HIK HASI egitasmoak eta EHUk 2002ko UDAKO TOPAKETA PEDAGOGIKOEN aurkezpen prentsaurrekoa egin dute. Elkarlanean, 31 ikastaro antolatu dituzte, tartean Lehen Hezkuntzako Eraldaketara bideraturiko ikastaro berezia, El Martinet ikastetxea ekarriko duena. Uztailaren 4, 5, 6an izango dira ikastaroak Donostiako HEFAn. Izen-ematea zabalik dago, ekainaren 15a arte, HIK HASIren webgunean.
EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrok pozik hartu du, aurten ere, Udako Topaketak HEFAn egitea: “Hezkuntza fakultatearentzat plazer bat da urteroko topaketak hemen egitea. Gure eginbeharretako bat da hezkuntzako eragile desberdinekin harremanak izatea et elkarlana sustatzea, eta zentzu horretan, Hik Hasi erreferentziazko eragilea da EHUrentzat”. EHUko irakasleek, gainera, Topaketetako emaile zein hartzaile gisa hartuko dute parte aurtengo topaketetan, hainbat ikastaro eskaintzen baitituzte EHUko irakasleek HIK HASIrekin. “Urteetako harreman bat dau hau —esan du Amenabarrok—, egonkorra eta emaitza onak ematen dituena. Topaketak euskal hezkuntza sistemaren barruan momentu aberasgarri bat dira denentzat. Balio handia dute HIK HASIren Topaketek, eta Hezkuntza Fakultateak berrikuntzarako eta elkarlanerako gune gisa hartzen ditu ikasturte amaierako topaketa hauek”. Bukatzeko, uztaileko lehen egunetan fakultatean “unibertsitatearen eta eskolen artean sortzen diren sinergiak” nabarmendu ditu dekanoak.
Mikel Agirrezabala HIK HASIko formazio arduradunak aurkeztu du ondoren 2022ko eskaintza: “Aurten bereziki ikastaro bat nabarmendu nahiko genuke, EHUrekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatu duguna: Lehen Hezkuntza eraldatzen izenekoa. Badator berrikuntza pedagogikoa Lehen Hezkuntzara, ikastetxeaek ari dira eraldatzen, eta gure aletxoa jarri nahi dugu hobekuntza horretan”, adierazi du Agirrezabalak. Ikastaro hau antolatzeko beharra ikastetxe ezberdinetako irakasleen eskutik iritsi zaio HIK HASIri. Erreferentziak, esperientziak, aukerak eta markoa eskainiko zaie irakasleei. “Eskaerarekin batera, Euskal Herria osoan zehar Haur Hezkuntzan eman den eraldaketa eta honen jarraipen moduan aurkeztu nahi dugu. Bertan, Curriculum berriari eta Lehen Hezkuntzan eraldaketarako sortu den aukera landuko da. Lehen egunean, eraldaketarako oinarria ipiniko digute Begoña Pedrosa sailburuordeak, Berritzegune Nagusiko Birgina Pozok, Hik Hasiko kide eta Ikastolen Elkarteko Matematika arloan sorkuntzan dabilen Aritz Larretak eta Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako Curriculumaren arduradun den Amaia Artolazabalek. Bigarren egunean, Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoaren eskutik eraldaketaren aukera honetan hezitzaileak izan beharreko rola eta bidelagun izan dadin kontuan izan beharreko gaiak landuko dira. Ikastaro berezi honetan, gainera, kanpoko esperientzia esanguratsu bat barnetik ezagutzeko aukera izango da: Herrialde Katalanetatik Ripollet herriko El Martinet eskola ezagunaren esperientzia eraldatzailea ezagutuko dugu eta Euskal Herritik Ondarroako Zaldupe Herri Eskolarena”.
Lehen Hezkuntzako eraldaketari begirako ikastaro bereziaz gain, beste 30 ikastaro eskainiko ditu aurten HIK HASIk. “ 30 ikastaro interesgarri eta gaitegian aberats izango ditugu. Haur Hezkuntzatik Batxilergora, hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzat interesgarria den eskaintza osatu dugu. Argiaren pedagogia, artea, Montessori pedagogia, neurosiaren prebentzioa, mugen gaia, naturaren lanketa, euskararen erabilera adin tarte ezberdinetan, Eskola kirolaren gogoeta, Pedagogia sistemikoa, kultur transmisioa…”
Horiez gain, Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekan aipamen berezia jaso zuen Jakin-min praktika filosofikoen elkartearen Ikastaro berria nabarmendu du Agirrezabalak, haur filosofia landuko duena.
“Topaketa hauek hezitzaileen elkargune izango dira, Udako Topaketek helburu hori dute, Euskal Herriko herrialde ugaritako hezitzaileak elkar aberastuaz ezagutu eta formatzea. Topaketa hauekin, baina baita ere ikasturte osoan zehar, HIK HASIk eskaintzen dituen formazio jarraituekin ere. Datorren ikasturteari begira, indartu egingo dugu urte osoko formazio jarraitua, eta horietatik hiru aurrez aurrekoak izango dira”.
Topaketak uztailaren 4ean, 5ean eta 6an izango dira. Eta Izen ematea zabalik dago: Hik Hasiren webgunean, www.hikhasi.eus, ekainaren 15a arte. Kopuru mugatuak izango dira eta Hik Hasiren harpidedunek eta EHUko ikasleek lehentasuna izango dute eta baita prezio berezia ere
Ikastaroak:
2. Argiaren pedagogia. Itsaso Pagoaga
3. Pintura, buztina eta mugimenduaren bidezko espresioa. Benjamin Barandallla
4. Neurosiaren prebentzioa bizitzaren hasieran. Ane Ablanedo
5. Haurtzaroan bidelagun Montessori ikuspegitik. Maite Ruiz
6. Mugak jarri autoestimua zainduz. Nerea Mendizabal
7. Natura eskura. David Herndersor eta Eguzkiñe Jorrin
8. Hausnarketa lantzen elkarrizketa kooperatiboaren bidez. Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya
9. Heziketa eta astrologia psikologikoa. Iraultza pedagogiko bat. Izaro Susperregi
10. Heriotzaren lanketa. Patxi Izagirre eta Ane Izagirre
11. Dislexia. Dislegi Elkartea eta Libe Oñederra
12. Entrenamendu mentalaz eta ametsak aztertuz zoriontsu! Urko Arozena
16. Sortuz eta sortuz, kontatu. Ixabel Agirresarobe
17. Eskola kirola, gogoeta kolektiborako tresna. Oinherriko kideak eta esperientziak
18. Sormenean hezi, kulturan bizi. Gotzon Barandiaran, Iratxe Retolaza, Ion Celestino
19. Lanketa pertsonala. Ainhoa Gorostidi
20. Zaintza guneak: norbera zainduz, bestea zaindu. Eider Zuriarrain
21. Yoga eta kontzentrazio teknikak eta eskolan. Marina Pintos.
22. Zirimiri: oinarrizko yoga teknikak ikasgelatan ongizatea lantzeko. Haritz Azkue
23. Neuroludokinestesia. Aitor Zenarruzabeitia
24. Antzerki teknikak: hezkuntzarako tresna pedagogikoa. Esther Uria
26. Zuzendaritzarako formakuntza sistemikoa. Iñaki Arana eta Iratxe Vázquez
28. Gamifikatu… eta irabazi! Iera Arrieta
29. Matematika eskuetan, goazen jolastera! Izaskun Baro
30. Fisikaren eta kimikaren ikaskuntza Lan Praktikoen bitartez (IKDi3 eredua). Jose Maria Etxabe