Sukarrak gorputzeko defentsa-mekanismoen eraginkortasuna hobetzen du, infekzioa edo inflamazioa dagoenean.Sukarrak kezka edota beldurra sortzen du. Era sinplean esanda, zer da sukarra?INFEKZIOEN AURREAN  gorputzak defentsa sortzen du, eta, horren eraginez, gorputzaren tenperatura igotzen da. 38 gradutik gora igotzen denean, sukarra dagoela esaten da. Beraz, sintoma bat besterik ez da. Sukarra, berez, ez da kaltegarria gizakiarentzat: ez du kalte neurologikorik sortzen, ez gorreriarik, ez heriotzarik, infekzioei aurre egiteko balioa du… Horregatik, haurrak sukarra ongi jasaten duen bitartean, ez da zertan saihestu behar. 

Bereziki, zerk sortzen du sukarra?

HAURRENGAN, INFEKZIOAK dira sukarra sortzeko arrazoirik ohikoenak, infekzio birikoak izaten dira, batez ere; eta, inoiz, bakterioek sortutakoa izan liteke. Hala ere, infekzio arinak izaten dira.

Haurra eskolan hasi eta lehenengo bi edo hiru ikasturteetan sukarra sarritan izatea da ohikoena. 

Batzuetan, sukarra izaten da sintoma bakarra. Beste batzuetan, aldiz, eztula, mukiak, beherakoak, eztarriko mina, eta abar ager litezke sukarrarekin batera.

 

Zer egitea komeni da haur batek sukarra duenean?

NOLA AURKITZEN den, eta zer umore duen hartu behar da kontuan. Atsedena hartzea eta hidratazioa zaintzea komeni da. Halakoetan, jateko gogo eskasa izatea ez da kezkagarria. Beraz, eskolara ez joateak ongi egingo dio.

Parazetamola edo ibuprofeno gisako antitermikoak lagungarriak izan litezke. Dena den, sukarrak beldurra sortzen duelako-edo, botika horien erabilera gehiegi zabalduta dago. Antitermikoak erabiltzeko, sukarra 

desagertaraztea baino, haurraren gogoa hobetzea, hobeto sentiaraztea izan beharko luke motiboa edo arrazoia.

 

Zein kasutan kezkatu beharko genuke eta pediatrarengana joan? 

-Bizitzako lehenengo hiru hilabeteetan, beti aholkatzen da joatea.

-Haurra oso-oso motel dagoenean.

-Buruko min handia duenean.

-Gorakoak edo beherakoak maiz dituenean.

-Arnasa hartzeko zailtasuna duenean.

-Larruazalean petekiak edo orban gorrixkak agertzen direnean, eta bakoitzaren inguruan azala estiratzen badugu ere, desargertzen ez direnean.

-Kasu horiez gain, nahiz eta haurra ongi dagoela iruditu, sukarra oso altua badu, edo, gutxi izanda ere, hirugarren egunetik aurrera sukarrarekin jarraitzen badu, pediatrarengana eramatea komeni da.