DAVID BUENO: "Ikasketak eraginkorragoak izatea nahi baldin badugu, motibaziotik eratorritako plazerean lagundu behar dugu"

2020-01-09

Biologian doktorea eta Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da David Bueno. Ibilbide akademiko eta profesional luzea du. Batez ere garapenaren genetikan eta Neurozientzian oinarritzen da bere ikerlana, eta horiek ikasketa-prozesuan duten eragina aztertzen dihardu. Neurozientzien Katedrako zuzendaria ere bada, munduan gisa honetako lehendabizikoa, eta dozenaka artikulu zientifiko eta liburu argitaratuak ditu. Defendatzen duenez, ikasiz gure ingurunera egokitzea da gure garunaren funtzio nagusienetakoa, baina heziketa segun eta nolakoa izaten den adimena gehiago edo gutxiago garatu dezakegula gaineratzen du. Ikasleei ezagutza transmititzeko erabiltzen dugun moduari erreparatzea oso garrantzitsua deritzo, horrek bermatuko duelako ikasten jarraitu nahi izatea. Luzaro Psikomotrizitate Eskolaren XIV. Jardunaldietan parte hartu berri du eta hik hasik aukera baliatu du bera elkarrizketatzeko.

 
 
DAVID BUENO: "Ikasketak eraginkorragoak izatea nahi baldin badugu, motibaziotik eratorritako plazerean lagundu behar dugu"

Garuna aztertzen du Neurozientziak. Nola funtzionatzen du garunak? Zerk eragiten dio?

Adimenaren sostengua den organo biologikoa da garuna. Adimena garunaren funtzionamendutik sortzen da, ez dira bi gauza desberdin, beraz; errealitate beraren bi ikuskera, baizik. Neurozientziatik garuna nola osatzen den ikertzen dugu, hasi enbrioitik eta helduaroraino, garuna etapa guztietan aldatzen baitoa, etengabe. Garunaren aldagai ebolutiboak ere ikertzen ditugu, jakiteko nola iritsi garen egun daukagun garuna izatera. Horrekin batera, ekintza bat egiten dugunean, garuneko zein zati eta nola aktibatzen den ikertzen dugu. Irudika ditzakegun edozein ekintzek korrelazio zuzena daukate gure garunaren funtzionamenduarekin. Atseden hartzen gaudenean, kirola egiterakoan, ikasterakoan, aspertuta gaudenean, berdin dio. Hori guztia ikertzea lagungarri zaigu garunak nola ikasi nahi duen jakiteko. 

Eta nola ikasi nahi du garunak? Nola doakio hobekien?

Garuna batez beste 86.000 neurona inguruk osatzen duten organo biologikoa da. Baina gure bizitza mentala ez du neurona kopuruak baldintzatzen. Neuronek euren artean dituzten konexioen arabera osatzen da gure bizitza mentala. Erlazio horietan oinarritzen da gure garunaren bizitza. Landutako garun batek batez beste neuronen arteko 200 bilioi konexio dituela kalkulatzen da. Estimulatutako garun bat —eta ez gain-estimulatua, horrek estresera garamatzalako—, jolasten duena, ondo pasatzen duena, kalitatezko loa daukana, kirolen bat praktikatzen duena, musika entzuten duena edo musika instrumenturen bat jotzen duena, adierazpen artistikoren bat egiten duena edo artea ikusiz gozatzen duena, arrazoiak emanez eztabaidatzen duena, hausnartzen duena, antzerkiaz gozatzen duena… hitz batean esanda, garun aktibo bat mila bilioi konexio izatera iritsi daiteke. Kontuan izan bost bider konexio gehiago egiteaz hitz egiten ari garela. Horretan datza desberdintasun nagusien muina. Zenbat eta konexio gehiago, orduan eta bizitza mental aberatsagoa. Eta hor kokatzen da hezkuntzaren zeregina. Gure ikasleei transmititzen diegun guztia —edozein ezagutza, kontzeptualak zein bere gorputzarenak—, beraiekin bizitzen dugun edozein esperientzia beraien garunean barneratuta gelditzen da neuronen arteko konexio gisara. 

Estimulazio gehiegik ez du laguntzen, beraz, aparteko konexio kopuru hori lortzen. Hor oreka lortzea beharrezkoa da?

Bai. Gain-estimulazioak oso erraz eramaten gaitu estresera. Eta estresa kronifikatzen denean funtzio fisiologiko askoren etsai nagusia bilakatzen da, baina baita ikasketei dagokionean ere. Estres kronikoak ikasketarako gaitasuna blokeatzen du. Aldizkako estres batek ez dio kalterik egiten inori. Gain-estimulazioak denboran irauten duenean dator arazoa, estres kronikora eraman gaitzakeelako, eta hori kaltegarria da ikasketarako.

Pauta batzuk eman dituzu garun aktibo bat lantzeko ekintzen inguruan. Ikasgela barruan, nola lortu ditzakegu aparteko konexio horiek? Nola aberastu erlazio horiek?

Zenbat eta jakintza gehiago eskaintzen diegun, zenbat eta esperientzia gehiago eta zenbat eta ingurune aberatsagoa aurkitzen duten beraien inguruan, orduan eta konexio gehiago egingo dituzte, orduan eta bizitza mental aberatsagoa izango dute. Horrek aukera gehiago eskaintzen dizkie bai beraien buruak ezagutzeko, planifikaziorako, ikasten jarraitzeko, beraien kabuz erabakiak hartzeko… Hori guztia oso garrantzitsua da, baina txanponaren alde bat baino ez da. 

Eman diezaiogun bada txanponari buelta. Zer dago beste aldean?

Beste aldean egongo litzateke, aparteko konexio horiek nagusiki garunaren zein zatitan kokatzen diren ikustea, eta zer-nolako galderak, jarrerak eta jokabideak lehenesten dituen. Gure garunaren funtzio nagusienetakoa da bizi garen ingurunera egokitzea jakintza eskuratuz, ikasiz. Espezie gisa bizirauteko, ez dugu letagin zorrotzik, ez hatzapar handirik. Horregatik espezie biologiko gisa ikasten goazelako bizirauten dugu. Ikastea gure espeziearen sena da. Ikastea biziraupenerako gure oinarri nagusia da. Gure ingurunetik ikasten dugu eta gure ingurunean gertatzen diren aldaketei aurre hartzen ikasten dugu. Ziurra ez den ingurune aldakor eta dinamiko batean bizi gara. Ez dakigu inoiz norantz aldatuko den, eta garunak justu horretara egokitzeko balio digu. Muturrera eramanda, oinarrizko bi modu daude ingurunearen ziurgabetasunei eta berritasunei erantzuteko. Bata berritasunei beldurrez erantzutea da. Mehatxu bat izan daitekeela pentsatu eta apartatzea hobe izango dela ondorioztatzea. Hori egiten dutenak eraldatzaileak ez diren pertsonak dira. Beste muturrean jakin-mina dutenak daude. Berrikuntzen aurrean hurbiltzen direnak eta ea hortik zerbait baliagarria atera dezaketen edo ez aztertzen dutenak. Eraldatzaileak diren pertsonak dira, beraien buruak aldatzeko gai direnak, ingurua aldatu dezaketenak, sinpleki jakin-min horrek sortzen dien plazer hutsagatik. Inor ez dago muturretan, guztiok gaude tarteko punturen batean, baina jakin-minera zenbat eta gehiago lerrokatzen garen, orduan eta eraldatzaileagoak izango gara, eta zoriontsuagoak ere bai. 

Eta zerk eragiten du alde batera edo bestera lerrokatzea?

Gure ikasleei eskaintzen dizkiegun esperientzia guztiek neuronen arteko konexioak aberasten dituzte, beraien bizitza mentala elikatzen dute, baina hori guztia transmititzeko erabiltzen dugun moduak eragiten du alde batera edo bestera lerrokatzea. Ez zer transmititzen dugun, baizik eta nola egiten dugun. Alaitasunaren eta jakin-minaren bidez egiten badugu, sentsazio positiboen bidez jakin-minerantz eratortzen lagunduko diegu. Aldiz, behartzen baditugu, edota nahi gabe bada ere ezerosotasuna transmititzen badiegu gauza berrien aurrean, beldurrerantz eramango ditugu, berrikuntzen aurrean arbuiora. Horregatik diot zer transmititzen dugun garrantzitsua dela, baina niretzako garrantzitsuena transmisio hori egiten dugun moduari erreparatzea da. Azken finean, horrek bermatuko duelako ikasten jarraitu nahi izatea. 

Adinari dagokionez nola eragiten digu transmisio-modu horrek garunean?

Garuna bizitza osoan aldatzen doa. Baina 5 eta 20 urte artekoa da garunean konexioak ezartzeko aldirik garrantzitsuena. Garai horretan ezartzen dira pertsonen garunean konexio gehien. Aldi horretan eragiten du gehien edozein ezagutza transmititzeko modu horrek. Adin horretatik aurrera ere egiten dira konexio berriak, baina gutxiago. 5 urtez azpikoen garaian, berriz, etengabea da konexioen ezartzea. Beraz, zenbat eta lehenago erreparatu transmisio-moduari, hobe. 

Transmisio-modu hori hainbat tokitatik egiten dela kontuan hartu behar, hala ere. 

Bai. Trasmisio-moduaz hitz egiten dudanean ez naiz hezkuntza sistemaz bakarrik ari. Hezkuntza zentrook hezkuntzaren pastel osoaren zati bat daukagu, gizarteak dauka beste zati bat eta familiak beste bat. Hainbat transmisio-moduren arteko batuketa bat da, eta guztiak norabide berean joatea komenigarria da, ez baita beti hala gertatzen. 

Genetikak pertsonaren pentsamendu arrazionalean batezbeste % 34an eragiten duela jasotzen du zuen ikerketetako batek. Gainerakoa hezkuntzaren bidez landu dezakegula, abiapuntua edozein dela ere. 

Pertsonak sortze beretik gara desberdinak. Dugun konbinazio genetikoaren arabera bakarrak gara. Batezbeste 80.000 gene inguru ditugu garunean modu batera edo bestera funtzionatzen dutenak. Gene horiek, gainera, hainbat aldagai dituzte, gure portatzeko moduari, eta oro har, gure bizitza mentalari eragiten diotenak. Baina aldagai horiek adimen gaitasunari lotutako aldez aurretiko jarrerei eragiten diete. Argi izan behar dugu aldez aurretiko jarrerak ez direla guztiz erabakigarriak. Heredabilidade kontzeptuak neurtzen du genetikak gure bizitza mentalean zer-nolako pisua duen. Egindako ikerketen arabera, genetikak pertsonaren pentsamendu arrazionalean batezbeste % 34an eragiten duela ikusi dugu. Hortik,

garrantzitsua da ondorioztatzea gainerakoa hezkuntzaren bidez landu dezakegula, abiapuntua edozein dela ere. Guztiok abiatzen gara maila desberdinetik, hori ezin dugu ukatu. Baina hezkuntzaren bidez, plastikotasun neuronala landuta, guztiok hobetu dezakegu gure bizitza mentaleko edozein alderdi. Baina segun eta nolakoa den jasotzen dugun heziketa txikitu ere egin dezakegu, mutilatu dezakegu. Horregatik, eta topikoa dela dirudien arren, desberdintasunekiko errespetuak izan beharko luke hezkuntzak eskaini beharko lukeen ezinbesteko osagaietako bat. 

Zein izango lirateke beste osagaiak?

Pertsonei duintasunez hazten laguntzeak izan beharko luke hezkuntzaren iparra. Hor barnean hainbat aldagai sartzen dira: alderdi profesionalizatzaileak ditu, izan ere, egiten dugun lanak gizakion duintasunaren parte garrantzitsua hartzen du, baina ez da bakarra. Aldagai sozializatzaileak ere barnebiltzen ditu, izaki sozialak garelako, eta gizartean bizi garenez, gizarte plural, konplexu, dinamiko eta aldakorretan integratu behar dugu. Baina ez norbanako pasibo eta sinesbera gisa. Baizik eta autoanalizatzeko gaitasuna duten subjektu eraldatzaile gisara, hobeto sentitzeko gure baitan zer aldatu behar dugun aztertuz, eta gure aldaketaren bidez aurrerapen sozialean lagunduz.

Nola gainditu desberdintasunen arrakala? 

Duintasunez bizitzen laguntzearen barnean desberdintasunak onartzea da lehendabiziko urratsa. Behin hori egiten badugu, guztiei aukera berdinak eskaintzea da hurrengo urratsa. Jakin dezagun gure ikasgeletan, maila guztietan, genetikoki ikasle ahaldunagoak ditugula eta beste batzuk gutxiago, baina eman diezazkiegun guztiei aukera handienak alderdi guztietan, guztiek jarraitu dezaketelako hazten, bakoitzak bere abiapuntutik. 

Heziketa segun eta nolakoa izaten den, hala ere, adimena gehiago edo gutxiago garatu dezakegula aipatu duzu. Ikasle-irakasle harremanak zerikusia izango du horretan, ezta?

Noski, aurreko helburu horietan ados jarri edo ez —alderdi ideologikoari lotuta dagoenez, guztiok ez ditugu helburu eta estrategia berdinak bilatzen—, hurrengo galdera honakoa da: zer, noiz eta nola ikasiko dugu? Eta bereizi nahi dut beste honako galdera honetatik: zer, noiz eta nola irakatsiko dugu? Ikasleekin erlazionatzeko dugun jarrerari buruz ari naiz. Beraiekin eraikitzen dudan harremana “gaur honakoa irakatsiko diet” pentsatuz egiten badut, beraien garunetan irakastearen sare neuronalak aktibatuko ditut. Baina nik ikas dezaten nahi dut. Ikasleekin “gaur guztiok ikasiko dugu” pentsatuz erlazionatzen banaiz —gauza desberdinak, noski—, konbentzituta gaude ikasleen garunetan ikastearen sare neuronalak aktibatzen ditugula. Irakaslearen papera bere inguruan ikasketarako giro egokia antolatzen duen oinarrizko ardatzaren egilea izatea da eta izan beharko luke, baina berak ere ikasten du ikasleekin batera, eta ikasleei esker. Ikasleak ez dira bat-batean ikasten hasiko. Horrekin batera beraien ezagutzetara heltzeko metodologia erakargarri bat beharko dute, baina dagoeneko lehenengo oztopoa gainditu dugu, ezagutza berriak eskuratzeko errezeloa izaten da hori, eta askotan gainditzen zailena. 

Konfiantza ematen diguten pertsonengandik ikasten dugula diozu, atxikimendurako sena bizitza guztian izango dugula bidelagun. Konfiantza giroa ikasgeletan gehiago landu beharko al litzateke ikasketak esanguratsuak izan daitezen?

Pertsona guztiok beti bilatzen dugu atxikimendua. Areto batera sartu eta egundoko pintxo eta ardo aukera zabala egonda ere, egiten dugun lehendabiziko gauza aretoan dauden pertsonen begietara begiratzea da. Sen hori beti dago gurekin. Pertsona batekin elkartzen garenean egiten dugun lehen gauza begietara begiratzea da. Baina zoritxarrez hezkuntzan irakasle askok ez dute egiten. Haur eta Lehen Hezkuntzan bai, egiten da. Baina gero institutuan oso ohikoa da irakaslea gelara sartu, ikasleei begiratu ere egin gabe lau marru egin isil daitezen, eta bere hitzaldia kontatzen hastea. Hor ez dago atxikimendurik. Eta horregatik ez dute funtzionatzen eskola horiek. Horrek ezagutzaren transmisiorako prozesuak kaltetzen ditu, ez delako senez guztiok nahi genukeen moduan hasten. Elkar begiratuz, elkar ezagutuz, elkarri zerbait kontatuz, txutxumutxu bat, berdin zait, eta gero etorriko da bestea. 

Haur eta Lehen Hezkuntzan egiten dela aipatu duzu. 

Bai, Haur Hezkuntzan errazagoa izan daiteke haurrek irakaslearen eskua bilatzen dutelako, altzoan eramatea nahi dutelako… Badirudi hain txikiak izanda maitasun gehiago behar dutela. Baina bizitza osoan zehar behar dugu maitasuna, beste modu batzuetara, baina bizitza osoan behar dugu. Maitasun edota lotura intelektualago bat izan daiteke. Baina aurkitzen dituzunean “nik maite ditut nire ikasleak” dioten irakasleak —baita klasikoetan klasikoena bada ere—, irakasle hori bere ikasleekin inplikatu dela ikusten da, errespetatzen dituelako, eta irakasle-ikasle arteko laguntasun lotura bat eraikitzen ari dira. Sakonean hori ere lotura da, eta oinarri-oinarrizkoa da hori hezkuntza-arrakastarako. 

Gure espeziearen biziraupenerako oinarria ikastea dela esan duzu. Nola hasten dira haur jaioberriak ikasten?

Jaiotzen direnetik batez beste 36 ordura hasten dira jaioberriak euren begirada bere zaintzaileen begiradetan pausatzen. Begiradaren bidez gure egoera emozionala transmititzen dugu eta horixe da, hain zuzen, haur jaioberriak ikasi nahi duen lehendabiziko gauza. Zer esan nahi duten interpretatzea, besteen egoera emozionalen aurrean beraiek nola jokatu behar duten ikastea, emozio ezberdinen aurpegiak erreproduzitzen ikastea eta gainerako pertsonek ere modu zuzenean interpretatzen dituztela ikustea. Atxikimendua da, lotura da. Lotura emozionala da lehendabiziko ikasketa eta oso garrantzitsua da etorkizuna markatzen duelako. 

Jolasaren bidez egiten dute lehen ikasketa hori haurrek, senez. Ondo pasatze hutsagatik baino gehiago, haurrek ikasteko jolasten dutela diozu. Nola eragiten du jolasak garunean?

Ezagutza berriak eskuratzeko senak eskaintzen digun bitartekoa da jolasa. Haurrek ez dute jolasten ondo pasatze hutsagatik; haurrek ikasteko jolasten dute. Ikastea instintu bat da, eta hori bideratzeko bitartekoa da jolasa. Jolasak beren ingurunearekin erlazionatzea ahalbidetzen die, ingurune fisiko zein sozialean, eta baita ingurune horietan beraien portaera bideratzeko aukera ere. Jolasa oinarri-oinarrizkoa da ikasketarako. Eta ondo pasatzen dute gainera. Zergatik? Garunak pertsonaren biziraupenerako oinarri-oinarrizkoa den ekintza oro ongizate sentsazioarekin, plazerarekin eta dibertsioarekin saritzen dituelako. Eta horrek jolasten jarraitzea estimulatzen du, ikasten jarraitzeko. Haur batek bizikletan ibiltzen ikastea lortzen duenean, adibidez, munduko haurrik zoriontsuena da. Ikastean garunak dopamina deskarga ikaragarriak eragiten ditu. Dopamina motibazioarekin lotuta dagoen neuro-transmisorea dela kontuan izanda, ikasten jarraitzeko motibazioan eragiten digu. 

Emozioak ikasten ditugu lehendabizi. Zer paper jokatzen dute emozioek ikasketa-prozesuan?

Emozioak garunaren barneko zatian kokatuta dauden amigdala deitzen zaien egituretan sortzen dira. Emozioak portaeraren, jarreren eta erreakzioen patroiak dira, eta aurrekontzientzia egoeran eragiten dute. Emozio bat sortzen den momentu horretan ez dugu horren kontzientzia izaten. Geroago arrazionalizatu eta bideratu ditzakegu, baina ez sortzen diren momentuan. Aurrekontzientziazko patroiak dira emozioak, bat-bateko erantzuna eskatzen duten egoeren aurrean sortzen direnak. Edozein erantzun zuhurrek denbora gehiago eta energia metaboliko gehiago xahutzen dute gure garunean. Emozioak dira pentsatzeko denborarik ez dagoenean

bizirautea bermatzen digutenak, eta horregatik dira hain garrantzitsuak, erabakigarriak direlako. Espezie bezala zuhurrak izan gabe biziraun genezake, baina sentikorrak izan gabe ezingo genuke biziraun. Emozioei lotuta dagoen edozein ikasketa garunak era honetara interpretatzen du: “emozioak baditu, merezi duelako izango da. Hobe ikasketa hau ondo gordetzea, aurrerago berriro erabili beharko banu”. Oso garrantzitsua da hori. Onar dezagun emozioa edo zirrara sortzen digun hori. 

Emoziorik gabe ba al dago ikasterik?

Bai, emoziorik gabe ikasi daiteke. Errepikapen mekanikoaren bidez ikasi daiteke. Baina emozioak dira jakintzak hobeto eskuratzea ahalbidetzen digutenak, ez jakintza gehiago eskuratzea, baizik eta eraginkortasun handiagoz eskuratzea. Edozein ikasketa emozioekin komunikatu behar da. 

Edozein emoziok ahalbidetzen al du ikastea?

Emozioak bi ahoko armak dira. Beldurra ere emozioa da eta oinarrizkoa da, gainera. Gehiegizko beldurrak edo izuak, ordea, blokeatu egiten gaitu. Baina beldur sotil hori, “barregarri geratuko naiz”, “zigortu egingo naute”, “sinpleki ez zait ondo aterako”… beldur sotil hori estimulu ona izan daiteke ikasketarako. Horrekin ez dut beldurra estrategia pedagogiko gisara defenditu nahi, inondik inora. Jakintzak beldur sentipenez eskuratzen dituen pertsonaren garunak ikastea beldurraren deserosotasunarekin lotzen du. Eta deserosotasun hori sentitzea inori ez zaionez gustatzen, inork ikastera behartzen ez duenean, pertsona horrek ez ditu gauza berriak ikasi nahiko. 

Eta zein dira ikasten jarraitzeko gogoa estimulatzen duten emozioak?

Bat aipatu dut, konfiantza, alaitasuna. Baina ez da nahikoa. Alaitasuna ez da hain estimulu bizia, beldurrak baino indar gutxiago dauka. Gure garuna dinamikotasun handiagoz aktibatzen duen beste emozio bat behar dugu. Emozio hori harridura da. Harridura da gure ingurunean zerbait berria sumatzen dugunean sortzen den emozioa. Gure ikasleak harritzeko modu asko daude, adinaren, mailaren edota eskaintzen ari garenaren arabera: erritmo aldaketa bat, ustekabeko egoera bat, umore-senak ere beti sortzen ditu sorpresak, txutxumutxuek… 

Zergatik da garrantzitsua harridura sortzea?

Harridura garrantzitsua da amigdaletan sortzen delako. Ez du beldurrak bezalako adrenalina deskargarik eragiten, baina garunaren barnean talamo deitutako eremua aktibatzen du. Talamoa arreta-gunea da, eta arreta oso garrantzitsua da gaur eta hemen ikasteko. Baina horrez gain, garunaren beste atal batzuekin batera, talamoak motibazioaren zirkuituetan eragiten du. Eta motibazioa oso garrantzitsua da bizitzan zehar ikasten jarraitzeko. Gainera, motibazioak garunari aparteko energia ekarpena eragiten dio beti, glukosa eta oxigeno eran. Horrek ahalbidetzen dio nekatu gabe denbora gehiagoz aritzea, erregai gehiago duenez, eraginkortasun handiagoz funtzionatzen dugu motibatuta gaudenean. 

Motibazioa oinarrizkoa izango da aurrera egiteko?

Motibazioa ezinbestekoa dugu bizirauteko. Motibazioak aurrera egitea bultzatzen du, gauza berriak egitea. Motibaziorik gabe gauden tokian geratuko ginateke. Ezinbestekoa denez, garunak plazer eta ongizate sentsazioekin saritzen du. Motibatuta gaudela zerbait egiten dugunean, hain ondo ateratzen ez bazaigu ere, zoriontsuago edo sarituago sentitzen gara, zerbait behartuta edo obligazioz egiten dugunean baino. Ikasketak eraginkorragoak izatea nahi baldin badugu, motibaziotik eratorritako plazer horretan lagundu behar dugu.

Eta nola motibatu ditzake irakasleak bere ikasleak?

Modu batzuk aipatu ditugu: sorpresa edota atentzioan zentratutako prozesu ezberdinen bidez, adibidez. Baina bada beste bat: gure ikasleek ikastea nahi baldin badugu, guk ere beraiekin ikastea desio behar dugu. Nola motibatu ditzakegu? Gu motibatuta egonez. Nola transmitituko diegu ikasteko gogoa? Guk ere ikasi nahi izanda. Sinpleki, prozesu neuronal bati erantzuten dio horrek. Garunaren barnean neurona-ispilu deitutako neurona kopuru bat daukagu. Neurona horiek, ekintza bat egiten dugunean aktibatzen zaizkigunak bezalaxe, ekintza beste pertsona batek egiten duenean aktibatzen zaizkigu. Motibatuta dagoen pertsona bat ikusten dut, eta ni ere motibatu egiten naiz. Ez naiz bat-batean motibatuko, baina motibazioaren zirkuituak aktibatzen zaizkit, eta momentu horretan zerbait interesgarria eskaintzen badit, metodologia erakargarri batekin, lehendabiziko oztopoa, zailena, gainditu egingo dut, eta motibatu egingo naiz. Ikasleek gure bitartez bizitzen dituzte beraien esperientzia propioak. Ispiluen fokuak gara. Beraiek ikusten gaituzte, sumatzen gaituzte, eta imitatuko gaituzte. Jakinda beste eredu sozial batzuk ere imitatuko dituztela; familiakoak imitatzen dituzte, gurasoak… eta guztiak beti norabide berean ez goazela kontuan izanda. 

Ariketa fisikoaren edota psikomotrizitatearen garrantzia azpimarratzen dituzu adimenaren alderdi guztiak elikatzen dituztelako. Argudio hori sakondu al dezakezu?

Garunaren barnean, ariketa fisikoa, kontrol motorea, ikasketak eta kognizioa lotuta daude. Giharrak lantzeak garunak hobeto eta gehiago ikastea ahalbidetzen du, neuronen arteko plastizitatea lantzen duelako. Gainera, kirolak estresa gutxitzen du, estresarekin lortzen diren kortisol deitutako molekulak suntsitzen baititu.

Garunaren plastizitate hori lantzeko ba al da beste modurik?

Meditazioak, yogak, taichiak edota mindfulness bezalako praktikek ere garunean modu beretsuan eragiten dute. Estresa gutxitzen dute, enpatia handitu, soziabilitatea, eta neuronen arteko plastizitatea handitzen dute. Baina baita erlaxatuta eguzkia nola ezkutatzen den ikusten egotea, edota zuhaitz baten hostoak haizearekin nola mugitzen diren behatzea, horiek ere efektu berdina eragiten dute garunean. Musika eta dantza ere erabili ditzakegu. Musikak ere plastizitatea handitzen du, eta gainera, emozioei lotutako eremuetan eragitearekin batera, gorputzaren kontrolari lotutako eremuak lantzen ditu modu zuzenean. 

Zoriontasuna aipatu duzu, planifikazio-gaitasunari, norbere erabakiak hartzeari, ikasten jarraitzeari lotuta. 

Eboluzioaren ikuspegitik, gizakioi bekokia modu bertikalean garatu zaigu, eta garrantzitsua da horri erreparatzea, garai bateko gizakiak ez zeukalako egun daukagun bekokiaren dimentsioa. Lobulu frontal eta aurre-frontalak kokatzen dira eremu horretan, eta oso garrantzitsuak dira, gizaki egiten gaituztenak direlako. Eremu horretan kudeatzen dira etorkizunei buruz egiten ditugun hausnarketak. Hartzen ditugun erabaki gehienak emozionalak izaten dira, bulkadek eragindakoak, baina eremu honek ahalbidetzen digu erabaki hausnartuak eta arrazoizkoak hartzea. Hori egiteko gai garen espezie bakarra gara eta oso garrantzitsua da, neurozientzia kognitiboaren barnean kokatzen den Bizitza Arrakasta kontzeptuarekin oso lotuta dagoelako. Bizitza Arrakasta ez da estrapolagarria, bakoitzak berea dauka eta ondo sentitzearekin dauka zerikusia: ondo sentitzen naiz naizen bezalakoa izanda, ondo sentitzen naiz egiten dudanarekin, ondo sentitzen naiz ondoan ditudanekin. Baina ondo sentitze moldaerraz bat da. Ondo sentitze proaktibo eta transformatzaile bat da. Ingurua aldatzen doanez, eta ni ez banaiz aldatzen ondo sentitzeari utziko diot. Horregatik, ondo sentitze aktibo bat da, aldaketak bultzatzen dituena gutxienez lehen bezain ondo jarraitzeko eta ahal bada hobetzeko. 

Garunaren zein funtziok eragiten dute Bizitza Arrakasta-n?

Askotan ikertu izan da eta badakigu inteligentziak ez daukala zerikusirik Bizitza Arrakasta-rekin. Inteligentzia handia eduki dezakezu eta Bizitza Arrakasta txikia, edota inteligentzia txikia eta Bizitza Arrakasta handia. Zentzu horretan, garunaren gaitasunekin elkarreragina duena funtzio exekutiboen kontrola da. Funtzio exekutiboek honakoa barnebiltzen dute: planifikazioa, hausnarketa, zeure erabakiak hartzea, eta jakitea nola egokitu zure jokabidea hausnarketaren bidez etorkizunerako egin dituzun plan horiek lortzeko. Gure ikasleekin landu beharko genukeen zerbait da. 

Neurozientzia, psikologia, pedagogia, filosofia... Hainbat arlotatik, profesionalak hezkuntzaren gainean ildo berean lanean zabiltzatela dirudi. 

Jakina, garuna bakarra da. Arlo desberdinetan lanean ari garenok ez badugu bat egiten, punturen batean okertu garelako izango da, edo norbait edo guztiok. Baina inor ez bada okertu, guztiok bat egin beharko genuke. Askotan gertatzen dena da hiztegi desberdinak erabiltzen ditugula, eta badirudi ez dugula bat egiten, baina sakonean bat egiten dugu.