48 znb | Iritzia | Cira Crespo, Idazlea

 

Duela jada 14 urte inguru, ama izan nintzenean, amatasunari buruz pentsatzen hasi nintzen, eta esperientzia izugarri eta sakon horri hitzak jartzen. Garai hartan oso garrantzitsuak izan ziren beste ama batzuekin osatu nituen taldeak. Besteak beste, nire lagun batekin batera, Gasteizen Amen artean taldea osatu genuen, gaur egun oraindik aurrera jarraitzen duena.

Denbora luze hartan, konturatu nintzen beti gauza berari buruz hizketan amaitzen genuela: bakartasunaz. Ez dut uste amatasunaren arazoa denik soilik, baina ama egiten zarenean pisu handia hartzen du laguntza intimoa eta sakona ez izateak. Eta, berdin dio bikotea lagungarria izatea: ume bat izateko ez da nahikoa bi beso izatea, laurekin ere eskas samar geratzen da.

Bakartasunari buruz hitz egitearekin batera, bazen beti gure ama taldeetan agertzen zen irudi idiliko bat, bazen beti zera zioen baten bat: "Nire haurtzaroaz gogoratzen naiz, gure auzokideen pisuetara nola joaten ginen merienda hartzera, nola gure auzoa komunitate bat zen". Kuriosoa zen, auzoko giro zoragarri hartan irudikatzen genuen beti geure burua, ume gisa, edo besteen etxera joaten diren umeen ama gisa, baina ez inoiz "beste pisuko umeak jasotzen zituen ama" gisa. Hau arazo txiki bat da, zeren laguntza izateko, eta sare bat osatzeko, rol guztiak jokatu beharko dituzu.

Horri buruz asko pentsatu dudanez, errezeta laburra eta erabilgarria prestatu dut, ez bakartasunaren arazoa konpontzeko, horrek egiturako iraultza bat behar baitu, baizik eta gure egunerokotasunerako "lehenengo arreta" eskaintzeko sare bat josteko. Hara hor:

1. Umeak auzoko eskolara eramatea. Auzoko bizitza da gaur egun sareak egiteko lekurik garrantzitsuena, eta horretan eskolaren funtzioa funtsezkoa da.

2. Gurasoen whatsapp taldeetan konstruktiboki parte hartzea eta horiei buruz gaizki esaka ez ibiltzea. Zeren guraso taldeei buruz gaizki hitz egitea zure umeen lagunen gurasoei buruz gaizki hitz egitea da; are gehiago, zure auzokideei buruz gaizki hitz egitea da, eta horrela sareak jostea zaila da.

3. Ahal duzun guztietan zure laguntza eskaini. Gero bueltan etorriko da.

Horrela, zerbitzu publikoak euren lana egin zain gauden bitartean, geure inguruko jendearengan konfiantza hartuko dugu, eta elkarri laguntzeko prestutasun handiagoa izango dugu. Horren ondorioz, agian, gauzak errazagoak egingo zaizkigu.