Donostiako Kursaal jauregian egingo dira, maiatzaren 10ean eta 11n. Francesco Tonucci psikopedagogo italiarrak parte hartuko du jardunal­dietan. Haurrek eskolan eta hirian duten lekuaz eta partaidetzaz hitz egingo du, eta Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutaraziko dira. Jardunaldietan izena emateko epea zabalik dago. Francesco Tonucciren “Haurren Hiria” liburua euskaratu du Txatxilipurdi elkarteak, eta, jardunaldietako partaideei banatu egingo zaie.  BIDEOA ikusi: http://bit.ly/10Qib9Z Matrikulazioa: Izena emateko orria 

Herri hezitzailea, eskola herritarra jardunaldien aurkezpena egin da, Gipuzkoako Foru Aldundian

Jardunaldien aurkezpenean honako hauek parte hartu dute:

Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendari Arantza Ruiz de Larrinagak, Donostiako Udaleko Berdintasun, Migrazio eta Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok, Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikerguneko ikerlari Lorea Agirrek, Txatxilipurdi Aisialdi elkarteko kide Eneko Barberena eta Mireia Bazek; Aitziber Arnaiz Oarsoaldeko euskara teknikariak, Nekane Martiarena Irrien Oarsoaldeko Laguneko kideak, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” Irrien Lagunak taldeko kidea eta Hik Hasi hezkuntza egitasmoko koordinatzaile Joxe Mari Auzmendik.

 

Hik Hasi hezkuntza egitasmoa, Hazi Hezi aldizkaria, Irrien Lagunak, Txatxilipurdi aisialdi elkartea, Mondragon Unibertsitateko Sorguneak ikertegia, Oarsoaldeko euskara mankomunitatea, Nafarroako Alfredo Hoyuelos eta Txusma Azkona hezitzaileak eta beste hainbat eragile elkartu dira, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Diputazioaren babesarekin jardunaldi hauek antolatzeko. Lorea Agirre HUHEZIko Sorguneak ikerguneko ikerlariak adierazi du eragile anitz horiek zerk batu dituen: “Umearen kontzeptuak batzen gaitu. Guztiok umeentzat zerbait egin nahian gabiltza, baina nola egin liteke zerbait umeentzat, baldin eta umeei galdetzen ez badiegu zer nahi duten? Umeei aukerarik ematen ez badiegu egin nahi duten horretan parte  har dezaten?”. Galdera hori egin dute eragile guztiek euren lanean, dela Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietan, Txatxilipurdi aisialdi elkartean, edota Irrien Lagunen klubean. “Galdera horrek guztiok Tonucci psikopedagogo italiarrarengana eraman gaitu, ezinbestean”. Francesco Tonucci eskolaren berri­kuntzan eta umeak herrigintzan izan behar duen rolaren gainean erreferentzia garrantzitsua baita.

“Haurra zentrora ekartzen badugu, egingo dugu benetan bizigarria izango den hiri bat”, ekarri ditu Agirrek Tonucciren hitzak. “Umeek erakutsiko digute nola gure hiriak eta gure bizimodua eta gure harremanak izateko modua eta erabakiak eta parte hartzeak egiteko modua berritzeko bidea”. Italiako Fano bere hirian gauzatu zuen bere proposamena Tonuccik, eta proiektu hori guztia Haurren Hiria liburuan jaso zuen.

Orain, Haurren Hiria liburua euskarara itzuli da, jardunaldi hauen harira. Eneko Barberena Txatxilipurdi aisialdi elkarteko idazkariak aurkeztu du itzulpenaren proiektua, elkartea baita euskaratzearen bultzatzailea. Aisialdiko begiraleek ia gida-liburu gisa erabili izan dute Tonucciren Cittá dei bambini liburua, eta lan tresna oso baliagarria eta irakurterraza izanik, euskarara ekartzea erabaki dute. Maider Elkoro bergararrak egin du itzulpena, eta jardunaldien bezperen, maiatzaren 9an aurkeztuko da Arrasaten. Tonuccik berak liburuaren euskarazko bertsioaren aurkezpenean parte hartuko du.

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak babestu dituzte jardunaldiok. Diputazioko herritarren partaidetzarako zuzendari Arantza Ruiz de Larrinagak jardunaldi hauen garrantzia nabarmendu du. Batetik, jardunaldi hauetan partaidetza esperientziak –eta bereziki haurrek subjektu aktibo gisa partaide izan diren esperientziak- ezagutaraziko direlako. Diputazioak zehazki, Arrasateko eta Oarsoaldeko parte hartze prozesuak bultzatu ditu. Bi horiez gain, iaz ehundik gora partaidetza prozesu bultzatu zituen zuzendaritza horrek eta beste hainbeste bultzatuko ditu aurten.

Naiara Sampedro Donostiako Udaleko zinegotziak Tonucci hirira ekartzearen “ohorea” azpimarratu du, “bere ideiak eta ekarpenak interesgarriak dira gaur eguneko hezkuntza sistemaz hausnarketa egiteko bide ematez gain, eredu aldaketa bat gauzatzen joateko baliabideak ematen dituelako; Kolokan dagoen ereduaren kontrako norabidean doaz bere proposamenak”. Donostiako eskola komunitateari jardunaldietan parte hartzeko gonbita luzatu dio, bai irakasleei eta baita guraso elkarteetako kideei ere.

Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko kideak eta jardunaldien koordinatzaileak eman ditu egitarauaren xehetasunak. Bi eguneko jardunaldiak izango dira, eta lehenen­goan Heziketa ardatz duen herria izango da hizpide. Tonucci eta Lorea Agirreren sarrera hitzaldiez gain, Ordiziako, Oarsoaldeko, Lizarrako, Iruñeko, Arrasateko eta Leioako proiektuak ezagutaraziko dira egun horretan.

Bigarren egunean, Herrira begiratzen duen eskola izango da gaia. Koldo Telleria arkiktektoak egingo du sarrera hitzaldia, eta bezperakoarekin lotura. Ondoren Tonuccikk Guzientzako eskola hitzaldia eskainiko du, eta jarraian, Antzuolako herri eskolaren esperientzia, Iparraldeko ikastolena, eskola txikiena eta Dimako eta Donostiako Aitor ikastolako proiektuak azalduko dituzte.

Jardunaldietan izena emateko epea zabalik dago, eta apirilaren 26an itxiko da. www.hikhasi.eus webgunean dago informazio osoa.

 

EGITARAUA

Maiatzaren 10ean:

Heziketa ardatz duen HERRIA

Goizez eta arratsaldez (9:00-13:30 eta 15:30-17:30)

 

- Umeen parte hartzea: Euskal Herritik begirada bat: Lorea AGIRRE MUko Sorguneak.

- Haurren hiria: Francesco TONUCCI. Haurren hiria proiektuaren sortzailea.

- Herrietako esperientziak:

- Ordizia “Herri Hezitzailea” lantzen.

- “Irrien Lagunak” Oarsoaldean.

- Haurtzaroaren lurraldeak: Alfredo Hoyuelos NUPeko irakaslea eta Txusma

Lizarrako Arieta Haur Eskolako zuzendaria.

- “Berramesten egitasmoa” eta “Plaza berreskuratzen” Arrasaten: Txatxilipurdi

aisialdi eta euskara elkartea eta Etxegorri elkartea.

-       Herrigune Leioa. Ikas-komunitatea eta heziketaren erantzukizuna: Piter Blanco eta Eukene Fernandez (Solasgune).

 

Maiatzaren 11n:

Herrira begiratzen duen ESKOLA

Goizez (9:00-14:00)

 

- Lurralde antolamenduak duen garrantzia heziketan: Koldo Telleria  EHUko irakaslea (Hiria kolektiboa).

- Guztientzako eskola: Francesco TONUCCI pedagogo italiarra.

- Hainbat eskolatako esperientziak:

- Antzuolako herri eskola.

- Ikastola berriak sortzen. Hur Gorostiaga SEASKAko zuzendaria.

- Eskola txikiak: Zizurkil, Olaberria eta Zeraingo eskola komunitateetako kideak:

ikasleak, irakasleak, gurasoak, udal ordezkariak...

- Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen: Dimako eskola eta Donostiako Aitor

ikastola (Sortzen-Ikasbatuaz).

-       ...

 

Matrikula prezioak:

-       Bi egunek: 70 €.  Egun bakarrak 40 € .

-       Irria, Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkarietako harpidedunek, berriz, 50 € eta 30 €.

 

Izena emateko: www.hikhasi.eus  (Apirilaren 26ra arte).