Gazteak erdira. Ahalduntze bidean

2020-01-21

Gazteez hitz egiten da erreportaje honetan, 16-30 urte birtarteko gazteez. Itxuraz alde handia eduki dezakete 16 urteko batek, 23 urtekoak edo 30ekoak, baina ezaugarri bat ia denek dute: ahalduntze bidean dira, baina oraindik erabat ahaldundu gabe daude. Gaur egun 30 urteko gazte asko oraindik emantzipatu gabe bizi dira. Hori da egungo paradoxa: prestakuntza handia dute, baina inguruak ez die laguntzen emantzipatzen eta beren kabuz bizitzen. Espazio egokiak eta boterea falta dituzte, besteak beste, erabat ahalduntzeko. Egoera hori mahaigaineratu zen EHUko Antropologia, Filosofia eta Hezkuntza fakultateak antolatutako Gazteen ahalduntzea jardunaldietan. Errealitateari argazki bat ateratzeko, gazteen hitza entzuteko eta proposamenak ezagutzeko aukera zabaldu zen bertan.

 
 
Gazteak erdira. Ahalduntze bidean

Gazteei buruz idatzi eta hitz egiten duten autore askok diote historian egon den belaunaldirik prestatuetan dela gaur egungo gazteena. Gazteek ez dute sekula gaur egun bezainbeste prestakuntza ordu jaso, ezta gaitasunak garatzeko hainbeste aukera ere, dela etxean, dela eskolan, dela birtualki, dela aisialdi espazioetan. Beraz, formakuntza gehien jaso duten eta gaitasun pertsonalak garatuen dituzten gazteak direla ondoriozta daiteke. Baina galdera bat sortzen da: gaur egungo gazteak hain prestatuak baldin badaude, zergatik jarraitzen dute gurasoen etxean 29 urterekin? Ezin dute emantzipatu? Ez dira gai era autonomoan bizitzeko? Zergatik ez dira beren kasa bizi? Erosotasunagatik? Izango dira batzuk erosotasunagatik gurasoen etxean jarraitzen dutenak, baina denak? Ala emantzipatzeko aukerarik ez dutelako da? Prestakuntza badute, gaitasunak badituzte, baina... inguruneak gaitasun horiek praktikan jartzeko aukerarik ematen al die?

 

Galdera horren erantzuna badu Pere Soler Gironako Unibertsitateko irakasleak: ez, inguruneak ez die batere laguntzen gazteei emantzipatzen. “Duela 40 urte, gaur egun gazteak deitzen diegun 25 urtekoen adinerako, lan finkoa zuten eta familia bat aurrera ateratzeko gai ziren, helduak ziren. Gaur egun 30 urtera arte gazteak dira. Zergatik? Prestakuntza gehiago behar dutelako bizitzeko? Nik uste dut ezetz. Nik uste dut arrazoia zera dela: helduzentrikoa den gizarte honek hainbat eta hainbat subjektu alboratu egiten ditu eta itxaron-gelan egonarazten die, egungo gizarte antolaketak dituen botere egiturak okupatzeko lekua egon arte”. Eta agian horrexegatik luzatzen dira ikasketak infinitora arte, itxaron-gela horretako denbora betetzeko. Gazte bat unibertsitera iristen bada, gradua bukatzen duenean master bat eskatzen diote. Gero bat ez dela nahikoa esaten diote, bi egin behar dituela. Eta atzerrira joan ez bada, joan egin behar duela esaten diote. Eta gero, kontratu bat egiten diote, baina lanaldi erdikoa eta urtebetekoa. Eta hori amaitu ondoren, hasierako egoera berean aurkitzen da.

 

“Eta gazteria horixe da: nerabezaroa bukatu ondoren, gaitasun guztiak dituzte gazteek, kasu askotan boterean dauden helduek baino gehiago, baina ez dute botererik. Eta botererik ez duten bitartean, ez dira helduak. Gazteak dira eta gaztea izatea prekarioa izatea da. Zer esan nahi du prekario izateak? Bada, gaztetik heldurako trantsizioa ez dutela erabat egin, zerbait falta zaiela: etxebizitza, soldata, espazio indenpendente bat... gutxieneko botere bat beraien bizitzan normaltasunez erabakitzeko”, azaltzen du Soler irakasleak.

Botere hori eskuratu behar dute gazteek heldu bihurtzeko eta ahalduntzeko. Baina ez da erraza, Solerrek dioen helduzentrismoa dela-eta. “Boterea ez baita kultura bezalakoa. Nik kultura eduki dezaket, eta beste pertsona bati kultura hori ematen diodan heinean, nire kultura ere handitu egin daiteke. Kultura biderkatzen eta birbanatzen joan naiteke nire kultura zatia gutxitu gabe. Boterearekin, ordea, ez da gauza bera gertatzen. Nik boterea baldin badut eta beste pertsona bati ematen baldin badiot, nik boterea galdu egiten dut ezinbestean. Eta hortxe dago koska: gazteak ahalduntzen badira, boterea ematen baldin bazaie, nork galtzen du boterea?”.

 

Zer da gazte ahaldundua?

 

16 eta 30 urte bitarteko gazteen ahalduntzea ikertzen hasi ziren Katalunian duela urte batzuk. Datu estatitiskoez haratago, ikerketa bat abiatu zuten gazteekin elkartuz eta haien hitzak, bizipenak eta iritziak jasoz, eta hortik tiraka sortu da Hebe proiektua, gazteak ahalduntzeko eredu pedagogikoa (www.projecthebe.com). “Behin arazoa zein den jabetuta, ekintzara pasa nahi izan genuen. Zer egiten dute gazteriako teknikariek, haurtzaroko teknikariek, gazteen dinamizatzaileek, hezitzaileek, irakasleek, gizarte langileek, pedagogoek, gizarte integratzaileek, animatzaile sozio-kulturalek... profesional horiek denek? Zer egiten dugu horiekin denekin dauzkagun datuak edukita? Nola esku hartu dezakete? Galdera horretatik abiatuta sortu da gure eredu pedagogikoa”, azaltzen du Solerrek. Eta, besteak beste, gazteak ahalduntzeko balio duten espazioak, uneak, ekintzak eta politikak definitu dituzte.

 

Hasteko, gazte ahaldundua zer den definitzetik hasi behar da, eta hainbat ardatzetan oinarritu dute Hebe proiektuaren bultzatzaileek. Hasteko, formazioa; ahalduntzeko ezinbestekoa da gaitasun pertsonalak eskuratzea eta garatzea. Bigarrenik, ingurune egokia; formazio horrek ezinbestean behar ditu gaitasun horiek garatzeko ingurunea, testuingurua, espazioa eta bitartekoak. Bi ezaugarri horiek edukita, gazte bat ahaldundua da gizartean erabakitzeko eta parte hartzeko aukera duenean, bai bere bizitzari buruzko erabakietan eta bai bera parte den kolektibitate horri dagozkionetan ere. “Eta erabaki eta parte hartu modu kontsekuentean”, azpimarratzen du Solerrek. “Hori oso garrantzitsua da. Kontsekuenteki parte hartzeak esan nahi du pertsona zintzoa izatea zeure buruarekin, ausartzea, pentsatzen duzunarekin kontsekuente izatea eta manipulatzen ez uztea. Hori da ahalduntzea. Nik neu izan behar dut. Hain sinplea eta hain zaila, aldi berean”.

 

Horiek adituen hitzak dira, baina ez ziren gazteei galdetu gabe geratu. Eta gazteek ahalduntzea hitz hauekin lotzen dute: autoestimua, autonomia, gaitasun kritikoa, eraginkortasuna, komunitatearen nortasuna eta ezagutza, metaikasketak, parte-hartzea, erantzukizuna eta taldelana.

 

Ahalduntzen duten espazioen ezaugarriak

 

Espazio batzuk ahalduntzen laguntzen dute eta beste batzuek ez. Ahalduntzen lagungarri diren espazioak eta politikak sortzeko, ezaugarri hauek hartu behar dira aintzat:

 

Gazteei bideratutako politika guztiek ikuspegi hezitzailea eduki beharko lukete: askotan ikustezinak izaten dira gazte hauek. Politika gutxi daude 16 urtetik aurrera eta 30 urte bete arteko gazteentzat. Apenas hausnartzen da gazte horiek zer behar dituzten osasunari dagokionez, lan arloari dagokionez edo etxebizitzaren gaiari dagokionez. 

Autonomia eta independentzia bultzatu: gazteengandik gertu egin daitekeen guztia, hobe hantxe gertu egitea. Are gehiago, gazteek egin dezaketen guztia, hobe beraiek egitea.

Programa irekiak, sormena eta askatasuna bultzatzeko. Ahalduntzearen oinarrietako bat gazteei adierazteko bitartekoak jartzea da. Sentitu dezatela euren ahotsa euren hitzekin, interesekin eta gaiekin.

Kontzientzia hartzea bultzatzen duten programak: gazteek programaren diseinuan eta prestakuntzan parte hartzen baldin badute, horrek esan nahi du programaren beharraz konturatu direla. Beraz, erdia egina dago eta onura handiena jasotzen dutenak haiek dira.

Erantzukina: positiboa da gazteek erantzukizuna duten espazioak izatea, hutsegiteak izatea, horietatik ikastea eta autonomia praktikan jartzea. Erabakiak hartzeko guneak izan behar dituzte, hori zer den jakin dezaten. Bestela, praktikatzen ez badute, ez dakite zer den erabakiak hartzea.

Heldua egotea-ez egotea: jakin egin behar da erabakitzen zein proiektutan, zein zerbitzutan, zein espaziotan den garrantzitsua erreferentziazko heldua egotea. Garrantzitsua da jardunean dauden helduak egotea, eta garrantzitsua da baita ere ezer egin gabe aldamenean dauden helduak egotea. Eta beste batzuetan garrantzitsuagoa izango da heldurik ez egotea. Horrek ez du esan nahi proiektuari jaramonik ez zaiola egiten, baizik eta gaztea dela protagonista % 100ean.

Mota guztietako zentroak: zerbitzu eta proiektu instituzionalak eta ez-instituzionalak egotea da egokia. Proiektu instituzionaletan hezitzaileak, dinamitzaileak edo gazteriako teknikariak egon daitezke, eta horiek ekitatea bermatzen dute, bestela, informatuta daudenak iritsiko dira eta informatuta ez daudenak –eta agian behar handiagoa dutenak– ez dute horren berri izango. Espazio instituzionaletan profesionalik gabeko espazioak, zerbitzuak eta ekipamenduak egotea ere komeni da. Eta baita espazio autogestionatuak ere, horietan esperimentatu baitezakete gazteek daukaten botere txiki hori. Emantzipatzeko leku egokiak dira, autogestiorako espazioak dira eta saiakera-hutsegitea esperimentatzeko aproposak.

Belaunaldi arteko espazioak izatea: gazteentzako bakarrik diren espazioak ongi daude, baina gainerako adineko jendearekin batera parte hartzen dutenak ere bai. Bestela, nola ikasiko dute daukaten botere txiki hori kudeatzen praktikatzeko daukaten lekuan gazteak bakarrik baldin badaude? Boterea helduekiko harremanetan eduki behar dute, bestela segregatutako espazioetan soilik erabakiko dute, eta ez gizarteari osotasunean dagozkion gaietan.

 

Espazio bakoitzean zer?

 

Eskola

Ikasteko paradigma aldatu egin da bizitza errealean. Eskolan, aldiz, oraindik ez, oraindik lehengo ereduei eusten die, hein handi batean. Gazteak, ordea, bizitza errealarekin batera doaz, ez eskolaren erritmoan. Ez daude duela 25 urteko ezaugarriei lotuta, non eskolara joan, eseri, edukiak jaso eta liburuan edo apunteetan zeukaten guztia. Gaur egun dinamika bestelakoa da. Ikasleek, nahi baldin badute, momentu batean jaitsi ditzakete aurreko ikasturteko apunteak, eskaneatu, hizkiak ezagutzeko programarekin ordenagailura jaitsi eta hurrengo egunean lana eginda eduki dezakete. “Nire iritziz, une honetan eskolatze garaiko traumarik handiena Batxilergokoa da. Sekulako basakeriak egiten ari dira gazteekin. 16, 17, 18 urterekin izugarrizko 

bizitasuna dute gazteek. Aurreko urteetan kirola, musika, pintura, dantza... ekintza asko egiten dituzte gazteek, baina Batxilergora iritsi eta gurasoen zein irakasleen aldetik mezu bakarra jasotzen dute: ‘zentratu zaitez ikasketetan bakarrik, etorkizuna jokoan duzu eta’. Eta hori gezurra da, hutsegite larria da. Gazte horiek kaletik desagertzen dira, ikasteko leku errealetatik desagertzen dira, eta ondorioz, zailagoa da ikastetxean ikasitakoa barneratzen. Institutuan ikasitakoa integratzeko, oinarrizkoa da sozialki parte hartzea, ikasitakoa ikusitakoarekin, arazoekin eta bizitza errealarekin alderatzea, gatazkak konpontzea, administrazioari zerbait eskatutakoan zer gertatzen den esperimentatzea, beste sentsibilitate batzuk lantzea (kirola, musika, dantza...). Horrek guztiak lagundu egiten die umeei eta gazteei, eta aurretik egiten bada ere, Bigarren Hezkuntzan moztu egiten da”.

 

Horregatik dio Solerrek curriculumean dagoen erdiarekin antzeko emaitzak lortuko liratekeela, eta hobe litzatekeela beste erdia ikasleen arteko eztabaidetara bideratzea, ikasle guztiei –ez ausartak direnei edo ordezkariak direnei bakarrik– jendaurrean hitz egiteko aukera ematea, ideiak defendatzen aritzea, gorputza eta espresioa lantzea, kirolari lekua egitea, musika lantzea... “Eskolak ikasketa horiek integratu ditzake, eskolaz kanpoko ekintzak izateko partez eskolako ordutegian bertan sartuz. Lehen Hezkuntzako ikasgai batzuk kendu edo gutxitu eta aipatutakoak sartuta, ez dut uste ezer gertatuko litzatekeenik eta Bigarren Hezkuntzara orain bezain ondo iritsiko lirateke, baina autoestimu gehiagorekin, adierazteko gaitasun handiagoarekin, autonomia, erantzukizun eta gaitasun kritiko gehiagorekin... hau da, ahalduntzeko ezaugarriekin”, dio Solerrek. “Horregatik, Lehen Hezkuntzatik hasi behar da hori dena lantzen baldin eta gazte ahaldunduak nahi baditugu 16 edota 30 urterekin”.

 

Kalea

Kalea da ahalduntze espazio nagusia, seguraski inpaktua eta efektua egiten denbora gehiena daramana eta beti presente dagoena. Historikoki beti egon da, dago eta egongo da, baldin eta gizarteak asko aldatzen ez badira. Edonola ere, zenbait lekutan zentro komertzialak kaleari lekua kentzen ari dira. Leku epelak dira eta kontsumo mota bat eskaintzen dute –baldin eta dirua baldin badute–, kaleak ez bezala. Eta azkenean aisialdiko gune bilakatzen dira, baina ez beti ahalduntzeko leku.

 

Espazio kulturalak

Kultur zentroak eta politika kulturalak funtsezkoak dira gazteak askatasunez parte hartzera, sortzera eta adieraztera bultzateko. 15-16 urtetik gorako gazte batzuek ikasketak utzi egiten dituzte. Beraz, ez baldin badaude ikastetxe batean, zer estimulu kultural jasotzen dituzte? Kalekoak eta kultur etxeetakoak. Azken horietako eskaintzak batez ere helduentzat eta maila ekonomiko eta kultural jakin batekoentzat izan ohi dira. Gazteak ez dira aintzat hartzen. “Hainbat ikerketen arabera, Lehen Hezkuntzan kultur etxeetako aisialdi eta kultura eskaintza jasotzen duten umeen eta jasotzen ez duten umeen arteko ikasketa aldea 6.000 ordukoa da. Ikaragarri da. Desberdintasun hori areagotu egiten da Bigarren Hezkuntzan eta aurrerago. Horregatik da garrantzitsua gazteentzako programak eskaintzea informatzen jarrai dezaten, gauzak zalantzan jartzen, ikuspegiak irekitzen eta sozialki aktibo izaten”, dio Solerrek.

 

Ahalduntzen ez duten espazioak

 

Badaude ahalduntzen ez duten espazioak eta Solerrek argi adierazten du zein diren: “Hainbat komunikabide, telebista, Internet, sare sozialak... Errealitatearekin bat ez datorren irudi manipulatua eta alderdikoia ematen dute nahita, herritar talde batzuk ideologikoki manipulatuta edukitzea interesatzen zaielako, eta talde horien artean daude gazteak”. Hainbat produkturen eta telefono mugikorraren kontsumoa bultzatzen dute, bizitza ulertzeko eta bizitzeko eredu posible bakarra erakusten dute eta gazte guztientzako ibilbide bakarra marrazten dute. “Eta hori berariaz diseinatzen denean, ez dituzte gazteak ahalduntzen; kontrakoa, errealitatea ezkutatzen dute ez dutelako zalantzan jartzeko eta aukera gehiagoren artean hautatzeko aukerarik ematen”, zehazten du irakasleak. “Horren aurka egiteko tresna ahalduntzen duen heziketa da, gazteei zalantzan jartzeko eta lerroen artekoa irakurtzeko erremintak emango dizkien heziketa. Zeren gaur egun alfabetatuta egotea mezu bat nork bidaltzen duen jakitea eta mezu horren atzean zer egon daitekeen jakitea da. Gertatzen ari denaren irakurketa kritikoa egitea. Informazioaren gizarte honetan bizirautea horixe da: gaitasun kritikoa edukitzea, errealitatea berreraikitzeko gaitasuna izatea eta ingurunean eragiteko gai izatea”. Komunikabideak aipatu aurretik izendatutako espazioek (familiak, eskolak, kaleak, kultur zentroek...) horretan lagundu dezakete.

‘Harrotu ileak’, ahalduntzeko eredu bat

 

G

azteekin lan egiteko espazioa, denbora, tresnak eta hezitzaileak eskaintzen ditu Donostiako Tabakalerako Harrotu ileak, identitatea, harremanak eta gazteak proiektuak. 2017an hasita, lanerako espazio bat eraiki dute, eta bertan gazteak, hezitzaileak eta artistak elkartzen dira ostiralero. Denek elkarrekin ahalduntzeko balio dieten gaiak lantzen dituzte: botere-harremanak, identitatearen eraikuntza, arrazismoa, komunikazioa eta hizkuntza, kalteberatasun-egoerak… Gai horiek guztiak landuta, desberdinen arteko aintzatespen-, hausnarketa- eta topaketa-espazio bat sortu dute.

 

Aurtengo ikasturtean Tabakalerako Bouchra El Bagdadi gizarte hezitzailea, Eider San Martin Tabakalerako hezkuntza arduraduna eta Artaziak hezkuntza kooperatibako Oihane Espuñez elkartzen dira gerturatzen diren gazteekin. “Gure proiektuaren funtsa artea da, eta hemen ditugun espazioekin eta baliabideekin gazteekin hainbat lan egiten ditugu”, azaldu du Bouchra El Bagdadik. Horrela, gazteekin elkarlanean, haiekin erabiltzen duten ingurunea birpentsatzen dute, eta denen artean espazio publikoak erabiltzeko eta okupatzeko moduak definitzen dituzte. Proiektuarekin daramatzaten lau ikasturtetan hainbat bitarteko erabili dituzte: argazkilaritza, bideo dokumentala, rapa, abesti kolektibo bat, erakusketa, zapalduen antzerkia, pintura, zinea, serigrafia... Arlo bakoitzean arituak eta adituak diren pertsonen parte-hartzea ere izan dute, besteak beste: Maite Arroitajauregi Mursego, Telmo Trenor, Javi Pez, Juantxo Arakama, Ainhoa Olaso eta Maria Zapata Hidalgo. 

 

16 urtetik 30era bitarteko edozein gazterentzat irekia dagoen proiektua da. El Bagdadi gizarte hezitzaileak dioenez, “batez ere magrebtar jatorriko gazteak gerturatzen dira, Tabakalerara etortzeko joera handia baitute. Egoera oso larrian bizi diren gazteak dira eta egunean zehar ez daukate egoteko beste lekurik. Tabakaleran babestuta eta goxo daude, mugikorra kargatzeko aukera dute, wifia... Liburutegian egotera eta ordenagailuekin ibiltzera etortzen dira. Egoera horretan, guk beste espazio bat eskaintzen diegu ekintza batzuk egiteko”. Tabakalerara gerturatzen ziren gazteei proiektuaren berri emanez joan dira 2017. urtetik. “Hasieran mezu bat bidali behar izaten genien gogorarazteko. Orain, ordu laurden bat lehenago zain egoten dira. Seinale ona da eta nabaritzen zaie gurekin egoteko gogoa dutela eta gustura etortzen direla”.

Ikasteaz gain, bizi duten egoeraz ahanzteko balio diela gaineratzen dute gazteek. “Paperik gabe bizi gara eta horrek zaildu egiten digu lana bilatzea. Etxekoengandik urrun gaude eta gogorra da. Harrotu ileak proiektuak gure artean elkartzeko eta ekimen zehatzak egiteko aukera ematen digu. Zinema landu genuenean, esate baterako, film labur batzuk egin genituen eta asko ikasi genuen. Egunerokoari aurre egiteko balio diguten gauzak ikasten ditugu”. Orain arteko esperientziarekin oso gustura daude sustatzaileak zein parte-hartzaile gazteak. Aurrera begira, erronketako bat beste jatorriko gazteak ere hurbilaraztea da, espazioa aberatsagoa bihurtzeko eta aniztasunean elkarrekin ahalduntzen jarraitzeko.