Gero eta gehiago dira azkenaldian umeen hizketa berandutzen ari dela esaten ari diren profesionalak eta kezka horrek bultzatuta ‘Hizketan hasi ezinik’ izenburuko jardunaldiak egin zituen Hik Hasik joan den azaroan. Jardunaldietan parte hartu zuten aditu guztiak bat etorri ziren: umearen eta helduaren arteko interakzioa ezinbestekoa da hizketa modu egokian garatzeko. Haurrei eskaintzen dizkiegun ahozko komunikazioa eta interakzioa gero eta urriagoak dira, eta presentzia gabezia hori dago arazoaren oinarrian. Berandutze horrek haurren hizketarako gaitasunean ondorioak izateaz gain, pentsamenduaren garapenean eta haurren garapen integralean ere ondorioak izan ditzake. Komunikazioa behar-beharrezkoa da jaiotzatik bertatik eta eskolan ere estimula daiteke hizketa hainbat estrategia erabilita. Behatzea, adi egotea eta behar duten denbora ematea ezinbestekoa da. 

Umeak heldua ondoan behar du jaiotzen den momentutik. Eta komunikazioa jaiotzaren unetik bertatik sortzen da Cira Rodriguez, logopeda eta psikomotrizistak azaldu zuenez: “Bizipen komunikatibo horrek sortuko du gerora hizkuntza garatzeko beharrezkoa izango den lotura emozionala. Ahotsa da lehen kontaktua eta atxikimendu hori ezinbestekoa da gerora hizkuntza garatzeko”. Bizitzako lehen hilabeteetan komunikazioa egotea, hizkuntzarekin kontaktuan egotea, beharrezkoa da hizketaren garapenean arazorik izan ez dadin. 

 

Junkal Gutierrez EHUko irakasle, Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreorde eta Laslab ikerketa taldeko kideak azaldu zuen hizkuntza berezkoa dugun eta gizakiok partekatzen dugun gaitasuna dela. Gizaki guztiok erabiltzen dugu hizkuntza gure artean komunikatzeko eta gaitasun hori berezkoa dugun arren, kanpotik jasotzen dugunak berebiziko garrantzia du, hizkuntza ez baita bere kabuz garatzen. Hizkuntza garatzeko interakzioa beharrezkoa da. Nekane Galparsoro logopeda eta neuropsikologoak dioenez, kanpotik jasotzen den horrek, gainera, kalitatea eta maiztasuna behar ditu. 

 

Etapa aurrelinguistikoaren garrantzia azpimarratu zuten Rodriguezek eta Galparsorok. Etapa aurrelinguistikoa umea hitzak ekoizten hasi aurrekoa da. Haurrek garai horretan negarra, irribarrea, keinuak… erabiltzen dituzte adierazteko eta besteekin komunikatzeko. Jaio eta aste batzuen buruan umea soinutxoak egiten hasiko da eta gerora, inguruan dituen gauzei esanahia ematen hasiko da. Bederatzi hilabetetik aurrera haurrak intentzio komunikatiboa duela azaldu zuen Galparsorok: keinuak egiten ditu, bokalizazioa hasten da, mugimenduak aldatzen dira… Hizkuntzarik ez dagoen arren, garai horretan jada komunikazioa, hartu-eman hori, landuko dugu eta bide horretan, egunerokotasunean egiten ditugun gauzei hitzak jartzea eta horiek etengabe errepikatzea oso garrantzitsua da. Rodriguez logopeda eta psikomotrizistaren esanetan, etapa aurrelinguistikorik gabe ez da ahozko hizkuntzarik sortuko. 

Presentziaren garrantzia

 

Zer gertatzen da bestea ez dagoenean edo modu egokian ez dagoenean? Rodriguezek eman zuen galdera horren erantzuna: “Umeak kalitatea eta oreka emozionala behar ditu hazteko, eta haiekin pasatzen dugun denboraren kalitatea desagertzen ari da”. Galparsorok ideia bera azpimarratu zuen: presentziarik gabe ez dugu haurrek bidalitako seinalerik antzemango. Gaur egun, presentziari kentzen diogu pantailei begira pasatzen dugun denbora, modu horretan komunikaziorako aukerak galtzen ditugu eta komunikazio egoerak bermatzeak berebiziko garrantzia du. Komunikazioa heldua presente dagoelako eta heldu horrek umea esaten ari zaiona entzuten duelako gertatzen da. Eta entzute hori beharrezkoa da 0-3 etapatik aurrera ere, izan ere, haurrak imitatzaileak dira eta haien eredu izatea oso garrantzitsua da Galparsororen esanetan: “Umeak bestearen presentzia behar du eta beste horrek bidean laguntzeko duen moduak eragina izango du hizkuntzaren garapenean”. Kontuan izan behar dugu hizkuntzak autoerregulazioa laguntzen duela: bai kognitiboa eta baita emozionala ere. 

 

Eta eskolan, zer?

 

Eskolan lan handia egin daiteke —eta egiten da— hizketaren arloan. Eskolan irakaslearen presentzia oinarrizkoa da Rodriguezen hitzetan eta haren ustez irakasleak berak nola dagoen jakitea garrantzitsua da: “Ume batekin egoteko eta ume bati laguntzeko geu nola gauden jakin behar dugu. Geure buruari galdetu beharko genioke ikasgelan sartzen garen bakoitzean ea nola gauden ume horiekin interakzioa izateko. Izan gaitezen etikoak gure lanbidean”. 

 

Horrez gain, irakasleek euren buruari zer-nolako profesionalak izan nahi duten galdetu behar diotela uste du Rodriguezek: “Hainbat gauza kuestionatu behar ditugu: nolako irakaslea izan nahi dut? Nolako umea eraikitzen lagundu nahi dut? Zer estrategia ditut horretarako? Formazioa ezinbestekoa da, bizi dugun kaos sozialaren erdian geure burua elikatu behar dugu tratu onak oinarri izango dituzten eta harremanak harmoniaz garatuko diren espazioak izateko”. 

 

Marijo Ezeizabarrena EHUko Letren fakultateko irakasle eta Elebilab ikerketa taldeko kideak irakasleen lana azpimarratu zuen. Etxetik euskara dakarten umeen garapena ez da inoren meritua baina etxetik euskaldunak ez diren haurren kasuan meritua eskolarena da haren ustez: “Ez dakit kontziente ote garen gure irakasleak egiten ari diren lanaz. Ume horiek garapen izugarria lortu dute. Eskolan beren bizitzaren herena baino gutxiago pasatzen dute, euskara soilik eskolan erabiltzen dute eta horren emaitzak ikusgarriak dira”. 

 

Higa tresnarekin egindako neurketetatik ateratako ondorioen berri eman zuen Ezeizabarrenak. 4 eta 8 urte arteko umeak aztertu zituzten: “Umeak hizketan hasi ezinaren arrazoiak asko izan daitezke, baina baliabideak eman behar dizkiegu. Gutxieneko hizkuntza baliabideak HH4n bermatu behar ditugu: gutxieneko hiztegia, gutxieneko gramatika… Neurketek balio izan digute LH2n oraindik erabiltzen ez dituzten oso oinarrizko zenbait gauza identifikatzeko. Horri buelta eman behar diogu zeren ezin dugu onartu maila horretan ume batek “dute” eta “ditu”-ren arteko zalantza izatea”. 

“Oso garrantzitsua da eskolako minutu bakoitza aprobetxatzea eta ume bakoitzarekin hitz egiteko aukerak aprobetxatzea”, amaitu zuen Ezeizabarrenak. 

 

Izan ere, hizketarik ez dagoen kasuetan, pentsamendua ezingo da egoki garatu eta gerora, irakurketa eta idazketa prozesuak ere zaildu egingo dira. Ahozko hizkuntza baitago irakurketaren oinarrian. Lehen urteetan asko egin liteke irakurketa-idazketa prozesua errazteko: kontzientzia fonologikoa hartzea, erritmoa hartzea, hitzekin jolastea eta hitzak ezagutzen hastea… Eskolak erronka handia duela azpimarratu zuen Galparsorok: “0-6 etapan ahozko hizkuntzak garrantzia handia du, baina ondoren idatzizkoa eta irakurketa menderatzea beharrezkoa da”. 

 

Arazoak dauden kasuetan, lanketa talde osora zabaltzea proposatu zuen Galparsorok: “Haur baten hizkuntza garapena nolakoa izango den jakitea oso zaila da eta talde osoarekin zer egingo dugun erabaki behar dugu. Zailtasunak dituztenekin lantzen dugunak gainerakoei ere mesede egingo die. Gero ikusiko dugu zailtasunak dituzten horiekin zer gehiago egin behar dugun”. 

Zailtasunak dituzten haurrak arreta goiztiarrera bideratu beharra aipatu zuen ondoren: “Logopedekin lanketa egin behar dute. Eskolan, curriculumak markatutako helburuetara iristeko egokitzapenak beharko dituzte, hizkuntza baita eduki horiek jasotzeko tresna nagusia. Alderdi emozionala ere kontuan izan behar dugu: batzuek frustrazioa kanporatzeko beharra izaten dute, edo tristura, edo gutxiago parte hartzen dute. Adi egon behar dugu. jolastokiko orduetan haien ondoan egotea eta babesa ematea garrantzitsua izango da”. 

 

Arazoren bat edo zailtasunen bat duten umeak artatzeko itxaron zerrenda luzeak ikusita, kezka azaldu zuen Rodriguezek: “Ume batek foniatrarekin hitzordua izateko urte eta erdiz itxoin behar duenean, adibidez, denbora asko joaten zaigu. Eta foniatrak ikusi ondoren, doan artatzeko beste urtebetez itxoin behar badu, litekeena da espezialistak ikusterako ume horrek 4 urte izatea. Arazoa handia da”. 

 

Arreta goiztiarra baliatu duten umeen kasuan hobekuntzak sumatu izan dira hainbat kasutan eta badaezpada laguntzea oso garrantzitsua da. Zailtasunak antzeman bezain pronto hartu behar dira neurriak garaiz egindako esku-hartzeek arazo handiagoak ekidin ditzaketelako. Dena den, hizkuntzarekin gertatzen diren arazoak iraunkorrak direla, ez direla sendatzen azpimarratu zuen Galparsorok: “Lanketa espezifikoa egin arren, aurrerapausoak oso motel egingo dituzte eta ahalegin handia egin beharko dute. Estimulazioa ez da nahikoa izango eta esku-hartze zehatzagoa egin beharko da”. 

 

Hiru ume mota

 

Duten hizkuntza mailaren arabera, hiru ume mota bereizi zituen Galparsorok: 

 

Hizkuntza maila egokia dutenak.

Hizketan izan zezaketen maila baino maila baxuagoa dutenak.

Hizkuntza maila baxua dutenak. Horiek atzerapena eta zailtasuna dute.

 

Hirugarren talde horretako haurrak atzemateko alarma pizten duten hainbat alderdi badira Galparsorok azaldu zuenez: 

 

12 hilabeterekin lehen hitzak ez esatea.

18-24 hilabete bitartean 10 hitz baino gutxiago esatea.

24 hilabeterekin familiarentzat ulergarriak diren 50 hitz baino gutxiago esatea edo bi hitzeko konbinaziorik ez egitea. 

 

Baldintza horiek beteko balira, hizketaren hasiera berantiarraz hitz egingo genuke. Hasiera berantiarra gertatzen den kasuetan, gerora haur horiek guztiek ez dute zertan zailtasunik izan. Izan ere, esku-hartze egokia eginez gero, 2 eta 3 urte artean ume horien erdiak baino gehiagok hobera egiten duela ikusten da. Estimulazio egokia jasotzen baldin badute, egoerari buelta ematen diote. 3 eta 4 urte artean, berriz, hobekuntza ez da hain nabarmena izaten: % 4k arazorik gabe egiten du aurrera. 5 urterekin, ostera, umeen % 7,4k lengoaiaren garapenaren nahasmendua du. Eta kasu horietan bai: horiek guztiek hizketaren hasiera berantiarra izan dute. 

 

Gutierrezek beste datu bat eman zuen: 18 eta 24 hilabete bitartean hiztegiaren leherketa deitzen zaiona gertatzen da ume askorengan. Badirudi, haurra 150 hitz esatera iristen denean gertatzen dela eztanda hori eta bat-batean askoz hitz gehiago esatera, gehiago hitz egitera pasatzen da. Garai horretan, 18 eta 24 hilabete bitartean, bi hitzeko konbinaketak sortzen hasten dira eta denborak aurrera egin ahala, horiek gero eta konplexuagoak izango dira. 

Dena den, kontuan izan behar dugu testuinguru berean dauden haurrek ere, garapen ezberdina izan dezaketela, eta bakoitzaren denbora eta erritmoak errespetatzea oso garrantzitsua da. Garapenaren estandarrak ezin ditugu zorrotz hartu: ume bakoitza bakarra da eta erritmo propioa du. Oso garrantzitsua da bakoitzari behar duen denbora ematea. Hala adierazi zuen Galparsorok: “Denbora eman behar diegu erantzunak eman ditzaten. Prosodia —tonuak eta doinua— indartu behar dugu, keinuak erabili behar ditugu eta hiztegia etengabe errepikatu behar dugu. Behatu egin behar dugu, adi egon”. Presentzia ezak kontrako efektua ere izan dezake, ordea: umeek hutsune hori betetzeko hitz-jario amaigabea izatea. Hala esan zuen Rodriguezek: “Kontuz ibili behar dugu oso isilak diren umeekin, askotan oharkabean pasatzen baitira. Baina hitz egiten ez duten umeek asko hitz egiten dutenek bezainbeste beldurtzen naute. Ume batzuek asko hitz egiten dute baina ez dago komunikaziorik, bestearen presentzia falta betetzeko, hutsunea eta bakardadea betetzeko hitz egiten dute”.

 

Denon arteko lana

 

Gai honetan ere berebiziko garrantzia du eskola eta familia norabide berean joateak. Bide horretan, hezitzaileen laguntzaz gurasoak hizketa estimulatzeko trebatzea egokia izango litzatekeela aipatu zuen Galparsorok.

 

Rodriguezek ere eskolaren eta familiaren arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen: “Azken urteetan gurasoekiko dependentzia handitu egin da, eta garapenaren etapa guztiak atzeratzen ari dira. Hezitzaileak gurasoei umeak ezertxo ere ez duela ulertzen esaten dienean ikusten dute guraso askok lehen aldiz arazo bat dagoela. Familiak eta eskolak eskutik helduta joan behar dute”. 

 

Gaia borobiltzeko hauxe esan zuen Rodriguezek: “Begira dezagun umeen lengoaia. Begira diezaiegun gure lengoaiaren gabeziei eta gure presentzia gabeziari”. Gorputza eta burua, biak izan behar ditugu presente ume txikiekin ari garenean, gure presentziak, interakzio horrek, finkatuko baititu haien garapen egokirako beharrezkoak diren zutabe sendoak.

 

Hizkuntza estimulatzeko estrategiak

Nekane Galparsorok hizkuntza estimulatzeko erabil ditzakegun hainbat estrategia eta tresna aipatu zituen:

 

Imitazioa. Haurrek hasieran ez dute gaitasunik egoki ahoskatzeko, baina guk erabiltzen dugun hiztegia erabil dezakete. Hitzak modu egokian esaten ez dituzten kasuetan, guk modu zuzenean errepikatzea izan liteke gakoa. Adibidez, “kasimeta eman” esaten badigu ez diogu esango “ez da kasimeta esaten, kamiseta esaten da!”. Hitza ongi esanda errepikatuko diogu, modu naturalean: “tori kamiseta”. 

 

Hedapenak. Haurrak eman digun ideia hartzen dugu eta informazioa apur bat zabaltzen dugu. Haurrak esaten dituen gauzak jaso eta modu konplexuagoan esan ditzakegu: “Gosea. Udarea jan” esaten badu, esaldi konplexuagoa osatuko dugu: “Gose zara? Udarea jan nahi duzu?”. Berak “berokia jarri” esaten badu, guk “kalean hotza egiten du eta hori dela eta berokia jantziko dugu” esan diezaiokegu esandakoari informazioa gehituz.

 

Errepikapenak. Egiturak errepikatu ditzakegu, adibidez: “amak hartu du”, “aitak hartu du”...

Keinuak ere garrantzitsuak dira. Gu zerbait esaten has gaitezke eta ondoren esaldi hori amaitzeko aukera eman diezaiokegu keinuen bidez. 

 

Hizkuntza estimulatzeko material ugari dagoela esan zuen Galparsorok baina aldarrikatu nahi izan zuen ez direla beharrezkoak. Hala ere, ipuinak eta abestiak erabiltzearen aldekoa da: “Ipuina asko erabiltzen dugun baliabidea da, baina guk egon behar dugu umeekin batera ipuina ikusten. Kontakizunak haien beharren arabera molda ditzakegu eta oso txikitatik erabil ditzakegu. Ahozkoak ere izan daitezke, euskarririk gabekoak. Garrantzitsua da protagonismoa eurei uztea ipuinak nola ikusi nahi dituzten eta nola entzun nahi dituzten erabakitzeko”. Abestiak ere hizkuntza bera eta hizkuntzaren egiturak barneratzeko oso egokiak dira. 

 

Zailtasunak dituzten umeen kasuan material gehiago behar izaten dira. “Baina gainerakoekin ez dugu ezer berezirik behar, inguruan dugunarekin eta gure benetako presentziarekin nahikoa da”, esan zuen Galparsorok.