Nerea Sancho: “Erditu ostean erotismoa berriro planteatu behar da”

Haur baten jaiotza ‘krak’ bat da. Guztia berriro planteatzea eskatzen duen krisi bat, eta baita, beraz, sexua ere. Arremanitz kooperatibako sexologo Nerea Sanchoren aburuz, kontzientzia eta komunikazioa behar dira, aurrera egiteko.

 
 
Nerea Sancho: “Erditu ostean  erotismoa berriro planteatu behar da”

Topiko eta mito asko daude erditu osteko sexualitatearen inguruan, erditu den emakumeak ez duela desiorik izango, baina kontu izan behar duela, gizonak bai gogoa izango duelako... mitoak desestali eta gauza bakoitzari bere izena jarri die Nerea Sancho Arremanitz kooperatibako sexologoak jarraian:

Prozesu erotiko baten parte dira haurdunaldia eta erditzea... Erditu ostean, bikotea hirukote bihurtzen da. Nola berreskuratu bikotean erotismoa erditu ostean?

Lehenengo umearen etorrera aldaketa ikaragarria da bikote batentzat. Erradikala da, salbaia, itzela. Eta gauza asko berriro planteatzen dituzu edo ataskaturik gelditzen zara: jendeak birplanteatzen du bizilekua; lanpostua, bere sare soziala; bizitza soziala; denbora librearen kudeaketa planteatzen du... eta erotismoa nola ez! Erditu ostean erotismoa berriro planteatu behar du bikoteak, egoerak behartzen du. Eta horretarako, kontzientzia jartzea inportantea da.

Kontzientzia jartzeak esan nahi du, batetik, ahal duzunean denbora eskaintzea horri, eta, bestetik, komunikazioa ahalbidetzea bikotekidearekin. Eta komunikazio hori ez izatea kritikatik, eta biktima gisa, baizik eta desioetatik, eskaintzatik, proposamenetatik... tratu onen bidetik. “Gaur ere ez duzu edukiko gogorik txortan egiteko!”, horrela esaten badiozu, seguruenik ez. Aldiz, esaten badiozu, “aspalditik daukat gogoa zurekin txortan egiteko, nola zaude gaur?”.

Horrez gain, kontuan izan behar ditugu ustez erotismoarekin zerikusirik ez duten hainbat gauza: denbora guztian ari bagara mezu negatiboak bidaltzen, aginduak ematen, bestea mespretxatzen, “zuk ez dakizu pardela aldatzen; nik egingo dut”..., desioa itzaltzen dugu. Izan ere, desioa modu askotara piztu daiteke, baina modu bat tratu on jarraituak jasotzea da: tantaz tanta baso horrek gainezka egiten duenean, desioa ireki egiten da, eta disponibilitatea dago. Desioari buruzko estereotipo bat dago zabaldua, desioa biluzik dagoen gorputz eredugarri horrekin pizten dela esaten da. Baina igual zuri desioa pizten dizuna ez dator bat estereotipo horrekin, baizik eta bikotekidearekin harreman goxoa edukitzeak pizten dizu; haurrarekin etxean, giro berri horretan dagoen intimitate horrekin igual berotzen zara... Emozionalitatea erotismoarekin konektatua dago. Beraz emozionalitatea zaindu behar dugu. Eta umorea ere bai, umore onez bagaude, gauzak errazago izango dira. Orain, zer behar dugu umore onez egoteko? Ba hor daude gakoak. Bikoteak oso erresilienteak dira. Nola lortzen dute bikoteek hain egoera zailetan, estresanteetan, exigenteetan, gogorretan aurrera jarraitzea? Bizitza erotikoarekin gustura egotea garrantzitsua da.

Emaginak gaztigatu gintuen erditu aurreko ikastaroetan, “kontuz, bizitza erotikoa zaindu! bestela...”

Mezu arriskutsuak ematen dira... Prebentzioa egin nahian, aniztasuna kontuan hartu gabe, mezu monolitiko eta kontundenteak bidaltzea arriskutsua izan daiteke. Sexualitatearen natura anitza da, denak desberdinak gara; erotismoari dagokionez ere, hau da, desioak nola funtzionatzen duen, nola transmititzen den, nola garen erakargarriak eta nola erakartzen gaituzten... guztiz pertsonala da, aldakorra garai batetik bestera, eta, nola ez, erditu ondoren. Beraz, osasuneko profesional batek aurreikustea erditu ostean ez duzula gogorik edukiko, gehiegi esatea izan liteke, ze esperientzia oso desberdinak daude hor. Zergatik da hain arriskutsua hain mezu kontundenteak bidaltzea? Zuk mezu kontundente bat bidaltzen baduzu, emakume horiek euren desioa kudeatzeko zailtasunak izan ditzakete, “lau egun pasa dira eta nik gogoa daukat, oso bero nago; ze desegokia naizen!”, pentsa dezake batek, ulertu beharrean bere natura horrela dela, sentibera dagoela eta sentiberatasun horrek kitzikatuta egotera daramala... Beste bati berriz, kontrakoa gerta dakioke, urtebete pasa, bi urte pasa eta denbora-epe horretan ez erakargarritasunik ez exzitaziorik sentitzea inondik inora. Beraz, kontua ez da norma bat jartzea, baizik eta norberari gertatzen zaiona ulertu eta forma ematea ahalik eta modu zentzuzkoenean. Eta argitu behar dugu bikotearen bizitza erotikoa zaintzea ez dela kunplitzea. Zaintzea da bikote horrekin harremana berriro planteatzea une horretara egokiturik, ze bestela daude bi pertsona leku berdinean, baina ez daude elkarrekin. Ez duzu ezer eraikitzen, ez duzu ezer elika-tzen... harreman horri edukiak eman behar dizkiozu, arreta, bestearen errealitatearen berri izan —ez eduki beldurrik zer nahi duzun esateko eta besteak zer nahi duen entzuteko— eta denbora ematea da zaintzea, batez ere.

Badira bikoteak erabakitzen dutenak haurrak utzi eta tarteka asteburu bat elkarrekin pasatzea; beste batzuk hilean behin afaltzera ateratzen dira; beste batzuek merienda bat hitzartzen dute... bakoitzak ahal duena, baina kontua elkarrekin egoteko, elkarri denbora eskaintzeko intentzionalitate bat jartzea litzateke, eta jakitea egun horretan elkarrekin egongo direla, hori oso aberasgarria da bikotearentzat. Harremana bizirik mantentzen laguntzen du.

Eta erotismoa zaintzeaz eta desioaz ari garenean zehaztu behar da zer taz ari garen. Desioarena beti planteatzen da sarketa egiteko desioa bezala, biak sinonimo balira bezala; eta ez da horrela.

Oraindik zehaztu egin behar da, beraz, desioa eta sarketa egiteko desioa ez direla gauza bera....

Desioa bagina sarketaren desioa dela suposatzea gehiegi da; hori da hautsi behar dugun lehen premisa, lehenengo idea okerra hori da. Desioak ez du zertan zerikusirik eduki bagina sarketarekin, eduki dezakegu bestelako desio erotikorik, goxo egoteko desioa; elkar ukitzekoa; muxukatzekoa; sarketa egitekoa; ipurdiko sarketa egitekoa; felazioa egitekoa; cunilingusa egitekoa; pornoa ikustekoa; bibradorearekin ibiltzekoa... jokabide eta bizipen eta estimulu anitzen desioa izan dezakegu.

Ados, erotismoa zaindu behar dugu... baina bikotekide batek desioa du, eta besteak ez.

Egoera kudeatzeko hainbat modu daude. Bata da, desiorik ez baduzu ez duzula zertan ezer egin behar; beste modu bat da, “desioa daukat beraz proposatzen dut”; beste modu bat da: “orain bertan ez daukat gogorik, baina hasi eta ea zer gertatzen den, eta nik komunikatuko dizut noraino eta zer intentsitate nahi dudan, eta badakidanez zuk errespetatuko duzula , jolas dezakegu eta nahi dugunean desbideratuko dugu jolasa.” Eta beste batzuetan, “ez da ez”.

Adibidez, batek desio handia duenean, eta besteak soilik bestearekin egon egin nahi duenean, baina ez duenean akzio erotiko bat gauzatu nahi, lagundutako masturbazioa egin dezakete. Horrelako akzio solidarioek bikotearen binkuloa indartu egiten dute. Plazeraren binkuloa sustatu liteke modu desberdinetan. Erditu osteko edoskitze taldeetan sarri izan naiz, eta esperientzia asko jaso izan ditut. Sistematikoki agertu den zerbait izan da, bikote heterosexualetan gizonezkoak ulertzen zuela emakumearekiko edozein kontaktuk edo edozein keinuk erotismoari atea irekitzen ziola ehuneko ehunean. Eta gizonezko horientzat ehuneko ehun zen emakumezkoa haurdun gelditu aurreko egoera, sarketarekin, erritmo altu batean, igual postura exijenteetan... Aldiz, emakumeak keinu horrekin —laztan batekin, muxu batekin, besarkada batekin— keinu hori besterik ez zuen egin nahi. Beraz, emakumeek ate hori ez irekitzearren, muxuak ez jasotzera behartuta aurkitu dira, muxuak irekitzen baitzuen beraiek ireki nahi ez zuten ate hori. Gizonak, eta, oro har, bikoteak jabetzeko egoeraz, behar genuen gizonek parte hartzea tailerretan, 0tik 100era bitartean egon daitezkeen hainbat aldagai kontenplantzeko. Niretzat, hori da zailtasunik handiena eta soluzio errazena daukana aldi berean, ze egoera ulertuz gero, alternatibak bilatzea litzateke kontua.

Beraz, esaten duzunagatik, atetxo bat ez irekitzeagatik, ez dago kontakturik bikote askotan.

Zero. Eta hori bikote batentzat izugarrizko desgastea da. Bi parteak daude euren beharrak ase gabe, behar afektiboak, kontaktu fisikoa, sensitiboa... eta behar erotikoak. Oso interesgarria da bikoteen artean gauza hauei buruz hitz egitea, baina bazkaltzen ari garen bitartean. Ez momentu erotiko bat gertatzear dagoen momentuan, ze bestela puskatzen dugu erotismoa, eta gainera hurrengorako esperientzia txar bat batu dugu. Testuingurutik kanpo hitz egin behar da erotismoaz. Horregatik da zaila, ez baikaude ohituak gaia ateratzera hotzean. Bat-batean... “aizu begira, txortan egin behar badugu...”. Gaiaz hitz egitea errazteko heldulekuak bilatu behar ditugu, eta bakoitzak bere sormena erabili beharko du gaia ateratzeko. Askotan erditu osteko tailer hauek aitzakia paregabea izaten dira gaia ateratzeko, “hitzaldian egon naiz, eta esan dute... nik esan nahi dizudan hau”.

Erotismoari buruzko elkarrizketarik ez badago bikotean, zaila da gaiari heltzea eta bideratzea, eta oso erraza da gai honengatik giro txarra sortzea bikotean.

Erditu osteko tailerretan, edoskitze-taldeetan... jorratzen dira gisa honetako gaiak. Baina gizonek ba al dute erotikaz hitz egiteko espaziorik?

Gaia lantzeko iniziatiba dutenak emakumeak izan ohi dira. Arremanitz kooperatiban hausnarketak egiteko espazio batzuk sortu ditugu, eta horietako hausnarketa bat da gizonen parte-hartzea sustatzea gai erotiko eta sexualetan, izan liteke terapiara edo sexu-aholkularitzara joatea; ikastaroetan parte hartzea; sexualitateari loturiko edozein aktibitatetan gizonek parte hartzea... nola sustatu ari gara bilatzen. Bikote bakoitza mundu bat da, eta gizon bakoitza mundu bat da... baina, orokorrean, gizonek zailtasun handiagoak dituzte laguntza eskatzeko, gaiari buruz zuzenean hitz egiteko... Gizon gehienek ez dute emozionalitateari buruz beste gizon batzuekin hitz egiteko kulturarik, beste klabe batzuetan hitz egiten dute, kexatik: “Ez dakit zenbat denbora daramadan txortan egin gabe!”. Emozionalitatetik hitz egiten ikastea oso aberasgarria litzateke.

“Haurra eduki duzu, beraz egongo zara ez dakit zenbat denbora sexurik eduki gabe”, mito bat da ala ez?

Hori ez da horrela. Gizonen kexa izan ohi da, baina lehen aipatu dugun kasuistika zabal horretan esan behar dugu gizonek ere ez dutela beti gogoa edukitzen. Nekatuta daudelako, inplikatuta daudelako, etxetik kanpo lan egiten dutelako... Gizonen desio erotikoa, ez nuke esango osoki bere horretan desagertzen denik haur bat etortzean, baina luzatzen da denboran. Lehen maiztasun handiagoz izan nahi zituzten jokabide erotikoak, eta orain desioa ez da desagertzen, baina epe luzeagotan moldatzen dira, eta epe luzeagoak dira haiek ere nekatuta daudelako; etxean zaintzan inplikatuta, edo laguntzen, etxetik kanpo lan egiten; lehen emakumeak egiten zituen lan batzuk egiten lehen aldiz...

Emakumeei, oro har, desioa desagertu egiten zaie erditu ostean?

Ez daukat datu zientifikorik, baina obserbazioaren ondorioz esan dezaket haurdunaldia baino lehen erotikoki esperientzia aberatsak izan dituen emakumeak —eta horrek esan nahi du, kasu askotan, orgasmoak bizitzeko gaitasuna, aukera eta esperientziak izan dituztela— errazago konektatzen ohi du erditu ostean erotismoarekin. Haurdunaldiaren aurretik esperientzia erotikoak pobreagoak izan direnean, berriz, errutinazkoak, koitozentristak zu zeu koitoaren zale izan gabe... umea jaio eta gero alor hori abandonatzea errazago izaten da. Nik hor ikusi dut indikadorea.

Kasu batzuetan, emakume batzuek umea eduki eta gero koartada izaten dute beraiek lasai uzteko. Badakit esaten ari naizen hau oso gogorra dela, bai, baina hala da. Lehengo bizitza erotikoak ez bazituen asko asetzen, eta egiten bazuten bikotearengandik urrun ez egoteko, orain ez dute egingo, “orain, bakean utz nazatela”.

Beraz, azken horri eutsita, emakume askok —eta bikote askok— bizitza erotikoa birpentsatzeko eta birplanteatzeko behar handia dute.

Bai, bai, zalantzarik gabe. Eta erditze ostea, edo beste egoera berri bat, momentu egokia izan liteke. Baina nork hezi gaitu krisiei aurre egiteko? Krisietan zer egin behar da? Hazi. Krisia arriskua + aukera da, ados; baina, nola hazi gaitezke egoera horretan? Justu oso ahul egon ohi gara, askotan ez daukagu errekurtsorik, komunikatzeko zailtasun handiekin... modu ordenatu batean pentsatzeko zailtasunak ditugu, nekea, arreta umearengan dugu, bada portzentaje bat depresioarekin egoten dena, beste batzuek guztiz desatendituak izaten dituzte euren beharrak... eta justu orduan izan behar dugu munduko sormen handiena gure bikote harremana nahierara berregiteko, erotismoa pizteko, osagarri erotikoa sartzeko...? Ez da erraza. Egoera arruntetan, egunerokoan, erotismoa kartara daukagu, nahi bezala eskuratzeko aukera dugu; baina erditu ostean, eta horrelako egoera berezietan, aukera askoz murritzagoa da, edo sandwich bat duzu eskura. Bizitzako momentu horretan, igual sandwich bat ez dago gaizki, eta aurrerago, bizitzako beste momentu batzuetan, egingo ditugu plater konbinatuak eta aurrerago-aurrerago, kristoren menuak. Exijentzia maila bizi ditugun garaietara egokitzen jakin behar dugu. Umea txiki-txikia denean, topaketa azkar bat umea ondoan lo dagoela, bada zerbait.

Erditu denaren gorputza ez da berdin egotean, erditzea bera, hormonak, batzuetan edoskitzea... nola eragiten du horrek guztiak erotikan?

Erditu ondoren aldaketa handiak bizi izaten ditu gorputzak. Ez beti, baina askotan gorputza hauskor dago, nekaturik, ahul.

Batzuetan episiotomiak eragiten du, gaizki josi da eta orbanak min egiten du sarketan, edo min egitera iritsi gabe ere, hotzikara eragiten du. Orban hori ez bada leuntzen, sarketak min egiten du, eta sarketari beldurra sortzen da, eta beldur horren eraginez baginako muskuluak kontraitu egiten dira, eta baginismo bezala ezagutzen den erreakzio fisikoa sortu liteke, eta hori askotan ikusi dugu. Eta horrek soluzioa du, nik obserbatu dudan soluzio eraginkorrena uroginekologian aditua den fisioterapeuta batengana joatea da, nahiz eta ez dauden asko. Aldaketa handiak gertatzen dira. Erditu ostean hilekoak, kasu askotan, min gutxiago egitera jotzen duen bezala, lubrikazioa ere askotan gutxiagotu egiten da. Hori bada arazoa, eskura ditugu lubrifikatzaileak. Argi edukiz gero eta eszitazio handiagoa, lubrikazio gehiago, baina lubrikazioa ez bada aski, erabil dezakegu. Beste kontu bat da lubrikaziorik ez dagoela eszitaziorik ez dagoelako, kasu horretan, nire ustez, ez litzateke zuzenean sarketara joan behar, baina bakoitzak jakingo du.

Prozesua aipatu dugu hasieran. Harreman erotikoak haurra izatera bideratzen direnean, nola zaindu erotika? Ugalketa eta erotika nola lotzen dira?

Bilatu egin behar dira moduak. Egun eta ordu zehatza kalkulatzen ari bagara, zailagoa da gustuz desioa pizten zaigun momentuan bezala egitea. Baina horri buelta eman, balioa ematen badiogu.... salbaiarena egiten du jende batek: etxeko atearen ondoan, dutxan, leihoan, sukaldean... beste batzuek sekulako goxotasuna bilatzen dute... Interesgarria da une hori aukera bilakatzea; egoerari buelta ematea: lantokira joango natzaizu bila eta zerbait hartzera goazen tabernako komunean egingo dugu. Bilaketa hori bera jende askorentzat aliziente bihurtzen da.

Ginekologiako profesional askok esaten dute, obserbazioan oinarrituta, jendeak gaizki kalkulatzen duela, eta askoz eraginkorragoa dela kalkulatu gabe gogoaren arabera egitea, orain pin-pon, orain pin-pon, eta ume asko horrela etortzen direla.