Ainara Santamaria eta Monika Mendiberri, Emagin Elkarteko Ikertzaileak 

 

Miren Arangurenekin batera ondu dute Santamariak eta Mendiberrik ‘Ez dadin bizitza eten’ liburua (Txalaparta). Mugimendu feministaren aldarrien erdigunean dagoen gaiaz hausnartu dute hiru autoreek, beharrezko den liburua osatzeko.

 

Ezinegon batek eraman zaituzte liburu hau idaztera: “Asko dira zaintzaz mintzo direnak, baina askotariko norabideak daude, eta denek ez dute, zoritxarrez, izaki guztion bizitzaren bizigarritasuna zerumuga gisa”.  Zergatik uste duzue zabaldu dela ezker-eskuin zaintzaren gaia?

Monika Mendiberri: Zaintza krisia bizi dugu, hau da, ezintasun sozial eta politiko gero eta handiagoan bizi gara jendartearen sektore zabalagoaren ongizatea bermatzeko. Pandemiak mahai gainean jarri zuen zaintza lanen antolaketari eusteko premia handia dagoela, oso desorekatua delako. Zaintza krisi horretan gainera, populazio helduenaren tasak handitzen ari dira, eta kontrara, zaintzaile potentzial izan daitezkeenen urritzea bizi dugu. Ezintasun handia dago bizitzak bizigarri egiteko, zailtasun hori areagotu egingo da datozen urteei begira, eta horri heltzeko premia ikusten dugu guk. Badira, gainera, beste batzuk, egoera hori negozioa egiteko aukera moduan ikusten dutenak, Sylver economy delakoarekin. 

 

Zein ikuspegik arduratzen zaituzte eta biluztu nahi izan duzue liburuan?

Ainara Santamaria: Zaintza negozio-iturri moduan kokatzen duten negozio horiek denek kezkatzen gaituzte, hau da, zaintzarekiko ikuspegi kapitalista patriarkalak dakarren pribatizazioak. Erresidentzien kasua da ikusgarriena, baina, orokorrean, azpikontratazioa oso joera zabaldua da tokiko administraziotik hasi eta erakunde orokorragoetara. Hor zenbat begiratzen zaio arreta ereduari edo zaintzaileen beharrizanak eta baldintzak hobetzeari eta errespetatzeari? Ze ikuspegirekin ari gara zaintza antolatzen? Sylver economy edo zaintzarekin negozio pribatua egite horrek eta zaintzaren ikuspegi asistentzialistak kezkatzen gaitu. Guk liburuan mendekotasunaren ulerkera zabaldu egin nahi dugu eta zaintza gure bizitza osoan gertatzen den faktore moduan ulertu nahi dugu; bizitza osoan, intentsitate maila desberdinarekin etaparen edo baldintza jakinen arabera, denok behar dugu zaintza. Zaintza lanen feminizazioak ere kezkatzen gaitu, gure ustez oso garrantzitsua da zaintza lanen partekatze orekatuagoa egitea gizarte osoaren partetik. 

 

Kapitalismoak gizon zuri hetero autonomoa jartzen du sistemaren ardatz. “Erabateko autonomiaren ideia desagerraraziko bagenu, gizartean egiten ditugun banaketa asko lausotuko lirateke”, diozue zuek. Zaintzarekiko bestelako ikuspegi bat izateko, gizaki autonomo horrekiko ideia aldatzea izango al litzateke gakoa? 

A. S.: Zaurgarritasuna gure bizitzako aldagai ezinbesteko moduan ulertu behar dugu. Zaurgarri izatea bizitza osoan gertatuko den zerbait izango dela ulertzen dugunean, autonomia fikzioa dela ikusiko dugu, elkarren mendeko eta ekomendeko garelako denok. 

M. M.: Elkarmendeko garela ulertzea eta elkarrekiko zaintza premiazko dugula ulertzea, ekonomia feministatik eta kapazitismoen kontrako mugimenduetatik datorkigu. Autonomiaren fikzioa arrakastari, isolamenduari eta kultura indibidualistari lotuta gauzatu da, eta zaurgarritasuna aitortzen dugunean merkatuak eta patriarkatuak eraiki dituen fikzioak desmuntatuko ditugu.

A. S.: Nola ulertu ditugu autonomia eta arrakasta gure bizitzetan? Dena infinitua balitz moduan eta hazte etengabeko bati buruz hitz egin digute eta arrakasta autonomiarekin eta zurruntasunarekin lotu izan da, pertsonaren berezko beste ezaugarri batzuk, hala nola, zaurgarritasuna, ahultasuna, zalantzak edo arrakalak arrakasta-eskemetatik kanpo utziz.

 

Guztia aldatzeko gakoa zaintza dela diozue liburuan. Nola ekin diezaiokegu aldaketari?

M. M.: Zaintza lanak politikoki eta ekonomikoki aitortu behar direla ikusten dugu, erantzukizun kolektiboa hartu eta gaur egun dagoen banaketa desorekatua berdintzera egin behar da. Aitortzen badugu izaki interdependenteak garela, beraz, zaintza premiazkoa dugula, beraz denok behar dugun zerbait dela, denok zaindu behar dugula ulertuko dugu. Zaintza premiak bizitzako momentu batzuetan intentsoagoak izan daitezke eta beste batzuetan ez hainbeste, baina gure gorputzak etengabe eskatzen du zaintza, izan materialki edo emozionalki. Horrekin batera, ezinbestean, zaintzaileen bizi eta lan baldintzak duindu behar dira. Zaintza lanen aitortzarik eta ikusgarritasunik gabe, zaintza oso eremu prekarioan gelditzen da eta horrek zaintzaz arduratzen direnen bizi eta lan baldintzetan eragiten du, bai langile profesionalen kasuetan eta baita ez-profesionalen kasuetan ere, familietan zaintzen jarraitzen baita. 

A. S.: Liburuan aldaketa integral bati egiten diogu erreferentzia: alde batetik, zaintza erdigunean kokatzeak komunitate modu berriak pentsatzea eskatzen du, eta komunitateak ardurak hartzea. Baina hemen instituzio publikoek pisu handia daukate eta bestelako zaintza politika batzuk garatzen hasi behar dugu: negozioari ateak ixten hasi behar dugu, zerbitzuetan ahalik eta publifikaziorik handiena behar da.

Era berean, kalean, elkarte askotan, eta ezkerreko mugimenduetan ere bai, jende asko erreta eta nekatuta ikusten dugu, eta horrek guztiak zer pentsatu handia ematen digu. Denok dakigu zaintzaren garrantzia zer-nolakoa den, baina hori guztia gure lanera eta gure etxeetara eroatea ikaragarri kostatzen zaigu, eta ikuspegi hori oso gutxi ari gara txertatzen lan-eremuan eta militantzian, emakumeengan jausten baita lan erreproduktibo guztia. 

 

"Zaurgarritasuna aitortzen dugunean, merkatuak eta patriarkatuak eraiki dituen fikzioak desmuntatuko ditugu”

Monika Mendiberri

 

Zaintzaren B aldeaz ere ari zarete. Zer arrisku du zaintza maitasunaren izenean egiteak eta mitifikatzeak? 

A. S.: Gaur egungo belaunaldietan oraindik ere txertatua daukagu zaintza maitasunagatik egiten dela, bai guk emakume moduan eta baita zaintza jasotzen dutenek ere. Zaintza mitifikatzen denean hor azpian egon daitezkeen botere harremanak ezkutatu egiten dira maitasunaren izenean. Gizarte arazo bat da eta ez dagokigu gizateriaren erdiari besteen kargu hartzea, eta hori kolektibizatzeko fikzio guztiarekin apurtu behar da. 

Feminitatea “besterenduta” eraikitzen da, besterantzako izate bat da femeninoa dena. Zaintzak ardazten du feminitatea gaur egungo genero egituren arabera. Emakumeak emakume izateko zaindu egin behar dugu gaur egun oraindik, eta gizonezkoek, kontrakoa. Feminitatean oso txertatuta dago, oraindik ere, maitasuna zaintzarekin lotzea. 

M. M.: Ez du zertan zaintza-lanean maitasuna edo afektua tarteko izan beharrik. Egon daiteke zaintza ona maitasunik gabe.

 

Egoera konplexu horretan, nola antolatuko gara zaintzak gure bizitzak, gure gizarte egiturak eta sistema ardaztu ditzan? Hurrengo erronka potoloena hori izango dela diozue. Zer aurreratu dezakezue?

A. S.: Horrek guztiak gure balio sistema hankaz gora jartzea eskatzen du. Arrakasta zerekin lotzen dugu? Gure bizi proiektua zerekin lotzen dugu? Gure egunerokoan erdigunean zer dagoen errebisatzea eskatzen du eta baita egunerokoaren antolaketa errebisatzea ere. Zenbat denbora eskaintzen diogu etxetik kanpo lan egiteari? Gure lan-eremuetan zenbateraino daude txertatuta zaintza ardurak? Eremu intimoaren eta enplegu-lan eremuaren arteko banaketa zurrun horien artean leku hibridoak sortzen joan beharko genuke, denak denari eragiten diola ulertuta. Eta horrek eskatzen du gure lehentasunak aldatzea eta gure erritmoak aldatzea, zaintzak beste denbora antolaketa bat eskatzen du. Horiek dira mikroan guk egin ditzakegun aldaketak, baina gero makro egituretan eman daitezkeen laguntza guztiak errebisatu beharko lirateke. 

M. M.: Guk zehazki proposamen bat egiten dugu: zaintza eredu publiko-komunitarioa. Eremu publikotik zerbitzuak eta kalitatezko arreta eredua bermatzeak komunitatearen egituratze prozesuak aktibatzea inplikatzen du.