TXIKIAREN HANDITASUNA

Badira urteak eskola utzi nuela baina Atzeko atetik atalerako lerro hauek idaztea proposatu zidatenean, berehala etorri ziren nire gogora eskolarekin lotutako oroitzapenak.

Guztiok gogoratzen ditugu gure eskola urteak. Eskolara sartu eta irtenak, gure abentura eta bihurrikeriak, maistrak arbelera ateraraziko gintuen beldurra, ditxosozko etxeko lanak eta notak…
70. hamarkadako eskola konfesionala zen, kristau erlijioa gauza guztien gainetik, gelan hori azpimarratzen zuen ikurra, astero dotrina eman beharra, gelan hornidura gutxi, erlijioak eta momentuko aginte politikoak markatzen zuena…
Gelako agintea maistrak zuen, autoritarioa, zigorren bidez funtzionatzen zuen zuzentzeko. Berak esaten zuena besterik ez, errespetua eta beldurra. Gelako ikasle kopurua altua zen, irakasle bakarra 35-40 ikaslerentzat. “Ikasle ona” ez bazinen zigorra eta  gutxiespena.
Gaur egun nire herriko eskolak eraikin berberean segitzen du baina ez da eskola bera. Egungo egoerarekin parekatzen badugu, zertan aldatu da eskola hura? Formetan eta edukietan asko aldatu da, zalantzarik gabe. Egun euskaraz ikas daiteke, irakaslearen profila aldatu da, ikasleak anitzagoak dira, gelak eta ikastetxeak behar duten guztia dute, kolore eta irudi biziekin, informazio eta komunikaziorako teknologiaz hornituta, ikasle-irakasle ratioa aldatu egin da...
Gaur egungo jendartearen ezaugarriak eragina izan du eskolaren aldaketan. Eta, noski, 70. hamarkada hartako jendartearen ezaugarriak zituen orduko eskolak. Horrela, esan daiteke eskola beti dela garaiko jendartearen isla. Aldaketa ekonomikoak, politikoak, kulturalak, demografikoak jendea aldatzen dute eta eskola aldatzera behartzen dute.
Eskola, azken finean, sistemaren tresna bat baino ez da. Momentu historiko bakoitzean dituen beharrei erantzuteko tresna bat.
Baina desberdintasunak desberdintasun, bada garai hartako zein egungo nire herriko eskolak duen ezaugarri bat: eskola txikia izaten segitzen du. Eta oraintxe bertan ume baten eskolatzearen gaineko erabakia hartu beharko banu, ez nuke dudarik:  eskola txikia aukeratuko nuke.
Iruditzen zait harreman estuagoa eta hurbiltasun handiagokoa sortzen dela guraso, ikaskide eta irakasleen artean. Eskolan errekurtso moduan errazago erabil daitekeela natura. Aiseago lor daitekeela ingurua eta bere ezaugarrietan integratzea eta bertakotzea. Aukera gehiago eskain-tzen dituela ikasleari arreta pertsonalizatuagoa emateko. Aberastu egiten duela maila ezberdinetako ikasleak elkarrekin jarduteak eta lagundu egiten duela integrazioan ere.
Batzuetan edukia bera baino garrantzitsua da transmititzeko modua eta, zentzu horretan, eskola txikiak programa bera moldagarriagoa egiteko aukera ere eskaini dezake.
Esaterako, eguraldi ona aprobetxatuz, matematikako klasea atzeratu eta kanpora atera botanika klasea jasotzera. Horrela, ikasleak muntaketa-kate batean murgilduta dauden sentsaziotik, ordutegi eta programa zurrunetatik ihes egiteko aukera baliatuz.
Herria, komunitatea, ingurua eta eskolaren mundua hurbilago daude ikastetxe txikietan.
Ezaugarri hauengatik guztiengatik uste dut eskola txikiak alderdi positibo gehiago dituela desabantailak baino. Nire irudikoz zaindu beharreko guneak.