Aspalditik da zigorra hezkuntzaren parte. Zenbait guraso nahiz hezitzaile bestelako eredu baten bila dabiltz, nahiz eta sarritan eskura duten arma bakarra zigorra izan. Momentuan baliagarria izan badaiteke ere, etorkizunera begira ez dela onuragarria dio Nerea Mendizabal psikopedagogoak eta beste alternatiba bat proposatzen du.

Araua hautsi edo komenigarria ez den zerbait egiteagatik agintetik ezartzen den betebeharra da zigorra eta ekintza bat aldaraztea edo egindako zerbait ez dela egokia adieraztea izan ohi du helburu. Zigorra hezkuntzaren parte da orain dela denbora askotik eta gaur egun ere erabiltzen da, bat-bateko eraginkortasuna duela uste baita, nola umearen jokabidea gelditzeko, hala kontrolatzeko.

Gaur egun guraso nahiz hezitzaileek erabiltzen dituzten zigorrik arruntenak haurra “pentsatzeko txokora” bidaltzea edo haurrari gustatzen zaizkion gauzak debekatzea dira. Lehena, haurrak egokitzat jotzen ez den jokaera bat izan duenean erabiltzen da, eta jokaera hori izan duen testuingurutik umea bidali egiten da. Bigarrenak berriz, estimulu positiboak debekatzea esan nahi du, hala nola, telebista ikustea, parkera joatea, lagunekin jolastea... Horiezaz gain, tradizioz zigor fisikoa ere erabili izan da, baina adituen esanetan, hezitzailetik ez du ezertxo ere. “Jakintsu da astua, makilla du maixua” zioen euskal esaera zaharrak.

“Zigorrak beldurtu bai, zentzatu ez” zioen beste esaera batek, eta ildo horretan, guraso eta hezitzaile askori entzun izan zaio ez dutela zigorraren ereduan oinarritu nahi haurren heziketa. Ez dira ongi sentitzen haurrak zigortuta, baina askotan ez dute beste baliabide edo erreferentziarik izaten haurraren jarrera “desegokien” aurrean beste moduren batera jokatzeko. Baliabideak eskatzen dituzte haurren hainbat jokaera kudeatzeko, baina zein kasutan da gomendagarria gurasoek jarritako mugak errespetatzen ez dituen, etxea hankaz gora jartzen duen, besteak jotzen dituen haur bat zigortzea? Ez ote du ondoriorik izan behar haur bat “gaizki” portatzeak?

Zigorrak bai ala ez galdetuta, ahal dela, ez lukeela zigorrik erabiliko dio Nerea Mendizabal psikopedagogoak, onartzen du ordea, zenbait helduk hainbat egoeraren aurrean eskura duten arma bakarrenetakoa izan litekeela. “Zigorrik ez” esatea, erraza da Mendizabalen hitzetan, baina zer egin egoera baten aurrean beste era batera jarduteko bitartekorik izan ezean?

Haurraren garapenerako eta guraso eta seme-alaben arteko harreman osasuntsu baterako zigorrak balio ote dezakeen galdetuta berriz, ezetz dio Mendizabalek, zigorrak ez baitu laguntzen guraso eta hezitzaileek, oro har dituzten helburak erdiesten. Bi helburu nagusitaz ari da: alde batetik, haur jatorrak eta autonomoak heztea, bere buruarekin konfiantza dutenak, arduratsuak, irizpidedunak, zoriontsuak eta errespetudunak; eta bestetik, helduen eta haurren arteko harremana goxoa izatea, errespetuzkoa, konfiantza eta maitasunean oinarritua… “Bi bide horiek jorratu nahi baditugu, zigorrak balio digu? Onar dezagun gure helburuak lortzeko biderik egokiena ez dela. Hori bai, une batean ez dakidala nola jokatu eta zigorra dela geratzen zaidan irtebide bakarra?, ba aurrera. Baina kontzientziarekin eta errekonozituz jokaera horrek ez nauela eramango desio dudan bidetik”.

Mendizabalen arabera, zigor, mehatxu edo xantaien eredua da orain arte jasotakoa. Ikusten da epe motzera batzuetan baliogarria dela, helburua norberak nahi duena lortzea bada, betiere, baina epe luzera helduen eta haurren arteko harremanean mina eta zauriak eragin ditzakeela. “Gainera, ikusiko dugu beldurrak bultzatuta betetzen duela umeak agindua, ez benetan egokia iruditzen zaiolako edo gustura egin nahi duelako. Beste batzuetan gure aurrean ez, baina ezkutuan egiten jarraitzen du. Zer nahi dut, aldatzeko eska-tzen diodana beldur eta amorrutik egin dezala edo berak ere horrela ikusten duelako?”. Zigorrarekin haurrari ere gauza bera egiten erakusten zaiola nabarmendu du Mendizabalek, hau da, bera baino ahulago, txikiago baten aurrean, inpotentziaz edo ezinean sentitzen denean, modu berean jokatzen.

Norbere jokabideen erantzule

Ez zigortzeak ez du esan nahi haurrak bere jokabidearen ondorioak bizi behar ez dituenik, ezta haurrak dena libre duenik ere, bakoitza baita bere jokabideen erantzule. Baina egokia ez den jokaera bat izandakoan, jokabide hori izan duen unean bertan bizitzen du haurrak horren ondorioetako bat Mendizabalen iritziz: “Imajinatu haur batek norbait jo duela edo zerbait puskatu duela, kasu horretan haurrak badaki gustukoa ez den zerbait egin duela eta bere jarreraren ondorioz norbait mindu duela, eta horixe da berak ere bizi duen lehen ondorioa, nahiz eta bere jarrerak kontrakoa dirudien”. Gaineratzen du ez dela jokabide horretaz hobeto edo okerrago jabetuko aldamenean duen heldu batek zigorra jarri diolako.

Hala ere haurrak, bere jarrera tarteko, ondorio zuzen bat bizitzeak lagundu diezaiokeela dio psikopedagogoak. Haurrak bere jokabideen ondorioak bizitzeak esan nahi du, jokabide horrekin zuzenean zerikusia izango duela ondorioak. Sarritan, ordea, haurrak egin duenaren ordaina jaso behar duen ustean, helduek haur horrek gustuko duena kentzen diote: adibidez, haurrak jaten ez duelako telebista ikusi gabe uztea. Mendizabalen esanetan, kasu horretan haurraren ekintzak ez du ondorioarekin zerikusirik eta helduaren jokatzeko modu hori ez da oso eraginkorra izango: “Zein da ez jatearen ondorioa? Ba haurrak gosea izango duela eta gosearekin gaizki pasatzen badu, hurrengorako kontuak aterako dituela. Edo, benetan ez duela goserik eta ez duela gaizki pasatzen eta beraz, behar ez duenik ez daukala egin beharrik. Bizipen hori gurasoak egunero garraxika eta mehatxuka aritzea baino zuzenagoa eta eraginkorragoa izan daiteke”.

Haatik, haurraren jokabide guztiek ez dute ondorio zuzenik izaten, eta ondorio zuzen hori izan edo ez, zigorraren bidea hartu nahi ez bada, beste eredu bat lantzea proposatzen du Mendizabalek: haurraren nahiz helduaren beharren ezagutzan oinarrituko den eredu bat, hain zuzen. Zerk eraman du haurra egin duen hori egitera? Zergatik ari da esaten ez duela telebista itzaliko edo ez dituela etxeko lanak egingo? Zer behar ari da asetzen haurra jokaera horrekin? Eta zer gertatzen zaio helduari umearen jokaera horren aurrean haserretzeko? Zergatik hasten da garraxika eta mehatxuka? Zergatik da hain inportantea helduarentzat haurrak jokabide “txar” hori alda-tzea? Zergati horiek ezagutzen saiatu ezean, behin eta berriz paretaren kontra jotzeko arriskua izango dela ohartarazten du psikopedagogoak.

Beste alternatiba bat

Zigorrenaz ez bestelako bide bat jorratzeko, Marshal Rosemberg-en komunikazio ez bortitzaren metodoa proposatzen du Mendizabalek. Prozesu konkretu eta praktikoa da. Lau pauso ditu oinarrian, nola adierazteko hala entzuteko garaian: behaketa, sentimenduak adieraztea, beharrak identifikatzea eta eskaera egitea.

Mendizabalen hitzetan, haur batek egindako astakeria handienaren atzean ere ase gabeko behar bat dago, momentuz beste era batera adierazten ez dakiena edo ezin izan duena. “Jokaera horrekin haurra zer eskatzen ari zaigun identifikatzen saitu behar dugu. Izan ere, behar hori asetzen badugu, haurraren jokaera aldatzeko ateak irekiko ditugu”. Aldiz, haurrari jokaera aldatzeko exijitzen bazaio, jokaera hori benetan eragiten duenari kasurik egin gabe, baliteke haurrak jarrera hori aldatu nahi ez izatea, eta aldatu nahi izanda ere ez asmatzea. Normalean, beharrak identifikatu ordez, horiek asetzeko estrategiak diseinatzen ditugula dio, baina maiz haurra jokaera hori egitera eramaten duten beharrekin zerikusirik ez dutenak, eta ondorioz, eraginkorrak ez direnak.

Helduaren lehen egitekoa gelditu eta gertatzen ari zaionaren inguruko hausnarketa egitea litzateke Mendizabalen ustez, eta adibide zehatz batekin azaltzen du teoria: “Demagun haurrak ez duela dutxatu nahi eta helduak kontrakoa nahi duenez haserretzen eta urduri jartzen hasten dela. Kasu horretan, geure buruari galdetuko diogu: ‘Zer ari zait gertatzen? Zergatik ari naiz urduritzen eta nire onetatik ateratzen  umeak dutxatu nahi ez duelako? Niretzat zergatik da hain inportantea haurra dutxatzea?’”.

Norberari zer ari zaion gertatzen pentsatzearekin batera, eta umearekin hitz egitera joan aurretik, haurra baietz zeri esaten ari den pentsatu behar dela dio Mendizabalek: “Ez duela dutxatu nahi esatean, beste behar batzuk ari da asetzen. Izan liteke nekatuta dagoela, beste gauza batzuk egitea erakargarriago egiten zaiola, berak aukeratu nahi duela zer egin, ez diola zentzurik bilatzen egunero edo bi egunez behin dutxatzeari…” Umearekin elkarrizketan hasi aurretik umeak zein behar dituen jakitea garrantzitsua da psikopedagogoaren iritziz.

Haurraren nahiz helduaren beharrak ezagutu ostean, Mendizabalen irudiko, hurrengo egitekoa bataren zein bestearen beharrak kontuan izango dituen estrategia adostea da. Erdiko bide horrek ez du zertan batenetik apur bat eta bestearenetik beste apur bat hartu, bien behar osoak ere ase ditzake. Haurraren nahiz norbere beharrak ezagutze-ak egoerari konponbidea jartzeko hamaika ate irekitzen dituela dio Mendizabalek, eta bide horretatik jo ezean bi aukera bakarrik geratzen direla: “Edo dutxatzen zara edo ez zara dutxatzen”, eta hori irtenbiderik gabeko bidea dela, batek irabazi eta besteak galdu egiten duelako.

 

Pentsatzeko txokoak, hezigarriak?

Azken urteetan, etxe eta eskola askotatik desagertu da zigorra, eta beste era bateko baliabideak agertu dira. Horietako bat da “denbora kanpora” edo pentsa-tzeko, lasaitzeko nahiz sentitzeko txokoa. Haurrak zerbait “desegokia” egin edo jarrera “txarren” bat izan duelako erabiltzen den bitartekoa da: haurra jokabide hori izan duen testuingurutik baztertu eta egin duen horretaz hausnartzeko esaten zaio. Zigor hitza desgertu egin da jokatzeko modu horretan, baina Mendizabalen ustez, mozorroa jantzi besterik ez zaio egin: “Pentsatzeko txokora bidaltzen dugunean, azpian dagoen mezua zera da: ‘gaizki egin duzu, hori ez zenuen egin behar eta zu horretaz jabetzea nahi dut, eta horretarako eskenategitik kanporatuko zaitut’”.

Bi arrazoi nagusi ematen ditu psikopedagogoak pentsatzeko txokoak eraginkorrak ez direla argudiatzeko: batetik, zenbait adinetan ez du uste haurrak egin duenaren inguruan pentsatzeko gai direnik, eta bestetik, pentsa-tzeko gai direnean ere aztertu beharko litzateke zer pentsatzen duten. “Askotan pentsatzeko txokotik ateratzen direnean ‘pentsatu duzu?’ galdetzen zaie, ‘eta zer pentsatu duzu?’. Haurrak badaki helduak zer entzun nahi duen eta erantzuten du: ‘Ez dudala gehiago egingo’. Baina horrekin nora iritsi gara? Haurra jabetu da zerk eraman duen jokaera horretara? Eta kontziente da zein arrazoi izan dituen horretarako?”.

Dena ez da negatiboa, zerbait oso positiboa ere ikusten die Mendizabalek pentsatzeko txokoei. Izan ere, guraso zein hezitzaileek haurrari bizitzan aurrera egiten lagunduko dioten hainbat balio irakatsi nahi dizkiotelako erabiltzen dute, baina arriskutsua iruditzen zaio joko horretan haurrak soilik sartzea: “Denok sartzen gara edo ez da inor sartzen”. Aldiz, psikopedagogoak uste du, haurrentzat nahiz helduentzat baliagarria izan daitekeela noberari zer gertatzen zaion eta besteak horrela zergatik erantzun duen hausnartzeko: “Nire barrura begiratu eta zer gertatzen zaidan ikusi, eta aldi berean, umeari ere zer gertatzen zaion behatu. Hausnarketa hori pentsatzeko txokoan egiten badugu, zoragarri”. Pentsatzeko txokoa tenplu bat bailitzan irudikatzen  du Mendizabalek, helduak nahiz haurrak bertara joateko lekua norbere jokaerak nahiz bestearenak ulertzeko beharra dutenean, baina ez derrigortuta daudelako. 

 

Autoritatea irabazi egiten da

Gehienean autoritatea izan ohi da mugak ezartzen dituena, eta muga horiek errespetatu ez direlako, baita zigorrak jartzen dituena ere. Tradizionalki, gurasoek seme-alabak izan dituzten unetik autoritate titulu hori zuzenean irabazi izan dute, eta gauza bera gertatu da irakasleekin ere. Baina autoritate izaera hori guraso edo irakasle izateak soilik ematen du? Ala heldu bakoitzak bere jokaeraren eta egunerokoan dituen jarreren bidez irabazi behar du?

Autoritatearen figurak kezka eragiten dio Mendizabali, ez baitu uste heldua haurrarentzat berez autoritate denik, baizik eta izaera hori haurrak helduari onartu eta eman behar diola, helduak egiten dituen ekintzek eta bere jarrerek haurra horretara daramatelako, hau da, heldua erreferentzia bilakatu delako haurrarentzat. “Helduontzat ere nor da autoritatea? Sinesgarritasuna ematen digun norbait, konfiantza ematen diguna, ulertzen eta errespetatzen gaituena… Hau da, baldintza batzuk betetzen ditu nik autoritatetzat har dezadan. Beraz, haurrek helduoi autoritatea onar diezaguten aipatu ditudan elementu horiek zainduz gero, askoz ere errazagoa izango da”.

Autoritatea, ordea, kontzeptu oso konplexua da Mendizabalen esanetan. Izan ere, mutur batera joz gero, autoritarismoan, edota beste muturrera eginez gero, permisibitatean erortzeko arriskua baitu: “Joko horretan sartuz gero haurrari esaten zaiona da ‘ni autoritatea naiz eta kasu egin behar didazu, bestela zigortu egingo zaitut’ edota juxtu kontrakoa, ‘ia kokoteraino nago eta egin nahi duzuna’”. Jokabide batak zein besteak haurraren eta helduaren arteko borroka eta amaierarik gabeko gatazka dakartela dio Mendizabalek, eta komunikazio ez bortitzaren ereduak heldua autoritate edo erreferentzia figura egoki izaten lagun dezakeela.

 

Mugak helduarenak dira

“Haurrek mugak behar dituzte” esaldia sarritan erabili izan da hezkuntzaren alorrean. Mendizabalen esanetan, ordea, autoritate edo erreferentziazko helduaren ereduan mugak ez dira jarriko haurrak mugatu behar direlako, ezta umeak muga horiek behar dituelako ere, baizik eta mugak helduarenak edo gizartearenak direla onarturik, komenigarria delako haurrak muga horiek ezagutzea. “Haurrarentzat garrantzitsua da helduak edo gizarteak nondik norako marjinak dituen jakitea. Umeak erreferentzia horiek behar ditu, baina aldi berean esan behar zaio muga horiek helduarenak direla”.

Gainera, heldu guztiek ez dituzte muga berberak, ezta haurraren erreferentziazko pertsona guztiek ere. Baliteke aitak eta amak era bateko mugak izatea, aiton-amonek beste era batekoak, irakasleak bestelakoak. Askotan uste izaten da haurra irizpide ezberdinen arabera haziz gero, zoratu egingo dela, baina Mendizabalaren iritziz, haurra ez baizik eta helduak dira sarritan zoratzen direnak: “Heldu bakoitzak bere historia du eta datorren lekutik dator. Bat batean, guztiok berdin pentsatu eta haurra irizpide berberekin hezi nahi dugu, eta hori ezinezkoa da”. Izan ere, psikopedagogoaren hitzetan, haurra gai da heldu bakoitzaren mugak bereizteko eta bakoitzarekin noraino irits daitekeen jakiteko.