Joaquim Ruyra. Emaitzen bermea duen ikas komunitatea

2018-04-01

 

Bartzelonako metropoli-eremuko ingurunerik pobre eta gatazkatsuenetako batean dago Joaquim Ruyra eskola publikoa. Ikasleen % 92k jatorri atzerritarra dute eta ikasleen % 40k ez dute ikasturte osoa bertan egiten. Aurreiritzi guztien kontrara, ordea, bertako ikasleek kanpo ebaluazioetan ematen dituzten emaitzak Kataluniako batezbestekoaren oso gainetik daude. Ez daukate horretarako errezeta magikorik; bai, ordea, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako lan egiteko modu bat: ikas komunitatea, eta horixe dute arrakastarako giltza. Zuzendaritza-taldeak argi du: ikas komunitatea ezaugarritzen duten arrakastarako jardunbide guztiak zorroztasunez aplikatzen badira, eskolako errealitateak hobera egiten du, zentzu guztietan. Bertan izan dira Hik Hasi-ko kideak esperientziaren berri jasotzen.

 

 
 

"Mirari” hitzarekin deskribatzen dute batean eta bestean Kataluniako Joaquim Ruyra ikastetxeko errealitatea. Edonork barneraturik izan ditzakeen printzipio eta usterik sendoenak kolokan jartzen dituzte hango jardunak eman dituen fruituek eta bertako ikasleek lortu dituzten emaitzek.   

Bartzelonako metropoli-eremuko ingurunerik pobre eta gatazkatsuenetako batean dago Joaquim Ruyra eskola publikoa: L’Hospitalet de Llobregat-eko Florida auzoan, hain zuzen. Ikasleen % 92k jatorri atzerritarra dute —30 nazionalitate inguru ordezkatzen dituzte— eta ikasleen % 40k ez dute ikasturte osoa bertan egiten —ikasturtea hasita iritsi direlako edota kurtso barruan beste bizitokiren batera joan direlako—. 

Aurreiritzi eta dogma guztien kontrara, ordea, bertako ikasleek kanpo ebaluazioetan ematen dituzten emaitzak Kataluniako batezbestekoaren oso gainetik daude, eta arlo batzuetan Kataluniako ikastetxe prestigiotsuenetakoak baino hobeak ere badira. Ez daukate horretarako errezeta magikorik; bai, ordea, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako lan egiteko modu bat: ikas komunitatea, eta horixe dute arrakastarako giltza. Zuzendaritza-taldeak argi dio: “Ikas komunitatea ezaugarritzen duten arrakastarako jardunbide guztiak aplikatzen badira, eskolako errealitateak hobera egiten du zentzu guztietan: maila sozialean, bizikidetza mailan, maila akademikoan, ikasleen garapen pertsonalaren mailan…”. 

Zorroztasunez eta zehaztasunez martxan jartzen den edozein eskolatan funtzionatzen duen eredua da ikas komunitatearena, berdin Brasilgo faveletan edota Cambridgeko eliteko eskoletan. Izan ere, mota guztietako testuinguruetan emaitza onak ematen dituzten jardunbideak zeintzuk diren probatuta dauka nazioarteko komunitate zientifikoak. INCLUDE-ED programaren bidez egiaztatu dira horiek Europa mailan eta erakutsi dute arrakastarako jardunbide guztiak seriotasunez ezarriz gero, eskolako funtzionamenduak hobera egiten duela.

Ikas komunitate bidezko funtzionamendua ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dago, beraz, horixe izan da Joaquim Ruyran metodologia horren bidez lanean hasteko arrazoi nagusietako bat. Miquel Charneco eskolako ikasketa-buruak adierazten duen eran, ondo funtzionatzen dutela testatutako jardunbideetan oinarritzen da eta hori izan daiteke beste proiektu batzuetatik desberdintzen duena: “Europako Iparraldeko herrialdeetan lan egiten duten antzera jarduten dugu guk ere. Behin eta berriz jartzen da Finlandia adibide gisa, eta bertako ezaugarri nagusia da irakasleek medikuek bezala egiten dutela lan: artikulu zientifikoetan oinarritzen dira, hau da, ez dituzte metodologiak asmatzen. Eta, gu, hemen, horretara ohituegi gaude”. 

Joaquim Ruyrako irakasleek alemaniarrekin edota suitzarrekin alderatzen dute euren lan egiteko modua. Ikasturte bakoitza, hiruhileko bakoitza, aste bakoitza, egun bakoitza eta ordu eta minutu bakoitza oso zehatz planifikatuta eta oso argi egituratuta izaten dute: “Guri, zuzendaritza-talde bezala, ez zaigu inprobisatzea gustatzen, ez zaigu probatuz eta esperimentuak eginez berritzea gustatzen. Guk funtzionatuko dutela dakigun jarduerak egin nahi ditugu”, zehazten du Raquel Garcia eskolako zuzendariak.

 

Aldaketaren sustraiak, mende hasieran

2009-2010. ikasturtetik ari dira Joaquim Ruyran ikas komunitate bidez lanean. Baina ikastetxean lan egiteko modua aldatzeko premia lehenagotik hasi ziren sumatzen. 2003tik 2006ra bitartean Florida auzoko biztanleria erabat aldatu zen, eta beraz, baita eskolako ikasleak ere: % 90 bertan jaioak izatetik, % 90 kanpotik etorriak izatera igaro ziren. Alegia, ikastetxeko errealitatean, denbora gutxian, sekulako iraultza gertatu zen. Charnecok azaltzen duenez, ordura arte “emaitza onak” lortzen zituzten ikastetxeko ikasleek, baina euren zalantza nagusia zen, ikasleri mota berri harekin ere ordura arteko metodologiak funtzionatuko ote zien: “Merkatuan zeuden metodo ezberdinen bila hasi ginen, onenak hartu eta eskola-porrotari aurre hartzeko asmoz. Ez gara konformistak, ez genuen nahi betiko leloetan geratu. ‘Ai, gaixoak!’, ‘Dauzkaten familiekin…’, ‘Sikiera, izan daitezela zoriontsu’… eta antzekoekin. Ez. Guk gure eskolako ikasleek emaitza onak ematen jarraitzea nahi genuen”.

2005. urtetik aurrera Kataluniako Hezkuntza Departamentuak eskaintzen zituen formazio-saio guztietara joaten hasi ziren, balioko zien “zerbait berriaren bila”. Teknologia berrietan, ingelesean, liburutegigintzan… formatu ziren,
helburu jakin batekin: nola hobe dezakegu eskolako jarduteko modua? “Merkatuan ikusten genituen berrikuntza guztien gaineko informazioa jasotzen genuen”, dio Garciak. Eta, hala, talde kooperatiboetan lan egiten hasteko formazio bat jaso zuten. Baina horrek ere ez zituen ase: “Metodologia kooperatibo horrek umeak jatorriz dakartzan gaitasunak indartzen ditu, eta gu horrekin oso kritiko ginen, eta ez zitzaigun guretzat metodologia egokia iruditu. Gure helburua ez delako umeak berez dakarren hori soilik sustatzea, baizik eta konpetentzia guztiak landu eta ikaslea denean gaitzea”. 

Izan ere, haurrak zoriontsu izatetik haratagoko helburuak dituzte Joaquim Ruyran. Haurrak pozik sentitzea nahi dute han ere, baina horrekin batera, ongizate eta zoriontasun horrek eraldaketa sozialerako ere balio diezaien lan egin gura dute. Hala dio Charnecok: “Ez daitezela egon gaur egun dituzten baldintzetan, edo are okerragoetan, bizitzera kondenatuta. Eta aukera akademiko bat eman ezean, auzo honetan izango duten irtenbide bakarra dagoeneko ezagutzen duten hori erreproduzitzea izango da”. 

Talde kooperatiboen bidezko lanketaren aurrean euren desadostasuna azaldu zutenean, formatzaileak berak esan zien Joaquim Ruyrako lan-taldea bila zebilen hori dagoeneko existitzen zela eta izen-abizenak zituela: ikas komunitatea. Bartzelonako Unibertsitatearekin kontaktuan jarri zituen eta Tarrasako eskola bat bisitatzeko aukera ere eman zien: “Joan ginen, ikusi genuen eta segituan ‘Bai! Hauxe da guk nahi eta behar duguna’, esan genuen”. 

Gaur egun 3-12 urte arteko 420-30 ikasleko eskola da Joaquim Ruyra, 34 irakaslek dihardute bertan lanean. 2005ean aldaketak txertatzen hasi zirenetik 4 irakasle soilik mantentzen dira, eta horietatik 3 zuzendaritza-taldean daude. Raquel Garcia zuzendaria eta Miquel Charneco ikasketa-burua horietako bi dira. Lehenak 6 urte daramatza zuzendaritza taldean eta bigarrenak 10. 

Ikasturte honetan lehen aldiz konplexutasun handieneko eskola izendatu badute ere, eta horri esker, irakasleen egonkortasuna handitzea lortu duten arren, urtero izaten dituzte irakasle berri mordoxka, baita ikasturte barruan zehar ere, ordezkapenak egitera datozenak. Baina irakasle horiek ez dira besterik gabe lanean hasten, baizik eta Joaquim Ruyrako funtzionatzeko modua ezagutzen joan daitezen, lehenik eta behin, zuzendaritza-taldeak formazioa eskaintzen die, modu teorikoan nahiz praktikoan ikas komunitatea zer den jakin dezaten. Gainera, hastapenean, irakasle berri horiek ez dira inoiz bakarrik egoten, baizik eta dagoeneko ikas komunitateetan lanean denbora daramaten irakasle-kideen laguntza izaten dute, eta gelako ardura nagusia ere irakasle “beteranoek” hartzen dute.

 

Arrakastarako zazpi gako

Nazioarteko komunitate zientifikoak testatutako arrakastarako hainbat jardunbide dituzte definituta ikas komunitateek. Horiek guztiak aplikatzen badira, eskolako jarduna nabarmen hobetzen dela probatu dute. Hori bai, Charnecok oroitarazten duen moduan, praktika horiek zorroztasunez ezarri behar dira. Alegia, “ez du balio ‘gu ikas komunitatea gara’ esan, baina gero horietako batzuk erdipurdi ezartzea eta beste batzuei kasurik ez egitea”.

Jarraian zehazten diren jardunbideak dira ikas komunitateen arrakastarako giltzarri nagusiak:

1. Talde elkarreragileak: ikasleak taldetan banatzen dituzte, eta, ahal dela, talde bakoitzeko heldu bat jartzen dute. Joaquim Ruyran zehazki gela bakoitzeko ikasleak 4 taldetan banatzen dituzte. Mahaiaren bueltan, talde bakoitzeko 6-7 ikasle elkartzen dira, eta saiatzen dira ikasleekin batera talde horietako bakoitzean heldu bat ere egon dadin. 

Beraz, ikas komunitateetan helduez hitz egiten dute eta ez irakasleez. Izan ere, irakasleek ez ezik, boluntarioek ere parte hartzen dute talde elkarreragileetan; gurasoak izan daitezke, praktikak egiten ari diren irakasle-gaiak, erretiroa hartutako irakasle-ohiak, aisialdiko jendea, edota umeen edozein senide zein auzokide. Hala argitzen du Joaquim Ruyrako ikasketa-buruak: “Talde elkarreragileetan lanean ari diren bitartean 4 taldeetatik 2k behintzat irakaslea alboan izan dezatela bermatzen dugu guk. Hortik aurrera, boluntarioren bat etortzen bada, pozik hartzen dugu eskolan, ikasle-taldearentzat sari handi bat delako, luxua, eta aitortza hori egiten diotelako”. Talde horietako bakoitzean, helduaren egitekoa dinamizatzea da, hau da, ikasleen lana sustatzea eta denbora aprobetxatzera bultzatzea. 

Ikasleei dagokienez, berriz, talde horiek ahalik eta heterogeneoenak izan daitezen saiatzen dira. Horretarako soziogramak egiten dituzte eta horietan oinarrituz talde ahalik eta dibertsoenak osatzen dituzte, helburua baita elkarri lagunduz aurrean dituzten jarduerak modu kolaboratiboan burutzea. “Eurak dira ekintzaren subjektu, ikaskuntza eraikitzen dutenak. Hala, premia handiena izan dezakeen ikasleak ikusten du beste batzuek lagundu egiten diotela; solidaritatea bezalako balioak lantzen dituzte horrekin. Gainera, ikasteko eta jasotakoa barneratzeko ez dago modu hoberik egindakoa beste bati azaltzea baino”. 

Talde bakoitza 20 minutuz ataza bat egiten aritzen da, eta ataza horiek arlo berarekin loturiko jarduerak izan ohi dira, baina bakoitzak dimentsio ezberdina izan ohi du. Adibidez, 4 jarduerak matematikaren eremukoak izan daitezke, baina horren barruan bat geometriarekin zerikusia duena, beste bat kalkulukoa, hirugarren bat problemaren ebazpena eskatzen duena, eta laugarren bat estatistika lantzekoa… Hizkuntzarekin loturiko talde elkarreragilean, berriz, jarduera bat idatzizko adierazpenarekin zerikusia duena izan daiteke, beste bat ahozkoarekin loturikoa, hirugarrena irakurmenarekin eta laugarrena, esaterako, hizkuntzaren aberastasunarekin. 

Beraz, haurrak, 20 minutuz jarduera bat egiten aritzen dira, arbelean kronometro bat jartzen dute, eta 20 minutu horiek igarotzen direnean, heldu erreferentea taldez aldatzen da. 20 minutu horietan ikasleek ataza hori egitea eta aurrean duten erronka gainditzea lortu behar dute. “Modu honetara lortzen duguna da 20 minutuz behin ikasleen burmuina berraktibatzea. Ikaslea ekintzan dago, eta ikasgai bat lantzen igaro ditzakeen bi ordu horiek ez daukate zerikusirik denbora hori irakasle bati entzuten igarotzearekin. Bigarren kasu horretan, ikasleak, apurka, deskonektatuz joaten dira”, argitzeko du Charnecok. Bestalde, ariketa horietako bi era autonomoan egiteko modukoak izan ohi dira. Hala, baldin eta boluntariorik ez bada etortzen, bi irakasleak jarduerarik konplexuenak egiten ari diren taldeekin aritzen dira. 

Ikasketa-buruak gaineratzen duen legez, lan egiteko modu horrekin ikasleek intentsitate altuko ikaskuntzak bizitzea lortzen dute. “20 minutu horiek oso intentsuak izan ohi dira; gainera, irakasleok ‘egurra’ ematen diegu. Eta kronometroa arbelean dagoenez, presio pixka bat ere sartzen diegu denbora horretan euren helburua betetzea lor dezaten, ‘bost minutu soilik geratzen zaizkizue, mugi!’, esaten diegu”. Lehen ordubetean egiten zutena, orain 20 minutuan egiten dute Joaquim Ruyran eta denbora ahalik eta gehien aprobetxatzen dute, eskola-orduei zukua ateratzeko. 

Orotara bi ordu igarotzen dituzte arlo espezifiko bateko lau jarduerak egiten. Nahiz eta atazako 20 minutu eduki, hasieran lau ariketen aurkezpena egiten dute, eta behin denak amaitutakoan saioa ixten dute ebaluazio bat eginez: nola funtzionatu duten, elkar lagundu duten, kolaboratu duten, aldamenekoa errespetatu ote duten, zein zailtasun izan dituzten, zer ulertu duten eta zer ez… baloratzen dute talde osoak bat eginda. Zaharrentxoenekin, berriz, 20 minutuko ariketa bakoitzaren ostean, kortesiazko bost minutu ematen dizkiete helburu zehatz batekin: jarduera amaituta uztea. Izan ere, xedea da lau ariketak ondo itxita uztea bi orduak bukatzerako. 

2. Tertulia literarioak: astean behin, ordubetez, klasiko unibertsalen inguruko tertulia literarioak egiten dituzte Joaquim Ruyran. Garrantzia ematen diote klasiko unibertsalak izateari, lan horiek gaurkotasun handiko gaiak jasotzen dituztelako eta gelan horien gaineko hausnarketak egiteko aukera ematen dietelako. Hala, Tormeseko itsumutila, Odisea, Platero eta biok, On Kixote Mantxakoa… eta antzekoak irakurtzen dituzte, adin bakoitzera egokitutako bertsioetan. “Haurrek etxera eramaten dute liburua, kapitulu bat irakurtzen dute, eta edozein arrazoirengatik arreta deitzen die paragrafo hura libretan apuntatzen dute eta baita zergatia ere. Gero, klasean bizipen horiek elkarrekin partekatzen ditugu”. Politikaz hitz egiten dute, doluaz, maitasunaz, gerraz… testuetan agertzen den edozein gaitaz. “Klasiko unibertsaletan gaur egungo edozein arazo sozialen isla ager daiteke”. 

Txikiekin berriz, LHko 3. mailara artekoekin, etxera eraman beharrean, eskolan irakurtzen dute, ahoz gora. Baina horixe da diferentzia bakarra. Gainontzean, tertulia berdin-berdin egiten dute. Bereziki, emozioez hitz egiteko balio diete tertulia literarioek. “Ume hauetako askok bizipen andana izan dituzte. Batzuk toki batetik bestera ibili direlako eta izugarrizko ezagutza kulturala daukatelako. Behin gertatu zen, adibidez, testu baten harira, haurrak gaubeilaz hizketan hasi zirela. Oso aberasgarria da ikustea nola hegoamerikar batek esaten duen bere herrialdean gaubeila festa handia dela; eta beste batek kontrakoa”. Tertulia literarioek talde kohesioa sustatzeko ere balio dute, baita enpatia eta laguntasuna lantzeko ere. 

3. Senitartekoen formazioa: jardunbide honen oinarria da eskola irekitzea helduak forma daitezen eurek beharrezko ikusten duten horretan. “Ez da eskolak familiei zuzendurik antolatzen duen zerbait. Ez. Hemen funtzionatzeko modua alderantzizkoa da”, dio Charnecok. Alegia, familiak eurak elkartzen dira eta eurek erabakitzen dute zer ikasi nahi duten edota zerk egiten dien falta: “Informatika ikasi nahi dugu, edota katalana, edo gidatzeko baimena ateratzeko prestatu nahi dugu”. Hala, eskolaren egitekoa da familiek beharrezko ikusten duten horretan formatzeko boluntarioak aurkitzea. Formazio-saio horiek haurrak eskolan dauden ordu berberetan egiten dituzte. Joaquim Ruyrako zuzendaritza-taldea saiatzen da sustatzen prestakuntza ordu horiek gauza praktikoak ikasteko izan daitezen, hau da, balio diezaiela gero eguneroko bizitzarako. “Haurrentzat oso indargarria da euren gurasoak ere formatzen ari direla ikustea. Asko baloratzen duten zerbait da, eta eurei ere indarra ematen die ikasten jarraitzeko”. 

4. Ikasteko denboraren luzapena edo liburutegi tutorizatua: egunean sei irakastordu badituzte ere Joaquim Ruyran, arratsaldetan ordubete gehiagoz irekitzen dute eskola etxean lanak egiteko leku egokirik ez duten haurrentzat. “Kontuan izan behar dugu hemengo familia bat baino gehiago, osorik, logela batean bizi dela. Leku egoki bat ez badute, gero ezin diegu leporatu etxerako lanik egin gabe etorri direnik”. Beraz, helburua da konponbideak jartzea, eta etxean ez duten hori —espazioa, Interneterako sarbidea, liburuak…— eskolan eskaintzea, denbora gehiagoz ikasleentzat eta haien familientzat irekita edukiz. 

5. Komunitatearen parte-hartze hezitzailea: irakasleen eta familia-kideen artean komisio mistoak osatzen dituzte hezkuntzarekin zerikusia duen gai oro jorratzeko: informatikako komisioa, eskolaz kanpoko ekintzen komisioa, jangelakoa… “Eskola guztietan egon ohi diren betiko komisioak dira. Kontua da guk familietara zabaltzen ditugula. Izan ere, askotan gertatu ohi da eskolak zerbait antolatzea edo erabakiren bat hartzea eta gero familiengana jotzea galdetuz, ‘parte hartu nahi duzu honetan?’. Bada, gure jarduteko modua kontrakoa da. Hasieratik, familiekin batera egiten dugu lan, eta denon artean hartzen ditugu erabakiak, baina baita ardurak ere”. 

Charnecok azaltzen duen eran, xedea da, eskolan egiten den oro familietara zabaltzea. “Demagun gurasoen artean zalantza sortzen dela biderketa ikasteko adinaren inguruan: ‘Zergatik ikasten da 3. mailan eta ez 2.ean edo 4.ean?’, bada gure egitekoa izango da horren inguruan hausnartzea eta argumentuak ematea gurasoei egiten duguna zergatik egiten dugun azaltzeko”. Izan ere, familiekin etengabeko harremanean daude Joaquim Ruyran eta haien kezkei nahiz proposamenei ere momentuan erantzuten saiatzen dira, alegia, ez daukate gurasoen harrerarako ordutegi jakin bat: “Eskola hainbatetan astean ordutegi hertsi bat ezartzen dute gurasoen galdera eta kezkentzat. Niretzat hori gatazka gehiago sortzeko bidea besterik ez da. Ez dut imajinatu nahi zer gerta daitekeen ordu berean guraso mordo bat, bakoitza bere arazoekin, zuzendaritza aurrean elkartzen bada. Seguru gatazkak sortuko direla. Guk, ez. Guk arazoak momentuan lantzen ditugu eta irtenbideak bilatzen saiatzen gara. Bulegoan dagoenak, edozein ordu delarik ere, familiak artatzen ditu. Guretzat ezinbestekoa da hori. Familiek dute lehentasun osoa”.

6. Gatazken prebentziorako eta soluziorako modelo dialogikoa: honek esan nahi du komunitate osoa eskolako bizikidetza arauen parte egitea. Eta horrek ez du esan nahi “nik eskola gisa arauak sortzen ditut, inposatzen dizkizut eta gero azaldu egiten dizkizut”. Ez. Horrek esan nahi du arauak komunitate osoaren artean sortzen direla. “Arau bat errespetatua izan dadin, zer hoberik norberak arau hori sortzen parte hartzea baino?”. Horretarako asanbladak egiten dituzte gurasoekin nahiz ikasleekin, ikastetxean zein gatazka dauden ikusten dute, biolentzia zer den eta zer ez aztertzen dute… eta horren guztiaren arabera elkarbizitza marko bat eraikitzen dute. Marko horren aterki gisa elkarbizitzarako arau nagusia adosten dute. Eta ikasturte honetan zeregin horretan ari dira Joaquim Ruyran. Arau nagusi bat izan liteke adibidez, ondokoa: ‘Ondo trata nazazun nahi dut, eskerrik asko’. Arau printzipal horrek aterki lana egiten du eta horren azpian sartzen da gainontzeko guztia. Funtzionatzeko modu asanblearioa da ikas komunitateen beste ezaugarrietako bat. Beraz, ez dute bitartekari figurarik, ezta ikasleak eskolatik kanporatzeko neurririk edota zigor-metodorik ere.

7. Irakasleen formazio dialogikoa: zuzenean ikas komunitateak ezaugarritzen dituen arrakastarako jardunbide bat ez bada ere, ikasturte honetan Joaquim Ruyran irakasleen formaziorako metodo dialogikoak erabiltzen hasiak dira. Hala, astean behin, liburu edo lan zientifiko baten gaineko tertulia pedagogikoak egiten dituzte irakasleek. Hau da, ikasleekin tertulia literarioetan egiten duten gauza berbera egiten dute maisu-maistrek ere.

 

Espektatiba altuko curriculuma: sabairik ez ikasleentzat

Joaquim Ruyran % 100ean betetzen dute curriculum ofiziala, eta ez hori bakarrik, harantzago ere joaten dira. Izan ere, argi dute eurek maximoen curriculuma ezarri nahi dutela ikastetxean, espektatiba altukoa, hain zuzen. “Curriculum ofizialak ikastetxe gisa bete beharreko minimoak ezartzen dizkigu eta guk horiek soberan betetzen ditugu. Ez daukagu inolako arazorik araudiarekin. Are gehiago: guri izugarri gustatzen zaigu kanpotik ebalua gaitzaten”, argitzen du Charnecok. Izan ere, ikas komunitateen berezitasunetako bat da datuak jasotzen oso sistematikoak direla: elkarbizitzaren ingurukoak, konpetentzien gainekoak… era guztietako datuak jasotzen dituzte. “Kanpo azterketen kontra daudela dioten eskolek errezeloa eragiten digute. Gure ikasleek, eskolatik ateratzen direnean, bizitzaren erronkei egin beharko diete aurre, eta guk horretarako prestatu behar ditugu. Eta argi izan behar dugu gaur hemen dauden haurrak egunero bizitzak berak ebaluatzen dituela eta ebaluatuko dituela etorkizunean. Beraz, guri ez digu balio azterketen kontra egoteak”. 

Kanpo azterketak ez ezik, barne azterketak ere egiten dituzte Joaquim Ruyran euren eguneroko jarduna ebaluatzeko. Eskolarentzat GPS moduko bat izan ohi da: zertan ari diren asmatzen, zertan ez, irakasle batek zer daukan hobetzeko, gela batek beste batek baino emaitza hobeak atera baditu zergatik izan daitekeen… eta antzeko hausnarketak egiteko balio die barne-neurketa horrek. Euren jarduna hobetzera eta are emaitza bikainagoak lortzera bideratzen dute ebaluazio hori. Zalantzan jartzen ez dituzten bakarrak ikas komunitateen arrakastarako jardunbideak dira, horiek berme zientifikoa dutelako eta ikastetxeko hezkuntza-proiektuaren oinarri direlako. 

Edozein kasutan, Joaquim Ruyran ia ikasle batek ere ez du errepikatzen ikasturtea. Izan ere, ez dute ikasleentzat sabairik jartzen, eta ikasle guztientzat espektatiba altuak ezartzen dituzte. “Askotan irakasleok mugatzen dugu ikasleek noraino ikasiko duten, guk irakasle bezala erabakitzen dugulako ikasle bakoitzak zer nolako gaitasunak dituen. Gu horrelako jarrerak saihesten saiatzen gara, eta ikasle guztiak ikaskuntza maximoetara esponitzen ditugu. Ikasleek guk imajinatu ere egin ezin ditugun gauzak dakizkite. Lehen ikastetxe honetan ere ohikoa zen ezagutzak zatikatzea. Hala, ikasle bat kanpotik zetorrenean, gela arruntetik ateratzen genuen eta lehenik koloreak erakusten genizkion, gero 1etik 100erako zenbakiak, etab. Baina horrek ez dauka ikasteko modu errealarekin zerikusirik. Beraz, hemen orain ez da inor gelatik ateratzen. Denak batera aritzen dira lanean. Erabat eskola inklusiboa gara, eta xedea da ikasle guztiek maila ona lortzea”. 

 

BOLUNTARIOAK, ERREFERENTE

Boluntarioak normalki ikasleen senitartekoak izan ohi dira, nahiz eta irakasle erretiraturen batzuek, auzokide zenbaitek edota praktiketan dauden irakasle-gaiek ere parte hartu. Joan den urtean orotara 100 familia-kide joan ohi ziren aldika, laguntza ematera. “Kontuan izan behar dugu inguru honetan bizi diren familia gehienek zailtasun handiak dituztela aurrera egiteko. Guraso batek egun batean lana izan dezake eta hurrengoan ez. Beraz, ahal eta nahi dutenean etortzen dira. Izan ere, boluntariotzako lanak ezin du obligazio izan, nahi duzulako egin behar duzu”, adierazten du eskolako zuzendari Raquel Garciak. Edozein kasutan, Joaquim Ruyrako eduki pedagogikoa ez dago boluntario horien mende. Boluntarioak joaten badira, denentzat hobe. Luxutzat hartzen dituzte, saritzat eta hori eskertzen dute, baina boluntariorik gabe ere eskolako jardunak aurrera egiten du. 

Boluntariotzak abantaila asko ditu Garciaren aburuz. Horietarik lehena da familien inplikazioa lortzea. Hasteko eta behin, gelara sartzen dira eta euren seme-alabak zertan diharduten ikusten dute, eta are gehiago: jarduera horretan zuzenean parte hartzen dute. Gardentasun osoa dago, eskola familiei erabat irekita dago eta eskolan gertatzen den guztiaren parte izan daitezke. “Horrek familien konfiantza irabazteko eta haiengandik gertu egoteko balio digu. Era berean, familiek irakasleon lana ere baloratu egiten dute eta sinesgarritasuna ematen digute. Guraso askorentzat super-heroiak gara. Eta, gainera, eskolaren eta familiaren artean elkarlana badago, ikasleak ere egon behar duten horretara daude”. Ikasleentzat oso indartzailea izan ohi da gurasoak euren gela berean, eta batzuetan, talde berean parte hartzen ikustea. Asko sendotu ohi ditu haurrak. Baina haur guztien senitartekoek ezin izaten dute boluntariotzan parte hartu. Beraz, Joaquim Ruyran saiatzen dira bertan dauden kultura guztietako ordezkariren batek parte har dezan, hala bai haurrak eta bai gurasoak barne hartuta eta lasai senti daitezen.

Boluntarioak, gainera, erreferente bihurtzen dira ikasleentzat bai eskola barruan, baina baita auzoan ere, eta horrek harreman sarea sendotzeko balio die: “Kontuan izan behar da auzo honetako haur askok senitarteko gutxi dituztela alboan. Edota askotan konfiantzazko inor ez dutela. Beraz, eskolara datozen boluntarioak, sarri, euren heldu erreferentzial bilakatzen dira, eta eskolaz kanpo ere arazoren bat dutenean haiengana jotzen dute”. 

Horrekin batera, boluntariotzaren beste abantaila bat da familiak formatzea etxean euren seme-alabei laguntzeko aukera izan dezaten. “Familia askok ez daukate baliabiderik euren seme-alabei etxerako lanekin laguntzeko. Beraz, talde elkarreragileetan boluntario gisa parte hartuz, irakasleok nola gidatzen dugun ikusten dute, nola sustatzen dugun ikasleen lana, gatazketan nola esku hartzen dugun… hasieran zuzenean behatzen dute, eta, pixkanaka, parte hartzen hasten dira. Alegia, eginez ikasten dutela esan daiteke”. Hala, modu natural batean forma-tzen dira familiak. Beste aukera bat izan daiteke kanpoko aditu bat ekartzea eta hark hitzez adieraztea etxean seme-alabekin nola jardun, baina modu hori “artifizial” samarra litzatekeela dio Charnecok: “Kasu horretan, teoria bai, baina aplikazio praktikoa faltako litzateke”.

Komunitateko, auzoko, familien arteko... elkarbizitzari ere asko laguntzen dio boluntariotzak. Eskolak aukera ematen die guraso pakistandar bati, hegoamerikar bati eta magrebtar bati elkarrekin lanean aritzeko, eta horrek harremanak modu naturalean gertatzea ahalbidetzen du. Gero, auzoan ere elkar ezagutzen dute, agurtzen dira eta kontu batzuk esaten dituzte. Horrek guztiak inguruan gatazka gutxiago egotea eragin du. Horren adibide bat ematen du Garciak: “Lehen auzoan gatazkaren bat edo borrokaren bat egoten zenean, haurrek lehen pertsonan kontatzen ziguten gertatutakoa; orain, berriz, esaten diguten lehen gauza da ‘ez da eskolako inor izan. Hau eta hori gertatu da, baina Joaquim Ruyrako inor ez dago tartean’, eta horixe da nabaritu dugun lehen aldaketa”. Harro kontatzen dute hori zuzendaritza taldekoek, esan nahi baitu eskolan landutako balioak eurenganatzen ari direla ikasleak eta eskolatik kanpora ere euren identitatearen parte sentitzen dituztela. Proiektuaren eraldaketa gaitasunaren isla da hori. Ez dezala geletan eta eskolako jardunean soilik eragin, auzo osoko elkarbizitzan baizik.