Antzerki klown-a

2003-07-01

Klown ikastaroa egin nuen lehenengo aldian liluratua sentitu nintzen. Aurretik aktore moduan, beste estilo asko jorratuta neuzkan, baina klownak ireki dizkidan bideak izugarriak izan dira. Hasteko, bakoitzaren izaeratik ateratzen da pertsonaia, eta beraz lan naturala da, eta estiloa ezagutu eta gero izugarrizko tresna da emozioak eta egoera ezberdinak sentitzeko eta adierazteko. Zer gehiago eska diezaiekegu gure ikasleei?

 
 

Ikasleekin klowna lantzen duen inor ez dudala ezagutzen aitortu behar dut, eta berez arlo horretan nahiko autodidakta izan naizela ere bai. Baina urtero ikusten ditut nire ikasleak, estilo hori landu eta gero, desinhibituak, inongo lotsarik gabe aktuatzen, benetako egoerak sentitzen, emozioak indar bereziz adierazten.

Ez naiz oso teorikoa, are gehiago, gero praktikara eramatea ezinezkoa bada, ez zait interesatzen. Horregatik, ikastaroa oso praktikoa izatea nahi dut, zuek gero, bakoitzak bere mailan, ikasleekin lantzeko.
Badakit hiru egun gutxi direla, baina gutxienez lehenengo kontaktua izango da, oinarri zehatz eta garbi batzuekin, gero zuek beste urratsa batzuk emateko, beste ikastaro batzuk egiteko, edo agian, ikasturtean elkartzeko eta gure esperientziak trukatzeko.
Klown estiloa lantzen hasiko gara, zer ezaugarri dituen aztertzen eta garrantzitsuena: esperimentatzen. Horretarako beroketak, jokoak, ariketak… egingo ditugu eta egoera desberdinetan klownak jartzen, ikusleekin kontaktua sortzen, bakarkako sarrerak egiten, bikotean lantzen… arituko gara. Horrela, bakoitzak bere barruko klowna ateratzea lortuko dugu. Bigarren egunean oraindik beroketa eta joko batzuk egingo ditugu, eta arropa desberdinak jantziko ditugu. Segur aski bat-bateko saio batzuk egiteko prestatuta egongo gara. Testu sinple batzuk ere lantzea gustatuko litzaidake, horrela, hirugarren egunean ariketa batzuk egin ondoren, antzerkitxo batzuk egiteko prest egoteko. Azken finean, euskara, rolak, pertsonaiak eta abar klownetik ere landu ditzakegula konturatuko gara, eta baita gazteei axola zaien edozein gai ere ikus dezakegula.
Askotan pailazoa haur bat bezalakoa dela esaten da, eta iritzi horrek nahiko arrazoia dauka. Klownaren munduan haurraren ezaugarri asko daude. Esate baterako, haien txantxak, erantzunak, umore aldaketak, bat-batekotasuna. Guri gehien interesatzen zaiguna haurrek jolasteko eta esperimentatzeko duten gogoa da. Horregatik, esperientzia honetan sinesten dut, eta ikastoletan, eskoletan, aisialdiko taldeetan edota antzerkiko tailerretan erabil daitekeela uste dut.
Mesedez, ez beldurrik izan ikastaro hau egiteko, gure klowna ezagutzeko abentura alai eta askatzailea burutuko dugu. Ez dugu asko exijituko, jolasteko gogoa izatea eta sentikor izatea baino ez. Animo.