MUSIKA-TRESNAK. IKAS-MATERIALA

400 bat instrumentu haurren eskura.

 Liburu eta CD honen xedea era guztietako musika-tresnak haurrei aurkeztea da: ezagunenak, klasikoak, gaurkoak, ohikoak... Helburu pedagogikoa du, hortaz, instrumentuak 6 urtetik gorako haurren eskura jarri nahi baititu. Gainera, Musika Eskola eta Kontserbatorioen Federazioaren batzorde pedagogikoaren oniritzia duen materiala da. Orotara, munduko eskualde guztietako 400 bat musika-tresnaren marrazkiak eta informazioa biltzen ditu, eta 70 bat instrumenturen grabaketak.

 
 

Sarri, musika-tresnak ezagutarazteko, publiko zabalarendako eginak diren liburuak erabili ohi dituzte ikasgeletan, Musika-Tresna liburuxkaren aitzin-solasean dioen bezala, “jakinez gehienetan osatugabeak edo eskola-adineko haurrentzat ezegokiak direla”. Horrexegatik, liburu berri bat proposatzea erabaki du Les Éditions Buissonnières argitaletxeak, 6-12 urte arteko haurrentzat ulergarria, eskoletan gero eta gehiago erabiltzen diren lan teknikei egokitua, eta zenbait irakaslek haurrentzat egindako abesti sorta batez lagundua. IKAS argitaletxeak eman du euskaraz, jatorrizko argitalpena egokituta eta Euskal Herriko lau musika tresna enblematiko gehituta: txirula, ttun-ttuna, txalaparta eta alboka.

Musika-tresnak familiaka aurkezten ditu liburuak, ordezkari nagusien inguruan bildurik: klarinetearen familia, biolinarena, tronpetarena... Marrazkien orrialdeak, berriz, haurrei zuzenduta daude. Ilustrazio sinpleak dira, marra soilez eginak eta fotokopiagarriak. Bi instrumentu mota erakusten dira: batetik, gaur egun ikusi edo entzun daitezkeen musika-tresna gehienak; eta, bestetik, jatorri historiko edo geografiko berezia dutelako aipatzea merezi dutenak. Fitxak ere baditu liburuak. Horietako batzuetan musika-tresnen funtzionamendua agertzen da. Beste bi fitxa berezitan, berriz, soinua bera nolakoa den erakusten da, baita instrumentuekin soinu hori nola lor daitekeen ere. Azkenik, musika-tresnen zerrenda bat ere badago, bakoitzaren hedadura zehaztuta dakarrena. Beste alde batetik, testu orrialdeak ditu liburuak. Horiek irakasleari zuzenduta daude. Haurrek egin ditzaketen galderei erantzuteko beharrezkoak diren azalpenak ematen dira bertan. Egitura beti berbera da: musika-tresnari buruzko informazio orokorra, berorren fabrikazioa, historia, familia, erabilera, entzun daitekeen musika...

 

CDan, musika ‘ederra’

Diskoa esku-liburuarekin batera erabiltzeko da. Pista anitz dauzka, sekuentzietako sarbidea errazagoa izan dadin. Bi zati ditu, eskuliburuaren bi atal nagusiei dagozkienak. Lehen partean musika-tresnak entzuten dira bata bestearen ondotik. Liburuxkak zehazten duen moduan, “hobe da ikasleek entzuten diren musika-tresnak begien aitzinean ukaitea, soinuaren eta irudiaren arteko loturaren egiteko”. CDko bigarren parteak, berriz, musika-tresnak ezagutzeko ariketak proposatzen ditu, eta horiek eskuliburuko ariketekin dute lotura. Ariketa horiek modu askotara egin daitezke, baina modurik errazena ondorengoa da: “Haurrei fitxa osoak eman eta grabazioak seriez serie en-tzunaraztea. Lehenik, aski dute marrazkiaren ezagutzea eta izendatzea, bazterrean proposatu zerrendaren laguntzaz. Gero, musika-tresnak zer ordenatan entzun dituzten adierazi beharko dute”.Grabazioetan musika lehenetsi dute soinuaren aurrean. Haurrei musika “ederra” entzunarazi nahi izan diete are gehiago entzuteko gogoa pizteko. Beraz, musikagileen eta obren izenak liburuan jasota daude. Hain zuzen ere, liburuaren amaieran diskoaren aurkibide osoa ikus daiteke.

 

Probatutako materiala

Aipatutako dokumentu guztiak lehen mailako eta musika eskoletako irakasleek probatu dituzte. Izan ere, sorburutik saiatu dira haurrendako material erabilerraza proposatzen. Hala dio aitzin-solasaren amaieran: “Agian gogobeteko zaituztete eta, guk bezala, musikariak atsegin handiz entzunen dituzue. Haurren plazeraren alde jo nahi izan dute. Eginen dizkiguzuen ohar guziak ongi etorriak izango dira eta hitzematen dizuegu kontuan hartuko ditugula hurrengo argitalpenetan”.