“Zorionak hezkuntza marko hirueledunaren aurrean, euskararen alde jokatu duzuen ikasle, langile eta gurasoei” horrela hasi da Sortzen-Ikasbatuazek bere agerraldia.Asko izan dira marko hirueleduna proiektuan parte ez hartzea erabaki duten Euskal Herriko ikastetxeek. Eta horiek guztiak zoriondu nahi ditugu, euskararen alde agertu duten irmotasun eta duintasunarengatik. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, hezkuntza eragile nagusiak kanpoan utzita (irakaskuntzako gehiengo sindikala, eragile ugari, etab... kontra daude), Hezkuntza Marko Hirueleduna saiakuntza-proiektua sortu zuen.  Ikasturte honen hasieran deialdi bat ireki zuen berrogei ikastetxetan  hiru urtez esperientzia moduan saiakuntza-proiektua martxan jartzeko. Epe hau bukatu eta gero, beraien ustetan (hala izango da, noski) emaitzak onak badira, A, B eta D ereduak desagertuko dira eta EREDU BAKARRA ezarriko da ikastetxe guztietan.

Zaila du, hala ere, proiektu honek, kanpo ebaluaketa objetiborik gainditzea. Aurtengo esperientziak esaten digu metodologia zehatzik gabe eta irakasle gutxi batzuen gain utzita ari dela garatzen.

Ikasturtearen hasieran  40 ikastetxe publiko eta kontzertatuentzat ireki zuten “esperimentu”  honetan sartzeko deialdia. Oso ikastetxe publiko gutxi sartu ziren esperientzia honetan. Berrogei ikastetxetik, 15 soilik ziren sare publikokoak (Araban 3, Bizkaian 12 eta Gipuzkoan bat ere ez).

2011ko hasieran ere proiektuan sartzeko aukera zabaldu zuen sailak, baina erantzun eskasa ikusirik eskaintza bereziak egiten aritu da ikastetxeak erakarri nahian.

 Beraien eredua saltzeko AZPIJOKO bat asmatu zuen. Taldeka biltzen aritu ziren ikastetxeekin honako eskaintza hau eginez:  irakasle eta baliabide gehiago izango lituzkete eta proiektuaren betebeharrak malguagoak izango lirateke”.

Ikasturte honetan langile murrizketak izan dira, ordezkoak jartzeko arazo handiekin batera, eta zer eta orain irakasle gehiago bidaltzeko arazorik ez ?

Aurtengo matrikulazio kanpainan ere 2 urteko gurasoei eskutitz bana helarazi zien Hezkuntza Saialak. Bertan, betiko A, B eta D ereduetaz gain, eredu hirueledun berria ere aukera zezaketela esaten zitzaien. Eta informatzea ondo dago, dauden ereduen informazioa gurasoei bidaltzea egokia jotzen dugu, baina beti ere informazio osoa azalduz. Badituzte eskuetan euskararen inguruan zehazki orain arte eredu ezberdinek lortutako emaitzak, eta horiek ezkutatu nahi izan dituzte. Ze arrazoirengatik? 

Inork nahi ez duen eredu bat saldu ezinaren porrota ez erakusteko, edozein gauza egiteko kapazak dira. Zeren ebaluazioa egin behar dute horrelako balditzeetan sartutako ikastetxeetan?

Orain arteko emaitzek, esan dugun bezala, ez dute marko berriaren alde egiten: D ereduan %66ak bakarrik gainditzen du Europako Hizkuntzen profilaren B2 maila gaur egun Eusko Jaurlaritzako ISEI-IVEVk emandako datuen arabera (B ereduan %33, eta A ereduan bakar batek erez). Aurrerantzean, gaztelania eta atzerriko hizkuntzari ordu gehiago eskaini behar ba dizkiegu, argi dago kaltetua ateratzen den hizkuntza euskara dela.

Atzerriko hizkuntzan gaiak eman behar dituzten irakasleei B2 maila eskatuko zaie hizkuntza horretan. B2 maila hori ingelerako FIRST titulua dela jakinda, hau da, euskarazko EGA baino dezente gutxiago, nola emango du irakasle batek, adibidez, matematika ingeleraz ? Zer ikasiko dute ikasleek bai ingeleraz eta baita ere hizkuntza horretan irakatsitako gaiaz ?

Ez dago gaur egun, atzerriko hizkuntzetan jantziriko irakasle nahikorik, ez epe labur-ertaienean horretara hurbilduko gaituen prestakuntza plan serio baten usainik.

Irakasleen formakuntzaz ari direnean ahoa betetzen zaie, baina ze formakuntza motaz ari gara?

Formakuntza jaso duten irakasleekin hitz eginez gero, honakoa da iritzi orokorra:

Ø  Oso prestakuntza eskasa, metodologikoki desegokia orokorrean eta planifikazio gabea

Ø  Ezinezkoa da arlo honetan hain begi bistakoak diren gabezi larrietaz eztabaidatzeko interlokutorerik aurkitzea. 

Ø  Eskaintzen diren titulazioak ez dute bermatzen inolaz trebezia komunikatibo egokirik gela batetara duintasun linguistiko minimo batekin sartzeko.

 Guk badakigu zein den alternatiba, eta ez dugu esperimenturik behar emaitzak hor daudelako. Jakin badakigu ikasle euskaldun eleanitzak sortzetik hurbilen dagoen eredua D eredua dela, hain zuzen ere, etxetik euskara dakartenentzat mantentze-eredua dena, eta, ez dakartenentzat, murgiltze-eredua dena.

Horrexegatik, Euskararen Kontseilua eredu horretatik abiatu zen hezkuntza eragileekin batera euskara eredu egokienaren proposamena prestatzeko (Ikastolen konfederazioa, EHIGE, Hik Hasi, Sortzen-Ikasbatuaz,eta Kristau Eskolak). Beraz, badugu benetan euskaldun eleanitzak sortuko dituen proposamena, eta aurreko gobernuak eta orain Celaák zuzentzen duen Sailak ere ondo daki hori.

EZ GAITEZEN HAIEN ZURIKERITAN ERORI eta eredu bakarraren alde egin dezagun, baina euskaldun eleanitzak sortzen dituen eredu bakarraren alde.

Horregatik, Sortzen Ikasbatuazetik eskari ezberdinak luzatzen dizkiegu:

Ø  Ikastetxeetako Eskola Kontseiluei: euskararen eta eleaniztasunaren aldeko konpromiso osoa hartzen dutela helarazteko,  euskarari lehentasuna ematen dion eredu eleanitzaren aldeko apustua egitea, Hezkuntza Marko Hirueledun proiektuan sartzeari uko eginez.

Ø  Euskararen Kontseilua eta bertan parte hartzen dugun eragileoi: “Euskaldun Eleanitzak sortzeko” proposamenarekin benetako konpromisoa hartu eta hau zabaldu eta aplikazio bidean pausuak eman ditzaten.

EAEko Hezkuntza Sailari: politikeria merkeak alde batera utziaz, Hezkuntza Marko Hirueledun saiakuntza-proiektua bertan behera utz dezala; Hizkuntza ereduen politika gainditu eta euskarari lehentasuna emango dion hizkuntza eredu bakarra proposatu dezala, euskalduna eta eleanitza izan dadila eskatuz.