BIZILORE ESKOLA AKTIBOA. AMETSEN BEGIRADA

2018-05-22

Gaitasunez beteriko izaki gisa, zer nahi duen jakiteko eta horren araberako erabakiak hartzeko ahalmena duen pertsona bezala begiratzen diote haurrari Bizilore eskolan. Umeari ere berezkotasun eta potentzialtasun guztia ateratzeko aukera eskaintzea dute lehentasun, eta, horretarako, haurraren ongizatea ziurtatzea da bidelagunen lana. Duela 6 urte bost familiak hasitako ibilbidearen emaitza da ikusmira hori.

 
 
BIZILORE ESKOLA AKTIBOA. AMETSEN BEGIRADA

 

Begiradan datza denak, eta ez denak. Begiratzen duenaren ikusmirak finkatzen du aurrean duen horren izaera. Haur bat begiratu, eta batek izaki ahalgabea ikus dezake, gaitasun gutxikoa, bere kabuz ezer gutxi egiteko gauza dena, ezinbestean irakatsi behar zaiona zer eta nola egin. Eta ondorioztatuko du hori dela heziketa, alegia, haur horri irakastea zer eta nola. Haur bera begiratu, eta besteak izaki ahalduna ikus dezake, gaitasunez eta aukeraz betea, ingurune eta babes aproposa eskainita bere kabuz asko egiteko gai dena, zer eta nola ikasi ez ezik, zer eta nola erabakitzeko gai dena. Eta ondorioztatuko du hori dela heziketa, haur horri bere bidea egiten uztea, eta horretarako baliabide egokiak eskaintzea. Bigarren begirada hori garatzea eguneroko lana eta urte luzeetako borroka dute Bizilore eskola aktiboko kideek.

Azkoitian kokatzen da Bizilore eskola hartzen duen eraikina, Kukuherriren magalean; 360 gradu giratu eta mendiak bata bestearen atzetik gure begiradan; naturaren erdian, berdegune zabala du eskolak haurrentzat. “Hazkuntzan eta hezkuntzan oinarrituriko proiektu” gisa definitzen du Bizilore bertako koordinatzaile eta eskolako guraso Irune Agirregabiria Izagirrek. Proiektuaren motorra 16 familiak osatzen duten irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta eskolaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzte eraikin berean. Izan ere, kooperatibak bi hanka ditu. Abaraxka litzateke bata, aterpetxea eta jatetxea kudeatzen dituen hanka; bertan ekintza sozialak nahiz kulturalak antolatzen dituzte. Eta Bizilore litzateke bigarren hanka. Bizilore proiektuaren baitan, udalekuak antolatzen dituzte, asteburuetan formazioak, eta astean zehar arratsaldez askotariko aisialdi jarduerak haur nahiz helduentzat: buztin tailerra, zirkoa, jolasgunea, biodantza, psikomotritatea, yoga… “sormena eta norberaren ni-arekin konektatzeko ahalik eta aukera zabalena”. Eta Bizilore proiektuaren erdigunean, 2-12 urte arteko haurrentzako eskola dago.  

Bigarren ikasturtea egiten ari dira bertan 20 haur, 16 familia. 2 eta 7 urte artean dituzte egun haurrek, eta, bidelagunen laguntzarekin, ikasten eta hazten pasatzen dute goiza bertan. Eskola izan aurretik ere, ordea, bazen Bizilore. Eskola izan arteko bidea luzea izan baita.

 

Lorearen hazia

Duela 6 urte, 2012an, hasi ziren Biziloreren hazia ereiten. Bizpahiru hezi-tzaile eta gurasok lehen bilera bat deitu zuten uda partean Azpeitian, heziketaren inguruko hausnarketa sustatzeko asmoz. Urritik, maiztasunez biltzen hasi ziren, eta bigarren bilera hartatik hartu du parte prozesuan Ainara Agirregabiriak, egun Biziloren ikasten duten bi haurren amak. Urte eta erdi zuen orduan Ainararen semeak, eta “erditze mota batetik, hazkuntza mota baten” aldeko hautua egina zuten, haurrarekiko errespetua oinarri. Hazkuntza mota horri jarraipena emateko aukera emango zien hezkuntza mota bat sortzeko beharra sentitzen zuen, eta motibazio horrekin hurbildu zen bilerotara. Izan ere, La educación prohibida dokumentala ikusi zuenetik, garbi zuen ordu arte herrian indarrean zegoen eskola ereduak ez zuela asetzen: “Ikusten nuen ohiko hezkuntzan gauza askok gure garaian bezala jarraitzen zutela, zentzurik gabe: ez zen umeen erritmoa errespetatzen, presio handia jasan behar zuten; dena zen kanpotik barrura, ez zuten aukerarik ematen umeek barruan daramaten berezkotasun hori ateratzeko. Soberan zeuden gauza asko, naturalki begiratuta askoz ere sinpleagoak direnak”. 

Hala ere, hasierako hausnarketa bilera haiek aurrera egin ahala, argi gelditu zen partaide guztiek ez zituztela motibazio berak partekatzen. Ba-tzuek gogoeta-gune hura osatzetik haragoko helbururik ez zioten jar-tzen sortutako dinamikari, bereziki hezitzaile zirenek. Gurasoen artean, “baziren eskola berri bat sortzeko indarrarekin sentitzen ez zirenak, baina haurra ohiko eskoletara eraman eta paraleloki etxean beste lanketa bat egin nahi zutenak”. Eta baziren, baita ere, hazkuntza eta heziketa modu berrietan oinarrituriko eskola sortu nahi zutenak, Ainara bezala. “Astero biltzen ginen, eta hausnarketa bai, baina ez genuen aurrera egiten. Iritsi zen une bat gutxi gelditzen ginena, 5 lagun, eta indarra non jarri erabaki behar zen. Azkenean, erabaki genuen eskola bat sortu behar genuela”.

Eskola hark, ordea, nonbait hartu behar zuen gorputza. Espazio egokia aurkitzea izan zuen ardura nagusi guraso talde hark denbora luzez. “Buruhauste galanta izan zen: zenbat diru jartzeko prest geunden, espazioaren baldintzak… Azkenean, lagun batzuk etxe bat zuten okupatua eta hor hasi ginen probatzen”. Astean bizpahiru aldiz biltzen ziren bertan, eta “gure teoria guztiak aplikatzen genituen, momentuan inprobisa-tzen: partekatzearen inguruan, nola kudeatu haurren artean sortzen ziren gatazkak… baina kaotikoa zen dena”.  Itziar Arkonada Bizilore eskolako bidelaguna da egun, eta guraso gisa bizi izan zituen garai haiek. Berak ere funtzionamenduaren inguruko nahasmena gogoratzen du hasiera haietatik: “Ez zegoen definituta eskola egin, eta, lokalaz gain, zer funtzionamendu izan behar zuen eskola horrek: bidelagunak behar al ziren, edo irakasleak, edo… Gurasoen kudeaketarekin hasi ginen”. 

Espazioa egokitzearekin batera hartu zuen funtzionamenduak ere gorputza, sendotasuna. Okupatutako eraikin hura haurrentzako ez zela espaziorik egokiena ikusi zuten, eta gune berri baten bila hasi ziren. Hala, Azkoitiko Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta ludoteka zaharra eskaini zien honek, 100 metro koadroko lokala. “Ez zen gure ideala, denok argi genuelako naturarekin harremana izan behar zuela eskolak, berdegune bat behar zuela”, dio Ainarak, baina “hasteko modu bat” izan zen, Itziarren ustez: “Trantsizio moduko bat izan zen, aukera ematen ziguna gure beharrak modu praktikoagoan asetzeko. Izan ere, gure umeak ordurako jada koskortzen ari ziren eta beste lagun batzuekin egotea, sozializazioa eskatzen zuten. Gure alabak, adibidez, ordurako 5 urte bete zituen, eta guri berandu iritsi zitzaigun eskola. Eta bazegoen arriskua gainerakoekin ere gauza bera gertatzeko”. 

Pare bat urte pasatu zituzten Azkoitiko lokalean. Eta hasierako 5 familia haietatik 11 izatera pasa ziren. Hasieran, oraindik gurasoek kudeatzen jarraitu zuten, bidelagun lanak egiteko txandakatuz, eta hausnarketa sakonak egin behar izan zituzten gutxieneko funtzionamendu bat, arautegi bat adosteko. Laster ikusi zuten, ordea, zaila egiten zitzaiela guraso eta bidelagun, dena batera izatea: “Oso zaila egiten zitzaigun bidelaguntzeko distantzia emozionala hartzea gure seme-alabak egonik tarteko, eta prozesu bat ireki genuen, dinamiza-tzaile baten laguntzarekin”, dio Irunek, Biziloreko koordinatzaileak. Prozesu horretan definitu zuten azkenean zer eta nolakoa izan behar zuen eskolak. “Hor erabaki garbiak hartu genituen: eskola bat izan behar genuela, 2-12 urte bitartean ariko ginela, irakasle edo guraso ez ziren helduak behar genituela bidelaguntzen… Eta aste bakoitzean, erabakiren bat zehaztu ahala, proiektutik familia bat ateratzen zen. 11 izatetik berriro ere 5 familia izatera pasa ginen”, dio Irunek. 

Prozesu hori naturala eta osasungarria izan zelakoan dago: “Egungo sisteman dagoena nahi ez duten familia asko elkartzen dira horrelako proiektu batean, baina zer nahi duten adostu gabe. Elkarrekin zer egin nahi genuen definitzen hasi ginenean, ikusi genuen denon buruetan ez zegoela gauza bera”. Dolua pasa behar izan zuten hala ere, proiektuan ekinean aritutako hainbat familia gelditu zirelako bidean. Dena dela, behin proiektua zer den definitu dutenetik, ez dute baja gehiagorik izan; alderantziz, hazten joan dira egungo 16 familietara iritsi arte. 

 

Utopia haragitzen

Amets zena, agian zenbaitentzat utopia kutsua ere izango zuena, errealitate bihurtu dute bospasei urte eskasean familia gutxi batzuek: eskola bat sortu dute, komunitate bat osatu. Izan ere, Bizilore ez da zerbitzu huts bat; haurra goizean eraman eta eguerdi-arratsaldean jaso, eta kitto. Bizilorek familiako kide guztien bizitzetan hartzen du tokia. Hainbat batzordetan antolatzen dira lanerako, eskolaren nahiz proiektu osoaren martxa eramateko, eta gurasoek eta bidelagunek osatzen dituzte talde horiek. Horretaz gain, hausnarketa saioak egiten dituzte hilero, guraso gisa dituzten portaeren inguruan gogoeta egiteko, beldur, kezka nahiz ilusioak partekatzeko, edo batzorde pedagogikoak proposatutako erronka berriez mintzatzeko. Gurasoak bat datoz esaten bilera horiek arnasa direla, indarberrituta eta ilusioz bueltatu ohi direla etxera saio horien ostean. Beraiek ere guraso bezala hazi eta hezi egiten dira saio horietan, eta etxean martxan jartzeko hamaika ideia eramaten dituzte bueltan.

Bilera eta batzordeez harago, ordea, gurasoak egunerokoan daude presente eskolan: ostegunero dute eskolara joateko gonbita, haur bakoitzaren urtebetetzea elkarrekin ospatzen dute familiek eskolan, bazkariak egiten dira hiruhilekoen amaieran… edo azken San Juan bezperan bezala, familia guztiek gaua elkarrekin pasa zuten Biziloren. “Bizilore ez da zerbitzu huts bat: komunitatean hezteko gune bat da, non helduok ere egin behar dugun lanketa. Izan ere, ulertzen dugun guk ere pertsona bezala hazi egin behar dugula zaintza egoki egiteko. Hori da Biziloreren bereizgarria, komunitatean hazten garela; metodologia ere izan zitekeen bereizgarri, baina metodologia berezia beste ikastetxe askok izan dezakete”, dio Irunek.

Komunitateko lanketak, ordea, inplikazioa eskatzen du; batzorde, bilera, festa eta abarretan parte hartzea. Azken batean, Bizilore nolabait familiaren erdigunean jartzea. Aitortzen duten arren errespetatzen dela familia bakoitzak eskolari eskaintzeko duen energia, eta izaten direla boladak, zeinetan hurbilago eta urrunago dauden proiektutik, Bizilorek parte-hartzea eskatzen du. Eta Galder Gonzalez Bilbatuak, Biziloreko ikasle baten aitak ondo dioen moduan, galdetu izan diote euren buruari “zertarako nahastu gara horrelako proiektu batean?”. Eta, proiektuan gero eta gehiago murgildu ahala, gero eta garbiago ikusi izan du erantzuna. Izan ere, bera eta bere familia ez dira eskola sortzeko prozesuan egon, sortutako eskola batera hurbildu dira, eta Bizilore ezagutu egin behar izan dute, ulertu. “Ezjakintasunetik zatozenean, azaltzen dizute proiektua eta agian etorri zinenean baino duda gehiagorekin joaten zara etxera. Baina hausnarketa saio nahiz bileretan parte hartu ahala, umea begiratzeko modu berri bat ezagutu eta horrek duen garrantziaren kontzientzia hartzen duzu, eta proiektu honen berezitasunaz ohartzen zara. Konturatzen zara oro har hezkuntzan zein gutxi lantzen diren hain garrantzitsuak diren hainbat kontu”.

 

Begirada aldaketa

Hain zuzen, ohiko eskolan ikusten dituzten gabezia horiei erantzuteko sortu zen Bizilore, bestelako ezaugarriei lekua egiteko. Galderrek berak onartzen du hasieran ohiko eskoletan erabili ohi diren ratioak edo pedagogiak sortutako zalantzak zirela-eta hurbildu zirela Bizilorera, “ezjakintasunetik”, baina orain “hutsune oso potoloak” ikusten dizkiotela ohiko hezkuntza formalari. 

Itziarrek ere “ñabardura txikietan baino”, sakoneko gaietan ikusten dio gabezia nagusia eskola arruntari: “Formazioak egiten dira, metodologian aldaketak egin daitezke, eta zentzu horretan garapen bat badagoela esango nuke, baina arazo nagusia da eskola arrunta sistemaren engranajeetako bat dela: umeak ekoizten dira sisteman jarraitzeko. Biziloren, aldiz, oso txikitatik errespetatzen da umeek duten gaitasuna nahi duten hori egiteko, erabakitzeko, eta tokia egiten zaio gizaki bakoitzak jaiotzatik dakarren indar horri, eta onartu egiten da indar horri erantzutea. Biziloreko haurrek biharko egunean izango duten gauzarik onena izango da sekulako indarra beraiena egiteko, eta sinesteko beraien gaitasunetan eta potentzialean”. 

Irunek ñabardura bat jarri nahi izan dio horri. Biziloren murgildu aurretik 15 urte pasatu zituen berak eskola publikoan lanean, eta aurrez baita eskola kontzertatuetan ere. “Iruditzen zait askotan gurea goraipatzeko ohiko eskolaren gabeziak ateratzen ditugula, eta horrek min egiten dit, hezkuntzan arrakala sortzen ari delako bai publiko, bai kontzertatu eta bai horrelako ereduen artean”. Bere ustez hezkuntza publikoan langile ugari ari dira lanean hezkuntza eraldatzeko, baina sistema bera da horretarako aukera handirik ematen ez duena. “Baina haurra erdigunean jartzen duen proiektua baldin bada, errespetuzko begirada batetik ari bada, eta norbere ni-a hautemateko aukera eskaintzen badu, berdin da zein eredutatik ari den”.

Eta Irunek berriro jarri du erdigunean Biziloreko kideekin hitz egiterakoan behin eta berriz airean den hitza: begirada. Izan ere, komunitateko hazkun-tzarekin batera, bere bereizgarri du Bizilorek haurrari, horren ahalmenari, pertsona gisa duen ni-ari eskaintzen dion errespetua; haurra ulertzeko modu bat da hori, haurrari eskaintzan zaion begirada sakona. Beraz, haurra ahalmenez betea dagoen izaki gisa ikusten den heinean, ahalmen horiek azalerazteko eta garatzeko aukera ematea da eskolaren eginkizuna, eta horretarako testuinguru aproposa eraikitzea bidelagunen funtzioa: espazio eta material egokiak eskaintzea, bere erritmoak errespetatzea, sozializatzeko aukerak ematea… 

Hala, eskolan indarra jartzen dute haurraren ongizate emozionala bermatzean, ongi sentitzen den heinean irekia egongo delakoan esploratzeko, ikasteko, besteekin harremanak eraikitzeko. “Egokitzapena ez bada ongi egiten eta umeari atxikimenduaren beharra  pizten bazaio, gurasoekin egoteko beharra, segurtasunik gabe sentituko da eta etena egongo da jolasean, ez da egongo esploratzera eta ikastera irekia. Berdin beldurra pizten bazaio, irakasleak berak egin dezakeena baino gehiago eskatu diolako eta maila eman behar duela sentitu duelako, edo irain bat jaso duelako… Egoera horietan, ikerketarako nahia eten egiten da. Beraz, gure lana da umearen ongizatea ziurta-tzea, beregan dauden gaitasun horiek adierazteko. Orduan irekita egongo da eta umearen barrutik kanpora sortzen dira nahiak, harremanak izateko gogoak. Beraz, lehen indarra ez dago ikasketan, baizik eta emozioetan”, azaltzen du Irunek.

Biziloren, haurra izaki global gisa ulertzen dute, zeinetan alderdi fisikoa, intelektuala eta emozionala ezin diren bata bestearengandik bereizi, eta elkarrekin landu behar diren. Horien arteko orekatik etorriko da haurraren zoriontasuna eta, beraz, bidelagunak esku hartu beharko du oreka hori ziurtatzeko. Hala, haur batek joera badu “alde intelektualean kateatzeko, baina ihes egiten badu harreman sozialetatik, bidelagunek badakite alor emozionalean lan egin behar dutela. Aldiz, ikusten badute etengabe dagoela harremanetan, baina gero ez dela gai bere ni-arekin konektatzeko eta benetan bilatzeko berak zer egin nahi duen, harremana gailentzen delako, proposamenak egingo dizkiote alderdi intelektuala edo fisikoa jorratzeko”.

Albiste gehiago