Zaintza erdigunean jarri behar dugula entzuten dudanean, ez nago beti ados, baina bat nator, adibidez, Mari Luz Estebanek esaten duenean. Izan ere, askoz hobea irudi-tzen zait zaintza jartzea eztabaidaren erdigunean, eta ez amatasuna, batik bat generoa eta klase soziala kontuan hartzen baditugu. Aldiz, harritu egiten naiz hitz potolo batzuk entzuten ditudanean: esate baterako, zaintza erdigunean jartzeak kapitalismoa suntsituko lukeela. Esaldi horrek esan nahi badu amak enplegua uzten duela (edo ez duela bilatzen jarraitzen), bere zeregin nagusia umeak zain-tzea eta etxeko lanak egitea dela, eta, bitartean, bikotekideak enplegatuta jarraitzen duela, ez diot kapitalismoa suntsitzearen itxura handirik hartzen. Izan ere, kapitalismoa hasiera-hasieratik oinarritu da generoaren araberako lanaren banaketan: emakumeek zaintza eta eremu pribatuko mantentze-lanak, eta, gizonek, enplegua.    

Mundu Gerren testuinguruan hasi ziren emakumeak masiboki enplegatzen, eta joera hori izan da hazkunde ekonomikoaren garaian ere, nahiz eta, oro har, emakumea baldintza okerragoetan aritu. Baina, ez dezagun ahaztu, historian zehar enpleguak atzera egin duenean, emakumea izan dela babesgabe gelditzen aurrena, autonomia eskasarekin eta besteen erabakien menpe. Gauzak horrela, aztertu beharko litzateke zer zerikusi duen gaur egungo prekarizazioak eta krisiak amatasun naturalaren diskurtsoarekin, emakumea etxean gelditzearen onurak aldarrikatzen dituen horrekin, hain zuzen ere.

Badakit etxean umeak zaintzen luzaroan gelditzen diren emakume guztiak ez daudela egoera berean, ez enpleguari dagokionez  eta ezta bikotekideen rolari dagokionez ere. Baina kasu guztietan badago zer pentsatu. Nire iritziz, umeak ondo zaintzeko badaude amatasun naturalarena baino eredu hobeak.

 

Jar dezagun, beraz, gure umeen zaintza erdigunean. Umeei denbora, energia eta maitasun handia eskaini behar diegu, zoriontsu eta osasuntsu haz daitezen. Arazo larririk sortzen ez bada, eta, Beatriz Gimenok esaten duen bezala, guk geuk erabakitako zerbait bada, ez inertziaz egiten dugun zerbait, eta jabetzen bagara bizimodua nabarmen aldatuko digutela, eta garbi badaukagu umeak zaintzean dena ez dela goxoa eta kotoia, badagoela ezina, noraeza, haserrea, estutasuna... eta nekea, bai, gure lanari esker bizi garenontzat hain ohikoa den hori. Azken batean, izkin egiten badiogu iragarki batean bizitzearen ikuspegiari, umeak zaintzeak poz handia eman diezaguke, eta, ziurrenik,  gure umeak izango dira inoiz gehien maiteko ditugun pertsonak. Baina pentsa dezagun esperientzia horretan genero ikuspegitik.

 

 

Generoa zirrikitu guztietatik azaleratzen da, gehien ikusten eta gutxien antzematen direnetatik, batik bat, eta espero ez ditugun tranpa ugari egiten dizkigu, genero askotakoak.