Elkarrizketa | Giuseppe Benincasa, Haurren neuropsikiatra, psikiatra eta psikoanalista 

Haurren neuropsikiatra, psikiatra eta psikoanalista da Giuseppe Benincasa italiarra, baina psikomotrizitatearekin ere lotura handia du Bernard Aucouturier-ekin lankidetzan eta psikomotrizisten formazioko lantaldeekin lanean aritua delako. 'Subjektu emailea eta historiaren eraikuntza' hitzaldia eskaini zuen Gasteizen, Luzaro psikomotrizitate eskolak antolatutako jardunaldietan. Subjektuaren eraikuntzaren gaian sakondu du Benincasak eta pertsona orok subjektu emaile izateko esperientzia bizi beharko genukeela dio. 

 

Umea subjektu emaile gisa hartzeari buruz aritu zara zure hitzaldian. Zer esan nahi du horrek, zehazki?

Umea gainerako pertsonekin harremanetan jartzen dela bera errekonozitu dezaten. Alde batetik, errekonozitu dezaten eta, bestetik, interlokutorea nor den jakiteko. ‘Ni existitzen naiz, nor zara zu? Existitzen naiz, asko dut emateko eta  besteekin harremanetan jartzeko desioa dut hain zuzen ere existitzen naizelako’ esateko modua da. 

 

Umea hainbat gauzekin (edukiak, jakintzak, jarrerak…) bete behar den ontzi baten gisan ikusteari uztea izango litzateke, ezta? Umeek emateko asko dutela ikustea, azken batean. 

Hori da. Emateko zer duten ikusi behar dugu, haurrek barrutik kanpora emateko zer duten ikustea da.

 

Horrek esan nahi du helduaren begirada guztiz aldatu behar dela. 

Bai. Umea hezi behar dela eta helduak pentsatzen duen moduan moldatu behar dela eta izan behar duela pentsatzetik, umeak besteari emateko eta oparitzeko barruan duena deskubritzera pasatzea da. 

 

Umea ez da helduak eskultore baten gisan zizelkatu behar duen eskultura bat.

Ez. Besteekin harremanetan nola jartzen den begiratu behar dugu, barrutik kanporantz mugimenduan nola jartzen den eta zer oparitzen digun.

 

"Umea hezi behar dela eta helduak pentsatzen duen moduan moldatu behar dela eta izan behar duela pentsatzetik, umeak besteari emateko eta oparitzeko barruan duena deskubritzera pasatzea da"

 

Eta zer oparitu diezaguke ume batek?

Harremana, elkarren arteko trukaketa partekatzearen plazera. Adibidez, jaioberri bat eradoskitzen ari den amak ‘Zeinen polita! Irribarre egin dit eta irribarre horrekin eskerrak eman dizkit’ pentsa dezake, baina irribarre hori ez da boluntarioa, ekintza erreflexua da. Amak, ordea, irribarrea nahita egin duela pentsatzen du eta hori eskertu egiten du. Eskertza horrek, umea zerbait ematen ari den subjektu gisa ikusteak, harremana aldatzen du. Umea handiagoa denean, berriz, koilararekin janaria ematen ari zarenean une batez, agian, zuri emango dizu baita ere. Une horretan trukaketa bat dago, janaria ematearen kasuan ekintza boluntarioa da eta intentzioa oso argia da. Hor umeak, besteari emateko aukera duenez, bere burua subjektu gisa deskubritzen du, ez baitu soilik jasotzen. Ume bakoitzak bere bat-bateko aktibitatea oparitu dezake oparia egiten ari denaren kontzientziarik izan gabe eta umearentzat zoragarria da, oinarrizkoa, besteei zerbait oparitu diezaiekela ikustea. 

 

Zer sentitzen du umeak emateko gai dela ikusten duenean? Emateko gai denaren kontziente al da?

Ez da kontziente helduok ulertzen dugun zentzu horretan. Baina sortzetikoa duen aktibitate motorearekin erantzuten du, harreman horri erantzuna eman nahi diolako. ‘Zu nigana mugitzen bazara, ni zugana mugituko naiz’ premisarekin jokatzen du. 

 

Interakzio horretan sakontzea eta haurra kontuan hartzea da, beraz, gakoa. Gaur egun asko jarraitzen diren haziera ereduek, ordea, haurraren erritmoak eta beharrak alde batera uzten dituzte eta hainbat helburu edo lorpen garapenaren fase zehatzekin lotzen dituzte. Zer iritzi duzu haziera ereduei buruz? 

Ez dago umeak hazteko eta hezteko formula zehatzik, ezta hezitzaile edo guraso ona izateko jarraitu beharreko errezeta zurrunik ere. Umeak ez digu eskatzen gauza jakinak egitea, desio duena da bere burua hamaika eratara garatu daitekeen harreman batera zabaltzea, ez hau eta hori eta bestea egin behar dela dioten haziera metodoei jarraituta aritzea. Hasieran ez du kontzientziarik, ez du pentsatzen negar egingo duela amaren kontzientzia estimulatu nahi duelako, negar egiten du zerbait gertatzen zaiolako. Behar fisiologikoa da, baina horrek gurasoengan beregana gerturatzeko jarrera bultzatuko du. Eta gurasoak hurbiltzen direnean, umea ikasten joango da negar egiten badu, erantzuna izango duela. Beraz, dei horretan aktibo izaten hasiko da. Orduan gurasoak umeari hurbilduko zaizkio eta bera ezagutzen hasiko dira, emozionalki nolakoa den ikusten joango dira eta ulertuko dute umeak emozionalki ere haien beharra duela, ez duela soilik gurasoen ekintzen beharra. Horrek sortzen du harremana eta modu horretan pizten da gurasoengan subjektuaren kontzeptua. Adi egon behar dute seme-alaba bakoitzarekin, guztiak desberdinak direlako eta gurasoentzat sormenezko esperientzia bat da, etengabe aldatzen ari delako. Gizartearen jarrera, ordea, umearekin zerbait egin behar dugula pentsatzea izaten da eta egin beharreko hori parametro zientifiko batzuen mende jartzen da. Modu horretan umea hainbat atentziorekin bete behar den objektu gisa hartzen dugu eta ez subjektu gisa. Oraindik pertzentilekin eta helburu jakinak une bertsuetan lortu behar horrekin jarraitzen dugu.

 

Eta horrek tentsioa sortzen du gurasoengan eta hezitzaileengan.

Bai, eta, batez ere, uniformetasuna sortzen du. Ikasketak plazera izan behar du, ordea. Pertsona guztiek hazteko prozesu bera jarraitu behar dutela pentsatzen dute eta ez da horrela. Primitibotzat hartzen ditugun zibilizazioek erakusten digute hori ez dela horrela. 

 

"Umea hainbat atentziorekin bete behar den objektu gisa hartzen dugu eta ez subjektu gisa"

 

Haurra subjektu emailea da, baina baita desiratzen duen subjektua ere: umeak desioak ditu. 

Umea subjektu gisa hartzen baldin badugu, desioak dituela kontuan hartuko dugu. Txanpon beraren bi aldeak dira: umea jaso eta eman nahi duen subjektua da. Gurasoek borondatezkoak ez diren adierazpen horiei erreparatzen badiete, guztia aldatzen da. Haurraren benetako desioei begiratzen dieten gurasoak dira egoki hazten laguntzen diotenak. Baina badira umeei gauza jakin bat egin ezean, edo modu jakin batean egin ezean dezepzioa sortuko dietela esaten dieten gurasoak. Modu horretan subjektu emaile izateko desioa mozten diote umeari. 

 

"Umea subjektu gisa hartzen baldin badugu, desioak dituela kontuan hartuko dugu. Txanpon beraren bi aldeak dira: umea jaso eta eman nahi duen subjektua da"

 

Nolako desioak izaten dituzte umeek?

Garapenak aurrera egiten duen neurrian, aldatzen joango dira. Gauza bat da desioa artikulatuagoa dagoenean, umea kontzienteago denean eta errepresentazioak dituenean, gaitasun sinbolikoa du eta badaki zer nahi duen, eta beste gauza bat da desio inkontzientea, horren aurretik gertatzen dena. 

 

Desio horrek bere beharretan al du jatorria?

Abstraktua da. Bera izateko bizi-beharra da. Ez dira behar primarioak. Adibide batekin azaltzearren, lore desberdinak lantzen ditugunean, lore bakoitzak bere genetikari lotutako hazteko modua izango du eta inguruneko baldintzek ere eragingo diote. Batzuek gehiago ureztatuko dituzte, beste batzuek gutxiago, ongarria botako diete ala ez… Baina lore guztiak ezberdinak dira. Eta nahiz eta tratu bera eman, ez dira berdin haziko, hain zuzen ere ezberdinak direlako. Pertsona bakoitzak izateko gaitasun propioa du eta izateko modu ezberdin hori errespetatzea oso garrantzitsua izango litzateke, gurasoengandik eta helduengandik ezberdina izateko duen modua errespetatzea. 

 

"Subjektu gisa hartu ez duten pertsona batek subjektu gisa hartu al ditzake bere seme-alabak edo ikasleak? Horretarako ahalegina egin beharko du eta norbaiten laguntza beharko du"

 

Nola jokatu beharko genuke helduok desio horien aurrean?

Umea zainduz, elikatuz, sostengatuz. Baina, galdera, beharbada, ez da nola jokatu behar dugun, nola egon behar dugun baizik. Adin txikikoen aukeren alde egin beharko genuke, posible ez diren aukerak ere badirela kontuan hartuta, jakina. Guraso eta hezitzaile gisa mugak jartzea ere badagokigulako. Txikienei buruz hitz egiten ari naizenean oso primarioak diren beharrei buruz ari naiz, ia genetikoak diren beharrei buruz: jabetzea, adibidez, ume horrek lo egiteko edota jateko beharra duela eta ez duela lo egingo edo ez duela jango guk emandako patroien arabera baizik eta bere beharren arabera. Behar dutenari buruz ematen diguten informazioari adi egotea da. Umeak gurasoekin eta beste helduekin nolako harremana duen begiratu behar dugu eta kontuan hartu behar dugu harremanei eta afektibotasunari dagozkion desioak dituela.

Bestalde, kontuan hartu behar dugu helduek ere –gurasoek zein hezitzaileek– euren istorio propioa dutela eta haiek subjektu gisa edo objektu gisa hartu ote dituzten ere begiratu behar da. Zeren subjektu gisa hartu ez duten pertsona batek subjektu gisa hartu al ditzake bere seme-alabak edo ikasleak? Horretarako ahalegina egin beharko du eta norbaiten laguntza beharko du. Era berean, oso garrantzitsua da ume txikiekin lanean ari diren pertsonek prestakuntza egokia izatea. 

 

Ez da gauza bera etxea edo eskola. Etxean pertsona gutxiago egoteak, ume gutxiago izateak lagundu dezake arreta horri behar duen lekua eskaintzen, baina ikasgelan ume asko elkartzen dira… Eskola gai al da umeak subjektu gisa hartzeko?

Sei urterekin umeek egokitzeko gaitasun handiagoa izaten dute, baina adin horretatik behera, eskolan halako talde handiak irakasle bakarrarekin edo birekin egonda, oso zaila da umeei behar duten arreta eskaintzea eta subjektu emaile gisa hartzea. 

 

Eskolan zaila da, beraz, umea subjektu emaile gisa hartzea, beste gauza batzuen artean ratioek, adibidez, ez dutelako horretarako aukerarik uzten. Baina zer aldaketa ekarriko luke eskolara umea subjektu emaile gisa hartzeak?

Eskolak utzi beharko luke umeak deskubritu dezala zer gauza gustatzen zaizkion besteekin harremanetan jartzeko orduan. Posizioaren alderantzikatzea da: hezitzaileak ez du edukirik ematen eta umeari besteekin harremanetan jartzeko zer gustatuko litzaiokeen deskubritzen laguntzen dio. Etxean, berriz, gurasoek deskubritu beharko lukete zer modu duen ume horrek, nahiz eta oso txikia izan, haiekin harremanetan jartzeko, zer gustatzen zaion, zer ez… Ume horrek eman dezakeena begiratzea da. Eskolak eta familiak horren gaineko hausnarketa egin beharko lukete. Zeren zenbat guraso jabetzen dira euren seme-alaba subjektu emailea izan daitekeela? Gurasoek umea zaintzeko, hezteko eta elikatzeko zerbait dela uste dute, gehienetan. Eta umea ez da zaindu behar dugun objektua, deskubritu behar dugun subjektua baizik. 

 

"Eskatzen ari dena entzuten baldin badugu, adi baldin bagaude, pixkanaka bere desio fisikoak eta aurrerago desio psikikoak zein diren ulertzen joan gaitezke"

 

Helduak oso adi egon behar du, ezta?

Bai. Zeren ez da metodologia estandarrik jarraitzen, ez da esaten halako momentutan hau lortu behar duela edo bestea egin behar duela. Eta helduak ez du erabakitzen umeak une horretan zer behar duen, pentsatzen duena da zer den eskatzen ari den. Eskatzen ari den horri adi baldin bagaude, zuzenean subjektu gisa hartuko ditugu, desioak dituztelako. Eskatzen ari dena entzuten baldin badugu, adi baldin bagaude, pixkanaka bere desio fisikoak eta aurrerago desio psikikoak zein diren ulertzen joan gaitezke. Eta umea beharrak dituen mendeko izakia izatetik, objektua izatetik alegia, pertsona izatera pasako da. Horrek umeari buruz dugun irudia aldatzen du, guztiz. 

 

Geure buruari umeek behar dutena zer den galdetzeak, haien beharrak kontuan hartzeak harremana aldatzen du, beraz.

Bai. Umeak zer behar ote duen galdetzeak dena aldatzen du, begirada aldatzen du. Umeak zerbait desiratzen duela jakin gabe, kontziente izan gabe, desiratzen dituen gauzak seinalatzen dizkit. Desio inkontzientea da, ez baita kontzeptualizaziorik existitzen. 

 

Eta presentzia eskatzen du, begirada kontzientea.

Bai. Arreta eskatzen du. Ez da beharrezkoa 24 orduz izatea, baina heldua umearekin dagoenean, egon egin behar du.                    

 

Galdera laburrak

01. Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Etxeko lanak ikasgelan, ezkutuka eta talde txikietan egiten genituenekoa. 

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Gutxi ikasi eta nota txarra ateratzen nuenekoa.

03. Nolako eskola amesten duzu? 

Ez dakit zer erantzun. 

04. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Zintzotasuna eta laguntasuna.

05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

Bruno Bettelheim-en Psicoanálisis de los cuentos de hadas liburua, emozioak deskubritzearen edertasunarengatik eta plazerarengatik, haiek ematen baitiote zentzua bizitzari.