48 znb | Haurdunaldia

 

Zoru pelbikoa bizitza osoan zehar zaintzea komeni da, baina are gehiago haurdunaldian eta erdiondoan. Oso lagungarria da lanketa egokia egiteko profesional baten laguntza izatea. 

 

Zoru pelbikoa pelbisaren azpiko aldean dauden giharrek eta lotailuek osatzen dute, baina pelbisak sostengatzen duen guztia ere biltzen du: umetokiak, maskuriak eta ondesteak, hezurrek (pelbisa, sakroa eta kokzixa), giharrek eta genitalek osatzen dute zoru pelbikoa. 

Lau aldeko kutxa batekin alderatzen du Sara Majarenas Eskuetan Fisioterapiako fisioterapeuta eta zoru pelbikoan adituak: “Zoru pelbikoak lotura zuzena du lunbarrekin, sabelaren aurreko aldearekin –zeharkako giharrekin, batez ere. Haurdunaldi osoan zehar gure zeharkako giharrak aktibatzea oso garrantzitsua da erditze osterako ere– eta diafragmarekin. Eremu abdominolunbopelbikoa hartzen du, hain zuzen ere, eta denek batera, talde lana egiten dute. Lau aldeko kutxa baten modukoa da eta alde guztiek modu egokian funtzionatu behar dute. Zoru pelbikoko giharrak oso ongi egon daitezke, baina sabelaren aurreko aldea ez, edo diafragma blokeatuta egon daiteke, adibidez. Zoru pelbikoak ongi funtziona dezan, kutxaren lau aldeek ongi egon behar dute eta oso garrantzitsua da lau aldeen egoeraren balorazioa egitea”. 

Zoru pelbikoak duen funtzioari buruz galdetuta, hauxe erantzun du Majarenasek: “Batez ere funtzio sexuala du, ugalketarekin eta plazerarekin erlazionaturiko funtzioa. Gernua eta gorozkiak kanporatzea eta horiei eustea da zoru pelbikoaren beste funtzio garrantzitsu bat. Eta oso garrantzitsua iruditzen zait erraiei bere tokian eusteko funtzioa azpimarratzea, horien guztien funtzionamendu egokia izatea bermatuko digulako. Umetokiak, maskuriak eta ondesteak behera egiten badute, horrek disfuntzioak ekar ditzake: prolapsoak edota hemorroideak, esate baterako. Baita haurdunaldian hain ohikoak izaten diren gerrialdeko minak ere”.

 

Bizitza osoan zaindu beharrekoa

Zoru pelbikoa bizitza osoan zaintzeak berebiziko garrantzia du, baina haurdunaldian zaintzea bereziki garrantzitsua da garai horretan gorputzak aldaketa handia bizitzen duelako. “Kutxa hori, eremu abdominolunbopelbikoa, aldatu egingo da. Haurdunaldia aurrera doan heinean dena mugituko eta aldatuko da haur txikiari tokia uzteko. Organoak mugituko dira, diafragma blokeatu egingo da ez duelako tokirik izango –batez ere hirugarren hiruhilekoan– eta alua bera ere, estrogenoen eraginez, asko aldatuko da”, dio Majarenasek. Kutxaren lau aldeak orekatuta egotea oso garrantzitsua da, beraz, horrek bermatuko baitigu zoru pelbikoaren funtzionamendu egokia.    

Garrantzitsua da emakume orok zoru pelbikoaren balorazio integrala egitea. Haurdunaldiaren aurretik, ez da behar-beharrezkoa, baina Majarenasen esanetan, gomendagarria da, emakumeari informazio asko emango diolako: giharretan kontrakturarik ote duen, umetokia behar den moduan mugitzen ote den, sabelaren aurreko aldeak ongi funtzionatzen duen, diafragma ongi ote duen… “Hori guztia haurdunaldiaren aurretik lantzen baldin badugu, askoz hobe”, azpimarratu du Majarenasek. 

Fisioterapeutek egiten duten azterketa sakona izaten dela azaldu du: “Giharrak eta hezurduraren egoera begiratzen ditugu. Gorputzaren postura globalari erreparatzen diogu eta arnasketa nolakoa den aztertzen dugu. Intrakabitario deitzen diogun azterketan, berriz, bagina barruko giharren egoera begiratzen dugu indar eta tonu egokia ote duten jakiteko”. Garai batean zoru pelbiko indartsua izatearen ideia zabaldu bazen ere, baieztapen hori tentuz hartu beharrekoa dela nabarmendu du Majarenasek: “Ez da indar handia eduki behar; ez gehiegi eta ez gutxiegi. Zoru pelbikoa ez dugu tenkatuta izan behar, tonu egokia izan behar du, indarra egin behar duenean indarra egiteko eta erlaxatu behar duenean erlaxatzeko, sarketarekin edota hilerokoetan minik ez izateko, adibidez”.  

 

Haurdunaldian are gehiago

Zoru pelbikoa bizitza osoan lantzea komenigarria baldin bada, are gehiago haurdunaldian. Haurdunaldian zoru pelbikoa zaintzeak berebiziko garrantzia du: “Disfuntziorik ez baldin bada, lehen hiruhilekoan ez da beharrezkoa lanketa berezirik egitea, baina bigarren hiruhilekotik aurrera umetxoari espazioa eman behar diogu eta espazioa emateko gure egitura guztiek elastizitate nahikoa izatea oso garrantzitsua da. Kirol asko egiten duen emakume bat etorri zitzaidan behin kontsultara eta ikusten zitzaion umetoki inguruan ez zuela nahikoa espaziorik, inguruko giharrak oso gogor zituelako, eta beharrezkoa zela egitura horiei malgutasuna ematea. Profesional baten laguntza beharrezkoa izaten da horrelakoetan, egitura horiei malgutasuna emateko”, azaldu du Majarenasek. 

“Haurdunaldian zehar sabelak pisu handia hartuko du, sabelaren aurreko aldea zabaldu egingo da eta hormonek eragin handia izango dute. Hasieratik estrogeno eta prolaktina kantitate handia izango dugu, baina relaxina asko izango dugu baita ere eta horrek egiturak eta lotailuak erlaxatuko ditu, erditzea errazagoa izan dadin. Horrekin batera, giharrak eta uretra ere erlaxatuko ditu eta, horren ondorioz, haurdunaldian zehar ere gernu isuriak izan ditzakegu. Horrek, batzuetan, ez du ondoriorik uzten, baina beste batzuetan bai eta horregatik komeni da hasieratik lantzen joatea”, jarraitu du.

Zoru pelbikoa norberak landu dezake, baina profesional baten laguntzaz egitea hobesten du fisioterapeutak: “Guk hainbat tresna erabiltzen ditugu, baina eskuekin lan handia egiten dugu: luzatze-ariketak, mobilizazioak… Oso garrantzitsua da sakroa, kokzixa eta gihar iliakoak erditze unerako prestatzea. Erditzean, hezur eta gihar horiek, haientzat ohikoak ez diren mugimenduak egin behar izaten dituzte eta aurrez lantzea eta lotailuek malgutasuna izatea oso garrantzitsua da erditzean hezurren dilatazioa egokia izan dadin”. Tratamendua indibiduala izatearen garrantzia ere azpimarratu du: “Gorputz bakoitzak bere tratamendua behar du, ez baitago denentzat balio duen errezetarik. Eta, beste alde batetik, norberak egin ditzakeen ariketak, kirola eta Kegel ariketak, adibidez, lagungarriak dira, baina beharrezkoa da kutxa horren lau aldeak lantzea eta Kegel ariketekin soilik motz gera gaitezke", azpimarratu du Majarenasek. 

Haurdunaldiko azken asteetan, berriz, oso komenigarria izaten da perineoko masajea ematea ere: “Elastikotasuna lortzen laguntzen du. Haurdunaldian odolaren zirkulazioa okerragoa izaten da, perineoan odola biltzen da eta ehun horiek guztiak erditzeko unera egoera onean iristeko masajea ematea oso komenigarria da. Zientifikoki frogatua dago perineoko masajeak urradurak izateko aukerak murrizten dituela eta urradurak izaten diren kasuetan ere, horiek egoki osatzeko aukera handitzen duela”, azaldu du Majarenasek. 

 

Ez ahaztu erdiondoa

Garbi mintzo da Majarenas: “Erditze osteko tratamendurik onena haurdunaldian egiten dena da. Erditu ondoren emakumeak nahikoa zeregin badu umetxoarekin konektatzen, edoskitzen eta errutina berrietara egokitzen. Hormonak dantzan izaten ditu erditu berri denak eta erditze osteari fisikoki eta emozionalki denbora eskaintzen ari zaio. Une hori lasaitasunez bizitzea aholkatuko nuke”. 

Litekeena da erditze gogor baten ondoren fisioterapia tratamendua lehenbailehen behar izatea, baina, edozein kasutan, berrogeialdia pasa arte itxaron behar da. Gerora, zoru pelbikoa profesional baten laguntzaz lantzea gomendatzen du Majarenasek: “Haurdunaldian fisioterapeuta baten laguntza izan baduzu, erdiondoan ere hobeto egin dezake zure jarraipena”. 

“Erditzean dena desprogramatzen da, eremu abdominolunbopelbikoa aldatu egiten da, eta funtzionamendu hori aurrez ezagutu baldin badugu, guztia birprogramatzea errazagoa izango da, emakume horrek ordurako kontzientzia baduelako. Sabeleko zeharkako giharrak aktibatzeko, adibidez, aski da arnasketa mota jakin bat egitea”, aipatu du.  

Egoera ez normalizatzeko eta laguntza eskatzeko deia egin du: “Urte luzez normalizatu egin dugu, adibidez, gernu isuriak izatea, episiotomia egin ondoren sarketak mina ematea… Erditze ondorengo ondorio horiek guztiak tabua izan dira eta pixkanaka hortik ateratzen ari gara”. 

Fisioterapeutaren ustez, ez dago zoru pelbikoaren lanketak haurdunaldian, erditzean eta ondorenean ekar ditzakeen onurei buruzko kontzientzia nahikorik, baina inor ez beldurtzeko deia egin du: “Ez dugu prebentziorako joerarik, arazoak daudenean jo ohi dugu laguntza bila profesionalengana, baina inoiz ez da berandu”.

 


Bidasoaz bi aldeetara 

Egoera desberdina da Bidasoaz bi aldeetara. Iparraldean, erditu ondoren emakumeek zoru pelbikoa errekuperatzeko hamar fisioterapia saio jaso ditzakete gizarte-segurantzak babestuta. Hegoaldean, berriz, pribatuak dira fisioterapia saioak eta emakume bakoitzaren borondate eta ahalmen ekonomikoaren araberakoa izaten da fisioterapeutarengana joateko erabakia.