Historiako zertzeladak: Praktizismoa edo kultura. Bigarren Hezkuntza Bilbon, Erregimen Zaharraren amaieran

2003-04-01
 
 
Bigarren hezkuntza -hezkuntza sistemaren barnean izaera berezia duen estadio edo maila gisa- XIX. mendean sortu zen, eta erregimen liberala sendotzearekin eta 1812an Cadizen gorteak aldarrikatu ondoren espainiar hezkuntza sistema abian jartzearekin bat dator. Lehenengo Espainiak bizi zuen gerra egoerak eta, ondoren, ezegonkortasun politikoak eta Lehen Gerra Karlista lehertzeak hezkuntza aparatu berria abiaraztea eta institutu berriak ezartzea mende horretako 40ko hamarkada arte atzeratu zuten ia.

Bigarren hezkuntza modernoak XIX. mendeko estatu liberalarekin duen lotura estuak ez du esan nahi Erregimen Zaharrean lehen hezkuntzaren ondorenerako hezkuntza zentrorik ez zegoenik. 1845ean Pidal Plana argitaratu arte eta bigarren hezkuntza berriaren zentro uniformatzaile gisa katean Probintzia Institutuak ezarri arte, lehen letretako eskolen eta Unibertsitatearen arteko zubi lana egiten zuten hezkuntza zentroen aniztasunak hezkuntza sare zabala adierazten zuen, eta izaera profesional sendoa zuten zentroekin batera -nautikako eskolak, marrazkiko eskolak edota merkataritzako eskolak-, unibertso unibertsitarioan sartzeko behar zen latina irakasten zuten katedrak eta ikastetxeak zeuden -orientabide klasikoagoa eta humanistikoagoa zuten eskola hauen curriculumek-.

Bizkaian, bigarren irakaskuntzako hezkuntza errealitateak Espainiako gainerako lurraldeen antzeko ibilbidea izango du, denboraren ikuspegitik atzeraxeago joango dena batez ere Euskal Herrian lehen Gerra Karlistak izan zuen gogortasunaren ondorioz- eta, horrekin batera, aldaketa prozesu batean sartuta zegoen gizarte haren ezaugarrietara moldatuko zen, modernizazio industrialaren bidean hezkuntza maila honi arreta egokia eskatuko baitzion.



Bilbo, 1800. Itsasoa, negozioak eta latina

XIX. mendean Bizkaian Bigarren Hezkuntzak bizi zuen egoera aztertzeko, behar-beharrezkoa dugu, gune ekonomiko eta komertzial historiko garrantzitsua izan arren, artean II. Gerra Karlista amaitu ondoren biziko zuen leherketa industrial, ekonomiko eta sozial ikaragarriarekin jasango zituen aldaketa sakonen zantzurik ez zuen Bilbo hartara jotzea.

Garai hartako ziurgabetasun politiko eta ekonomikoak hirian halako atzerapen bat adierazi zuen. XIX. mendearen hasieran Bilbo nahiko hiri txikia zen, 10.000 biztanle ingurukoa, eta bertan bizimodu tradizionala eta modernitate kosmopolita -Europako portu komertzial garrantzitsua zenez halaxe baitzen- eskutik zihoazen; merkataritza izaera handiko hiribildu bihurtuko zen, hiri tradizionalen eitekoa, hala ere. Artean planteatu gabe zeuden politika anexionistak eta hiri garapena. Bilbo 1800ean krisi eta haustura prozesu betean zegoela esan daiteke, eta honek berregituratzera bultzatuko zuen eta, aldi berean, behin betikoz egungo Bizkaiko bizimoduaren eragile den hiribildua agerraraziko zuen.

Asalduren garai horrek planeamendu berriak bultzatu zituen eta, gainera, herrialdearen egoera hobetzeko xedez, zenbait proiektu abiarazi zituen. Adibiderik onenetarikoa Euskalerriaren Lagunen Elkartea da, ia Erregimen Zaharraren amaiera arte Euskal Herrian garatuko ziren kultur eta hezkuntza jardueren sustatzaile nagusi izan baitzen hau. Herriaren erudizioa bultzatzeko ilustratuek erakutsi zuten gogoak eraginda, Bizkaian lehen letretako bost eskola sortu ziren, horien artean nagusiak Bilbokoa eta marrazketako doako akademia bat.

Hala eta guztiz ere, Bikaia, Gipuzkoa eta Arabako probintzien artean Bilbo ez zen gune nagusi bihurtu. Gehiago nabarmendu ziren Kontsulatuak -gero Merkataritza Junta bihurtuko zen-, hiriburuko Udalaren babesean eta Diputazio Nagusiak (hau ere Bilbon baitzegoen) lagunduta, proiektatutako ekintzak. Kontsulatuaren eta udaleko eta probintziako botere organoen inguruan bildu zen burgesia komertzialak bultzatu zuen irakaskuntzako establezimenduen sorrera, produkzio gune nagusietara zuzenduta: merkataritzara, nabigaziora eta industriara. Sozietate Ekonomikoekiko askea zen jarduera bat nabarmendu zen horrela, haiek, nekazaritza eremuetako handiki eta lurjabeak buru zituztela, hirietan ez baitziren indar handiz ezarri. Izan ere, merkataritza izaera handiko burgesia aktiboa baitzen nagusi hirietan eta burgesia horrek bere interesen alde egiten baitzuen1.



Katedrak, Eskolak eta Ikastetxeak. Etorkizuneko burgesia heziz

Beraz, 1845ean Bizkaiko Institutua sortu arte, Jaurerrian bigarren hezkuntzaren egoera Erregimen Zaharreko sakabanaketa instituzionalaren irizpide berberaren ondorio zen. Hauek bi eremutan bereizten ziren, gero bigarren irakaskuntza berriaren bidez bateratuko zirenak: alde batetik, latinarekin lotutako ikasketak eta gramatikako eta humanitateetako ikastetxeak; eta, bestetik, irakaskuntza teknikoak. Ikasketa klasikoei dagokienez, ondoren adierazten diren ikastetxe hauek zeuden: Bizkaiko Santiago Ikastetxea, Bizkaiko Humanitateen Ikastetxea eta, azkenik, latinarekin lotutako udal katedrak. Irakaskuntza teknikoak Nautikako Eskolaren, Marrazketako Eskolaren eta Merkataritzako Eskolaren esku zeuden.



Latinarekin lotutako udal katedrak : bigarren hezkuntzari buruzko historiografiak XVIII. mendearen amaieran eta XIX.aren hasieran hezkuntzaren barnean horrelako katedren gehiegikeriaz eta ugaritzeaz hitz egin izan digu beti, eta baita une haietako ideia liberalekin bat zetorren irakaskuntza moderno bat ezartzeari inolako mesederik egiten ez zion ohitura hari irtenbidea emateko gobernuek egindako ahaleginez ere. Domineak edo horrelako katedrez arduratzen ziren latin irakasleak ez zeuden oso ondo prestatuta eta metodo pedagogiko zaharkituak erabiltzen zituzten; latineko ikasteek prestigioa erabat galdu zuten garai hartan eta, gizartean baztertuta zeudenen kasuan, gaizki bada ere latina ikasiz beren eliz karreran leku bat bilatu nahi zutenentzat edo oinarri sendo samar bat zuten lanbide liberaletan sartu nahian zebiltzanentzat gizartean gora egiteko mekanismo bilakatu zen2.

Deskribatu denaren aurrean, Espainiako gainerako lurraldeekin konparatuta, Bizkaiak latineko katedra gutxi zituen. Jaurerrian kokatzen ziren horrelako zentroak zortzi ziren guztira, eta 390 ikasle hartzen zituzten. Aukeratutako irakaslea herrikoa bertakoa izan ohi zen eta, halakorik ez bazegoen, auzoko probintziakoa. Hauen kalitatearen eta gaitasunari dagokionez, Bilboko kasuan zehazki, katedra hauetatik zetozen irakasleak izan ziren latineko eta erretorikako eskolak emateaz arduratu zirenak inauguratu berria zen Bizkaiko Institutuan (1847).

Zentro horietan irakaskuntza doakoa zen eta horixe zen herritar xeheak unibertsitatean sartu ahal izateko behar zituen jakintzak barneratzeko zuen hurbilketa modu bakarra.



Bizkaiko Santiago ikastetxea : Bizkaiko Institutuaren aurrekarietako bat izan zen ikastetxe hau 1816an ezarri zen, Abanton -jesuiten San Andres ikastetxeak utzitako tokia hartu zuen-. Kontsulatuak ikastetxe honen finantzaketan parte hartu zuen 6.000 errealekin, baina betiere Udalaren, Diputazioaren eta Kontsulatuaren beraren artean aukeratutako 6 mutikori pentsio bidez lagundu behar zitzaien. Handik lau urtera, 1820an, Udalaren babesean, Bidebarrieta kalera aldatu zen eta Bilboko Hezkuntza Ikastetxea izena hartu zuen. Ikasleen artean bi mota hauek bereizten ziren: kanpokoak, ikastetxera soilik eskola hartzera joaten zirenak, eta barnekoak, eskolak hartzeaz gain barne erregimena bete behar zutenak. Urtero laguntza ematen zitzaien 6 ikasleen kasuan izan ezik, gainerakoetan irakaskuntzak ez ziren doakoak.

Ikastetxe honek bere zereginari utzi egin zion lehen karlistaldian, izan ere, 1834tik3, berriro bekadunen gaiaz hitz egin zen urte horretatik, ez baitaukagu ikastetxe honen berririk. Alcalá de Henaresko Administrazioaren Artxibo Nagusian aurkitutako zenbait dokumentutan honen erabateko desagerpenaz hitz egiten da 1840an4, eta bertako irakaskuntzak Bizkaiko Humanitateen Ikastetxeak ordeztu zituen.



Bizkaiko Humanitateen Ikastetxea : ikastetxe bat itxi ondoren beste bat planteatzeko ohituraren ildotik, Bizkaiko Humanitateen Ikastetxeak bere ibilbideari 1840an ekin zion, Santiago Ikastetxearen lekukotasuna hartuta. Bertan Lehen Hezkuntzako ikasketak sakontzen ziren eta janzteko irakasgaiak eta zenbait hizkuntzen ikasketa sartzen ziren, Filosofiako batxilergoari zegozkion ikasketak eskaintzearekin batera. Azken hauek hiru ikasturtetan egiten ziren eta ikasgaiak horrela banatzen ziren: Matematika, Logika eta Gramatika Orokorra lehen urtean; lehen mailako irakasgai berberak eta Fisika Esperimentala eta Geografia bigarren urtean; eta Erlijioa, Etika, Historia eta Erretorika hirugarren urtean. Santiago Ikastetxean bezala, hemen ere pentsio sistema bat zegoen eta barneko ikasleak hartzen ziren. Diziplina kontrol zehatza bete behar zuten hauek.

Bizkaiko Diputazio gorenaren babesean eta oniritziarekin, ikastetxe hau izan zen probintzia institutua ezarri aurretik orientabide humanistiko-klasikoa zuten zentroen azken aurrekari nagusia. Humanitateen Ikastetxeak bigarren irakaskuntzako behin betiko erakunde berri bat bultzatu zuen horrela: Bigarren Hezkuntzako Bizkaiko Institutua.



Nautikako Eskola : aldi berean Bizkaiko Jaurerriak, Bilboko Udalak eta Kontsulatuak parte hartuta, 1739ko Batzar Nagusietan Hiribildurako Nautikako Eskola bat sortzea erabaki zen5. Eskola horretako lehenengo zuzendaria Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide zen José Ibáñez de la Rentería, izen handiko fragata kapitaina, izan zen. XIX. mendean, 1836. urtean zehazki, eskola lokal berri batera aldatu zuten, eta Merkataritzako Errege Batzarrarena zen lokal hori. Eta azkenean erakunde honek ordaindutako gainerako irakaskuntzek bete behar zuten barne erregimenaren azpian geldituko zen hau ere. Ikasketa hauen curriculuma osatzen zuten irakasgaiak Aritmetika, Geometria, Trigonometria, Kosmografia, Aljebra, Geografia eta Nautika praktikoa ziren.

Irakaskuntzak doakoak ziren, eta bertan sartzeko eskatzen ziren baldintza bakarrak irakurtzen eta idazten jakitea eta kalkuluko oinarrizko lau erregelak jakitea zen. Kanpoko ikasleak ere onartzen ziren, betiere babesle ziren korporazioen oniritzia lortzen bazuten. Handik urtebetera Bizkaiko Institutua eratu zenean, irakaskuntza hauek irakaskuntza berezien barnean txertatuta gelditu ziren.



Marrazketako Doako Eskola : eskola honek 1774an zabaldu zituen ateak eta 1804an utzi zion bere jarduerari. Eskola Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen tutoretzapean zegoen eta Posta kalean zegoen kokatuta. Ikasturte bakoitzean batez beste 95 ikasle izaten ziren, eta irakasle bakar baten tutoretzapean aritzen zen talde hori. Eskolari bizirik eusteko zailtasun ekonomikoen ondorioz eta diziplina arazoek bultzatuta, XIX. mendean itxi zen azkenean. Kontsulatua berau berriro zabaltzen ahalegindu zen, baina 1807an Godoyk6 ezezkoa eman ondoren, ezinezkoa izan zen berriro zabaltzea, 1818an Kontsulatuaren doako katedrak ezarri ziren arte.



Kontsulatuaren katedrak. Merkataritzako Eskolaren jatorria : katedra hauen sorrera ekimena 1800ekoa da, Bilboko Kontsulatuak Matematikako, Geografiako eta Hizkuntzako eskola batzuk sortu ahal izateko bitartekoak proposatzeko batzorde bat izendatu baitzuen urte horretan. Frantziarren okupazioak eta gerra egoera normaldu ondoren Madrilgo Gorteen aldetik sumatu zen laguntza faltak eskola horiek abian jartzea atzeratu egin zuten 1817 arte, azkenean Kontsulatuak matematika, marrazketa, frantsesa eta ingelesa irakasteko eskola batzuk bere kabuz, gobernu zentralaren laguntzarik gabe, antolatzea erabaki baitzuen.

Eskolak denborarekin oso maila altua lortu zuen eta Bilboko ikasketa zentro ospetsuenetariko bihurtu zen. Ikasleak Bilboko merkataritzako burgesia txikiaren semeak ziren, bankuen eta hizkuntzen esparruan prestakuntza bila ari zirenak beren negozioak hobeto kudeatzeko. Katedra horiek Institutua ezartzeak adierazi zuen prozesu bateratzaileak hartu zituen bere baitan gero, eta handik urte batzuetara probintzia zentroan eskainiko ziren merkataritzari aplikatutako ikasketak osatu zituzten. Nautikako Eskolan eta Marrazketako Akademian bezala, hemen ere irakaskuntza doakoa zen.

Horrela, beraz, bi norabideko ibilbide bat nahiko finkatuta gelditu zen eta bakoitzak bere bidea hartuko zuen, bere gogoen eta ahalmenaren arabera. Irakaskuntza batzuk klasikoak ziren, jakinduria sustatu nahi zutenak, ikasleak Unibertsitatean sartzeko prestatuko zituztenak eta klase aberatsenei zuzentzen zitzaizkienak. Eta beste irakaskuntzek izaera praktikoagoa eta erabilgarriagoa zuten, eta artisauei eta lan munduaren errealitatean horrenbeste baliabide ez zituzten klaseei zuzentzen zitzaizkien.

Lehenengoak matrikularen diru sarrerei eta barneko ikasleen kuotei esker finantzatzen ziren, eta bigarrenak interes publikoari esker, hauek gero beren etekina aterako baitzuten eskola horietatik irtengo ziren teknikarien ea perituen promozioen bidez.

Bilboko hezkuntza errealitatearen azterketa labur honek argi eta garbi erakusten digu herri, udal eta probintzia organoak zein interesek mugitzen zituen, irakaskuntza publikoari dagokionez bederen.

Merkataritzaren esparruko burgesiak zuzenduta, botere eremu desberdinek nabarmen teknika berriekin lan egingo zuten etorkizuneko langileak prestatzeko establezimenduen sorrera sustatu zuten, bakoitzak bere esparruan: nabigazioan, industrian eta merkataritzan. Ikasketa klasikoek beti izaera pribatua zutela egiaztatu dugu, eta latineko udal katedrak izan ezik, gainerakoak beti ordainpekoak ziren. Ikasketa horiek egitea pentsatzen zuenak unibertsitatean sartzeko asmoa zuela ikusten da argi eta garbi eta, beraz, matrikula eta pentsio gastuak ordaintzeko gai zen. Aldiz, izaera teknikoa zuten irakaskuntzak doakoak izan ziren eta ikasle ugari izan zituzten beti; zenbait kasutan, zerrendetatik kanpo gelditu ziren ikasleak, zentroek eskaera osoari erantzun ahal izateko gaitasun nahikorik ez zutelako. •





1 VIÑAO FRAGO, A.: Política y Educación en los orígenes de la España Contemporánea: Examen especial de sus relaciones en la enseñanza secundaria,Siglo XXI, Madril, 1982, 88. orr.

2 GIL de ZÁRATE, A.: De la Instrucción Pública en España, Imprenta del Colegio de Sordomudos, II. liburukia, Madril, 1855.

3 BIZKAIKO FORU ARTXIBOA, Instrukzio Publikoaren sekz., 74. erreg.: "Expediente relacionado con un Informe del Colegio, Reglamento y el gasto anual".

4 ADMINISTRAZIOAREN ARTXIBO NAGUSIA, Hezkuntza sek.. Leg., 6881.

5 JUNTAS GENERALES de BIZCAYA, 1739 (ekainak 16), 1740.13. or. 6 RUIZ DE AEL, M.J.: La Ilustración Artística en el País Vasco. La Real Sociedad Bascongada de Amigos del País y las Artes, Arabako Foru Aldundia, 201. or, Gasteiz, 1993.