Batxilergo garaian zalantza ugari izaten dituzte nerabeek arlo askotan. Baita ikasketak aukeratzerakoan ere. Ondorengo urteetan zer ikasi, erabaki garrantzitsua da, azken finean norberaren etorkizuna eta bizimodua finkatuko baitu horrek kasu askotan. Lasai eta zentzunez hautatzearen garrantzia azpimarratzen du Xabier Tolosa orientatzaileak.

Nerabeek euren bizitza markatuko duten zenbait erabaki hartu behar izaten dituzte. Horietako bat izan ohi da zein ikasketa egingo dituzten hautatzea. Garaiz hasten dira nerabeak, 16 urte ingururekin, zein adarretatik jo pentsatzen: Labide Heziketa edota Batxilergoa egin? Eta bat edo beste egitekotan zein adar aukeratu? Giza-zientzien eremukoa? Teknika arlokoa? Unibertsitatera joateko hautua egiten dutenen artean ere ez da erraza izaten zein karrera egin erabakitzea. Ez da atzera bueltarik gabeko deliberamendua, baina hein batean, nerabe horien etorkizuna marka dezake. Horrexegatik, gazteak orientatzen diharduten profesionalen esanetan, garrantzitsua da lasai eta zentzunez hartzea erabakia. Orientatzaileen ustez, garrantzitsuena aukerez ondo informatzea da, eta ikaslearen gogo, zaletasun, izaera eta trebetasunak kontuan izatea. Gazteek nahi beste informazio eskura dute Interneten, unibertsitatean,  lagunartean eta abarretan, baina informazio hori prozesatzea komeni da eta orienta-
tzaileak horretan laguntzeko daude.

1985etik ari da Xabier Tolosa batxilergo-ikasleei unibertsitatean zer ikasi erabakitzen laguntzeko orientatzaile lanetan. Lehenengoak izan ziren horretan, esperientzia pilatu dute urteotan, baina aitortzen du ez dela lan erraz erraza, nerabeek oro har, ez dutelako bizitzan zer egin nahi duten argi izaten eta gerora begira dauzkaten aukera edota ikusmira ere ez direlako oso baikorrak. Beraz, bere ustez, egin beharrekoa gaztetxoei pentsaraztea da. “Beraiei asko kostatzen zaie hori. 16 urterekin beste hainbat sentimendu, irudipen eta betebehar dituzte, ez daukate etorkizuna batere argi eta, beraz, ‘zer egingo dut nire bizitzarekin?’ galderaren erantzuna ateratzen saiatzen naiz tresna batzuen bidez”. Gehienen lehen erantzuna ”ez dakit” izaten omen da, nabarmen, baina, gerora ikusten dute jakin badakitela. Bereziki, zer ez duten nahi jakiten dute.

Xabier Tolosak aipatzen duen beste elementu interesgarri bat proiek-zioa da. Bakoitzak 10-15 urte barru bere burua non eta nola ikusten duen irudikatzea. Proiekzio hori egitea kosta egiten zaie, ordea, nerabeei: “Bizitza proiektuaz ari gara, ez bakarrik lanbide edo jarduera profesionalaz; non, zeinekin, zein baldintzatan lan egin eta bizi nahi duten harrapatzea ez da erraza izaten”.

Erabakia hartzerakoan zenbait arlo hartu behar dira aintzat, gustua baino gehiago, aukeratutakoa printzipioz bizitza osorako dela jakinik, nahiz eta gero aldatu daitekeen. “Lehen ez zen horrela, baina, jakina da, orain, bizitza moderno honek jarduera batetik bestera eramaten gaituela”.

Informazio zuzena izatea da gakoa, orientatzaileak argitu bezala, sarri irudi okerra izaten baitute ikasleek. “Gehienetan telebista edo ‘mass medien’ irudiarekin datoz eta faltsua izaten da. Medikuen adibidea ona da, bata zuria jantzita fondoskopioarekin ageri dira beti, arrakasta handikoak izaten dira, diru asko irabazten dute... baina praktikan ez da horrela; 10 urte pasa behar dituzte horra iristeko, zaintzak egin behar dituzte, eta beste mila historia, beraiek ikusten ez dituztenak. Edota informatika ikasketetan adibidez, hasieran dena da fisika eta matematika... eta beraiek ez dute hori ikusten, baizik eta pertsona bat ordenagailuan jolasten. Benetako informazioa lortzea da gakoa”.

Garrantzia ematen dio beraz Xabier Tolosak horri, kontuan izanik, gainera, gaur egun bide asko eta onak daudela informazio egokia eskuratzeko. Orientatzaileek ‘moodle’ plataforma erabiltzen dute. Bertan jartzen dituzte informazioa eta loturak nerabeek ikus ditzaten. Interneten baliabide interesgarriak daude, esaterako unibertsitatea.net euskaraz, universia.es gazteleraz. Bestalde, unibertsitate edo ikastetxe bakoitzak ere badauka bere web orrialdea.

Dena den,  orientatzailearen esanetan, lortutako informazio hori guztia prozesatu egin behar izaten dute gazteek. Hau da, informazioa jaso eta hausnarketa bat egin beharko dute, lanbidearen azaleko irudiarekin ez geratzeko. “Informazio erreala emanaz lagundu dezakegu guk edo gurasoek. Guregana, orientatzaileengana, etorri beharra dute, gauzak argi dauzkatela iruditu arren, gero benetan ez delako horrela, oro har”.

Nerabeekin elkarrizketa

Ikasleekin banaka hitz egitearen aldekoa da Tolosa. “Konfiantzazko giroa lortuz gero, askatu egiten dira gazteak eta orduan hasten dira pixkanaka, barruan dituzten gauzak, baina inoiz partekatu ez dituztenak, ateratzen. Tutoretza kolektiboan, aldiz, informazioa pasatzea izaten da nagusi”. Gurasoei ere aholkatzen die hitz egiteko giro goxo eta konfiantzazko hori sortu dezatela; noizbehinka, etxetik kanpo, telebistarik gabeko leku batera joan, eta han hitz egiteko aukera aztertzeko ere esaten die, horrek funtzionatzen duela uste baitu. Batxilergoan hainbesteko eraginik ez dutela pentsatu arren, gurasoek erabakietan pisua dutela dio Tolosak: “Gaur egun, dena den, egoera aldatu da, gurasoak formatuagoak daude eta, azken erabakiak oro har neska-mutilekin batera hartzen dira, ez lehen bezala inposatuta, kontsultatu egiten dute”.

Argi du Tolosak ikasleen profila aldatu egin dela, bere iritziz gero eta “umeagoak” dira. “Oro har, nerabezaroaren muga atzeratu egin da, lehen 18-19 urterekin gazteak zerbait produktiboan hasten ziren, eta orain, aldiz, besteak beste, beren menpekotasun ekonomikoa askoz ere luzeagoa da, ez dakigu 25 urterekin pertsona bat zenbaterainoko heldua den. Normala al da 30 urtera arte gurasoen etxean bizitzea? Nire ustez ez luke horrela izan behar”.  Beste sistema batzuek badaudela aipatzen du orientatzaileak. Islandian, esaterako, gazteak guraso egitea bultzatzen dute eta haur eskolak dituzte unibertsitateetan. “Hemen alderantzizkoa ikusten da, lehen umea izaten dute oso berandu, eta horrek lehen esan dudan heldutasun falta hori dakar”.

Gehienetan ondo aukeratzen dute nerabeek, gerora, orientatzaileek euren azterketetan ikusi dutenez. Gutxi dira zerbait hasi eta gero damutzen direnak, baina badaude; dena den, orientzatzaileek ez diote garrantzirik ematen: “Normala da, eta normaltasunez hartu behar da. Zurea hori ez dela konturatzean, utzi eta ez da ezer gertatzen. Gure garaian bai, urtebete galtzea asko zen, baina gaur egun ez... Arriskutsuagoa da bere buruarengan konfiantzarik ez dutelako besteek egin dutena egitea, lagunen atzetik joatea, alegia” argitu du Xabier Tolosak.

Porrot askorik ez bada ere, ikasten dutenaren eta aurkitzen duten lanbidearen artean bada alderik: “Gazteek pentsatzen dute ikasten duten horretan jardungo direla, baina benetan ez da hori gertatzen, errealitateak kontrakoa dio”.
 
Nerabe askok ikasteko gogoa eta motibazioa ere galtzen dute etorkizunerako daukaten perspektiba iluna dela eta. “Zer ikasi eta zertarako?” galderaren erantzunik ez dute topatzen ingurura begiratuta topatzen dutenaren aurrean. Dena den, Tolosak baikortasuna transmititzen die: “Pasa ditugu horrelakoak, krisi denak diferenteak dira eta seguru nago lanbide berriak sortuko direla”.

Erosotasun edo alferkeriarengatik ikasketa jakin batzuk aukeratzen dituzte batzuek. “Horretan gurasook erru handia dugu, errazegi ematen diegu dena. Gurasoen topaketa batean galdetu nien, zer den estimatzen dutena, eta argi dute beraien ahaleginaren bidez lortutakoa dela, ez inork emana. Eta mutu gelditu ziren, seme-alabek zerbait lortzeko zer egin duten galdetu nienean. Bost urterekin bost bizikleta ezberdin izan baldin badituzte, edozein kapritxo, mugikorretan gamarik altuenak... ez dute estimatzen, esfor-tzurik gabe lortzen dituzte. Erabat zabaldua dago hau”.

Errazera jotzeko arriskuaren aurrean, gurasoen papera garrantzi-tsua da, Tolosaren iritziz, “jakin dezatela ikasleek, beste errealitate bat badela, zer kostatzen zaien gurasoei, zenbat ordu pasa behar dituzten lanean, zer jasan behar duten... beraiek ez baitute ikusten hori”.