"Ebaluazio Hezitzailea iruten" liburuxka aurkeztu du LABek, hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko ekarpen gisa

2018-02-09

“Ebaluazio Hezitzailea iruten” liburuxka aurkeztu du komunikabideen aurrean. LAB sindikatuaren esanetan, ebaluazioa hezkuntza sistemaren ardatz nagusietakoa da. "Zer, nola eta zertarako ebaluatu?" Irakasle eta hezkuntza arduradun guztien buruhauste nagusietakoa izan ohi da. Horregatik, LAB sindikatuak bi urtetako lanaren bilduma osatu du, afiliatu eta aditu ugariren laguntzaz. Gaurkotasun handia hartu du gaiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ebaluazioa bere Hezkuntza Itunaren ardatz nagusietako gisa proposatu duen honetan. Aipatutako liburuxka Hezkuntza Sailaren eskuetan utziko dugu, ebaluazio paradigma berria osatzeko ekarpen gisa.

 
 
"Ebaluazio Hezitzailea iruten" liburuxka aurkeztu du LABek, hezkuntza sistema burujabea eraikitzeko ekarpen gisa

Hauxe da aurkezpenean adierazitakoa:

"Ebaluazio Hezitzailea Iruten" liburuxka 4 atal nagusiz osatua dago eta bi urteko ibilbidearen emaitza da. Liburuxkaren osaketa, prozesu parte hartzaile aberats baten ondorioa da, ehunka pertsonaren ahalduntze prozesua eta ebaluazioan goi mailako adituen ekarpenekin borobildua.

Aipatutako atal nagusiak ondokoak dira:

-Begirada Poliedrikoa eta Osasungarria hitzaurrea. Nora Salbotxek (Herri Hezitzaleak ekimeneko kidea) eta Joxe Mari Auzmendik (Hik Hasi aldizkari pedagogiko zuzendariak) egindako kolaborazioa.

-Iruten Filosofia. Ruben Iglesias, LABeko kidea eta Ebaluazioan adituak Iruten Filosofiaren azalpena egin du bertan. Hezkuntza Sistema Burujabea eraikitzeko baliabide zehatzak eskaintzean oinarritzen da filosofia.

-Ebaluazio Hezitzailea Iruten jardunaldiak. Ane Ablanedo, Alex Barandiaran eta Lore Erriondo Unibertsitateko Irakasle eta ebaluazioan adituekin, LABek Hernaniko Oronako Aretoan egindako Jardunaldien laburpena jasotzen da bertan. Jardunaldi arrakastatsuan 300 lagunek parte hartu zuten.

-Dekaloagoa. LABek egindako prozesu honen azken ekarpena da. Bertan, Ebaluazio Hezitzailea Iruteko 10 pausu zehatz proposatzen dira. Iruten filosofia praktikara eramateko urratsak dira hauek.

Liburuxkaren 7.000 ale atera ditugu eta berauek Euskal Herriko ikastetxe guztietako irakasle geletara heltzeko ahalegina egingo dugu hurrengo asteotan. LABeko irakaskuntza arloko afiliatuek etxean jasoko dute.

Gure ustez, irakasleen esku ere badago, Ebaluazio Hezitzailera bidean paradigma aldakaketa egiteko giltza. LABek Euskal Herriko irakasle guztien esku jarriko du gaurtik aurrera tresna hau, nahi badute aldaketa egiteko tresna izan dezaten. Dena den, irakasleetatik harantzago ere joateko ahalegina egitera goaz, ikastetxeen eta eskola komunitate osoaren inplikazioa garrantzitsua delako aldaketa egiteko. Zentzu honetan, nahi duten ikastetxe guztiek aukera izango dute Ebaluazio Hezitzailearen inguruan formakuntza jasotzeko. Horretarako iruten@lab.eus helbidera idaztea nahikoa da.

Jakitun gara, testuinguru oso berezian aurkezten dugula liburuxka. Batetik, HIK HASIK hezkuntza sistema osoa eraldatzeko potentziala duen Hezkuntza Proposamena plazaratu zuen orain dela gutxi; bestetik, EAEko Hezkuntza Sailak aurkeztu berri duen Hezkuntza Hobetzeko Ituna dugu. Gure proposamena, gaur bertan euskal jendartearen esku utziko dugu eta Hik Hasi eta Hezkuntza Sailari ere helaraziko diogu. Ulertzen dugulako, guztion egitekoa dela, Euskal Herriak nahi eta merezi duen Hezkuntza Burujabearen bidean Ebaluazioaren inguruko aportazioak egin eta adostasunetara heltzen saiatzea.

Dena den, gaur egun dugun panoramak asko kezkatzen gaitu eta baikorrak izateko arrazoi gutxi ditugu. Alde batetik, Hezkuntza Sailak egin berri duen proposamenean, LABek egiten dituen zenbait proposamen jasotzen dira, baina praktikan, Gasteizko Gobernua kontrako norabidean doa Ebaluazio Hezitzailea eta azterketa-errebalida-selektibitate-kalifikazio tandema ezkondu ezinezkoak direlako. Hau da, alde batetik, gaitasun-konpetentzietan oinarritutako hezkuntza zein ebaluazioaz hitz egiten du Hezkuntza Sailak, baina bestetik, Madrilek inposatuta, kontrako norabidean doan azterketa eredu memoristikoa aplikatzen du. Madrileko inposaketak eta eredua gainditu gabe, ezinezkoa da Hezkuntza Sailak eta guk geuk liburuxkan proposatzen dugun paradigma aldaketa gauzatzea. Eta hau, guk bezain ongi daki Gasteizko Hezkuntza Sailak, asteleheneko aurkezpenean ikusi genuen legez.

Gauzak horrela, liburuxkaren bidez Ebaluazio Hezitzailea Irutera animatzen dugu Hezkuntza Komunitate osoa. Baina, aldi berean, Hezkuntza Plataformen Topaguneak, Pisa eta Errebalidei planto egiteko luzatutako diealdiarekin bat egiten dugu.