Mapi Urresti: "Haurrari bera den bezala izateko espazio bat ematen baldin badiogu, askatasunez sortuko du bere identitatea eta bera den bezala garatuko da"

2023-09-05

Mapi Urresti psikologoa, sexologoa eta harreman psikomotrizista da eta urte askotako esperientzia du haurrekin eta familiekin eta baita irakasleekin ere, ikastetxe ugaritan formazioak eman baititu. Hik Hasirekin ere hainbat urtez eskaini du urte osoko formazioa. Aurtengo edizioko izen-ematea zabalik dago, irailaren 10era arte, bai irakasle eta hezitzaileentzako baina baita guraso nahiz psikologoentzako ere. Bere eguneroko jardunean nahiz formazioan haurraren eta helduaren arteko harremanean jartzen du arreta, haurraren garapena egokia eta osasuntsua izan dadin, ezinbestekotzat baitu helduarekiko harremana segurua izatea.

"Psikomotrizitate erlazionala: aukera berdintasunerako eta emozioen lanketarako" urte osoko formazioari buruzko informazio gehiago hemen.

 
 
Mapi Urresti: "Haurrari bera den bezala izateko espazio bat ematen baldin badiogu, askatasunez sortuko du bere identitatea eta bera den bezala garatuko da"

Psikomotrizitatea sartua dugu hezkuntzan, eta hezitzaile asko formatuak daude. Baina zer da, zehazki, psikomotrizitatea, eta zertan da lagungarri haurrarentzat?

Hasteko, ez dut uste irakasle asko dagoenik psikomotrizitatean formatua. Urte asko daramatzat ikastetxeetan formazioak ematen, eta nire esperientzian ikusi ahal izan dut nahasmendu handia dagoela psikomotrizitatea zer den eta zer ez den. Ez dut uste hain argi dagoenik.  Zer den?  Haurraren berezko joera, mundua ezagutzeko eta ikasteko daukan tresna naturala jolasa da. Psikomotrizitateak espazio seguru bat eskaintzen dio, segurua bai fisikoki eta baita emozionalki ere, haurra berez den bezalakoa ateratzeko. Hezkuntzan, nahiz eta pedagogia berriak egon eta mugimendu autonomoa gero eta gehiago garatzen ari den, egitura ez dago alde emozionalari eta garapen integralari begira. Psikomotrizitateak garapena integralagoa izateko aukera ematen du. Haurra jolasean dago, plazerrean, eta mugimenduaren bidez bere garapen naturala lantzen du eta bizitzak jartzen dizkion gatazka emozionalak askatu ditzake eta, jolasaren bidez, modu naturalean, landu ditzake.

 

Eta zer da zehazki psikomotrizitate erlazionala, zertan bereizten da?

Guretzako harremana oso inportantea da, eta erlazionala horregatik da. Haurrarekin eraikitzen dugun harremanean atxikimendu segurua eta positiboa eraikitzea garrantzitsua da. Haurrak sentitzen badu espazio seguru batean dagoela eta helduaren begirada ulerkorra eta lagungarria baldin bada eta berarengan sinesten badu, garapen naturala emango da. Haurraren garapen naturala gerta dadin eta bere ahalmen guztiak gara ditzan, gure begirada konfiantzazkoa eta segurua izan behar da. Haurra tronpatzen bada edo bizitzak oztopoak jartzen baldin badizkio, ondoan eduki gaitzala laguntzeko, emozionalki jasotzeko eta egin duen kaltea erreparatzeko eta bere esperientziatik ikas dezan.

 

“Aukera berdintasunerako eta emozioen hizkuntza” ditu azpititulu ikastaroak. Nola laguntzen dio haurrari emozioak eta desioak espazio seguruan adierazteak, bere garapen afektibo emozionala orekatua izan dadin?

Haurraren berezko joera naturala plazerra eta interesa dira. Horrelako espazio seguru batean jartzen dugunean, beste kideekin, bizikidetzan esploratuko ditu espazioa eta harremanak, mugimenduaren bidez. Esploratzeko eta interakziorako desio horrek ikastera eramango du. Era berean, oztopoak aurkituko ditu bizikidetzan, eta oso garrantzitsua izango da bestearen lekuan jartzen ikastea, haserrea, frustrazioa, amorrua, beldurra eta tristura kudeatzen ikasiko du, hori da, azken finean, harreman afektibo osasuntsu bat izatea, jakitea emozio horiei guztiei leku egiten eta hori kudeatzen. Hezitzaileon lana izango da horretan guztian  haurrari laguntzea.

 

Eta horrek zer zerikusi du aukera berdintasunarekin edo hezkidetzarekin?

Haurraren garapena  pertsonaren garapena izatea garrantzitsua da, osotasuna kontuan izatea. Gizarte hau nahiko bitarra eta generoaren arabera identitate bat esleitzera eramaten gaitu. Psikomotrizistaren begiradatik haurrari pertsonaren ahalmena garatzeko aukera eskaini behar diogu, ez generoarekin lotuta dagoen alderdia soilik. Haurrari bera den bezala izateko espazio bat ematen baldin badiogu, horretarako materialak eskaintzen baldin badizkiogu, askatasunez sortuko du bere identitatea eta bera den bezala garatuko da. Ikusten baldin baditugu zenbait egoera non desberdintasuna oso handia den bizikidetzan, esku-hartzeak egin ditzakegu laguntzeko, haurrak euren osotasunean garatu ahal izateko. Adibidez: neskak beti printzesatan jolasten ikusten baldin baditugu, hori berez ez da txarra, jolas horrek indar handia baitauka, baina beti jolas berdina baldin bada, bideratu ditzakegu beste jolas batzuetara, piraten jolasera adibidez, agresibitatea ateratzeko, defendatzeko... Edo alderantziz, mutilak beti futbolean baldin badabiltza, interesgarria da beste jolas batzuk eskaintzea osotasunean garatzeko eta  beste jolas batzuetan ere plazerra dagoela sentitzeko. Garrantzitsua da haurrak burua beste esparru batzuetan ere ikustea, garapena osoa izan dadin. Hori da hezkidetza da.

 

 

Psikomotrizitatearen oinarrian jolasa dago, baina zer-nolako jolasa?

Haurraren garapenak hainbat fase ditu eta jolas mota desberdinak lotzen dira faseekin. Izan daiteke jolas sentsorio-motorea, identitate jolasa, eraikuntza jolasa, jolas sinbolikoa, jolas nahaspilatsua... Jolas mota ugari daude. Joerak ere kontuan izan behar dira, hau da, haurrek jolasetan dituzten joerak: joera agresiboa izan daiteke, kontentzio jolasak, afektiboak... Psikomotrizitateak, hau da, jolas libreak aukera ematen du jolas horiek guztiak ateratzeko haurraren beharraren arabera, dagoen etapako beharraren arabera. Psikomotrizistaren lana da hori guztia behatzea eta ikustea ea esparru guztietan jolasten den eta ez bada jolasten laguntza pixka bat eskaintzea esparru guztiak esplora ditzan.

 

 

 

Esaten da haurrek gero eta gutxigo jolasten dutela, besteak beste, pantailen eraginez. Hortaz, are garrantzitsuagoa da piskomotrizitatae lantzea?

Zalantzarik gabe. Jolasa haurrak daukan tresna naturala da bere garapena modu positiboan garatzeko, eta esan bezala, garapena integrala izan dadin. Garapena osoa dela esaten dudanean sartzen dut garapen motorea, kognitiboa, afektiboa, emozionala, soziala, morala eta baita espirituala edo norberare ezagutzari loturikoa ere. Eskolak ez du hori guztia eskaintzen, batez ere esparru kognitiboa lantzen du. Psikomotrizitatean bizipenean lantzen da hau guztia, emozioak, arau moralak, bizikidetza... hori guztia egitean bizitzen du haurrak. Pantailek ez dute garapen integrala eskaintzen. Espezie bezala bizitza osoa daramagu jolasa gure garapenerako eta ezagutzarako tresna dugularik, horregatik, gure gizarte honetan oso garrantzitsu ikusten dut psikomotrizitateari lekua egitea.

 

Haurraz aritu zara, baina formazioan haurraz ez ezik, helduaz ere arduratuko zara. Helduaren eta haurren ongizateari tartea egingo diozue. Zergatik?

Haurrekin dugun lana zoragarria dela iruditzen zait, egin dezakegun bidelaguntza eta haurrari eskain diezaiokeguna ongizaterako bidea da. Baina horretarako helduok ere gure ongizatea bermatu egin behar dugu eta askotan ahaztu egiten zaigu. Nire esperientzian ikusi ahal izan dut irakasleek “salbatzaile konplexua” dutela, baina kontuan izan behar dugu lagundu nahi badugu, geure burua zaindu behar dugula. Psikomotrizitatea haurararentzat garapen integralerako tresna den bezalaxe, guretzat ere hala da, gure ezagutzarako, gure ahalmenez eta zailtasunetan kontziente izateko tresna da eta horiek lantzeko aukera ematen digu, beti ere errespetuz.

 

Hezitzaileak aipatzen dituzu, formazioa hezitaileentzako bideratua dago ala gurasoentzako ere egokia litzateke? Zein hartzaile dituzu buruan?

Egia da hezitzaileentzako bideratua dagoela, baina jende mota ugari izan dugu urte hauetako formazioetan, eta guztiek jaso dute: psikologoak, aholkularitzan dabiltzanak, baita gurasoak ere, gradua amaitzen ari diren ikasleak... Irekia dago interesa duten pertsonentzat. Psikomotrizitatean haurrekin egin behar den bezala, hau da egokitu behar den bezala, formazio honetan neuk ere egokitu egin behar dut taldera. Hau filosofia bat da, haurra begiratzeko beste begirada bat sortzeko filosofia bat da, beraz, horretan interesa duten pertsonentzako irekia dago.

 

Urtebeteko ikastaro honek zer-nolako egitura dauka?

Denbora guztian hiru arlo uztartzen dira. Teoria mailan taldean hainbat gai lantzen ditugu, modu dialogikoan edo proiektuka, ez dago txaparik. Psikomotrizitatearen oinarriak lantzen ditugu, psikomotrizistaren rola zein den, gatazkak nola kudeatu, hezkidetza, eta batzuetan taldekideen interesen arabera beste gai batzuk lantzen ditugu. Gero alderdi praktikoa dago, ikastaroa egiten dutenek talde bat izan behar dute. Praktikak grabatzen ditugu eta taldean behatzen ditugu. Hori da haurrak behatzeko, zer gertatzen zaion ikusteko eta zer behar duen asmatzeko tresnarik egokiena da, esku-hartzeak planteatu ahal izateko. Behaketa hori oso inportantea da. Azkenik, jolas-saioak ere baditugu, gure ongizatearekin lotuak dauden saioak dira. Gu jolasten garen espazio bat da, gu garen haurra ateratzen dugun espazioa da. Ez da haurren saio bat bezala, haurrek berezko naturaltasuna daukate jolasean sartzeko, helduoi agian zailagoa egingo zaigu, baina nik kontsigna batzuk ematen ditut jolasetan sar daitezen, behatuz zer behar duen pertsonak eta zer behar duen taldeak. Badugu lelo bat: “ez egin inoiz egin nahi ez duzuna, baina ez utzi egiteari egin nahi duzuna”, eta horrela, poliki-poliki askatzen joaten gara. Kontrolerako joera izaten dugu, eta lotsa izaten dugu jendeak zer esango duen, baina bakoitzaren erritmoak errespetatzen ditugunean, helduon garapenean ere bilakaera izaten da.

 

Jada hainbat urtetan eman duzu formazioa HIK HASIrekin. Zer premiarekin etortzen dira hezitzaileak eta zer jasota itzultzen dira?

 

Normalean HIK HASIko taldeetan motibazio eta interes handia nagusitzen da. Parte-hartzaileek tresna praktikoak nahi izaten dituzte haurrei euren garapenean laguntzeko eta zenbait joera ulertzeko. Haurrengan bi rol nagusitzen dira, irakasleoi frustrazio handia sortzen digutenak: batetik, emozionalki itxita dauden haur horiek, defendatzen direnak eta ez dakiguna nola hurbildu, eta bestetik, agresibitatea edo mugimendu handia duten haur horiek, beren ondoeza ateratzeko agresibitatea ateratzen dutenak. Haurra behatzen joaten gara, heldua bere lekuan jartzen da, begirada aldatzen du eta bere lana da jolasaren bidez esku-hartzeak egitea haurraren beharren arabera, zailtasunetan laguntzeko. Formazioan parte hartzen duten guztiek euren prozesu pertsonala egiten dute, bakoitzak bere moduan egiten du garapen pertsonala eta profesionala, ditugun ahalmenetan indartzen gara eta ikasten dugu izan ginen haur horren bizipenak nolakoak izan ziren eta horrekin guztiarekin orain nolakoak egin garen ikusten dugu. Bakoitzak bere garapenean jartzen dituen erronketan nik bidelaguntza ematen diet.