Kultura eta hizkuntza aniztasuna eskolan

2003-04-01
Ezer baino lehen, nire eskerrik beroenak atal berri hau sortzea ahalbidetu didaten guztiei, eta proiektu honek fruitu onak eman ditzan, era batera edo bestera, laguntzen ari zaizkidan kolektibo, fundazio, unibertsitate, banakako... guztiei. Mila milioi esker denoi, zuon parte-hartze barik ezinezkoa bailitzateke atal honek dituen helburuak lortzea.
 
 
Munduan zehar

Ale honetan Europa mailan gero eta indar handiagoa hartzen ari den EOL("Éveil au langage, Ouverture aux Langues à l'École") proiektuaren berri emango dugu. Orokorrean esanda, proiektu honek Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzako azken mailara arteko haurrei, hizkuntz kultura zabala eskaini nahi die.

EOLEren hastapenak 80ko hamarkadaren bukaeran aurki genitzake. Garai hartan, Erresuma Batuan Eric Hawkins-en eskutik "LANGUAGE AWARENESS"1 mugimendua sortu zen. Mugimendu honek berarekin zekartzan ideiek2, urte gutxiren buruan, Europako hainbat lurraldetan3 indar handia hartu zuten, eta bereziki Grenoble-n, Louise Dabène-ren4 ikerketa taldean. Talde honetan, Hawkins-en iniziatiba pedagogikoak jaso eta testuinguru frantsesera moldatu zituzten, Eveil au Langage izenaz izenpetuz. Mundu frankofonoan laster zabaldu zen iniziatiba. 90eko hamarkadaren hasieratik bide honetan hainbat ikerketa talde ari dira lanean, eta besteak beste, Suitzan, bai Alemaniako, bai Frantziako aldean5. Suitzako alde frankofonoan ikerketa talde sendo bat Genevan dugu. 1993. urtetik SENOFen6 eta Christiane Perregaux-ren taldea (Genevako Unibertsitatea) buru belarri ari dira lanean, hainbat proiektu martxan jarriz7. Neuchâtel-en ere, Eddy Roulet-en8 lanen ostean, L1/L2 taldea sortu zen 1990. urtean. Beren helburua, hasiera batean behintzat, ama hizkuntza frantsesa edo alemana zutenentzat Eric Hawkins-ek proposatzen zituen pedagogien9 egokitzapen ona lortzea zen. Hala ere, denbora aurrera joan ahala, ikerketa mugak zabaldu egin zituzten eta, 1993. Urteaz geroztik Éveil au langagen unitate didaktikoak sortzen dituzte, ostean "kantoietako"10 eskoletan frogan jarri izan dituztelarik11.

EOLEren jatorri pedagogikoak, beraz, "Language Awareness" kontzeptuan aurki genitzakeela argi geratu da. Baina, zein helburu dituzte? Hau da, zein dira EOLEren helburu nagusiak?Batez ere bi helburu dira azpimarragarriak. Batetik, ikasleei hizkuntza baten edo hainbat hizkuntzen erabileraren, eraketaren eta funtzionamenduaren inguruan pentsaraztea, horrela, ikasleak gogoeta eta ikasketa objektu bihur dezan hizkuntza. Eta bestetik, ikasleengan interesa eta kuriositatea sortzea beste hizkuntzekiko, bereziki beraien inguruan daudenekiko; hala, errespetuz eta linguistikoki ikuspuntu zabalez ikus ditzaten hizkuntza horiek.

Orokorrean, beraz, "hizkuntz kultura" aberatsa eta irekia sortzen laguntzen dute EOLEko proposamenek, eta beste hizkuntza bat ikasterako orduan, erraztasun gehiago izateko prestatzen ditu ikasleak.

EOLEren aktibitateek, bereziki, hiru dimentsiotan dute eragin positiboa ikasleengan:

1. Jarrera positiboa lortu:

- kultura eta hizkuntza aniztasunaren aurrean

- hizkuntzak ikasterako orduan

2. Gaitasun positiboa lortu hizkuntzaren ikaskuntzan laguntzen duten:

- gaitasun metalinguistikoetan

- gaitasun kognitiboen lanketan

3. Jakintza positiboa lortu:

- munduan hizkuntzen inguruan bizi den errealitatearen aurrean (migrazioen eragina hizkuntzan, lurraldeetako errealitate linguistikoa, hizkuntza gutxituak munduan zehar, hizkuntza vs. kultura...)

EOLEk lantzen dituen jarrera, gaitasun eta jakintza horiek oso lagungarri dira ikasgelara haur etorkin berri bat heltzen denean, beste ikaslagunek harrera ona egin diezaioten eta, ahalik eta azkarren, taldean integra dadin. Ikasleek, jada, haur etorkin horren hizkuntzaren hainbat ezaugarri jakingo dituzte eta hizkuntz eta kultur ikuspegi anitza dute.

EOLEren helburuak lortzeko, ikasturte osoan zehar landu behar dira berak proposatzen dituen aktibitateak. "EOLE curriculuma"12 oso lotuta dago hizkuntzaren irakaskuntza tradizionalaren ikuspuntuekin; baina EOLEko aktibitateek aukera ematen dute gaur egungo eskoletako curriculumeko helburu linguistikoak aberasteko ikerketa eta ezagutza landuz13. Bestalde, aktibitate haue ez dira hizkuntza ikasgaietan soilik lantzeko , baita curriculumeko beste ikasgaietan ere; hala nola, matematika, geografia, historia, natura... ikasgaietan.

Edonola ere, iniziatiba hauek guztiak 2003ko otsaila arte hezkuntza sistematik at gelditzen ziren, hein handi batean behintzat, lurralde frankofonoetan; izan ere, ez zegoen material pedagogiko egituraturik aktibitate horiek gelan lantzeko. Horregatik, 1997. urtean COROMEk14 Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako unitate didaktiko batzuk sortzea erabaki zuen, EOLEk proposatzen eta bideratzen zituen ideien ildotik. Unitate edo proiektu didaktiko horiek ondorengo hamar ezaugarriak dituzte15:

1. EOLEren pausoak jarraitzeko ez da curriculumean beste ikasgai bat sortu behar. EOLEren proposamenak curriculumeko ikasgaien barruan landu behar dira (bereziki hizkuntzen arloan, baina baita geografia, historia, matematika, natura... ikasgaietan). Ohiko mailako ikasgaietan EOLEren pausoak sartzeak, ikasleei ikuspuntu zabala ematen die hizkuntzaren fenomenoak ulertzeko garaian, eta era berean, hizkuntzak beste ikuspuntu batez ikustera bideratzen ditu. Are gehiago, ingurune egoki batean ibilita, ohiko curriculumeko ikasgaiak hobeto ulertzen ere lagun dezakete.

2. EOLEren proposamenak ikasturte osoan zehar landu behar dira, hizkuntzen ikasgaiak lantzen ari garenean edo beste ikasgai batzuetan curriculum jarraikor bat sortuz, zikloka eratua eta, eskolako hizkuntz printzipio objektiboen gainean oinarritua.

3. EOLEko proposamenak eskoletan proban jarri zirenean, argi ikusi zen aktibitate hauek ikasleei beste hizkuntza batzuk ezagutzeko aukera ematen zietela eta, onuragarria zirel ikasle guztientzat , bai elebakarrentzat, bai eleanitzentzat, denei zabaldu eta aberastu egiten baitzaie hizkuntzen kulturaren gainean duten ikuspegia.

4. Aktibitate hauek Hawkins-en (HAWKINS, E., 1987) proposamenen gainean eta frantses hizkuntza, gelako ikasleen ama hizkuntzak eta eskolan irakasten diren beste bigarren hizkuntzak kontuan izanik eratuta daude . Horren helburua ikasleei hizkuntz aniztasunaren ideia barneratzea da; hizkuntza horien funtzionamendua, erabilera, berezitasunak eta ezberdintasunak... ikertzeko arra beraien barnean sortzeko, eta hizkuntzak beraien artean konparatzeko gaitasuna garatzeko.

5. Hizkuntzen ikasgairako jarrera positiboen lanketa sakona egiten da, aldi berean, hizkuntza eta hiztun guztiekiko jarrera positiboak landuz. Gaitasunei dagokienez ere, hizkuntzak ikasteko eta ulertzeko gaitasunak lantzen dira. Eta laguntzen die ama hizkuntzatzat hizkuntza gutxitu bat duten haurrei beraien autoestimua hobetzen eta beste ikaslagun guztiengan hizkuntza horrekiko interesa sortzen.

6. Aktibitate bakoitzarekin helburu jakin batzuk lantzen dira . Oinarri didaktiko bakoitzaren hasieran azaltzen zaizkio irakasleari zein diren helburu horiek eta prestakuntza ebaluazio bat egiteko dira.

7. Pedagogia aktiboa dute, eta sarri askotan, ikasleen arteko elkarreragina eskatzen dute.

8. Ikasleei ikerketak, galdeketak, aurkikuntzak eta arazoei erantzunak ematera bultzatzen dien aktibitateak lantzen dira. Funtsean, esan genezake, EOLEko aktibitateek hiru fase dituztela: egoera baten aurrean jarri, ikerketa bat egin eta sintesia. Azken honek askotan instituzionalizazioaren papera betetzen du.

9. Irakasleei banatzen zaien material didaktikoetan erantzunak eta aktibitate horiekin zer lortu nahi den ere azaldu egiten da, beraien autoprestakuntzarako baliagarri izateko.

10. EOLE proiektua inolako arazo barik sar daiteke eskola bakoitzak urteko jarrita dituen curriculumeko helburuen barruan.



Suitzako kantoiak proiektu honekin interesatu ziren eta beraien Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasketa plangintzaren barruan sartu dute. 2003ko otsaila arte, arestian esan bezala, ez da mundu frankofonoan EOLEko aktibitateak lantzeko material didaktiko ordenatu bat egon, baina orain, edozein irakaslek eskura dezak material hori16. Bi liburuk (bata 4-8 urte bitarteko haurrentzat eta bestea 8-12 urte bitartekoentzat), bertako ariketa batzuk burutzeko fotokopiatu ahal diren lan orri multzo bik, lau CDk, EOLEko aktibitateetan agertzen diren 69 hizkuntzen glosario txiki batek eta horien artetik 20ren lexikoa agertzen den beste gehigarri batek osatzen dute material hau.

EOLEren proposamenak eta unitate didaktikoak, arestian esan bezala, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzako azken mailara arte begira eginak daude17. Aktibitate hauek bost talde edo ziklotan bereizten dira, ziklo bakoitzeko helburu jakin batzuk daudelarik.

1) Haur Hezkuntza : ziklo honetako helburu nagusiak bi dira; batetik haurrari etxeko kulturatik kultur aniztasuna dagoen gela batera ohitzen laguntzea da; eta bestetik eskolako hizkuntza ez bada haur horren ama hizkuntza, eskolako hizkuntza ikasten laguntzea.

Ziklo honetan, hizkuntza bakoitzak bere baitan dituen ezaugarri orokorrenen berri ematen da, beti ere gelako haurren ama hizkuntzei garrantzia ematen saiatzen delarik.

2) Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. urteetan EOLEren aktibitateen helburu nagusietako bat haurrak idazketaren munduan sartzea da. Bestalde, hizkuntza desberdinak entzutean berauek ezagutzeko eta bereizteko gaitasuna, gaitasun metalinguistikoak, hizkuntzen arteko berdintasun eta desberdintasun fonetiko nahiz lexikalak ezagutzeko gaitasunak, beste sistema grafiko batzuk ezagutzeko gai izatea... ere lantzen dira. Alde linguistiko hauek lantzeak haurrengan eskolako hizkuntzaren/hizkuntzen funtzionamendu eta ezaugarrien inguruan gogoeta egitea sortarazten du.

3) 3. eta 4. urtean bigarren hizkuntza (eta haur batzuentzat 3. edo 4.) ikasten hasiko dira eskolan. Horrek haurrak lurraldeko hizkuntza aniztasunaz jabetzera eta eskolan bigarren (edo hirugarren) hizkuntza bat ikasteak duen zentzuaz galdetzera eramango ditu. Hizkuntzen arteko berdintasunez eta desberdintasunez jabetzen hasiko dira, eta denbora aurrera joan ahala, kontzientzia hartuko dute. Euskararen kasuan, esaterako, ergatiboaren erabilera oso normala izan arren guretzat, beste hizkuntzetan ez da ohikoa.

4) 5. eta 6. urtean lehentasuna ortografiak eta sintaxiak izango dute. Beste hizkuntza batzuk aztertuko dira, ostean, eskolako hizkuntza edota beraiek ezagutzen dituztenak aztertzeko konparaketa bide. Hizkuntzen arteko konparaketa horiek ikasleak hizkuntza gogoeta objektu lez ikustera bideratzen ditu. Ziklo honetan ere aztertuko da hizkuntza berean hitz egiten duten lurraldeak zein diren, lurralde batzuetan hitz egiten diren hizkuntzak, migrazioen eragina lurraldeko hizkuntzetan... Hau da, historia, geografia eta hizkuntzen arteko lotura landuko da.

5) Lehen Hezkuntzako azken urteetan helburu nagusia hizkuntzen historia eta eboluzioa ikastea izango da, hau da, geografia linguistikoa landuko da. Ikasleek, garai honetan, beren hizkuntz kultura aberasteaz gain, familia bereko hizkuntzen elkar ulerkuntzarako estrategiak garatuko dituzte.

Beraz, ondorio lez, esan genezake EOLEk haurrei hizkuntz kultura zabala eskaintzen diela, hizkuntza aniztasunaren aurrean jarrera, gaitasun eta jakintza positiboak sortuz.•









1 HAWKINS, Eric (1987)

2 LANGUAGE AWARENESSek dakartzan ideietatik indarrik handiena hartu zuena, hizkuntzaren arloan landu beharrekotzat jotzen diren sei arloen proposamena da. Eric Hawkins-entzat, aztertu behar diren sei arloak ondorengo hauek dira: komunikazioa, hizkuntzaren funtzionamendua, hizkuntzaren erabilera soziala, hizkuntza idatzia eta ahozkoa aurrez aurre aztertzea/konparatzea, hizkuntzen aniztasuna eta eboluzioa eta hizkuntzen ikasketa (HAWKINS, 1987).

3 Babylonia 2 (1999); MACAIRE, D. (1998).

4 Zehatzago esateko, "Centre de Didactique des Langues de l'Université Stendhal".

5 Ikusirik ikasgeletan gero eta hizkuntza nahiz kultura aniztasun handiagoa dagoela, eta honek irakaskuntzan sortu duen interesa, Suitzako irakasle eta ikertzaile batzuei "Cercle de Réalisations","Recherche pour l'Éveil au langage" eta "Ouverture aux Langues à l'École" sortzea otu zitzaien, CREOLE bezala ezagunak. Bost ekintza nagusi burutzen dira sare honetan: 1. Gelako hizkuntza aniztasuna aztertzeko griña sortu irakasle eta ikertzaileen artean. 2. Irakasleen artean gai honen inguruko esperientziak alderatu eta elkarrekin komentatu, eta EOLEk proposatzen dituen ideiekiko eztabaida sortu. 3. Ikerketak burutu eta emaitzak zabaldu. 4. EOLEren proposamenak burutzen lagundu. 5. Beraien ikerketen deskribapenak, esperientzien analisiak eta txostenak argitaratu.

6 Genevako Lehen Hezkuntzako Saileko ikasle ez frankofonoen sektorea da.

7 Proiektu hauek burutzeko orduan harreman zuzenean egoten dira espainiar, italiar, portugaldar eta albaniar hizkuntzen eta kulturen irakasleekin. Irakasleen laguntzaz eratutako proiektu hauetan ikasleei hizkuntzari buruzko hainbat hausnarketa metalinguistiko egitea eragiten zaie.

8 ROULET, Eddy (1980).

9 Eric HAWKINSek bere proposamenak eskoletan landu ahal izateko hizkuntzen edota hizkuntzaren inguruan diharduten unitate pedagogikoekin osatutako sei liburu (+kasetak) argitaratu zituen: COMPARING LANGUAGES; HOW LANGUAGE WORKS; GET the MESSAGE!; USING LANGUAGE; HOW DO WE LEARN LANGUAGES?; SPOKEN and WRITTEN LANGUAGE.

10 Suitza 26 "kantoi"etan banatzen da. "Kantoi" bakoitzak bere legeak, irakaskuntza planak, hizkuntza ofiziala(k)... ditu.

11 "Éveil aux langues" izpirituaren beste adibidetako bat EVLANG proiektu europarra dugu. 1997. urtearen bukaeran europar lurralde batzuen (Frantzia, Italia, Austria, Espainia -Katalunia- eta Suitza) partaidetzaz, urte eta erdian, 8-11 urte bitarteko haurrentzat unitate didaktikoak sortzeko helburuarekin, esperientzia bat jarri zen martxan. Helburu nagusia "Éveil aux langues" bezalako proiektuek ea haurrei hizkuntzak ikasterako orduan gaitasun eta jarrera positiboak izatea eragiten ote dioten ikustea zen. Lurralde hauetan guztietan, dudarik barik, BAIETZ ondorioztatu zen.!

12 COROME, 1998, 22-29 or.

13 CAPORALE (1990), DABÉNE (1991), PERREGAUX (1995).

14 COROME: "Commission Romande des Moyens d'Enseignement".

15 De GOUMOËNS, Claire (1999)

16 MATERIAL HONEN JABE NAIZ, norbaitek begiradatxo bat eman nahiko balio. PERREGAUX, C.; de GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D; de PIETRO, J.F. (2003)

17 Nahiz eta zikloen banaketa desberdina izan Suitzako hezkuntza sistema eta gurean, adinari dagokionez, lehen hezkuntza, Suitzan ere, 12 urterekin bukatzen da. Beraz, esan genezake, 3-4 urtetik hasi eta 12 urterarteko umeentzat begira eginda daudela EOLEko proposamenak eta unitate didaktikoak.



Oharrak:

1) Bibliografia eta www.jaling.ecml.at/ web orrian agertzen den informazioa baino gehiago nahiko balu norbaitek proiektu honetan oso interesatuta dagoelako, EOLE proiektuaren sortzaileetako bat den Christiane Perregaux-ri zuzenean e-mail bidez galde diezaioke. Christiane Perregaux hik hasiko atal berri honen jakinean dago eta berak eman dit bere e-mail helbidea argitaratzeko baimena; are gehiago, berak proposatu zidan. Christiane.Perregaux@ pse.unige.ch

2) 2003ko otsailean argitaratu den materialaren erreferentziak:

- PERREGAUX, C.; De GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D.; De PIETRO, J.F.: Education et ouverture aux langues à l'école, EOLE, ISBN, Neuchâtel, 1. bilduma, 2003.

- PERREGAUX, C.; De GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D.; De PIETRO, J.F.: Education et ouverture aux langues à l'école, EOLE, ISBN, Neuchâtel, 1. bilduma, Documents reproductibles, 2003.

- PERREGAUX, C.; De GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D.; De PIETRO, J.F.: Education et ouverture aux langues à l'école, EOLE, ISBN, Neuchâtel, 2. bilduma, 2003.

- PERREGAUX, C.; De GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D.; De PIETRO, J.F.: Education et ouverture aux langues à l'école, EOLE, ISBN, Neuchâtel, 2. bilduma, Documents reproductibles, 2003.

-PERREGAUX, C.; De GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D.; De PIETRO, J.F.: Education et ouverture aux langues à l'école, EOLE. Glossaire des langues et Lexique plurilingue, ISBN, Neuchâtel, 2003.





Bibliografia

- BILLIEZ, Jacqueline; SABATIER, Cécile: "... mais combien y a de langues dans le monde?" in Babylonia, 2 (1999), 20-23.

- CANDELIER, Michel: "A quoi ça sert ?" in Babylonia, 2 (1999), 51-54.

- CAPORALE, D.: "L'éveil aux langages : une voie nouvelle pour l'apprentissage précoce des langues" in Lidil, 2 (1990), 128-141.

- DABÉNE, L.: "Enseignement précoce d'une langue étrangère ou éveil au langage?", in Le français dans le monde, numéro spécial, Août-Septembre (1991), 57-63.

- De GOUMOËNS, Claire: "Vers la réalisation de moyens d'enseignement romands pour l'éveil aux langues", in Babylonia, 2 (1999), 8-11.

- De GOUMOËNS, Claire: L'éveil aux langues a l'école. Une approche pour vivre et découvrir les langues autrement, Recueil de textes, Juin, 1999.

- De PIETRO, Jean François: "Vivre et apprendre les langues autrement à l'école", in Babylonia, 2-5 (1995), 32-36.

- De PIETRO, Jean-François: "Devenir chercheur pour apprendre... ou Le voyage des mots" in Babylonia, 2 (1999), 42-44.

- HAWKINS, Eric: Awareness of language: an introduction, Cambridge University Press, Cambridge, 1987.

- JAQUET, Nathalie: "Des cours de langues... intégrés" in Babylonia, 2 (1999), 24-26.

- MACAIRE, D.: "L'éveil aux Langues à l'école primaire en contexte européen : Eléments de réflexion pour la formation des enseignants", in De la didactique des langues à la didactique du plurilinguisme, Hommages à Louise Dabène, LIDIL, Grenoble, 1998.

- MACAIRE, Dominique: "EVLANG: une formation pour ceux qui ont donné leur langue au chat ?" in Babylonia, 2 (1999), 59-63.

- MACAIRE, Dominique: "Il faut pendre à César ce qui est à César!" in Babylonia, 2 (1999), 40-41.

- MACAIRE, Dominique: "Nous parlons tous étranger", in Babylonia, 2 (1999), 36-39.

- MOORE, Danièle: "Eduquer au langage pour mieux apprendre les langues", in Babylonia, 2-5 (1995), 26-31.

- PERREGAUX, C.; MAGNIN HOTTELIER, S.: "Quand l'école accueille Pierre, Pedro, Peter et Cie!" in Babylonia, 2-5 (1995), 51-55.

- PERREGAUX, C.: "L'école, espace plurilingue" in Lidil, 11 (1995), 125-139.

- PERREGAUX, Christiane: "Bienvenue aux lecteurs et lectrices de CREOLE" in CREOLE, Journal-AUTOMNE (1999).

- PERREGAUX, Christiane: "Les documents officiels : miroir des enjeux scolaires plurilingues", in Babylonia, 2 (1999), 69-73.

- PERREGAUX, C.; De GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D.; De PIETRO, J.F.: Education et ouverture aux langues à l'école, EOLE, ISBN, Neuchâtel, 1. bilduma, 2003.

- PERREGAUX, C.; De GOUMOËNS, C.; JEANNOT, D.; De PIETRO, J.F.: Education et ouverture aux langues à l'école, EOLE, ISBN, Neuchâtel, 2. bilduma, 2003.

- ROULET, Eddy: Langue maternelle et langues secondes : vers une pédagogie intégrée, Hatier/CREDIF, Paris, 1980.

- ROULET, Eddy: "Peut-on intégrer l'enseignement-apprentissage décalé de plusieurs langues?", in Babylonia, 2-5 (1995), 22-25.

- www.jaling.ecml.at/French/Evlang.htm#EWII

- www.jaling.ecml.at/

© 2012 HIK HASI Euskal Heziketarako egitasmoa

Errekalde hiribidea, 59 - Aguila eraikina, 1 · 20018 Donostia (Gipuzkoa)

T. (+34) 943 371 408 / E-posta: hikhasi@hikhasi.eus