INSPIRA proiektua. Nesken artean bokazio teknologikoa sustatu nahian

Nesken artean sentsibilizazioko eta orientazioko ekintzak baliatzen bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzeko, INSPIRA proiektua jarri dute abian Deustuko Unibertsitateak eta Elhuyar Fundazioak, Innobasqueren lankidetzarekin eta DECYTen laguntzarekin. Ekimena aitzindaria da, ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek hartzen dutelako parte proiektuan, eta zuzenean ikasleekin elkartzen direlako. Izan ere, taldeko mentoring teknika erabiliko da lehen aldiz Lehen Hezkuntzako nesken artean, STEAM siglaren azpian biltzen diren arloak sustatzeko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika).

 
 
INSPIRA proiektua. Nesken artean bokazio teknologikoa sustatu nahian

 

Zientziaren eta teknologiaren arloetako prestakuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua beherantz doa, urtetik urtera. Neskei dagokienez, are larriagoak dira datuak. Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara hasten da nabaritzen arlo zientifiko eta teknologietako zaletasuna gutxituz doala ikasleen artean, eta, bereziki, emakumezkoen artean. Noski, joera horrek eragina du ikasleek Batxilergoan edota unibertsitateko ikasketetan egiten dituzten aukeretan. Adibidez, unibertsitate-sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak izan arren, titulazio teknikoetan, Ingeniaritzan eta Arkitekturan, esate baterako, % 26,4 besterik ez dira.

Egoera horri buelta eman nahian sortu dute INSPIRA, Deustuko Unibertsitateak gidatuta, nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzeko xedez. Proiektuaren koordinatzaile Mari Luz Guenagak azaldu duenez, lehenik eta behin, zientziaren eta teknologiaren arloetako jarduerak ezagutaraztea da helburua: “Zientziaren eta teknologiaren eremuetako lanpostu askoren inguruan, oso ikuspegi murritza daukagu. Ez dakigu, zehazki, zer egiten duen matematikari batek edota informatikari batek. Beraz, lanbide horiek lehen eskutik ezagutarazi nahi ditugu hasteko. Izan dezatela ikasleek fisikaren, ingeniaritzaren, arkitekturaren edota matematikaren gaineko informazioa. Gero, arlo horiek hautatu ahal izango dituzte, edo ez, baina ez diezaiotela, behintzat, zientziari eta teknologiari aterik itxi, aurrez ezarrita dituzten estereotipo batzuen eraginez”. Zehazki, INSPIRA proiektuak, STEAM arloei buruzko informazioa emateaz gain, gogoeta eginarazi nahi die ikasleei zientziaren eta teknologiaren inguruan eraikitako estereotipoez, eta historian nahiz gaur egun ezkutuan eta isilpean geratu diren emakumezko zientzialariak ezagutarazi nahi dizkie.

Azken batean, sei gako nagusiren inguruan egituratu dute proiektua:

  • Hurbileko emakume zientzialari eta teknologoen erreferente berriak eskaintzea.
  • Neska-mutilek STEAM lanbideak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikakoak) ezagutzea.
  • Herrialde baten garapenean gizonek eta emakumeek parte hartu beharraz jabetzea.
  • Teknologiako unibertsitate-ikasketen inguruko sentsibilizazioa eta orientazioa eskaintzea.
  • Emakume zientzialari eta teknologoak ezagutaraztea, eta haien garrantziaz jabetzea.
  • Dauden estereotipoak ezagutaraztea, ikasketen aukeraketa baldintzatu ez dezaten.

 

Mentoringa ikasleengana gerturatzeko

Hezkuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan… lanean diharduten zientzialariak eta teknologoak zuzenean elkartzen dira ikasle neskekin, euren jardunaren berri emateko, guztiak ere euren borondatez eta aholkulari gisa lan eginez. Aurreko ikasturtean jarri zen abian ekimena, proiektu pilotu gisa, eta, lehenengo edizio hartan, LHko 5. eta 6. mailetako 200 neska baino gehiagoren mentore izan ziren 17 emakume, 11 ikastetxetan. Aurtengo ediziorako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 113 mentore, 43 ikastetxe eta 1.075 ikasle elkartu dira. 

Mentoreak neskekin biltzen dira zuzenean ikasturte osoan sei orduz. Eskola-orduak erabiltzen dituzte horretarako. Iaz, eskolak berak erabakitzen zuen mutilekin zer egin, neskak gelatik irteten zirenean. Aurtengo ediziorako, berriz, mutilekin ere gai horixe bera lantzea erabaki dute: “Aurreko ikasturte amaierako balorazioan, ikusi genuen interesgarria izan zitekeela gizonezkoekin ere gai bera lantzea. Baina, lanketa beste ikuspegi batetik egingo denez, emakumezkoek eta gizonezkoek bereiz jardutea iruditu zaigu egokiena, gaia soilik neskekin landu beharra dagoela ikusi baitugu”.