan duen toki instituzionala ezartzen lagunduko; gabeziak, ibilbideak eta abar egiaztatuko dituzten txostenak emateko sukurtsal hutsa izan dadin lagunduko al da, ikasleak gehiago bereiziz eta sailkatuz?
Beharbada, programa muinbakarretan, eskolako kultura elkarrekin egindako lan demokratikoen bidez hobetu beharrean edo konpentsazioko hezkuntza sistemetan inoiz sinetsi ez duten nostalgiko batzuek lege honetan beren kexen irtenbidea bilatuko dute.
Gainerakook, "politikoki zuzena ez denaren" lubakietatik lan egitera eta, gure espezialitatearen ikuspegitik, gure ustez profesionalki zuzena dena lortzeko parte hartzera ez behartzeko zerbait egin behar dugu? 2


Oharrak
1 Cfr. MOLLÁ, R.M. (2000:12).
2 Mª Victoria Insausti Nuín psikopedagogian espezialista da Nafarroan

Informazio gehiago:
- DEL RINCÓN IGEA, B.: La intervención psicopedagógica en Secundaria, Ariel, Madril, 2000.
- ESCUDERO, J. M. (ed.); AREA, M.; BOLIVAR, A.; GONZALEZ, M. T.; GUARRO, A.; MORENO, J. M.; SANTANA, P.: Diseño, desarrollo e innovación del currículum, Síntesis, Madril, 1999.
- FERNÁNDEZ SIERRA, J. (koord.): Acción psicopedagógica en Educación Secundaria: reorientando la orientación, Aljibe, . Malaga, 1999.
- GIMENO SACRISTÁN, J.: Educación obligatoria: su sentido educativo y social, Morata, Madril, 2001.
- INSAUSTI, M. V.: La orientación educativa y la intervención psicopedagógica en los centros de ESO: propuesta de modelo teórico-práctico, Argitaratu gabeko doktore tesia. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2001.
- ZUFIAURRE, B.: Comprensividad, desarrollo productivo y justicia social (eguneratua), Icaria, Bartzelona, 2002.