0-3. Hezitzaileen formazioa. Loris Malaguzzi

“Eskola beti eraldatzen eta berrasmatzen aritu behar da, nahiz eta okerrak egin”

 
 

0-3 urte bitarteko haurren hezi­tzaileei zuzenduriko formazioaren bigarren ikasturteak Loris Malagu­zziren filosofia izango du ardatz nagusietako bat.

Malaguzzi Italiako Corregio herrian jaio zen, 1920an. Reggio Emilia tradizio komunistako hirian bizi izan zen eta han gauzatu zuen bere proiektu pedagogikoa 55 urtez. Hasi 1946an hasi zen 0-6 urte bitarteko haurrekin, haien  guraso­ekin eta hezitzaileekin lanean, herri ekimenetik sortutako zortzi eskola autogestionatutan. Gero, 60etan, Udal Haur Eskola bihurtu ziren, eta berriki proiektu pedagogikoa Lehen Hezkuntzara hedatu dute Reggio Emilian.
Alfredo Hoyuelos doktore euro­parrak eskuz esku egin zuen lan Malaguzzirekin Reggio Emilian, eta haren pentsamenduaren eta obra pedagogikoari buruzko doktore tesia egin zuen. 0-3 formazioko ikaslerro honen arduradun peda­gogikoa da, eta berak eskaini du ikasturteko sarrera-hitzaldia.

Zergatik da hain interesgarria Loris Malaguzziren begirada Haur Hezkuntzan?
Loris Malaguzzirena hezkuntza filosofia orokor bat da, haurrari zuzenduriko begirada orokor bat da, nola ikusi umea eta, batez ere, gizakia ikusteko modu oso inte­resgarri bat eskaintzen du Malagu­zziren hezkuntza-filosofiak. Ez da 0-3 edo 3-6 etapetarako filosofia edo pedagogia bat, baizik eta haurra, hezkuntza, mundua ikusteko modu bat da.

Zein dira begirada horren ezaugarri nagusiak?

Malaguzzirentzat hezteak diber­tsioa, baikortasuna, barrea eta alaitasun neurrigabea esan nahi zuen. Horrexegatik, egunero, haur-eskoletatik ateratzen naizenean hainbat galdera egiten dizkiot neure buruari Loris Malaguzziren peda­gogian oinarria dutenak. Batetik, “nola dibertitu naiz gaur?”. Mala­guzzirentzat dibertsioa oso garran­tzitsua zen; berak uko egin zion aspertzeari. Berarentzat oso inpor­tantea da haur eskoletan umeekin dibertitzea, baina baita lankideekin eta familiekin ere.
Dibertsioaz gain dibergentzia inpor­tantea da. “Espero ez nuen zer jaso dut gaur?” Berarentzat oso inportan­tea zen ustekabea, harridura, transgresioa. Errutinaren kontra zegoen; errepikatzearen, programa­zioaren, dena aldez aurretik erabakita edukitzearen kontrakoa zen. Eta hor badago hezkuntzaren kalitatea. Inportantea da geure buruari galdetzea zenbat gauza berri deskubritu ditugun haur-eskolan, eta 0-3, 3-6 edo 6-12an berdintsu da, galdera hori beti da oso inportantea.
Neure buruari galdetzen diot, baita ere, zenbat dokumentatu dudan. Malaguzzirentzat oso inportantea zen aztarnak uztea, dokumentatzea. Haurra ezagutzea oso inportantea zen, eta aztarnak —dokumen­tazioa— uztea hainbat moduta, panelen, bideon bidez..., Baina dokumentazioaren helburua ez da deskribapena, narrazioa baizik, hau da, nola interpretatzen dudan umeek interpretatu duten mundua. Desberdina da.
Beste galdera bat: “Zer egin dut ederra?”. Malaguzzirentzat oso inportantea zen edertasuna. Itsusiari uko egiten zion. Zer objektu aukeratu ditut umeentzat? Zer proposamen, zer material, nola jarri ditudan, nola kontuan hartu dudan argia, kolorea, soinua… Garrantzia handia ematen zion umeei eskai­niko diegun hori ondo aukeratzeari. Ume txikiei objektu bat eskaintzean, diseinuaren kalitatea begiratu behar duzu. Reggio Emilian polisentsoria­litateaz hitz egiten dute, diseinuaren konplexutasunaz.
Horrez gain, beste ekarpen edo gal­dera interesgarri bat honako hau da: “Nire lanbideak egunero zer eragin politiko dauka?”. Malaguzzirentzat oso garrantzitsua da pedagogiaren eta politikaren arteko harremana. Berarentzat gu gizaki politikoak gara; zer aukera ditugu gizartea, mundua, kultura aldatzeko?
0-3 urteko haurrei objektu konplexuak eman behar zaizkie?
Haurrak, jaiotzen den unetik, gaitasunak ditu, eta gaitasun horiek garatzeko baldintza egokiak eskaini behar zaizkio.  Malagauzzik esaten zuen umeek munduko konplexu­tasuna ulertzen dutela, eta konple­xutasuna behar dutela. Nola neur­tzen duzu konplexutasuna? Objek­tu batekin egin ditzakeen erlazio kopuruaren arabera. Zuk fitxa bat ematen badiozu urtebeteko ume bati, erantzun bat bakarra duen fitxa bat, (“zirkulu baten barruan sartu behar dituzu gometxa gorriak, bestela oker egin duzu”) aukera bakarra eskaintzen diozu. Objektu bat ematen badiozu, eta objektu horrek mila aukera ematen baditu, konplexutasun handiagoa du, eta ikuspegia itxi ordez, zabaldu egiten du haurrak.
Koloreari dagokionez, adibidez, kolore primarioak, ñabardurarik gabekoak, ez aukeratzea gomenda­garria da; edo  kausa-efektua oso lotua duten objektuak beharrean —ukitu eta zaunka egiten duen txakur-panpin bat, adibidez—, egituratu gabeko materialak ematea egokiago ikusten zuen.

Esan duzu Malaguzzirentzat garrantzitsua zela pedagogiaren eta politikaren arteko harremana. 0-3 zer zentzutan da politikoa?
Malaguzzik oso argi ikusten zuen: mundua, kultura, gizartea… alda dezakegu, eta nola? Umeen kultu­ratik hasita, eta gurasoekin lan eginez. Adibide zehatz bat jarriko dizut: Mendillorri Udal Haur Esko­lan ostiraletan ume talde txikietan auzora ateratzen gara gurasoekin. Konturatu gara helduak helburu bat izaten duela, norabait zerbait ikustera joateko helburu zehatz bat izaten du, eta hara zuzentzen du txangoa;  putzuak saihesten ditu, adibidez; umeak, berriz,  putzuan gelditzen dira, jolasten, aukerak bilatzen, zapuzten… Kasu honetan, gurasoei eskatu diegu bigarren planoan gelditzea eta umeei jarraitzea, eta guraso batzuek jarre­ra aldatu dute: etxetik ateratzean ez dira helburu batekin ateratzen, eurekin egindako lanaren ondoren, eta dokumentazioa aztertu ondo­ren, hiria beste modu batera ikusten dute, jolasa eta mundua ez dagoela parkean ikusi dute, baizik eta edozein lekutan; eraldaketa hori politikoa da.
Oso malaguzzianoa da ez uztea haurren kultura eskolako pareten barruan, eta hirira aurkeztea, publikoki ikustea umeek nola esperimentatzen duten, ulertzen duten, bizi diren… politikoki era horretan gauzak alda daitezke.
Eskubideena arlo garrantzitsua da, gizartean, eskolan ze eskubide dituzte  haurrek? Eskubide garran­tzitsu bat da haien aukerak erres­petatzea, eta horretarako entzun egin behar zaie.

Programazioaren ordez Malaguzzik proiektuka lan egitea proposatzen du. 0-3an nola?

Ez dago aldaketarik 3-6koarekin. Programazioak aldez aurretik helburu didaktiko batzuk ezarri eta umeek helburu horiek lortzea eskatzen du. Adibidez, umeak kanpoa eta barrua bereizten ikasteko hainbat jarduera egin ditzakegu,  uztai baten barruan sartzeko eta ateratzeko esan diezaiekegu, edo fitxa batean gometxak zirkulu baten barruan eta kanpoan jartzeko agindu diezaie­kegu…  horrelako gauzak egin egiten dira gaur egun hemen programazioak jarraituz. Proiek­tuak aukerak ematen dizkie haurrei, helburuak jarri gabe. Hainbat gauzaren artean uztai bat ematen badiot haurrari, baina ziurgabetasunarekin jokatzen badut, onartuko dut ez dakidala zer egingo duen uztaiarekin, barruan sartuko den eta etxetzat hartuko duen edo airera botako duen eta ea hegan egiten duen begiratuko duen… Aukera ez dela bakarra ikusiko dugu.
Hezitzaileon egitekoa oso garran­tzitsua da; batetik, proposamenak eta materialak eta aukerak prestatu behar dizkiegu, zerbait behar baitute gaitasunak garatzeko;  ordea, gero haiek zer erabaki, beste gauza bat da. Bigarrenik,  gure interbentzioa eutsi behar dugu, baina, eta hirugarrenik, alboan egon behar dugu, ziurtasun afektiboa emateko.
Malaguzzik honakoa esaten zuen hezitzaileon etikari buruz: “beti balizko aukeren kopurua handi­tuko duzun moduan joka ezazu”.

Entzuteari garrantzia handia ematen zion Malaguzzik, umea errespetatzeko entzun egin behar dela zioen…

Ezin daiteke entzun errespetatu gabe, eta ezin daiteke inor errespe­tatu entzun gabe.
Malaguzziren ikuspuntutik oso garrantzitsua da ulertzea entzutea ez dela bakarrik adi egotea eta umeek esaten dutena ulertzea, baizik eta entzuteak ardura etikoa dakarrela, entzute horren ondorioz hezkuntza praktika aldatzeko prest egotea esan nahi du, errespetatzea. 2 urte­ko ume batek goizeko hama­rretan patiora jolastera joan nahi duela esaten badizu, entzutea ez da “bai entzun dizut”, esatea, “baina itxoin behar duzu, guk antolatu dugun eran 11k arte ezin gara atera”; Malaguzzirentzat hori ez da entzu­tea, zuk antolakuntza aldatu behar duzu umearen nahia eta eskubidea errespetatzeko. Ume batek esaten badizu orain nahi duela joan patiora jolastera, helduak ikusi behar du nola antolatu duen eguna nahi hori bideratzeko; batzuetan ez da erraza, ezinezkoa da ratioengatik… baina beste batzuetan ohiturak dira erresitentzia ezartzen dutenak. Entzutea da umeen nahiak, umeen eskubideak bideratzea. Zuk ikusten baduzu 11 hilabeteko ume bat objektu batekin gustura ari dela jolasten, baina zure antolaketaren arabera pixoihala aldatzea dago­kiola, bi aukera dituzu: helduaren antolakuntza jarraitzea eta, tokatzen zaionez, pixohiala aldatzea; edo  umearen nahia ikustea, eta egiten ari den hori interesgarria denez, itxoitea. Itxoitea oso garrantzitsua da. Zenbat itxoiten diegu umeei? Haien denbo­rak ez dira gureak bezalakoak, ez daukate gure erritmoa.
Malaguzzirentzat oso garrantzitsua da dugun antolakuntza aldiero urra­tzea: ziurgabetasuna da hori. Betiko antolakuntza urratzen du, edo hil egiten da eskola. Batzuetan honako hau entzuten dut: “Beti modu hone­tan egin dugu, eta funtziona­tzen du”; Malaguzzirentzat hori ezinez­koa da. Eskola beti eraldatzen eta berrasmatzen aritu behar da, nahiz eta okerrak egin. Inportantea da okerrak egiteko eskubidea izatea. Batzuetan beldur gara, eta beldurra minbizia bat da. Ezinezkoa da beti betiko gauzak egitea. Horrexegatik asmatu zuen atelieris­taren figura, gauzak urratzeko, gauzak beste modu batera egiteko, gauza eroak egiteko. Malaguzzik defendatzen zuen hezkuntzan ari garenok eroak izan behar dugula. Dena aldez aurretik jakinda ezin da hezi.
Horretarako oso garrantzitsua da familien parte-hartzea eta konfiantza, ezta? Familien parte-hartzeari garrantzia handia ematen zion Malaguzzik.
Nik hiru gauza desberdintzen ditut partaidetzari loturik. Batzuetan partaidetza ulertzen da informazioa emate gisa, hezitzaileak gurasoei  kontatzen die seme-alabek zer egin duten; nire ustez batzuetan konfun­dintzen da parte hartzea informa­zioa emate-jasotzearekin. Beste forma bat kolaborazioa da: inau­teriak antolatu ditut, eta gurasoen kolaborazioa eskatzen dut; ez da nahikoa Malaguzziren ikuspuntutik. Berarentzat gurasoen partaidetza bi gauza dira: 1. Gurasoen hitzak eta iritziak kontuan hartzea. Haien nahiak, kultura kontuan hartzea eta agian gure antolakuntza aldaraztea eta eraldatzea. Haur eskoletan batzuetan itxita daukate atea gurasoek;  partaidetza sartzea da. Eta 2. Partaidetza sentimendu bat da: nola sentitzen diren eskolako parte. Batzuetan sartzen dira baina ez dute sentimendu hori, zerbaiten parte izatea. Malaguzzirentzat partaidetza batez ere sentimendu bat da. Reggio Emiliako haur eskoletan funtsezko elementua da familien esku-hartzea.

Formazioari begira, lehendabiziko urtean Emmi Piklerren pedagogiaren hurbilketa bat izan da ardatz. Piklerrek behin eta berriz esaten du umearen erritmoak errespetatu behar direla, eta puntu hori oso garrantzitsua da baita Malaguzzirentzat ere. Nola uztartzen da Malaguzziren pedagogia Emmi Piklerrenarekin?

Oinarrian badaude gauza oso parekoak: biek pentsatzen dute umeek badituztela eskubideak, eta gaitasun pilo bat badituztela. Eta umeak errespetatzeko estimula­ziorik gabe egin behar dela, oinarri horretan gauza bera ikusten dut biengan. Errespetua oso garrantzi­tsua da bietan. Estimulazioaren kontra, zer aukerak dituzten ikusteko entzun behar ditugu umeak. Malaguzziren ikuspuntutik, jaiotzen garen momentutik 100 hizkuntza baditugu, eta helduok ikasi behar dugu haurrari nola entzun. Hipotesia da Malaguzzi­rentzat umeak badakiela hitz egiten, badakiela marrazten… hizkuntza guztiak badituela. Haurrak gaita­sunak garatzeko baldintza egokiak behar dituela ikusi zuen Mala­guzzik.
Ezberdintasun batzuk badira Piklerren eta bien artean. Hasteko eta behin, kultura aldetik: Pikler kultura austrohungarokoa da, eta Malaguzzi oso latinoa zen, eta beste balore batzuk ditu, eta hori gauzak egiteko garaian ikusten da. Desber­dintasun horiek, nire ustez, politak izan daitezke, nahiz eta batzuetan ez den erraza izango uztarketa. Piklerrek protokolo edo koreografia oso zehatz eta interesgarriak egin ditu, Malaguzzi askoz kaotikoagoa da, zentzu onean. Kaos horretan koreografia bilatzea erronka handi bat da.  

Reggio Emiliako testuingurua oso berezia izan da, komunista eta antifaxista. Gaur eta hemen, egoera desberdina da. Oker bat egingo genuke hango eredua hemen kopiatu nahiko bagenu, ezta?

Hemen egoera oso desberdina da. Jakin behar dugu gauzak itzultzen; modek ez digute balio. Iruñeko gizartea —nik lan egiten dudan lekua— oso desberdina da ekono­mikoki eta kulturalki Reggio Emiliakoaren aldean. Akats handi bat litzateke Reggio Emiliako esperientzia kopiatzea. Baditugu beste balore batzuk, beste antola­kuntza batzuk, beste ratio batzuk, gurasoen kultura oso desberdina da… Eredua kopiatu ez, askoz polikiago joan behar dugu, ideiak ondo landuz, gauza xumeak oso ondo eztabaidatuz aldez aurretik… eta beste kultura batzuk sortu behar ditugu. Reggio Emilian sortuta dago aspaldi.
Reggioko esperientziak jarraitzen du, handitu da, zabaldu da. Hango gizartea ere aldatu da, baina kooperazio balore batzuek, nire ustez, jarraitzen dute. Kooperati­bismoa gizartean oso sartua dago, eta bileretan ere nabaritzen da, eztabaidatzeko ohitura handiagoa dute, baina ez bestearen kontra joateko, baizik eta elkarrekin zerbait eraikitzeko, nahiz eta iritzi desberdinak izan.