0-3 urte artean, umeari bere bidea egiten utzi behar zaiola dio psikologoak: mugimendu autonomoa sustatu, grinak bideratzen lagundu, espazioak proposatu, objektuak eskaini... hala sendotuko baitu nortasuna eta bere buruarekiko konfiantza irabazi.

Bizitza karta-jokoa dela uste du Xabier Tapiak, umeak karta batzuk ekartzen dituela eta inguruneak beste batzuk eskaintzen dizkiola. “Jokoak zer emago duen? Zertxobait aurreikus daiteke, baina ezin da jakin. Hori da garapena eta hori da bizitza”. 0 eta 18 urte arteko haurrak artatzen izan duen esperientziatik mintzo da Tapia. Parisen egin zituen Psikologiako ikasketak eta psikomotrizitatearen arlora bideratu zuen bere jardun profesionala. 80ko hamarraldian Debagoienan sortu zen talde psikopedagogikoan parte hartu zuen —Antzuolako eskola-proiektuan egikaritu zena—, eta handik urte ba-tzuetara psikologia klinikoaren arloan hasi zen lanean Bilbon, Haurrentzat Elkartean (Osakidetzarekin kontzertatutako zentroa da), eta hor jarraitzen du, 0tik hasi eta 18 urtera arteko haur eta gazteekin lanean. Altxa Haur eta Nerabeen Osasunaren Sustapenerako Elkartean ere badihardu, talde baten koordinatzaile gisa. Pertsonaren garapenerako eta ongizaterako haurtza-roak duen garrantziaz galdetu diogu eta argi hitz egin du, mihian herdoilik gabe eta azalpenak zabal emanaz.

Zergatik da 0-6 etapa hain garrantzitsua?

Nik 0-3 eta 3-6 adin tarteak bereizi egingo nituzke. Orain gutxi arte 0-3ko tarteari esaten zitzaion “arreta goiztiarraren aroa”, baina gerora, 6 urte arte luzatu  da. Dena den,  umearen garapenaren ikuspegitik, oso ezberdinak dira bi aro horiek.

0-3koari dagokionez, bi arrazoi nagusi aipatuko ditut adin tarte horren garrantzia azaltzeko: bata biologikoa eta bestea psikologikoa. Ikuspegi biologikotik gizakiaren kumea hutsala da beste animalia-kumeekin alderatuta eta ez da gauza bere gisa bizirauteko. Horrek, bere garuna heldugabea dela eta giza kumea bere kabuz aurrera egiteko gauza ez dela adierazteaz gainera, beste gizaki batzuen guztiz menpe dagoela erakusten digu. Baina paradoxa zein da? Hasieran hain hutsala izanik, gero, giza harremanari esker ziurrenik,  beste kumeen aldean, askoz gehiago garatzen dela, psikikoki batez ere. Lege biologikoek beraz, beraren eta beste gizaki baten arteko harremanera behartzen dute ezinbestean giza kumea; heldugabetasun eta menpekotasun erradikal horien ondorioa harremana da. Hortaz, harremana bihurtzen da haurraren garapenaren ardatz nagusi.

3 urtetik aurrera,  nortasunari dagokionez, ume sendoagoa daukagu. Mugimendu aldetik ere aurreratuagoa da, Ni-a nahikoa tinkotuta du, hizkuntza ere garatu samarra, etab. Adin tarte horretan bestelako harremanetarako grina pizten zaio haurrari, giza pasioak puri-purian ditu: maitasuna, gorrotoa, amorrua, zeloak, sexua, gorputza, agresibitatea, bazterketa sentimenduak… Pasioz beteriko urteak dira. Beraz, sozializazioa, eta batez ere jakinmina lirateke 3-6 adin tarteko gako nagusiak. Autonomia ere ia-ia berezko joera du haurrak aldi horretan.

Harremanean dago hortaz haurraren garapenerako gakoa.

Jaiotzen den unetik, naturak gizaki kumea harremanak izatera derrigortzen du. Garapen psikologikorako ezinbesteko baldintza izateaz gainera, orain badakigu, garuna aberasteko modurik eraginkorrena dela giza harremana. Gaur egun, horretan sakontzen ari dira ikerlariak eta horren atzean jokoan zein mekanismo dauden aztertzen. Hortaz, harreman hori nolakoa izan behar den aztertu beharra daukagu, ahalik eta aberatsena eta eraginkorrena izan dadin eta horretan ari gara.

Nola erantzun geniezaieke, benetan, haurrek adin tarte horretan dituzten beharrei?
Lehenengo eta behin baldintza materialak eta giza baldintzak behar dira. Teoria guztiak, azkenean, sosetan haragitzen dira eta inbertitu beharra dago, bai formazioan, bai giza baldin-tzetan eta baita materialetan ere. Hori esanik, oso kontuan izan behar dugu haurra gure barne muinetako zirrara emozionalen piztaile bikaina dela. Haur baten negarrak badakigu noraino hunki gaitzakeen eta horri ezin diogu muzin egin: haurrek guregan ikaragarrizko eragin emozionala daukate. Harreman hori gainera, gorputzezkoa da, haragizkoa, eta horrek gurasoengan zein profesionalengan ondorioak ditu. Alde batetik, umearen beharrak asetzerakoan errealitateak berak behartzen gaitu oso gertuko harremana izatera: gorputzezkoa, haragizkoa,    usainezkoa, ukimenezkoa… baina bestetik, helduon helburua ez da besoetan edo gure magalean bizitza osoan lotuta edukitzea. Gure helburua autonomia da, distantzia jartzea. Beraz, bi mugimendu horiek ­­—hurbiltasuna batetik eta distantzia bestetik— garrantzia handia dute, baina ez dira oso errazak kudeatzen, profesionalen baitan bereziki. Horrexegatik hurbiltasun emozional horrekin jokatzen jakin behar dute, era berean, beren barnean halako distantzia psikiko bat mantenduz. Horrek ia-ia formazio pertsonala eskatzen du, norberaren emozioez jabetzen ikasteko.

Emozioen kontzientziaren adibiderik jar dezakezu?

Bi emozio nagusi aipatuko ditut helduon baitan: batetik, maitasuna. Haur txikiak, askotan, musukatu, besarkatu egiten dira, hozkatxoak eman, usaindu, estutu… Baina bestetik, bada sentimentu guztiz kontrajarri bat ere; amorru biziaz ari naiz.  Sentipen biolentoak ere izaten dira: umeen lo arazoengatik gau osoan esna egon ondoren lanera joan behar denean, eta gau bat eta beste bat eta beste bat… Horrelako eta antzeko uneetan sortzen diren sentipen bortitzak ere kontuan hartu eta humanizatu egin behar dira. Sentimendu horien guztien gaineko kontzientzia hartu behar dugu, gainontze-an norberaren bulkada emozionalen arabera jokatzeko arriskua dugu eta ez umearen beharrak kontuan hartuta. Beraz, adin tarte horretako beharrei erantzungo bazaie umearekiko distantziaren kudeaketa eta sentimendu kontrajarrien kudeaketa ezinbesteko baldintza direla uste dut.

Haurrek berezko gaitasunak dituztela esan ohi da, baina gaitasun horiek gara ditzakete edo ez. Nolako testuingurua behar da gaitasun horiek garatzeko?

Testuingurua kontuan izatea garrantzitsua da. Izan ere, orain bogan dago joera genetikoa, badirudi dena genetikoa dela. Baina zeozer genetikoa izatekotan, zera da: gizakia genetika hori aldatzeko programatua dagoela genetikoki, hau da, gizakia birprogramatzeko dagoela programatua, eta birprogramatzearen beste aldea zein da? Haurrak genetikoki dituen gaitasunak gauzatzeko ingurunea behar duela, eta zenbait kasutan, umea berez akaso gai izan litekeen arren, duen ingurunean arabera, zenbait gaitasun ez ditu gauzatuko.

Eskolatik ere gero eta gehiagotan entzuten ditut diagnostiko neurologikoak. Arreta urritasuna edota hiperaktibitatea modako kontzeptu bilakatu dira. Badago halako premia bat “hau berezkoa du”, “hau genetikoa da” esateko. Umeek arazoak “berez” edukiko balituzte bezala. Ez dezagun ahaztu, eskola ingurunearen lanaren instituzionalizazio behartua dela, eta milioiak inbertitzen ditugula gizakiarengan inguruneak duen eraginean sinetsita.

Jatorri genetikoetan sinesteak lasaitasuna eman diezaguke, ordea.

Lasaitasun pertsonala ulergarria da, baina lasaitasun ideologikoa oso  arriskutsua izan daiteke. [Ronald] Reaganen garaian argi geratu zen arrisku hori. Baliabide sozialak ikaragarri murriztu zituen eta orduan birsortu ziren halako teoria genetista-arrazistak. “Beltzak berez dira motz samarrak, astakiloak, agresiboak”. Horren ondorio politikoa zein izan zen? “Ez dezagun inbertitu alferrikakoa den ezertan. Berez dira horrelakoak eta ez ditugu aldatuko”.

Beste zenbait arlotan ere antzeko joerak antzeman daitezke: “ume hau berez da hiperaktiboa, agresiboa, dislexikoa…”. Beraz, “lasaitasun” ideologiko horrek  gurasoengan eta eskolarengan ere eragina izan dezake.

Nik zalantzan jartzen ditut gaur egun egiten diren hainbat diagnostiko. Har dezagun hiperaktibitatea adibidez: genetikoa dela esaten da, berezkoa edo konstituzionala, baina ez daukagu markatzaile biologikorik. Down sindromearen kasuan esaterako, ez dago zalantzarik, ez dugu esaten “Down piska bat da”, da ala ez da, baina hiperaktibitatearekin ez da hori gertatzen. Gauzak ez dira hain sinpleak: diagnostiko-irizpideak ezberdinak izaten dira, eta subjektibotasunak itzal handia izaten du. Gero eta guraso gehiago etortzen zaizkit esanaz “begira, irakasleak ume piloa dauka, gureak aztoratu egiten du eta botika eman nahi lioke”. Gero galdekizuna betearazten  diete irakasleari eta gurasoei eta hainbat galderaren aurrean baliteke irakasleak muturreko erantzunak ematea. Adibidez, “Asko mugitzen da?”, “Bai, 5 (0-5 arteko eskalan)”, “Ez da gelditzen?”, “Ez, 5”, “Adi egoten da?”, “Ez, 0”... Horren aurrean  zer egiten dute guraso batzuek? Beste muturrera pasa haurrari botikarik eman ez diezaioten. Non da objektibotasuna kasu hauetan? Esan gabe doa sarritan erantzun hauen arabera erabakitzen dela botika agindu ala ez.  

Genetikaren alorrean aurkikuntza harrigarriak ari gara ikusten, baina ez dezagun hori balio absolututzat jo. Txoriek habia egiteko sena programatuta dutela esaten da eta badakitela pauso bakoitza bata bestearen atzetik egiten, baina nahikoa da hezetasuna handixeagoa edo txikixeagoa izatea, hori guztia blokeatzeko. Inguruneko baldintzak behar dituzte. Programatutako guztia hankaz gora jar daiteke inguruneko baldintzarik gabe. Horixe bera gertatzen da gizakion kasuan ere. Eskolako nahiz familiako inguruneak zeresan ikaragarria dauka umearengan. Batzuetan badirudi dena genetika dela, beste batzuetan berriz ingurunea, baina horrelako eztabaidak antzuak iruditzen zaizkit niri. Bada bi ikuspegiak uztartzen dituen kontzeptu bat, epigenesia, eta ni horren aldekoa naiz, bizitza karta-jokoa baita: umeak karta batzuk ekartzen ditu eta inguruneak beste batzuk eskaintzen dizkio. Jokoak zer emango duen? Zertxobait aurreikus dezakegu, baina ezin da jakin, zorionez, jokoak zer emango duen. Hori da garapena eta hori da bizitza. Badago dena lehenbailehen eta ahalik eta zehatzen programatzeko obsesioa. Sentitzen dut, baina leihoak ireki egin behar zaizkio bizitzari eta ez hainbeste itxi.

Erreferentziazko pertsonak (ama, aita, hezitzailea…) nolako garrantzia du haurrarentzat?

Harremanak garrantzia baldin badu, erreferentziazko helduak nola ez du bada izango. Teorizazio bideak badira. Horietako bat, asko aipatzen dena, atxikimenduaren teoria da. Bowlbyk, teoriaren aitak, gizakiak norbaiti atxikitzeko beharra berezkoa duela dio. Piagetek, berriz, ikuspegi kognitibotik abiatuta, inbariante kognitiboen kon-tzeptua darabil. Berak dio ingurunea beti dela aldakorra, baina haurrak hortik inbarianteak abstraitzen dituela, eta ondorioz, mundua organizatzen duela. Adibidez, aulki bakoitza ezberdina izan daiteke, baina haurrak aulkia aulki egiten duten ezaugarriak abstraitu egingo ditu eta aulkia identifikatzeko gai izango da. Afektibitateari dagokionez nahiz kognizioari dagokionez, inbariante horiek zenbat eta berdinagoak eta jarraituagoak izan, erraztu egiten da bai atxikimendua eta baita abstrakzio lan hori ere.

Elemetuak berdinak eta jarraituak izateak atxikimendua errazten du, beraz.

Bai. Pertsona berak baldin badira bere ingurunean dabiltzanak atxikimendua errazagoa izango da eta elkar ezagu-tza hobetu egingo da. Momenturen batean haurrak ia-ia aurreikusi ahalko dituenez bestearen jokabideak, harremana errazagoa izango da eta horrek helduaren gogoa areagotu egingo du; beste era batera esanda, lotura eta atxikimendua estuagoak izango dira. Alderdi kognitiboari dagokionez ere berdin gertatzen da. Usain berberak badira, ahotsak, soinuak… umea seguruago sentituko da, berarentzat zan-tzu ezagun bihurtuko direlako.

Beraz, erreferentziazko ezaugarri horiek ahalik eta intentsuenak, ahalik eta jarraikortasun handienekoak eta aldaketa gehiegi gabekoak izan behar dute, bai familia barruan eta baita haur-eskoletan ere. Gehiegizko aldaketek zaildu egiten dute umearen antolamendu afektiboa eta kognitiboa. Gauzak errepikatzen direnean, aldiz, umeak  seguruago sentitzen dira.

Pixkanaka haurrak erreferentziazko pertsona horrengandik bereizi egiten dira (adibidez, umea haur-eskolara eramaten denean), eta hor banatze arazoa sortzen da. Zer eragin du horrek haurrarengan? Bada hutsune hori egoki betetzeko modurik?

Banaketa hori ezinbestekoa da. Ez da guk asmatutakoa. Nola prozesu fisikoan, hala psikologikoan, autonomia helburu duen haurraren garapenean, etena gertatu behar da, ezinbestean. Etenik ez bada, psikopatologia larria gerta daiteke eta umea desorganizatu. Auzia zera da: eten hori nola egin. Izan ere, egoki banatzeko, aurretik oso estu lotuta egon behar dute haurrek eta erreferentziazko helduek. Baina, banatze hori ezin da entrenamenduz edota azturaz landu. Aurretik haurra zenbat eta lotuago egon erreferentziazko helduari, orduan eta gose eta grina handiagoa izango du ingurua ezagutzeko, bere burua seguru sentituaz abentura (autonomia) gose izango delako.

Banatze edo eten horren prozesuari garrantzia eman behar zaio, baina banatze-larritasun hori gainditzeko bidea ez da entrenamendua. Askotan entzuten dira horrelakoak: “Hilabete osoa negarrez eman zuen, baina azkenerako ohitu zen”. Hori ez da banatzeak dakarren larritasuna gaindi-tzea, hori ahitzea da, akitzea, pasiboki etsitzea. Haurraren eta erreferentzi-azko helduaren arteko banatzea egoki burutzeko sekretua honako hauxe da: irabaziko duena galtzen duena baino interesgarriagoa izatea haurrarentzat.

Eskoletan egokitzapenak egin ohi dira. Zein da benetan egokitzapen-fasearen balioa?

Handia. Garrantzizkoa da bai gurasoek eta bai profesionalek egokitzapenari duen garrantzia ematea. Baldintzak era batekoak edo bestekoak izan, egokitzapena, azpian dagoen arazoari aurre egiteko modu bat da, hots, banaketa horrek umeari eragiten dion larritasunari aurre egiteko modu bat. Gaur egun, ordea, egokitzapen-prozesua errutina bihurtzen ari dela irudi-tzen zait. Hainbat guraso eta profesionalen artean egon daiteke  halako esan gabeko itun bat: guraso batzuek hauxe pentsa dezakete: “Beno, beno, utz gai-tzazue bakean, lanera joan behar dugu eta, baditugu beste zeregin batzuk”; profesional batzuek aldiz: “Beno, beno, buka dadila lehenbailehen egokitzapen prozesua, enbarazu baino ez dute egiten eta”.  Orain urte batzuk 3 urteko umeekin egokitzapena garrantzizkoa bazen, 2 urtekoekin zer esanik ez.

Heldu askorentzat ia ezinezkoa da egokitzapen-aldian umearekin egon ahal izatea.

Egia da. Bizi-baldintza ekonomikoak, kulturalak nahiz sozialak okerrera aldatu dira, gero eta gogorragoak ari dira suertatzen. Eta genetikak zer ikusia badu, baldintza horiek zer esanik ez. Etxe batean nahikoa da goizean ume bat sukarrarekin esnatzea egun horretako antolamendu osoa aztoratzeko eta hankaz gora jartzeko, eta familiako kide guztiak kirioak dantzan dituztela uzteko: “Zu geratu zaitez etxean; amonari deitu iezaiozu; ez dakit, agian aguantatuko du…”.

Egun, haurrak behartuta daude helduen erritmora erabat egokitzera. Familia askotan ezinbestean gertatzen da, baina zenbait eskolatan gaur egun zabaltzen ari den ideologi pedagogikoa ere ildo beretik doala esango nuke, umeen hiper-adaptazioaren ildotik hain zuzen ere, helburu pedagogiko bihurtzeraino. Badu joera horrek edukien kontsumismoarekin eta haurren prozesuak azkartzearekin nolabaiteko zerikusia. Badago halako prozesuen programatze bat, kronograma bat zehatz-mehatz bete  behar etengabea. Umeak, ordea, bere erritmoak ditu.

Orain ume gehienak 2 urterekin hasten dira eskolan. Baina, gogoan izan behar dugu, legez, umeak 6 urterekin bakarrik daudela behartuta eskolaratzera. (Ez du esan nahi lehenago eskolaratzea kaltegarria denik inondik ere). Eskola, ordea, prestatuta al dago 2 urteko haurrak hartzeko? 2 urterekin edo 3rekin eskolaratzeak ez du zerikusirik. Umeak oso ezberdinak dira. 2 urteko ume askok ia urte osoa pasatzen du banatzeko prozesu horri bueltaka. Ume horiek ez daukate artean bere nortasunaren sendotasunik eta ohikoa eta guztiz normala izaten da urtean zehar gorabeherak edukitzea eta ustez gaindituta zegoen banatze arazo hori behin eta berriz agertzea. 3 urterekin askoz sendoagoak dira, oro har.

Eskola-aroa luzea da. 2 urterekin sartu eta 16 urtera arte. Sustraiak ondo zaindu behar dira, bestela, arazoen jatorri izan daiteke lehen eskolaratzea: zenbait haurri eskola etsai bihurtzen zaio, ez da seguru sentitzen. Babesgabe sentitzen dira eta oso umetatik ez dute eskolara joan nahi izaten. Hori gerta ez dadin, derrigorrezkoa da egokitzapenari eta haurraren eskolako hastapenei garrantzia ematea hasieratik, behar den denbora hartuaz.

Haurrak bere bidea modu autonomoan egitearen garraintzia aipatu duzu. Zein dira haurra autonomo izan dadin kontuan eduki beharreko gakoak?

0tik 3ra umea ezin da autonomoa izan. Autonomia helburu bat da, ez da entrenamendu edo lanketa bat. Autonomia inoiz guztiz beteko ez den helburua da, heriotzera iritsiko gara autonomo izan gabe, gorabehera handiak baititu kon-tzeptu horrek gure baitan.

Baina autonomia helburu izanik, gizakia autonomo izan aurretik menpeko da eta hala behar du gainera. Horrexegatik sendotu behar dira 0-3 urte arteko harremanak. Oro har, umeari, sendotasuna eskuratu ahala, harremanetarako grina eta gosea pizten zaizkio, bai espazioarekiko, bai objek-tuekiko, bai helduekiko, bai bere kideekiko. Baliteke haur batzuek, agian, laguntza apur bat behar izatea, baina oro har, autonomia garapenaren ondorio logikoa izaten da. Ez da aurretik entrenatu beharreko zerbait. Ume bat ez da autonomo bihurtzen autonomian entrenatu delako, autonomia “azturak” ondo erakutsi zaizkiolako; paradoxikoa badirudi ere,  giza-loturak ondo finkatu baldin badira, harremanak nahikoa eta aberatsak izan badira, autonomiarako griña eta bidea bere barruko eraginez zabalduko zaizkio umeari. Horrek ez du esan nahi apur bat lagundu behar ez zaionik. Hortaz, autonomiaren gakoa ere harremanean dago.

Autonomiaranzko bidean zein toki du frustrazioak?

Frustrazioa gainditzeko gauza izatea autonomiaranzko bide garrantzi-tsuenetariko bat da. Guraso gehienek, autonomia helburu izan gabe ere eta ia oharkabean, autonomiarantz bideratzen dituzte hilabeteetako haurrak. Gurasoak intuizioz konturatzen dira umea frustrazioak gainditzeko gauza dela eta badakite frustrazioa dosifikatzen. Hasieran, esnea nahi duelako umea negarrez hasten denean, gurasoa urduri jarriko da agian eta segituan emango dio esnea, baina pixkanaka denbora gehiago hartuko du, patxada handiagoarekin jokatuz, badakielako haurra itxaroteko gauza dela. Umearengan konfiantza duela esan nahi du horrek. Helduak badaki haurra gai dela, hazten ari dela, eta badezakeela. Poliki-poliki haurra konturatzen da gauzak ezin direla eskatu ahala bete, eta bide horretatik frustrazioak gainditzen ikasiko du.

Baina ez ditzagun haurrak frustrazioetan entrenatu. Halako modak ere egon badaude. Hainbat profesional entzuten dugu: “Haur txikiak ez besoetan hartu, gaizki ohituko dira eta”. Haurra noiz hartuko dugu ba besoetan, haur-besoetakoa denean ez bada? Beste muturreko moda ere badago: “Umeak asko maite behar dira, musukatu egin behar dira, besarkatu egin behar dira”. Horrelako muturreko teoriak niri inozokeriak iruditzen zaizkit. Jokatzeko erak  pertsonak adina daude eta ez ditzagun jarraibide zehatzegiak  ezarri: oreka da gakoa.

“Hipo-estimulazioa txarra bada, hiperestimulazioa okerragoa izan daiteke”, Julian de Ajuriagerra Otxandioko mediku psikiatraren hitzak gogoan, zuri entzundako esaldia da.

Zenbait arlotan umeak estimulatu egin behar direla entzuten da behin eta berriz, baina estimulazioaren ideiak arrisku handia izan dezake. Kontzeptu hori 1970 inguruan Ipar Amerikan hasi ziren erabiltzen ume defiziente eta elbarrituekin, garunaren plastizitatean oinarrituta. Estimulazioak dakarren ikuspegia, ordea, alde bakarrekoa da. “Nik zu, ume, estimulatuko zaitut”. Giza harremanak, aitzitik, bi aldetakoa behar du izan, hitzak berak dioen bezala, hartu eta eman.  Estimulazioak, kontzeptualizazio bezala, joan-etorri hori eten egiten du eta “nik agindu eta zuk hartu” hutsa bihurtzeko joera du. Normalean, ordea, umeak ez du hartzen besteak eman nahi duen momentuan, bere erritmo biologikoek eta psikologikoek ez baitute zerikusirik helduarenarekin. Erreparatuz gero, konturatuko ginateke, guraso gehienek sekulako malgutasunarekin jokatzen dutela eta umearen jokaeraren arabera egiten dituztela mikroaldaketak. Estimulazioak ordea, ez dio elkarreragin horri tokirik egiten eta, ondorioz, alde bakarreko estimulazioa hiperestimulazio bihutzen da sarritan.

Brazelton pediatra iparamerikar ospetsuak zioen haur txiki batek bere erritmoak errespetatzen ez dizkiotenean, bere burura babestuko badu, harremana eteteko “obligazioa” duela. Izan ere, hiperestimulazioak haurraren erritmoak errespetatzen ez dituenean umea erretiratu, erori, desorganizatu egin daiteke fisikoki zein psikikoki. Umea erretiratzen denean, askotan, orduan eta gehiago estimulatzen dugu, estimulazioaren falta duelakoan, eta ez gara konturatzen umearen atentzio erritmoek oso lege propioak eta zehatzak dituztela. Mikroerritmoez ari gara. Harremanen legea apurtzen bada, ume horrek ezin du aurrera egin, harremanaren legeak zu orain, ni orain, zu aldatu, ni aldatu… direlako. Hori da harreman normala, bion artean sor-tzen dugun zerbait, aurretik zer gertatuko den ez dakigun prozesu bat.

Baina haurraren eta helduaren arteko harremana asimetrikoa da, ezta?

Noski, oso harreman berezia da, asimetrikoa delako. Ni heldua naiz, guraso edo profesional, eta zu umea zara. Balekoa! Baina zu ez zara nire irakaskuntzaren objektu, zure desioen eta ahalmenen subjektu baizik. Horrexegatik hitz egin behar da bi “pertsonen” arteko harremanaz. Haurra ez da ikaslea, pertsona baino. Bere garaian garaiko sentimenduak, beharrak, gogoak, grinak dauzka eta hori guztia kontuan hartu behar da eta errespetatu. Estimulazio kontzeptuak ­—ez dut esaten praktika guztia halakoa denik— behar horiek ez errespetatzeko arriskua badu.

Eztabaida handiak eragiten dituen beste gai bat haurrari jarri beharreko —edo ez— mugena da.

Urtetxo batzuk ditugunoi, batzuetan, mugen kontu hau ironia hutsa iruditzen zaigu. Nire adineko hainbat en-tzuten dut mugak, ordena eta autoritatea sutsuki aldarrikatzen. Zein eta gure belaunaldia! Autoritate mota guztien apurtzaile sutsua izan zena: Francorena, erlijioarena, politikarena, hezkuntzarena, ekonomiarena… Paradoxikoa da orain belaunaldi hori bera mugen aldarrikatzaile amorratua bihurtu dela ikustea. Baina neur dezagun zertan ari garen. Mugen eta ordenaren aldarrikapenaren azpian, askotan, profesionalon amorrua, ezintasuna eta beldurra egon daiteke.

Ume txikiez ari garelarik, 0tik 3ra adibidez, mugak ahalik eta gutxien behar direla uste dut, hau da, errealitateak inposatzen dituenak baino ez, eta ez dira gutxi. Adibide bat ipiniko dut: umea negarrez hasten bada goseak dagoelako eta ama edo aita utzi ezin duen beste zerbaitetan ari bada, umeak frustratu beharra dauka, eta  5 minutu itxaroteko esaten dio eskuartean duena bukatu arte. Hor jada muga bat dago. Helduak muga jarriko dio, baina ezinbestekoa delako. Beste adibide bat: haur bat 2 urterekin espaloi batetik bestera pasatzen hasten bada semaforoa gorri dagoenean eta kotxea badator, heldua ez da dialogatzen hasiko, lepahezurretik heldu eta “kieto hemen!” esango dio: hara beste muga erradikal bat, baina ezinbestekoa hau ere.

Zergatik diot hori? Mugen auzian ere halako ideologia bat zabaltzen ari delako, mugak jartzea berez balio pedagogikoa bailitzan. Zergatik bihurtu balio pedagogiko mugak eta ordena? 0-3 urte tarte horretan, errealitateak ezartzen dizkion mugak nahikoa ditu umeak; 3-6ra artean jada eskolaratuak direnez, bizitza eta errealitate sozialean bete-betean murgilduta daudenez, beste muga batzuk ipini beharko zaizkio ezinbestean:  txandak, borobilak, material eta denbora banaketa… Baina helburua elkarbizitza da eta mugak elkarbizitzaren ezinbesteko bitarteko dira, baina ez helburu. Helburua elkarren errespetua eta elkarrekin bizi ahal izatea da. Mugak eta ordena baliotzat hartzea, helduon neurosiaren arrazionalizazioaren eragina baino ez dela iruditzen zait batzuetan.

Zer da autoestimua? Zergatik da hain garrantzitsua?

Batzuetan neure golkorako barre egiten dut gurasoek zera esaten didatenean: “Haurrari autoestimua igo egin zaiola esan digute”, eta handik hilabetera, “haurrari autoestimua berriz jaitsi omen zaio”. Kolesterola eta tentsioa etortzen zaizkit burura, bere kasa gora eta behera dabilen zerbait bailitzan.

Autoestimua ez da umeak hala-moduzko zerbait egiten duenean animatzea eta oso ondo egin duela esatea, orain “teknika” hori modan dagoen arren. Ume horiek koskortzen direnean eta kontsultara etortzen direnean hala diote: “Baina nire gurasoek zer uste dute, ni inozoa naizela, ala? Gaizki egin dudala jakingo ez banu bezala, eta hortxe datozkit  oso ondo ari naizela esanaz, ni animatzeko asmotan”. Agresiotzat hartzen dute. Izan ere, euren logika zera da: “Ondotxo dakit nik ez naizela gauza, baina gurasoei pena ematen diet eta, karidade pixka batekin, animatu egin nahi izaten naute”.
Azken aldian animatzea “teknika” bihurtu da eta hori kaltegarria izan daiteke. Estrategia bihurtzen denean helduaren gorputz lengoaia erabat aldatzen da. “Oso ondoooo!!!” hori oso artifiziala izaten da eta umeek, nerabeek zer esanik ez, antzeman egiten dute berehala. Normalean gorazarre horiek ez dira bat etortzen umeak egindakoarekin, eta askotan animatu beharrean areagotu egiten dute umearen barruko min ezkutua.

Autoestimua, txiki-txikitatik  haur batek bere burua besteen pozgarri, gozamen bide, plazer eragile dela sentitzea da. Besteek nigan jartzen duten konfiantza hura da gero nik nire buruarengan izango dudana. Beste behin ere harremanaren garrantzia ageri da hemen.

Horrexegatik, beldurra diot edukazioa azkarregi sartzeari, presaka ibiltzeari, edukazioa definizioz frustrazioa baita (ez hori bakarrik, noski). Umearen eskubideak aipatzen dira baina batez ere, umea ume izateko eskubidea da aldarrikatu beharrekoa. Eta 0-3 urte artean, umeari bere bidea egiten utzi behar zaio: mugimendu autonomoa sustatu, grinak bideratzen lagundu, espazioak proposatu, objektuak eskaini… hortxe sendotuko du haurrak pixkanaka bere nortasuna eta halaxe hasiko da bere buruarekiko konfiantza irabazten: bere lorpenek ematen dioten gozamenez batetik eta bestearen begiradapean eta gozamenean bestetik.

Ni ez naiz pedagogoa, baina pedagogiaren zeregina, umeei azturak erakustea baino gehiago, bere baitan  ikasteko gogoa edo ikas-mina sustatzea eta umeak bizitzaren kuxkuxero bihurtzea dela uste dut. Ez da nahikoa “hik ahal duk” esatea, “hik 50 zm. salta dezakek” oihukatuz animoak ematea. Ez. Ipini  dezagun 10ean neurria eta ezer esan gabe ikus dezala bere burua jauzi egiteko gai dela. Autoestimua ez da besteek animatzea, norberak bizitzea eta sentitzea baizik, baina horretarako baldintza egokiak jarri behar dira. Egokitu ditzagun helburuak eta baliabideak, orduan haurrak, aurrean duena gainditzeko gauza dela sentituko baitu eta, gero agian, helburu altuagoak ere eskatuko baititu…  eta norbaiten begiradapean bada, hobe!.