Beñat RALLA YUSTA: Dalcroze erritmika

2015-07-01

Euskal Herrian eta Suitzanformatu da Ralla musika-irakasle gisa. Musikenen hartu zuen oinarria, Musikaren Pedagogia ikasketak eginda eta, ondoren, Genevako Goi-mailako Musika Ikastegian Dalcroze Erritmikan gradu eta master ikasketak egin zituen. Gaur egun musika irakaslea da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, eta bere ikasleekin erabiltzen du Dalcroze Erritmika.

 
 

Europan mende bateko tradizioa izanagatik, Euskal Herrian oraindik ez dakigu askorik Dalcroze Erritmika metodologiaren inguruan. Azalduko zeniguke zer den, alegia, zein helburu dituen eta nola aplikatzen den?

Oker ez banago 80ko hamarkadan Bilbon antolaturiko jardunaldi pedagogiko batzuetan Dalcroze Erritmika dastatzeko aukera egon zen, baina diozun moduan Euskal Herrian metodologia hau hitzez edo entzunez  bakarrik ezagutzen da; ez da diziplina honetan pertsona formaturik egon. Zorionez, duela zazpi bat urtetik Musikenen musikaren pedagogiako beste hainbat metodologiarekin batera ikasgai moduan jasotzeko aukera dago, eta bertan ezagutu ondotik Genevara joatea erabaki nuen metodologia honetan espezializatu asmoz.
Epe motz-ertainera, munduko beste herrialde askotan duten bezala, Euskal Herriko Dalcroze Erritmika Elkartea eratzeko asmoa daukat, metodologia ezagutzera emateko, jendearen interesa pizteko, ikasle zein irakasleei formatzeko aukera eskaintzeko... Bestetik, gauzak ondo bidean eta beharrezkoak izango diren laguntzak lortuz gero, Geneva eta Londoneko irakasle bikainak gonbidatuz, 2016an udarako ikastaro bat antolatu nahian nabil.
Dalcroze Erritmika musikaren irakaskuntzarako metodologia aktibo bat da, eta bereziki ezaugarritzen duena mugimenduaren osagaia da. Horrela, gorputz-mugimenduaren, desplazamenduaren, espazioaren erabileraren bidez eta era guztietako objektuen manipulazioa eginez, talde lanean nahiz bakarka, irakasleak pianoan jotako inprobisazio eta esanak jarraituz musika norberaren baitan biziz eta integratuz, era guztietako musika ezaugarriak eta edukiak lantzen dira.
Amaitzeko gehitu nahi nuke, musika ikastea helburu izan dezaketen umeez edo gaztetxoez harago, gurasoen laguntzaz 2 urteko haurtxoetatik hasi eta 3. adineko pertsonenganaino zuzentzen dela metodologia hau. Azken hauen kasuan aipagarria da azken urteotan Genevan izaten ari den arrakasta. Berriki argitaratutako
ikerketek ondorioztatu dute Erritmika egiten dutenen artean, erortzeko arriskua %50 jaisten dela. Gainera, musika ikasi nahi izan edo ez, musikaz gozatuz beste hainbat kontu ere lantzen dira: memoria, bakarkako zein taldeko ekintza koordinazioa... Taldean aritzeak sortzen duen afektibitatea eta beste zenbait ezaugarri garrantzitsu ere aipatu nahi nituzke.

Musikarekin konektatzea eta musika bizitzea da abiapuntua, ondoren kodifikazio edo teorizazioetara joateko. Musikaren irakaskuntza klasikoan erabilitako ohiko prozedura atzekoz aurrera jartzen du, ezta?

Oro har esango nuke solfeo tradizionalaren bidetik halaxe jokatzen dela, oso mentalki, beste edozein arlo lantzeko erabiltzen diren mahai eta aulki berberetan. Kasu honetan, landu nahi den kontzeptuaren abstrakzioa edo intelektualizazioa amaieran iristen da, edo 2. edo 3. etapa batean.
Esan bezala, lehenik, zentzu jakin bat eman nahi izan gabe, musikaren baitan mugitu eta jardutea da helburua, aritzea, gozatzea. Eta, gorputzak bereganatu ondotik, maila teorikora pasatzen da: idazketara, irakurketara…
Batzuetan sumatzen dut hemen norbaiti honi guztiari buruz mintzatzen natzaionean, asmatu berria den moda berri edo guay bati buruz ari naizela uste duela, baina kontua da Jaques-Dalcrozek XIX. mende amaieraren hondarrean hartutako ildo didaktiko bati buruz ari garela eta 100 urtetik gora igaro direla! Orduan bai, orduan oso jarrera berritzaile eta iraultzailea izan zen, gelak mahaiz eta aulkiz hustu eta ikasleak oinutsik jarriz haien gaitasunak mugimenduaren bidetik landu eta garatzea erabaki zuelako.
Bizipenetan oinarrituriko esperientzia izanik, ariketek pisu handia izango dute? Nolakoak dira?
Bizipenezko izaera horretan aipatuko nuke irakasleak zuzenean sortzen duen musikak eragiten duen jarrera positiboa. Ekintzari freskotasuna ematen dio, egunero egiaztatzen dut Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Bestetik, gorputza belarri erraldoi bat bihurtzen dela esan daiteke. Izan ere, musikak zuzenean eraginaraziko dio era batean edo bestean jarduteko, hau edo bestea egiteko. Horrez gain irakaslearen esanak ere jarraitu beharko ditu, eta “erreakzio ariketak” deiturikoen bitartez, adibidez, hartzaileak ekintza berriak integratzen joan beharko du.
Esandakoaren haritik, musika bizitze hori saio bakoitzean musikak duen presentzia kantitatetik ere badatorrela esango nuke. Izan ere, Genevako irakasleek sarri esaten ziguten moduan (are gehiago frantsesez baldar samarrak izanik praktikaldiak tokatzen zitzaizkigunean) “hitzak baino musikak izan behar du adierazpidea, beraz ez korapilatu hitzetan, jo eta musika egin! Umeek jarraituko zaituztete!”
Proposatu daitezkeen ariketak zenbaezinak dira. Dalcroze metodologiaren potentzialtasun eta ezaugarri interesgarri bat da oinarrian dagoen filosofia pedagogiko batetik abiatuz, irakasleak askatasun handia duela ariketak sortzeko, eta bere sormen horrek gidatuko duela jarduna. Dalcroze Erritmika ez da, beste metodologia batzuk bezala, pausoz pauso garatu beharrekoa edota “errezeta metodo” bat. Horregatik, interesgarria izan ohi da irakasle ezberdinak ezagutzea, bakoitzak bere ukitu pertsonala emango diolako musika ezaugarri bakoitza lantzeari.
Horrez gain, “material osagarria” deitzen dena erabiltzea (uztaia, pelota, klabea, baloia, fularrak…) aipaturiko sormen horretarako aitzakia bikaina da, bai irakaslearentzat bai ikasleentzat; adibidez, zelula erritmiko bat landu nahi denean, keinu edo mugimendu bat asmatzea eskatzen zaionean.
Zenbaterainoko garrantzia hartzen du mugimenduak Dalcroze metodologian?
Erabatekoa, ezin da ulertu Dalcroze Erritmika mugimendurik gabe, ezinbesteko osagaia da. Erritmika saio bat mahai eta aulki gabeko espazio zabal batean burutzen da, dantzarako areto moduko batean (Geneva-ko auzo ezberdinetan Erritmika gelak halakoxeak dira). Beste kontu bat da abstrakzio edo lengoaiara pasatzerako momentuan pentagramadun arbela, musika koadernoak eta irakurgaiak etab. erabiltzea, noski. Arestian esan bezala, objektuen erabilerak mugimenduen sormena estimulatzen du.
Mugimenduak libreak izan daitezke, bakoitzak bere sormen edo adierazteko moduen arabera burutu ditzan. Beste askotan guztiek mugimendu berberak egingo dituzte, norbaiten ekarpena nabarmendu nahi delako, egokiagoa delako... Gainera, ikasleak mugituz aritzeak irakasleari zuzenketak egitea ahalbidetzen dio, denak batera aritu arren zuzenketa behar duena ikusgarria izango delako. Eta, bestetik, irakaslea inprobisatzen aritzeak ikasleen beharretara (abiadurara adibidez) egokitzea ahalbidetuko dio.
Motrizitatearen ikuspegitik, motrizitate globala, partziala edo fina bereizten dira, eta hauetako bakoitza hurrenez hurren lantzeko joera dago ariketa ezberdinen bitartez, nahiz eta egoeraren arabera hurrenkera hori beti ez errespetatu.
Laburki bada ere, mugimenduari lotuta aipatu beharreko beste ezaugarri garrantzitsu bat “denbora-espazioa-energia” deituriko trinomioa da; esan daiteke mugimendu edo keinu oro ezaugarri hauetan zehazten dela. Desplazamenduetan edota, adibidez, pilota bat musikaren erritmo edo iraupen jakin bati erantzunez bota behar izanez gero, kidearen eta nire arteko distantzia eta jaurtiketaren energia neurtu beharko ditut pilota lagunaren eskuetara behar den unean hel dadin.
Argi dagoena da Dalcroze Erritmika saio batera bertaratzen denak mugitzeko gogoa izan behar duela, baina ziur naiz hala ez izanda ere gustura sentitu eta gogoa piztuko zaiola!

Lehen Hezkuntzarako proiektu artistiko baten sormen prozesuan murgilduta zaudela aipatzen da Udako Topaketen gidako zure aurkezpenean. Aurreratzerik bai zertan datzan proiektuak?

Bi kontu nahasi direla uste dut. Batetik, aurten irakasle aritu naizen Katalin Erauso ikastetxe publikoa Five days to dance dantza komunitarioko proiektua burutzeko aukeratua izan da. The Loopers konpainia herbeheretarren eta Donostia 2016 Kultura Hiribuaren lankidetzaren eskutik, aipatu konpainiako bi dantzari-koreografo ikastetxean astebetez aritu ziren apirilean Lehen Hezkuntzako ikasle guztiekin egun osoz koreografia bat lantzen. Proiektu honek bi ildo ditu: artistikoa, esperientzia artistiko batean murgiltzeko aukera, dantza kasu honetan; eta bizikidetzari dagokiona, elkarrekin dantzatzeko gai bagara, elkarrekin bizitzeko gai baikara.
Horrela, astebeteko ordu guztiak proiektu honetara bideratu ziren ohiko ordutegia etenez, eta azken egunean jendaurrean erakutsi zen. Ikastetxeko irakasle, guraso eta ikasleen balorazioa oso positiboa izan da.
Bestetik, “MugMus Laborategia” (musika eta mugimendurako kultur elkartea) izeneko talde edo konpainia eratu dut arte-bizien esparruan sormen-lanak aurrera eraman eta taularatzeko, eta bi alor horien inguruan ekintza pedagogikoak burutzeko. Udazken amaierarako lehen lana amaitu eta ikusgarri egotea espero dugu.