hik hasi, 20 urtez tresna eta bilgune

20 urte beteko dira ikasturte ­honetan Hik Hasi euskal ­heziketarako egitasmoa sortu zela. Euskal irakaskuntzan ziharduten partaide guztien informazio-iturri eta eztabaidarako nahiz ­elkarlanerako gune izateko ­xedearekin jaio zen, eta beste ­ezeren gainetik, euskal hezkuntza-sistema eraikitzea zuen jomuga. Arian-arian urratu du bidea eta ­­

­20 urtez euskal hezkuntzarako tresna eta bilgune izateko ­helburuarekin jardun du lanean.

 
 

Euskal irakaskuntzaren arloko partaide guztien informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izateko jaio zen Hik Hasi orain dela 20 urte. Irakaskuntza euskalduna eta autonomoa aldarrikatzen zuen, zatiketa adiministratiboak gaindituz Euskal Herri osorako izango zena. Argi zuen zeregina: herritarrek kalitetazko euskal hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bermatzea.  1994-1995 ikasturtean, proiektuan parte hartu edota ekarpenak egin nahi zituen orori ateak zabalik abiatu zen ­egitasmo pedagogikoa. Orduz geroztik, Euskal Herriko nahiz atzerriko profesional eta adituen teorietatik edan du eta hemengo zein kanpoko hamaika ­ikastetxetako esperientziatik elikatu da.

Nola egin euskal kulturan oinarrituko den curriculuma? Hezkuntza-­eredua deszentralizatzeko zer egin? ­Ikastetxeek ez ote lukete autonomia handiagoa behar? Haurrak behar adinako protagonismoa ote du gure eskoletan? Euskal irakaskuntza osatzen zuten komunitateko partaideak —gurasoak, ikasleak, irakasleak, beste profesionalak…— aspalditxoan ari ziren hezkuntza-sistemaren inguruan gogoeta egiten, eta hausnarketa horien bueltan sortu zen Hik Hasi egitasmo pedagogikoa.
Abiapuntuan, bi oinarri zituen: batetik, herriarekiko atxikimendua, hau da, guztientzako euskal eskola egikaritzeko nahia; eta bestetik, eskola berriaren ildoa, konduktismoa alboratuta konstruktibismoaren bidetik zetorrena. Lehen puntuari dagokionez, ­Irakasle Elkartean —batez ere Gipuzkoako ikastoletako irakaslez osatua— euskararekiko eta herriarekiko lotura nagusitzen ari zen; euskal munduarekiko sentsibilitatea zuten bertako kideek eta euskal hezkuntza nola garatu hausnartzen hasiak ziren. Bigarren puntuari dagokionez berriz, Adarra Pedagogia Elkarteak ireki zuen bidea. Erdigunean haurra jarriko zuen eskolaren ezaugarriak eta gakoak mahaigaineratzen hasi ziren eskola berriaren eta konstruktibismoaren aitzindari diren hainbat pedagogo oinarri hartuta, hala nola, Montessori, Freinet, Freire, Piaget, Vigotski, Malaguzzi…   Bi ardatz horiei Kataluniako erreferentzia gehitu behar zaie —Rosa Sensat elkartearena, hain zuzen ere— Hik Hasi-ren sorrerako testuingurua ulertzeko.
Euskaltzaletasuna eta pedagogia berria. Bi ardatz horiek uztartzen saiatu zen Hik Hasi. Joxe Mari Auzmendi
egitasmoaren sortzaile eta kideak hala gogoratzen du garai hura: “Alderdi ideologikoari dagokionez, Irakasle Eskolan nagusi zen euskaltasunean du muina Hik Hasi-k, Euskal Herrirako gure hezkuntzan sakondu nahi genuen. Oinarria zera zen: euskal curriculuma, eskolak irakasle propioak izatea eta
ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua garatzeko aukera izatea. Era beran, gainera, Irakasle Elkarteko irakasle asko eskola berriaren filosofia
eta teoria ikastetxeetan txertatzen aitzindari ari ziren izaten. Adarra ere norabide berean ari zen lanean, haurra erdigunean jarriz konstruktibismoa lantzen;  alderdi pedagogikoari dagokionez, horixe genuen oinarri”. Atzera egin eta Hik Hasi-ren egitasmo nagusiak errepasatuz —aldizkaria, formazioa, jardunaldiak, monografikoak, baliabide pedagogikoak, bestelako materialak— bi zutabe horiek izan dira 20 urteotan oinarri nagusi: fokua haurrarengan jartzen duen pedagogia berria eta Euskal Herriarekiko lotura.
Eskola berriarekin nahiz euskaltasunarekin loturiko ideiak nola gorpuztu hausnartzen hasi ziren Irakasle Elkartearen bueltan. Behin eta berriz
agertzen zen euskal irakasleentzat
erreferentzia eta bilgune izango zen tresna baten beharra. UEUk pedagogia sailaren barruan udaro antolatzen zituen ikastaroetan ere, pare bat urtetan euskal hezkuntzak zer eta nola behar zuen eztabaidatu zen eta han ere, ondorio berberetara iritsi ziren: tresna horrek aldizkari bat izan behar zuen. Bizpahiru urteko hausnarketen ondoren, 1994-1995. urtean Hik Hasi egitasmoa egituratzen hasi ondotik aldizkari bat sortzea adostu zuten kideek. Horixe izango zen egitasmoaren bizkarrezurra. Hala, Irakasle Elkartea desagertu egin zen eta Hik Hasi egitasmoa sortu zen hutsetik, aldizkaria ardatz zuela. Handik hurrengo ikasturetan ostera, aldizkariaren osagarri, formazio-saioak eskaintzen hasi zen, alor horretan euskaraz zegoen hutsunean betetzeko premiaz oharturik.
Egitasmoaren eta aldizkariaren sortzaile, laguntzaile, bultzatzaile, partaide eta aholkularien artean izen ugari aipatu behar dira: Itsaso Alkorta,
Abel Ariznabarreta, Manu Arregi, Joxe Mari Auzmendi, Ainhoa Azpiroz, Itziar Barriola, Felix Basurko, Begoña Bilbao, Mariam Bilbatua, Cesar Blanco, Aines Dufau, Lore Erriondo,  Guillermo Etxeberria, Gurutze Ezkurdia,
Idoia Fernandez, Arantxa Goiburu,
Itziar Goñi, Xabier Isasi, Mari Karmen Irastorza, Irene Lopez-Goñi, Izaskun Madariaga, Kristina Mardaraz, Joxi Oiarbide, Lontxo Oihartzabal, Kepa Perez Urraza, Karmele Perez, Agustina Pontesta, Fito Rodriguez, Maite Saenz, Mailde Sainz, Xabier Sarasua, Josu Txapartegi, Arantxa Urbe, Ankelo ­Usobiaga, J.A. Zubeldia...
1995eko ekainean ikusi zuen argia hik hasi aldizkariaren 0. zenbakiak. Lehen aldizkari hartan argi ageri zen moduan, irakaskuntza euskalduna eta autonomoa eraikitzea zen helburua, “Nafarroa, Iparraldea eta Euskal Autonomia Elkarteko zatiketa administratiboaren gainetik gure irakaskuntza ­ahalik eta gehien garatzeko herria egiten ari den ahaleginaren alde”. Horrela jarraitzen du: “Euskal kulturan oinarritutako curriculum propioaz, irakaslego iraunkor eta euskaldunaz, Euskal Herritik kanpora hartutako erabakien menpe ez dagoen eredu deszentralizatuaz, zentruen autonomiaz eta eraikitzen ari den herri bati irakaskuntzarako zor zaion finantziazio publikoaren igoera nabarmenaz”. Euskal Herrian oinarrituriko euskal hezkuntza propioa eraikitzen laguntzea izan du, bada, egitasmoak beti ipar.
Hasieran SL bezala sortu zen Hik Hasi, egitasmoko kideek euren poltsikotik dirua jarrita —50.000 pezetako 30 partizipazio— eta langile bakarrarekin, Joxe Mari Auzmendi. Geroztik lan-taldea handituz eta egonkortuz joan da eta Hik Hasi kooperatiba bilakatu da, kooperatibismoaren filosofiarekin bat egiten duelako. Orain zortzi urte, 2006. urtean Argia Saria eman ziotenean, saritzeko arrazoien artean aipatzen zen moduan, hasieran proiektuan inork gutxik sinesten bazuen ere —alde batetik, ez zitzaiolako bideragarritasun ekonomikorik ikusten, eta bestetik, zalantzan jartzen zelako horrelako proiektu batentzat lekurik ba ote zegoen— hogei urtetako ibilbideak probatu du Hik Hasi egitasmoaren beharra.

Hik Hasi, batasunaren bila

“Euskalduna, Nazionala, Irakasleena, Baterakoia, Irekia, Plurala, Independentea” ezaugarripean, euskal hezkuntzako era guztietako eragile eta partaideen topagune, bilgune, eztabaida-gune izateko sortu zen Hik Hasi, heziketaren arloan lanean zebilen jendea elkartu eta Euskal Herrirako hezkuntza-eredua eraikitzeko helburuarekin.  
20 urteko ibilbidean Hik Hasi behin eta berriz saiatu da batasuna bilatzen: batetik, hezkuntzaren arloko ­eragile guztiekin —ikastolak, kristau eskolak, eskola publikoak, guraso elkarteak, sindikatuak, erakundeak, ­unibertsitateak, ikasle taldeak, bestelako hezkuntza eragileak…— harremanetan egonaz eta batek zein bestek antolatutako topagune nahiz jardunaldietan parte hartuz; eta bestetik, bere ­iniziatibaz hezkuntza arloko eragile horiek guztiak mahai beraren bueltan eserarazi eta denen arteko akordioak bilatzen saiatuz.
Batasun eta akordio nahiaren ispilu da, esaterako, Hik Hasi-ren ekimenez 1999. urtean osatu zen Hezkuntzaren Gizarte GUNEA. Ainhoa Azpiroz Hik Hasi-ko kide eta kazetariak azaldu bezala, eta 2000. urteko urtarrileko hik hasi aldizkarian jasota dagoen moduan, hezkuntzako gai ezberdinen inguruko eztabaida eta hausnarketarako bilgune izan nahi zuen GUNEAk, betiere oinarrizko abiapuntua garbi ­edukita: Euskal Herriak bere Hezkuntza Sistema propioa behar duela. “Guztiok osatzen dugu Hezkuntza Sistema, gurasook, ikasleok, langileok… eta garrantzitsua da ahalik eta puntu gehienetan ados jartzea denok nahi dugun Euskal Hezkuntza Sistema eratu ahal izateko”.  Euskal Herriko hainbat eragilek hartu zuten parte: BIGE, ­Ikastolen Elkartea, Kristau Eskolak, ­Ikasbatuaz, Sortzen, Iparraldeko Erakasleak, ELA, LAB, EILAS, Ikasle Abertzaleak eta Hik Hasi. Hainbat hilabetetako lanketaren ondotik, GUNEAk “Euskara Irakaskuntzan” gaiaren inguruan aitzindari den Adostasunen Txostena aurkeztu zuen 1999ko abenduaren 11n.
Ildo berean, Nazio Eztabaida Guneak bultzatuta egin zen Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren koordinatzaile lanak egin zituen Hik Hasi-k eta akordioaren erredakzioan ere parte hartu zuen. Hain beharrezko ikusten den euskal hezkuntzarako lege propio baten proiektuaren markoa ezartzen du Hezkuntza Akordioak. 2006ko urrian aurkeztu zuten oinarrizko testuak euskal herritarren hezkuntza eskubideak eta hezkuntza publikoaren kontzeptua bildu zituen: “Denona denari esaten zaio ‘publikoa’: guztiontzat irekia denari, denon ongiari begiratzen dionari eta guztiontzat aukera berdintasuna garatzen duenari. ‘Hezkuntza publikoa’, beraz, herrien eta herritar guztien garapenerako beharrak asetzen dituen hezkuntza izango da, aukera berdintasunean eskubide guztiak ziurtatuko dituen kalitatezko zerbitzua”. Euskal Herri osoko hezkuntzako arlo guztietako hainbat eragilek sinatu zuten akordioa. ­Arantxa Urbe Hik Hasi-ko kidea izan zen akordioaren testua prestatzen parte hartu zuenetako bat eta bere hitzetan, euskal hezkuntzaren eraikuntzarako oinarri oso sendoak jarri ziren ­akordioarekin, oraindik ere “gaurkotasun eta balio handia dutenak”.    
Hizkuntza Ereduak Gainditzeko Lege Proposamena prestatzen ere aritu zen Hik Hasi. Hain zuzen ere, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hala eskatuta, Arantxa Urbek ondu zuen testua. Elebitasunetik eleaniztasunera igarotzeko proposamena ­izan zen eta hezkuntzaren esparruko eragile nagusi denek babestu zuten.
Adibide horiek erakusten dute euskal hezkuntza eremu osorako tresna ­eta bilgune izateko egindako ahalegina, Xabier Sarasua Hik Hasi-ko kidearen ustez: “Hik Hasi euskal irakasleentzako tresna izan dela uste dut. Bilgune izatearena are eta zailagoa da, baina Hik Hasi-k batasunaren bide horretan parte hartu du sorreratik, eta ez hori bakarrik, askotan bultzatzaile, dinamizatzaile eta eragile nagusi lanak ere egin ditu”. Hala ere, hasierako helburu guztiak ez dira erdietsi; esaterako, saiakerak egin diren arren, Hik Hasi-k apenas lortu duen Bigarren Hezkuntzan eragiterik. Josu Txapartegi Hik Hasi-ko kideak gogoratzen duen moduan bestalde, hezkuntzaren alderdi teknikoa edo pedagogikoa indarra hartzen joan den heinean, alderdi politikoa —egiturari, hezkuntza proiektuari, dagokiona— ahultzen joan da: “Iruditzen zait biharko egunean arlo pedagogikoa eta polikoa orekatzeko bidea egin beharko genukeela. Irakaslea jabetu dadila hezkuntza proiektuak, egiturak, talde-lanak, bere jardunaren balio publikoak duen garrantziaz. Gela barruko lana inportantea da, baina baita organizazioa, ideiak, zentroko filosofia, antolaketa, etab. ere”.

Eskola, etxea, herria

Beste eragileekin elkarlanean aritzeaz gain, Hik Hasi-k bere kasa ere ari da bidea urratzen. Lehen aldizkarian hik hasi-ren ezaugarrien artean “Irakasleena” zela aipatzen zen; eta izan ­ere halaxe hasi zuen bidea: eskolara ­eta bertan lanean ziharduten profesionalei begira. Pixkanaka, ordea, haurra erdigunean jartzen duen eskola berriaren filosofiari jarraiki, haurrarengan jarri zuen fokua, umea hartu zuen erdigunetzat. Haien heziketa beharrak hauteman eta ase nahian, haurrak eskolan ez ezik, etxean eta kalean ere bizitzaren zati garrantzitsua egiten zutela konturatu zen Hik Hasi eta beste esparru horietan ere hezi egiten zirela. ­Abesti-bildumen, jolasen-bideoa edota Pirritx eta Porrotxekin grabatutako filmaren bidez, poliki-poliki, familietara gerturatzen hasi zen. Hala, etxe ­ugaritara heldu ziren 69 abesti jolasteko diskoa edota Zatoz jolastera nahiz ­Ilargiaren sekretua pelikulak.
2011n beste jauzi estrategiko bat ­egin zuen: 17 urtez haurraren heziketa hobetzeko ekarpenak egin ostean, Hazi Hezi etxerako haziera eta heziketa aldizkaria sortu zuen Hik Hasik, ­umeen behar emozional, fisiko eta psikologikoak asetzea xede hartuta. Lehen Hazi Hezi aldizkariak dioen moduan, “Etxekoentzako, bai. Baina komunitate edo tribu gisa hartuta etxea, non gurasoak, aiton-amonak, izebak, osabak, zaintzaileak, haurrideak… dauden. Haiena eta guztiona baita haurraren heziketa, jendartea osatzen dugun bakoitzarena. Eta haiei —guztioi— eskaini nahi diegu haurrak hezten laguntzeko tresna hauxe”.
Kalera, herrira, komunitatera ere ireki da Hik Hasi egitasmoa, Herri hezitzailea, eskola herritarra proiektuarekin. Egitasmoa azken urteetan hainbat alorretan gertatutako eboluziotik eratorritako proiektua da. Auzmendik esplikatu bezala, hezkuntzarako abiapuntua familia da, horren ondotik eskolatzea dator, eta horrekin batera baita heziketarako gune sozialak ere, hau da, kalea, herria eta bertako komunitatea, instituzioekin loturan: “Hiru esparru horiek osatzen dute haurren bizitza eta guztietan hezten dira umeak. Beraz, guztiek harremana izan behar lukete elkarrekin eta guztietan saiatu behar genuke balio hezitzaileak sustatzen”. Eskola herritarraren filosofiari jarraituz, garrantzia hartu du gertukoak, ingurukoak, herrikoak eta horren harira sortu dira tokian tokiko kultur ondarea jasotzeko eta ezagutarazteko baliabide pedagogikoak. Hik Hasi-ko kide Arantxa Urbek Orereta-Errenteriako materiala ondu zuen; eta ondoren Arrasaterako eta Azpeitirako baliabide pedagogikoak ere sortu ziren Hik Hasi-ren aholkularitzarekin.
Azken urteetan, eskolara, etxeetara nahiz herrira iristeaz gainera, Hik Hasi mundu birtualean ere bidea egiten ­ari da. www.hikhasi.com webgunean hezkuntzaren arloko albisteen berri emateaz aparte, hik hasi nahiz Hazi Hezi aldizkarietako edukiak ere bertan zintzilikatzen dira eta sare-sozialen —Facebook, Twitter...— bidez hedatu, euskal komunitatearen eremu zabalera iritsiz.

Ospatzeko urtea

2014-2015 ikasturtea ekimen ugariz betea dator. Ohiko moduan, hik hasi eta Hezi Hazi aldizkariak argitaratzen jarraitzeaz gain, 0-3 zikloko hezitzaileen formazioarekin ere aurrera darrai Hik Hasi-k, aurten 2. promozioarekin hasi da, baina horrez aparte, beste hainbat proiektu burutzeko probestu nahi du 20. urteurrena. Ikasturtea hasteko Reggio Emiliako esperientzia ezagutzeko aukera berri bat izango dute   hezitzaile eta herritarrek: Loris Malaguzziren pedagogia, udal eskola-sistemen berezitasunak, familien parte-hartze handiak... Era berean, udazkenean datozen lau urteetarako plan estrategikoa ere burutuko du; 2015. urteari hasiera emateko berriz, bigarren hezkuntzan diharduten profesionalekin hainbat saio egingo dira ziklo horretan dauden hutsuneak, indar-guneak, kezkak eta erronkak identifikatu eta hausnarketa egiteko; udaberrian, bestalde, eskola herritarraren edo denontzako eskolaren inguruko biltzarra egingo da eta topaketari amaiera emateko goraipamenak banatuko ditu Hik Hasi-k. Aipatutako guztiaz gainera, urteroko legez, Udako Topaketak eta bestelako ikastaroak ere antolatuko ditu.

 

Aldizkaria, bizkarrezur 

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak aldizkaria bizkarrezur izan du sorburutik. Hezkuntza komunitatea euskaraz informatzeko, formatzeko eta kohesionatzeko tresna izan baita aldizkaria, 0 aldizkariaren editorialak adierazten zuen eran:  “Sortu nahi dugun edota dagoeneko sortzen ari garen hilabetekari honen helburu nagusia Euskal

Irakaskuntzaren partaide garen guztion informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko bat izatea da”.
1995eko ekainean argitaratu zen 0 zenbakia. Lasarte-Oriako industrialdean Argia dagoen lekuan bertan izan zuen lehen erredakzioa hik hasi-k, eta  Joxe Mari Auzmendi irakasleak ­egin zituen hastapen haietan kazetari lan nagusiak, Ainhoa Azpiroz hezkuntza kazetariak gidaritza hartu aurretik. Ordutik hainbat irakasle eta kazetari pasa dira hik hasi-ren erredakziotik: ­Arantxa Urbe, Olatz Lasagabaster, Miren Guillo, Itziar Eizagirre, Arantzazu Muñoa, Ainara Gorostitzu...
Euskara bera ardatz izan da 20 urteko ibilbidean: “Gaur normala ikusten dugu heziketa gaiez euskaraz aritzea, baina hasiera hartan euskaraz lanean zebilen jendeak ez zeukan euskaraz sorturiko formazio-tresnarik”, gogoratu du Azpirozek. “Era berean, aldizkaria akuilu izan da euren lana ordura arte gaztelaniaz egiten zuten hainbat profesionalentzat euskaraz egiteko ­urratsa egin zezaten”.
Euskalduna izateaz gain, lehen editorial hartan agertzen ziren honako ezaugarri hauei eutsi die aldizkariak sortzetik: Nazionala, irakasleena, baterakoia, irekia eta plurala eta independentea. 0. zenbakiak, asmo-deklarazio gisa-edo, 20 urteko ibilbidean sakonduko ziren hainbat gako mahai gainean jarri zituen: Euskal Herriko curriculum baten garrantziaz idatzi zuen Lore Erriondok;  0-3 etapari prestigioa emateko premia nabarmentzen zuen Izaskun Madariagak; Ipar Euskal Herriari leku egiten zitzaion IKAS elkarteari buruzko erreportajean...
Euskararekin batera lurraldetasuna zaintzea lehenetsi du hik hasi-k. “Euskal Herri osoko eremuan elkarren berri izateko tresna bat da hik hasi.
Eremu guztietan eta sare guztietan izan ikastola, eskola publiko eta bestelako ere guztien berri eman izan dugu lekuan lekuko esperientziak jasoz”, azaldu du Azpirozek.
Lasarte-Oriatik Errekalden gaur dituen bulegoetara aldatu zen hik hasiren erredakzioa. Zuri-beltzeko orrialdeek kolorea hartu zuten, Interneten sartu zen, argazkiak digitalizatu... eta Hik Hasi-k euskal hezkuntzaren eta pedagogia aurrerakoiaren aldeko ­apustua sendotu zuen.
Pedagogia berria, haurra kontuan hartzen duten pedagogia dibulgatzea izan baita hik hasi-ren bigarren zutabea, euskal curriculumaren ondoan. “Hasieratik haurra errespetatuko duen pedagogia, eskola berria zabaltzeko ­ahalegina egin dugu, bai Montessori, Vigotski, Piaget, Freinet, Gardner, Bruner, Malaguzzi, Waldorf, Piklerren pedagogiaz zabalduz, baina baita ildo horretako eskoletako hemengo esperientziak ezagutaraztea ere”. Kooperazioa, hezkidetza, hezkuntza emozionala, afektibitatea, parte hartzea aldizkariaren zutabe izan dira, umearen iniziatiba kontuan hartu eta behetiko gora eraikitako eskola berriaren adarrak dira, eta 20 urte hauetan gizarte mailan sendotu eta sakondu egin dira. Hainbat gaitan aitzindari izan da aldizkaria. Bi aipatzekotan curriculumari dagokiona eta eskola herritarrari dagokiona aipatuko lituzke Auzmendik. “Curriculumarekin aurreratu ginen. Hasieratik argi ikusi genuen beharrezkoa zela Euskal Herri osorako euskal curriculuma, eta artean gizartean eztabaida hori egon ez arren denborarekin pisua hartu duen gai bat izan da”.
Egun, euskal hezkuntza-eredu propioa eraikitzen jarraitzeko estrategien berri informatzea du erronka aldizkariak, beti ere haurraren eta gaztetxoaren premiak aitortu eta aseko dituen eskola berria oinarri duen hezkuntza propio baten alde.

 

Euskaraz lan egiteko, euskaraz formatu

Hik Hasi hezkuntza egitasmoak  aldizkaria gorpuzten hasi zenean, bigarren zutabea ezarri zuen: formazioarena. Berrikuntza pedagogikoaren aitzindaritza Adarrak zeukan Euskal Herrian eta irakasleen prestaketara bideratutako hainbat ikastaro antolatzen zituen, baina gaztelaniaz. Euskal irakasleek beste erreferente bat ere bazuten: Katalunia. Irakasle multzo handiak joan ohi ziren hara udaro formatzera. “Jende berri asko geunden, magisterio bukatu eta zuzenean lanera sartu ginenak, eta sekulako formazio beharra geneukan. Hasiberritan, uztailero Kataluniara joaten ginen; abuztuan berriz, Loiolara musika ikastera. Oporren zati handi bat formatzen pasatzen genuen”, gogoratzen du Josi Oiarbide Hik Hasi-ren sortzaile eta kideak.

Eskolak euskaraz ematen zituzten irakasleek formazioa ere euskaraz behar zutela iritzita, ikastaroak antolatzeko burutazioekin hasi ziren Hik Hasi-ko kideak: “Eta topaketa pedagogiko batzuk antolatuko bagenitu euskaraz?”. Ikusten baitzuten alor horretan, hots, irakasleentzako euskarazko prestakuntzaren esparruan hutsunea zegoela. “Hik Hasik hasieratik argi izan du beharra dagoen lekuan egingo duela lan, inoiz ez dagoeneko aseta dauden eremuetan”.
Bururatu eta egin. 1996ko maiatzean Irakurketa eta Idazketa Konstruktibismoaren ikuspegitik izeneko jardunaldia antolatu zen Miramarren eta harrera beroa izan zuen: 200 lagunek baino gehiagok hartu zuen parte. Segituan, gainera, jendea Bizkaitik deika hasi zen han ere ikastaroa egiteko eskatuz, eta Loiun errepikatu zen 160 partaide ingururekin. “Garai hartan bazirudien euskara esparru txiki edo ­itxietara mugatuta zegoela, jardunaldi publiko eta garrantzitsuetan ez zuela tokirik. Guk, hasieratik horri buelta ­eman nahi izan genion. ‘Egitekotan goazen ondo egitera’, pentsatu genuen”, azaltzen du Oiarbidek. Handik hurrengo urtean haur-gaztetxoen Marrazki ekoizpenaren bilakaeraren inguruko jardunaldia egin zuten Iruñean; 1998ko maiatzean, berriz, baloreen ingurukoa Joxe Azurmendi eta Felix Placerrekin.
Jardunaldi monotematikoen beharra ikusita, ikastaro bakarraren ordez, gehiago ere antola zitezkeela otu zitzaien. Hala, lehen jardunaldia egin eta handik lau urtera, 2000ko uztailean, lehen Udako Topaketak antolatu ziren. Halaxe aipatzen da 2000. urteko uztail hartan kaleratutako hik hasi aldizkariaren 50. zenbakian: “Iritsi dira Hik Hasi Udako Topaketak! 900 pertsona inguru ibiliko gara Donostian hainbat ikastaro, hitzaldi, aurkezpen eta saiotan parte hartzeko. Orain dela urte batzuk Adarra Talde Pedagogikoak antolatzen zituen ikastaroek berea eman zuten. Geroztik, hutsune bat nabaritu izan da, eta orain, topaketa hauek hutsune hori betetzera datoz. Gauza berriak ikusi eta ikasteaz gain, elkarrekin egoteko aukera eskainiko digute topaketok”.
10 ikastaro izan ziren lehenengoan: Vigotski; Informatika Haur eta Lehen Hezkuntzan; Internet, aplikazio pedagogikoak; Afektibitatea eta Sexu Hezkuntza; Plastika; Musika, hezkuntzarako programazioa; Musika, hezkuntza berezian; Bigarren Hezkuntza euskararen erabilera nola sustatu; Ingelesa Haur Hezkuntzan; Atxikimenduaren inguruan: eskolaratze egoki baten bila; eta Euskaraz aritzeko kantak eta jolasak. Formazio-saioak ematen 47 profesionalek hartu zuten parte. Ordutik urtero egin dira Udako Topaketak eta ikasturtean zehar asteburuko jardunaldiak hainbat gairen inguruan.
Hurrengo saltoa Haur Hezkuntzarekin loturikoa izan zen, alor horretan formazio beharra baitzegoen. “0-3ra begira Reggio Emiliako esperientzia ­ekarri genuen eta orduan ohartu ginen jendea oldean etorri zela, 300 pertsona. Guk gazteak ginenean sumatu genuen formazio behar berbera ikusi genien haur hezkuntzako hezitzaileei. Jende gazte mordoa sartu zen haur-eskoletan eta formazio gogo handia zuten”, argitzen du Oiarbidek. Haur-eskoletan lanean ziharduten hezitzaileentzat,  udazkenero asteburuko jardunaldi espezifikoa antolatzen hasi zen Hik Hasi.
Haur-eskoletako profesionalentzat zuzendurikoa izan da Hik Hasi-ren formazio adarraren proposamen berriena ere: “Horrelako beharra badago, zergatik ez dugu urtean zeharreko prestakuntza sakonagoa egiten?”. Eta 0-3 zikloko hezitzaileei bideratutako bi ikasturteko formazioa sortu zen hala. Emmi Pikler, Loriz Malaguzzi eta formazio pertsonala uztartzen ditu kurtsoak. Hezitzaileek 0-3 zikloko haurrekin aritzeko orduan erreferentziazko hainbat teoria ezagutu ahalko dituzte, hortik bakoitzak bere ondorioak atera eta praktika pedagogikoa osatu dezan.

Formazio-hutsuneak betez

Monografikoak dira Hik Hasi-k hezkuntzako profesionalen formaziora bideratu duen beste erreminta bat. Hainbat gai eta eduki lantzeko aldizkaria motz gertatzen zela konturatuta, zenbait gai espezifikoren inguruan monografikoak argitaratzea erabaki zuen. Bidez batez, hainbat jardunaldi eta ikastarotan landutakoak bilduta gertatu dira hala. Guztira 27 monografiko argitaratu dira 20 urtean.
Pedagogiaren arloan Euskal Herritik kanpo erreferenteak diren profesionalak ekartzeaz gainera, atzerriko esperientziak bertatik bertara ezagutzeko bidaia pedagogikoak ere antolatu izan ditu Hik Hasik. Besteak beste, ­Italiako Reggio Emiliara –150 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte-, Finlandiara, Herbeeretara, Estoniara, Herrialde Katalanetara, Kubara… “Formaziorako bide polita da, nahiz ­eta batzuetan finantziazioa zaila izan”.

Liburu monografikoak:

1.Irakurketa-idazketa
2.Haur-gaztetxoen marrazki ekoizpenaren bilakaera
3.Baloreak irakaskuntzan
4.Atxikimendua
5.Vigotski
6.Afektibitatea eta sexu hezkuntza
7.Kohlberg
8.Hizkuntza idatzia eta ikasleen aniztasuna
9.Etorkinak gure eskolan
10.Antzuolako eskola
11.Howard Gardner
12.Heriotza heziketan
13.Jerome Seymur Bruner
14.Jorge Oteiza
15.Arreta gabezia hiperaktibitatearekin nahastea
16.Estresa irakaskuntzan  
17.Pedagogo sortzaileak teorien iturburu
18.Irakasleen profila
19.Reggio Emilia
20.Konstruktibismoa
21.Bizikidetza lantzen
22.Elebitasunetik eleaniztasunera
23.Finlandiako hezkuntza
24.Idazketaren didaktika
25.Ahozko hizkuntza
26.Haur hezkuntza
27.Herri hezitzailea, eskola herritarra

Bestelakoak:

-Euskal Herriko Baliabide Pedagogikoen Gida 1997az geroztik, bi urtean behin
-Jolasen eta ipuinen bildumak:
     -Haur jolasen abestiak I, II eta III (CDa)
     -Kukurruku (ipuinen CDa)
     -69 abesti jolasteko (CDa)
-DVDak:
     -Zatoz jolastera (DVDa)
     -Jolasen altxorra (DVDa)
     -Ilargiaren sekretua (DVDa)
     -Begiradaren heziketa (DVDa + liburua)
-Musika tresnetarako metodoak:
    -Txirulaz liburu eta CDa
    -Gitarraz
    -Eskusoinuaz  
    -Ostadarraren hotsaz -  Aschero metodoa
     -Pianoaz
-Liburuak:
    -Ilunetik Argira, Elbira Zipitria (egileak: ABASOLO, Resu; LOPEZ DE MUNIAIN Juana; URBE Arantxa)
    -Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako (eg.: Joseba Sarrionandia)
    -Gazteak eta euskara

Bidaia pedagogikoak

-Reggio Emilia, Italia
-Habana, Kuba
-Katalunia
-Finlandia
-Estonia
-Herbeereak