Herri Hezitzailea taldeko kideok, hainbat ekimen aurkezteko agertu gara jendaurrean. Izan ere,  herri hezitzaile eta parte-hartzaile baten inguruko hausnarketak, ekimenak eta hainbat praktika egiten ari gara Euskal Herriko zenbait eragile; helburua da haurren eta gaztetxoen, aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzea.

2012. urtean Andoainen elkartzen hasi ginen haurren hezkuntza eta aisia beste modu batean amesten zuten eragile batzuk. Pixkanaka, ametsetik (teoriatik, alegia) praktikara jauzi egiteko ahaleginetan, eragile gehiago joan gara taldera batzen. Dagoeneko Andoaindik Euskal Herrira egin du salto lan taldea eta ametsa hedatzen, zabaltzen doa. Horregatik, gaurkoan pozik gaude!

Zehazki, honako taldeek osatzen dugu Herri Hezitzaile ekimena:  Irrien Lagunak Kluba, HUHEZIko Sorguneak ikertegia, Lizarrako eta Iruñeko udal haur-eskolen taldea, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Arrasateko Txatxili­purdi euskara eta aisialdiko elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Ikastolen Elkarteko aisialdi-taldea, Urtxintxa Bizkaia, Amarauna, Tabakalerako hez­kuntza saila, Pil-pilean elkartea, Ttakun kultur elkartea eta Hik Hasi heziketa egitasmoa.

Ikus daitekeenez, Euskal Herriko lurralde eta herri askotarikoak elkartzeaz gain, esparru eta izaera ezberdinetakoak ere bagara: aisialdia, hezkuntza, euskalgintza, administrazioa, federazioak, elkarteak... Eragile horiek guztiak elkartu gara haurrentzako, gazteentzako, eta, oro har, herritar guztientzako egokiak diren herriak eta hiriak pentsatzeko, eztabaidatzeko eta hainbat urrats emateko, besteak beste:

1.     Apirilaren 24an eta 25ean “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardu­naldiak antolatu ditugu Donostiako Kursaalen;

2.     Jardunaldi horietan, “Herri hezitzailea” taldeak parte-hartzea sustatzeko argitaratuko dituen 5 liburuxka eta sortzen ari den Herri hezitzaileen sarea aurkeztuko ditugu;

3.      Jardunaldietako aurkezpenekin liburu-monografikoa argitaratuko du Hik Hasik udazkenean.

Aipatu eragile horien guztien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen ari da jardunaldiak Hik Hasi.

Zein dira “Herri hezitzailea” taldearen oinarriak?

Zazpi kontzeptutan oinarritzen da proposatzen dugun aisia-eredua. Zazpi eremu horiek elkarrekin ezkontzen, garatzen eta aberasten dira, eta, proposamen koherente eta oso bat egin ahal izateko, zazpiek halabeharrez elkarrekin joan behar dutela uste dugu. Eta horrela formulatu ditugu gure lan-eremua eta xedea:

Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

 

Apirilaren 24ko eta 25eko “Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak

Duela bi urte Francesco Tonucci pedagogoa eta “Haurren hiria” egitasmo­aren sortzailearekin hasitako bideari jarraipena emateko, oraingoan, ikasle guztiak kontuan hartzen dituen Finlandiako, Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutuko ditugu.

Azken hamarkadetan, oso ezaguna egin da mundu osoan Finlandiako hezkuntza. Izan ere, egiten diren nazioarteko neurketetan, oro har, eta hainat arlotan, oso emaitza onak ematen ditu. Horregatik, guregana ekarriko dugu Leo Pakhin Finlandiako Hezkuntza Kontseiluko ordezkaria.

Bestalde, Bartzelonako Ripollet herriko “El Martinet” eskola ezaguna egiten ari da eskaintzen duen eskola ereduagatik. Hango zuzendari eta hezitzaile diren Montserrat Navarro eta Lidia Esteban izango dira jardunaldietan.

Horrez gain, Euskal Herrian egiten ari diren hausnarketak, esperientziak eta praktikak ezagutaraziko dira formazio-jardunaldi horietan, besteak beste, Gipuz­koako Foru Aldundiak babestu dituen hainbat esperientziaren berri emango da.

Bi egunetan egingo dira jardunaldiak. Lehenak, Heziketa ardatz duen herria izango du gai nagusia, eta bereziki, teknikariak, zinegotziak, hezitzaileak eta gurasoak izango ditu entzule. Bigarren egunak, berriz, Herrira begiratzen duen eskola izango du gai ardatz, eta aurreko eguneko parte hartzaileez gain, irakasleak eta eskoletako hezitzaileak izango ditu entzule nagusi.

Jardunaldietan parte hartzeko, izena eman liteke, dagoeneko, apirilaren 17ra bitartean  www.hikhasi.eus  web atarian. Hiru aukera eskaintzen dira: 24an bakarrik matrikulatzea, 25ean soilik egitea, eta, bi egunetan aritzea.

 

Herri hezitzailea, eskola herritarra jardunaldiak Donostiako Kursaal jauregian

 

Apirilaren 24an: HERRI HEZITZAILEA (9:00-13:30 eta 15:30-18:00)

- Ongietorria

- Herritarren beharren neurrira egindako hezkuntza politika: LEO PAKHIN, Finlandiako Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko kidea (itzulpena suomieratik euskarara).

- Parte-hartzearen eta partekatzearen garrantzia hezkuntzan eta jendarte-ereduan: KOLDO SARATXAGA, enpresa munduko aditua (gaztelaniaz).

- Atsedena

- "Herri hezitzalea" egitasmoaren oinarriak. LOREA AGIRRE

- “Herri-hezitzaileen SAREA”: Euskal Herriko hainbat herrik osatzen duten sare sortu berria aurkeztuko da.

- Herri hezitzailea-k haurren parte-hartzean oinarritutako programak argitaratu ditu bost esparrutarako: haurren kultura, parkea, ludoketa, genero berdintasuna eta udalekuak. TXATXILIPURDI; BIZKAIKO URTXINTXA, AMARAUNA, ALFREDO HOYUELOS eta TXUSMA AZKONA.

- Bazkarirako tartea.

- Aniztasunaren kudeaketa: harrera eta bizikidetza euskararen ikuspegitik. Euskaltzaleen Topagunea-ko ITSASO LEKUONA eta MIKEL OZAITA.

- Gaztematika. Gipuzkoako HAUR eta GAZTEEN Sustapenerako Sistema.

- Pasaiako Haur eta Nerabeen eskubideak bermatzeko plana. PASAIAko udal teknikariak.

- Herriko ondare kulturala transmititzen: Errenteria-Orereta, Arrasate, Ordizia, Azpeitia, Orio…

 

Apirilaren 25ean: ESKOLA HERRITARRA (9:00-14:00)

- Haurra bere osotasunean hezteko, hezkuntza humanizatua: Finlandiako LEO PAKHIN.

- Elkarbizitza eskolan: dibertsitate funtzionala, kulturaniztasuna, genero aniztasuna… JONE MIREN HERNANDEZ. EHUko Antropologia irakaslea.

- Harremonak: ikasleen artean harreman onak sustatzeko programa. HAIZEA EGIGUREN eta AXIER BAGLIETO. ARREMANITZ elkartea.

- Atsedena.

- Eskola komunitatera irekia: familiarekin, herritarrekin, elkarteekin… harremanean. OLAIA JIMENEZ. MU-HUHEZIko irakaslea.

 

- Beste eskola eredu bat posible da. Gu guztiok gara parte, eta zu ere bai: EL MARTINET eskola (Ripollet-Bartzelona). MONTSERRAT NAVARRO eta LIDIA ESTEBAN (gaztelaniaz).