Web orrien diseinua

2003-07-01

Hiru eguneko ikastaro trinko honetan Internet munduan murgildu behar dugu, edo zehatzago esateko, Internet edo Intraneteko edukien argitarapenean.

 
 

Hiru egun trinkoko ikastaro honetan Internet munduan murgildu behar dugu, edo zehatzago esateko, Internet edo Intraneteko edukien argitarapenean.

Apunteak, ikastetxeetako web orriak... izango dira ardaztzat hartuko ditugun adibideak, eta helburua web orrien eraketaren oinarriak ikastea izango da.
Honako hauek izango dira jorratuko ditugun edukiak:

Word-ek ematen dizkigun ahalbideak:

Microsoft etxeko Word testu prozesatzailea da, zalantzarik gabe, gehien erabiltzen dugun tresna informatikoa. Baina askotan ez dugu jakiten eratzen ditugun dokumentuak web orri bihur daitezkeela, eta era errazean, gainera; dokumentua gordetzean Web orri bezala aukeran sakatuz, hain zuzen ere.
Horrela, gero Nabigatzaile baten bidez ikus ditzakegu, web orri editore batekin eginak baileuden. Dokumentuz dokumentu joateko aukera ere badugu, testu prozesatzaileek estekak egiteko dituzten funtzioak aprobetxatzen baditugu.
Hori da ahalegin handirik egin gabe ikasiko dugun lehendabiziko gauza: normalean erabiltzen dugun tresna web editore bihurtzen.

Web orrien editoreak:

Bigarrenik, era profesionalean web orriak diseinatzeko erabiltzen diren programen gorabeherak ikusiko ditugu, eta arreta berezia Macromedia etxeko Dreamweaver programari ipiniko diogu.
Webgune baten eraketa, testu eta irudien formatua, markoak eta abar era errazagoan egiten dira editore horietatik. Eta webgune bat eratzeko behar diren oinarrizko funtzioak ikasiko ditugu, ipiniko ditugun adibideak gure ingurune hurbilekoak direlarik: ikastetxearen web orria, apunteak edo ariketen publikazioa HTML formatuan.

Grafikoak eta grafikoen trataera:

Askotan argazki edo irudiak gehitu nahi izango dizkiegu gure lanei erakargarritasun handiagoa emateko. Bada, atal horrek ere izango du bere txokoa ikastaro honetan. Irudien digitalizazioaz eta irudiak tratatzeko erabiltzen diren programez hitz egingo dugu, horietako baten oinarrizko funtzioak ikasiz gure web orrietan irudiak sartu ahal izateko.

Interneten edo Intraneten argitaratzea:

Amaierako helburua, eta azkenengo urratsa, egindako lana argitaratzea izango da, gure ikastetxeko Intraneten edo Interneten.
Horretarako, zerbitzarietara artxiboak bidaltzeko erabiltzen diren FTP programak eta Dreamweaver berak dakarrena aztertuko ditugu.
Ikastaroan egindako adibideak Interneteko zerbitzari batean eskegiko ditugu eta ondoren Internetetik kontsultatu ahal izango ditugu.