Azaroaren 6an manifestazioa egingo dute Bilbon, "Hezkuntza Publikoaren alde" lemapean

2021-11-04

EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea), HEIZE (Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa), IKASLE SINDIKATUA, IKASLE EKINTZA, GAZTE KOMUNISTAK eta LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek sinatuta egingo dute protesta, "Euskal eskola publikoaz harro" daudela adierazteko eta "hezkuntza publikoaren alde".

 
 
Azaroaren 6an manifestazioa egingo dute Bilbon, "Hezkuntza Publikoaren alde" lemapean

Hau da deitzaileek sinatu duten testua:

Euskal eskola publikoaz harro gaudela esateko eta hezkuntza publikoaren alde mobilizatzeko ordua da.

Dugun hezkuntza sistema dual, klasista eta arrazistak eskola publikoaren kaltean jokatzen du, segregazioa eta bi mailako ikasleak sortuz, eta berau birplanteatzeko ordua ailegatu da. Datuek argi erakusten dute egoeraren larritasuna: Europako eta Espainiar Estatuko erkidegorik segregatzailenetariko bat gara.

Eskola publikoa da hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, denona eta denontzat, jatorrizko ezberdintasunak berdintzen dituena, inklusiboa den bakarra, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskaldundu duen eta gaur egun euskalduntzen dituen sarea.

Hezkuntzak ezin du merkatuaren menpe egon, hezkuntzarako eskubidea ezin da egon familien ahalmen ekonomikoaren baitan. Diru publikoz finantzatutako bi eskaintza izateak, kontzertazio unibertsalaren aterkipean, publikoa eta pribatua, lehia dakar ezinbestean, bi sareen edo sare bereko ikastetxeen artean. Bi sareak ez dira berdinak eta ezin dira parekatu bere tratamendu politikoan eta babes mailan, publikoa doakoa eta denontzat den bitartean, sare pribatuko ikastetxeek kuota ekonomikoak, erlijioa eta gardenak ez diren beste irizpideak erabiliz maiz egoera zaurgarrian dauden familiei sarbidea ukatzen diete. Honek ondorio zuzena du hezkuntza-sisteman eta baita jendarte osoan ere, eskola-segregazioa. Edozein kuota ekonomikok eta bi sare egoteak, berez, segregazioa sortzen du.

Dugun hezkuntza sistema dualak, beraz, gizartean dauden desberdintasunak konpondu beharrean, areagotu egiten ditu, bi abiadurako hezkuntza sistema eratuz eta gizarte haustura sortuz. Egoera larri honek herriaren kohesioaren etorkizuna jartzen du kolokan.

Honen kontra borrokatu eta neurriak har daitezen mobilizatuko gara. Hona hemen gure aldarrikapenak:

  1. Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar du baliabide ekonomiko, material eta pertsonalen aldetik, denona eta denontzakoa den eskola delako.

  1. Eskola bakarra aldarrikatzen dugu. Ondorioz, eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar da udalerri eta auzo guztietan 0tik 18urtetara.

  2. Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia da: ez da lerro pribaturik irekiko, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean.

  1. Beraz:

  • Pribatizazioarekin amaitu. Sortzen diren ekimen pribatu guztiak, derrigorrezkoak ez diren etapak barne (haur hezkuntza eta batxilergoa) baimendu, itundu eta diru publikoarekin sostengatzen dituen politikarekin bukatu behar da.

  • Orain, jaiotze-tasa behera doan une honetan, eta ikastetxe pribatuekiko kontzertuak datozen 6 urtetarako berrizteko daudenean, Administrazioari diru publikoaren erabilera bidezkoagoa exijitu nahi diogu.

  1. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua sortu behar du.

  1. Euskarazko murgiltze eredua orokortu. Diru publikoarekin ez finantzatu euskalduntzen ez duten eta, beraz, inklusioaren eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak.

Interpelazioa egiten diogu Eusko Jaurlaritzari egungo egoera diskriminatzaile honetara iristeko daramatzan hezkuntza politikengatik, baina baita sare pribatuko ikastetxeei ere, egoera hau baliatuz bere pribilegioak mantendu, inklusioari muzin egin eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako.

Orain, EAEn Hezkuntza Akordioaz ari direla, kezka handiz hartu ditugu Jokin Bildarratz sailburuak ikasturte hasieran egindako adierazpenak. Gardentasuna behar dugu prozesuan, sare publikoko ordezkarien parte hartzea bermatuko duena, hezkuntza-sareez, finantzazioaz, murgiltze ereduaz eta eskola-segregazioaz hausnartuko duen prozesua, hain zuzen.

Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordio/legerik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino, sistema inklusibo, euskaldun, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena. Etorkizuneko jendarte eredua dago jokoan.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik, denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola-segregazioaren kontra konpromiso argia azaldu dezala eskatu nahi diogu.

AZAROAREN 6an BILBON ELKARTU ETA OIHU EGINGO DUGU: HEZKUNTZAN, PUBLIKOAREN ALDE! PRIBATIZAZIOARI EZ! GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA! EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO!

Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Zabaleko bizirik Amurrioko, Donostialdeako, Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Goieskola , EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea), HEIZE (Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa), IKASLE SINDIKATUA, IKASLE EKINTZA, GAZTE KOMUNISTAK, LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT