SAKANAKO ESKOLA TXIKIAK

Iturri zaharreko ur berria

 Olaztiko, Urdiaingo, Iturmendiko, Arbizuko eta Uharte-Arakilgo (Nafarroa) eskola txikiek beren talde-identitatea definitzeko prozesua egin dute ikasturte honetan, iraganaz hausnartzeko eta etorkizuneko kultura eta balioak irudikatzeko. Apirilaren 28an aurkeztu zuten Sakanako eskola txikien identitate kolektiboa deskribatzen duen dokumentua jendaurrean, Lakuntzako kultura etxean. Bost eskoletako ikasleak, irakasleak, gurasoak, ikasle ohiak, herri-eragileak, edota Sakanako ikastoletako kideak ez ezik, aurkezpen-ekitaldian izan ziren Nafarroako Gobernuko ordezkariak ere; beste batzuen artean, Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria eta Aitor Etxarte Eskola Kontseiluko presidentea.

 
 

Iraganetik etorkizunerako bidaia egitea, horixe izan da Sakanako eskola txikien asmoa. Izan ere, Olaztiko, Urdiaingo, Iturmendiko, Arbizuko eta Uharte-Arakilgo bost eskolek elkarrekin komunean dituzten oinarriak zehazteko lanketa bat egitea erabaki zuten ikasturte hasieran, alegia, Sakanako eskola txikien talde-identitatea zehaztea. Hala, Juan Miguel Ruiz aholkulari eta coacharengana jo zuten laguntza eske, eta hark eskola-komunitate osoa barnean hartuko zuen prozesu bat egitea proposatu zien. 2015-2016 ikasturtea eman dute zeregin horretan, eta fruituak apirilaren 28an aurkeztu zituzten, Lakuntzan egin zuten ekitaldian.

“Sakanako eskola txikiok gure identitatea zehazteko iraganetik etorkizunerako bidaia egin dugu. Zirraraz beterikoa izan da, ahaztezina eta, batez ere, hunkigarria. Negarra, irribarrea, harremana, aitortza, eskerra, partaidetza, mina, oroimena, enpatia, sormena, memoria, historia… Hori guztia bizi izan dugu prozesu honetan”, azaldu zuen ekitaldiaren aurkezleak. Prozesua hiru fasetan banatuta egin dute: lehenengoan, aspaldian eskolan ibilitako herritarrekin eta familiekin egin zuten lanketa, historian zehar gertatutako pasadizoak mahai gainera ateratzeko; bigarrenean, Sakanako ikastolei aitortza egiteko saioa antolatu zuten, “beraiei esker gaur egun ikastetxeetan euskaraz irakasten delako, ikastoletan ikasiak baitira gaur egungo ikastetxe publikoetako irakasle asko”; amaitzeko, hirugarren fasean, ametsen aldia hasi zuten, eta ikasleei, gurasoei, irakasleei, komunitateari… nolako eskolak amesten dituzten irudikatzeko eskatu zieten.

Lan horren guztiaren emaitza gisa, iraganaz hausnartzen eta etorkizunerako kultura eta balioak definitzen dituen dokumentua osatu dute. Izan ere, Lierni Galarraga Sakanako eskola txikien koordinatzaileak dioenez, sinetsita daude herriak bere eskola behar duela, eta eskolak, bere herria; eskolak herriari bizia ematen diola, eta herriak, eskolari; eta, horregatik, eskola txikiak eskola baino zerbait gehiago direla: “Jendea asko inplikatzen da gure eskoletan: ikasleak, gurasoak, herritarrak… Eta horregatik guztiagatik izan da hain aberatsa gure identitatea zehazteko prozesu hau. Iraganeko zama arindu nahi izan dugu, iturri zaharreko ur berria garela badakigulako. Gure artean ditugun proiektuak aurrera eramateko oinarri sendoa jarri dugu hala".

Kultura, herriaren argia
Sakanako eskola txikien identitatea osatzeko egin duten lanean, kultura definitu dute lehenik, eta “herriko osagaiak borborrean jarriko dituen eltzea bezalakoa” izaten jarraitzeko konpromisoa hartu dute, bertako kultura, bizimodua, nortasuna eta jakintza egunero elikatuz. Kultura-atalaren barruan, beste zenbait ideia ere definitu dituzte:
Hizkuntza: euskaratik eta euskaraz. “Gure eskoletan, gure hizkuntza maite eta zaintzen duten herritarrak hezten ditugu. Euskara gure ondasuna dela erakusten diegu ikasleei. Hiz-kuntzak hurbildu egiten gaituela sentitzea nahi dugu”.
Publikoa: zenbat buru, hainbat aburu. “Publikoa gara, eta itxaropenez ikusten dugu nola ari den gure hezkuntza-komunitatea indartzen eta dagokion lekua hartzen. Hezkuntza-komunitatea da gure eskolen etorkizuna aukeratzen eta bideratzen duena. Herriko plaza bezalakoa gara, herri osoa han elkartzen duena eta ideia eta pentsamendu askotariko pertsonak biltzen dituena”.
Aniztasuna: zubi ugari dituen herria. “Zubiak bezalakoak gara, norbanakoen arteko loturak eraikitzen dituztenak; elkarrekin komunikatzen gaituztenak; hainbat identitate, erlijio, egoera sozial eta kultura lotzen dituztenak. Gure herriko haurrak plaza berean jolastu daitezen nahi dugu”.
Ekitatea: desberdinak bezain berdinak. “Ikasle guztientzat, direna direla eta dutena dutela, ekitatea nahi dugu. Sakanako egur-lotearen kasuan bezala, herritar guztiek eskubide berbera izan dezatela kultura eta jakintza eskuratzeko”.
Errespetua: eman eta jaso, jaso eta eman. “Gure eskoletan, harremanak errespetuan oinarri-tzen dira. Pertsona bakoitzaren duintasunaren aitortza bermatzen dugu. Gure eskoletatik botere- eta jazarpen-erabilera guztiak baztertzen ditugu. Eguzki-loreak bezalakoak izan nahi dugu, errespetua, zaintza eta babesgune ziurra eskaintzen duten eskolak”.

Ikaslea abiapuntu, konfiantza oinarri

Kultura definitu ostean, Sakanako eskola txikiek beren balioen inguruko hausnarketa egin dute.
Familia: herri hezitzaileak, eskola herritarrak. "Eskola herrira zabaltzen dugu, eta herria eskolan sartzen dugu. Ikas-komunitate aktiboa gara. Gure eskolako atea familiei irekia dago. Beraien nahiak eta gure beharrak bateratzen ditugu".
Harremanak: konfiantza oinarri. "Eskola gure etxea da. Etxeko sutondoak ematen digun berotasuna eta goxotasuna aurkitzen dugu eskolan. Familiak ematen duen ziurtasun eta konfiantza bera sentitzen dute haurrek eskolan".
Sormena: ametsak eraikiz. "Eskola honetan, ikasle sortzaileak hezten ditugu. Ikasle hartzaile izatetik sortzaile izaterako bidean indarra jartzen dugu".
Talde-lana: elkarrekin bidea eginez. "Klaustroa da eskolaren bihotza, irakasleon topalekua. Han elkarri entzuten, begiratzen eta laguntzen diogu, eta elkar errespetatzen dugu. Klaustroak komunikaziorako bideak ireki-tzen dizkigu, askotariko ideiak eta pentsamenduak elkar daitezen".
Pedagogia: ikaslea abiapuntu. "Sakanako herri-eskola txikietan, ikasteko metodo aktiboak bul-tzatzen ditugu. Ikertzeko, manipulatzeko, elkarlanean aritzeko, esperimentatzeko eta hipotesiak egiteko aukera du haurrak gure eskoletan. Ikasleen plazera eta ongizatea bilatu nahi ditugu".

Jolastuz ikasi

Prozesua bukatzeko, Sakanako eskola txikien kultura eta balioak definitu ostean, etorkizunera begira jarri ziren. Horretarako, gaur egungo ikasleekin elkartu ziren, eta haien ametsekin bat egin zuten. Besteak beste, Olaztiko, Urdiaingo, Iturmendiko, Arbizuko eta Uharte-Arakilgo ikasleek diote jolastuz ikasi nahi dutela, arte plastiko gehiago nahi dutela, ez dutela etxerako lanik nahi, etxean gurasoekin egon nahi dutela, zirrarei buruz hitz egin, zer gertatzen zaien adierazteko espazioak eduki, arazoak beraien artean eta hitz eginez konpondu, en-tzunak izan, elkarri lagundu, handiek txikiekin denbora gehiago igaro eta erabakiak hartzeko aukera izan.
Ekitaldiari amaiera emateko, etorkizunari keinu eginez, Sakanako bailara euskaratik eta euskaraz, sormenez, kantuz, dantzaz, hitzez, maitasunez, edertasunez, jakintzaz, kulturaz, balioz, kolorez eta aniztasunez betetzeko konpromisoa hartu zuten.