Iritzia | Mañolo Espellet, Irakaslea eta hikhasitarra

2024/03/01

 

Ipar Euskal Herriko ikastoletan usu oroitarazten zaigu frantses errepublikaren goiburua: Liberté, Egalité, Fraternité. Bigarren hitz hori batez ere: zuzentasuna. Errepublikaren presidentearen azken diskurtsoa argia zen: kolegio guzietan uniformez beztiturik berriz, Marseillaise-a ikasgela guzietan kantari... Aterabide horiei esker galdutako paradisu pedagogikoa berreskuratzera joan gaitezke Zuzentasun Errepublikanoaren Eskolan... edo Kontraesanen Eskolan?

PISA ebaluazioek erakusten dute, duela 20 urtetik, frantses eskolak ikasleen arteko ezberdintasun sozialak areagotzen dituela. Frogatua da ikasleak eskola mailaren arabera modu iraunkorrean multzokatzeak ez duela eragin baikorrik, bereziki ahulenentzat (usu jatorri xumeetakoak maleruski) —Innovations, Données et Expérimentations en Education programak horixe dio–, baina berdin du; 2024ko sartzean Matematika eta Frantses ikasgaietan horrelako taldeak sortuko omen dira.

Zuzentasunaren izenean, estatu frantsesaren eskola guzietan ahalbide berdinak behar dira eskaini: ordu eta minutu berak, dispositibo eta deklarazio berak, curriculum zehatzak... ikasle batzuenganako ondorioak edo lorpen eskasak begiratu gabe. Estandarizazioak zuzentasuna baztertu du eta hor konpon!

Eta Seaskan? 1994an jadanik, estatuarekin elkarte kontratua izenpetu aitzin, negoziaketa korapilatsuak izan ziren. Frantziako Hezkuntza Ministeriokoek berdintasuna eta zuzentasuna aipatzen zituztelarik, Seaskakoek sistema ”inegalitarioa” aldarrikatzen zuten, behar handiagoak dituen ikasleak arreta eta ahalbide gehiago behar duela argudiatuz.

Funtzionamendu gastuen parte handia gurasoek haien gain hartu behar izaten dutelako, ikastola ezin da urririk izan oraindik Ipar Euskal Herrian. Hala ere, eskolaren aukeratzeko irizpide nagusiak euskara eta pedagogia izanki, jatorri sozial oso ezberdinetako gazteak nahasten dira ikastoletan, mistotasun soziala bultzatuz. Nahiz eta familien hilabetesarien batezbestekoa nahiko altua izan, muturreko familien arteko ezberdintasun sozio-ekonomikoak oso handiak dira.

Gizarte baketsua eta gure garaiko erronkei aurre egiteko gai dena erdiesteko, mistotasun sozial minimoa bermatzea ezinbestekoa dela dirudi eta, nire ustez, ikastolak hara joan behar du. Behar duten guneetan indartzeko eta besteetan atxikitzeko lana ez da erraza izanen. Gogoeta horretan uzten zaituztet frantses pedagogo eta idazle Philippe Méreiux-en hitzokin: “Halabeharren eta ezberdintasun sozialen aurkako borroka kirola da pedagogia”. Izan untsa eta motibaturik egon.