Lana, familia-bizitza eta bizitza pertsonala bateratzeko neurriei genero ikuspegitik begiratzen die Raquel Royo Prieto soziologoak. Erantzunkidetasunaren garaia dela dio, guraso biek euren seme-alaben zaintzaren ardura parekidea har dezaten, baimen berdintzeak sustatuz, genero-arauak irauliz, baina, lehenik eta behin, nork bere gurasotasun-ereduaz hausnartuz.  

Deustuko unibertsitateko irakaslea da, eta Amatasuna, aitatasuna eta kontziliazioa EAEn liburua idatzi zuen, tesitik abiaturik. Familiak desberdinkeria-eskola izaten jarraitzen duela dio, besteak beste.

 

Zure ikerketako bi datu aipatu nahiko genituzke: familiako lanen parte hartzeari buruzko Europako inkestetan Euskal Herriko gizonak azkenetakoak ageri dira zerrendetan, batetik; eta bestetik, seme-alabak zaintzeko baimenak hartzen dituztenen % 95 emakumezkoak dira. Nola irakurtzen dituzu datu horiek?

Eszedentziak hartzen dituzten gizonezkoen kopurua oso eskasa da eta denboraren erabilerari loturiko inkestek erakusten duten desberdinkeriak, bestetik, agerian uzten dute lanaren banaketa sexuala desagertzetik oso urrun dagoela Euskal Herriko etxeetan. Egoera aldatu egin dela iruditzen zaio jendarteari, oro har, baina Amelia Valcarcelek esaten duen bezala, bizi duguna berdintasunaren  ilusio bat besterik ez da, berdintasuna benetan dena baino handiagoa dela irudi-tzen baitzaigu. Gaur egun, oraindik, inertzia eta desberdinkeria asko bizi ditugu bai etxe-giroan eta baita lanean ere, esparru batak besteari eragiten baitio.

 

Nola eragiten die emakumeei seme-alaben zaintzagatiko baimenak eurak hartzeak eta lan munduan etenaldia egiteak?

Neurri horrek emakumeengan dituen ondorioak ugari dira. Batetik, lan merkatuari dagokionez, emakumeak lanera sartzen direnean, Maria Pazosek esaten duen bezala, badirudi  honako afixa hau daramatela: “prestutasun gutxiago”. Emakume izate hutsagatik zaintzaren arduradunak izan behar garela pentsatzen da gutaz, eta horrek lan munduan eraginkortasun gutxiago dugula sinestaraztera darama. Pentsa horrek zer nolako kaltea egiten dien emakumeei! Horrek lotura estua dauka gizonen eta emakumeen soldaten artean dagoen aldearekin.

Emakumezkoak lanaldi murriztuetan egoteak —autore batzuek langabezia murriztua esango lukete— zer esan nahi duen ere ulertu behar dugu, horrek emakumeen autonomia ekonomikoan duen eragina handia baita. Baliabide ekonomikoek eragina dute gero emakume horrek har ditzakeen erabakietan, bai bikote barruan, baina baita bikotetik kanpo ere; adibidez, banaketa kasu batean nola geldi-tzen da haurrak izan ostean lanaldi murriztuan ari zen andrea? Alarguntze-kasu batean... Lana eteteak edo murrizteak eragina du, baita ere, pentsioetan eta kotizazioetan.

Zaintza-lana gizartearentzat funtsezkoa dela esaten dugu, baina zaintza hori egiten dutenak, hau da emakumeak, txirotze-prozesuetara behartuak daude. Lan honek ez dauka gizartean baliorik, ez prestigiorik ezta ordainsari ekonomikorik ere. Puntu garrantzitsua da, baita ere, maila pertsonalean, nortasunari nola eragiten dion. Adibidez, zaintza-lanen ardura duten emakumeek gizonezkoek baino aisialdi gutxiago izaten baitute.

 

Zer du egiazkotik “prestutasun gutxiago” dioen afixak? Emakumeak ez al dira gizonak bezain produktiboak?

Hori uste oker bat da: datuek argi erakusten dute emakumeek ez dutela inondik ere gizonek baino emankortasun txikiagoa lanean.

 

Eta gizarteari, oro har, nola eragiten dio ama izatean emakume asko lan merkatutik denbora baterako atera-tzeak?

Emakumezkoen  talentuaren galera dakarkio gizarteari. Eta, paraleloki, gizonen zaintza-gaitasunen galera ere bai. Esan liteke okupazioa sexu-generoaren arabera erabakitzen dela eta ez gaitasun eta talentu pertsonalen arabera. Bai emakumezkoek eta bai gizonezkoek inposaketa sozial bat jasaten dute generoagatik; beraz, ustez sistemak pribilegiatzen duen subjektuari ere kalte egiten dio egungo lan-banaketak.

Sistema honek gizonezkoei aitatasuna ukatzen die, baina askotan eurak ere ez dira hortaz ohartzen. Aitatasun-eredu berriei esker, euren seme-alabak “amek bezala” zaintzen dituzten gizon horiek euren alderdi emozionala berreskuratzen dute, eta hori ikaragarrizko aberastasuna da denontzat.

 

Datuekin jarraituz, euskal gizartearen % 96,4k uste ei du gizonezkoek emakumezkoek bezalaxe hartu beharko luketela euren seme-alaben zaintzaren ardura. Zergatik gerta-tzen da, hortaz, desberdinkeria hori, teorian erantzunkidetasunaren ideia nagusi denean?

Gauza bat da pentsatzen duguna, eta beste bat gure izatearen parte diren balioen pisua, hau da, gizartetik jaso dugun hori, ikasi dugun arau soziala zein barneratua dugun eta nola eragiten duen gure praktikan. Arau horri dagokionez, etxeak desberdinkeria zabaltzeko eskola gisa funtzionatzen dutela ikusi dugu. Bikote heterosexualen seme-alabek ikusten badute gizonak gauza batzuez eta emakumeak beste batzuez arduratzen direla, hori ari dira barneratzen. Nahiz eta buruan beste ideia bat izan, zenbat emakumeri ateratzen zaigu, “utzi, neuk egingo dut, azkarrago egingo dut-eta!”.

 

Zergatik dauka zaintza-lanak hain prestigio gutxi ongizate gizartearen oinarri baldin bada?

Zaintzarik gabe ezingo litzateke lan-merkatuan beharrik egin, baina, era berean, zaintzaren alorra erabat pribatizatua dago, etxe barruko arduratzat utzi baita, gizartearen ardura ez balitz bezala, ez da aurrekontuetan kontuan izaten, ikusezin bilakatu baitute. Lan feminizatua da eta emakumeei euren nortasunaren parte balitz bezala eskatzen zaie zaintza-lana egiteko. 

 

Ondorioz, emakume askok jardunaldi bikoitza egin beharra izaten dute, kanpoan eta etxean lan.

Bere garaian jardunaldi murriztuak aurrerapauso bat izan ziren, baina gaur egun zama bat bihurtu dira emakumeentzat, andrazkoak rol erreproduktiboetan betikotzeko tranpa bilakatu baitira. Horrek autonomia ekonomikoari kalte egiten dio, baina baita hainbat lanpostutara iristeko oztopo bilakatzen ere. Gaur egun, neurri horiek desberdinkeria betikotzen dute.

Jardunaldi bikoitz hori daramaten emakume askok, gainera, kulpa sentimendu handia bizi izaten dute. Tesian gai hau ikertu nuen, bikote bereko emakume eta gizonezkoen kasuan, paradoxikoki, emakume guztiek kulpa sentimendua izan zuten mintzagai; aldiz, gizonezkoek, nahiz eta denbora gutxiago eskaini euren seme-alaben zaintzari, ez zeukaten kulpa sentimendurik. Amekiko espektatiba oso exijenteak ditugu, ama ona izateak denbora osoa seme-alaben zaintzari eskain-tzea esan nahiko balu bezala.

 

Lana eta familia kontziliatzeaz aritu gara, eta zeharka aipatu duzu bizi-
tza pertsonala kontziliatzeko premia. Ez ote dira emakume asko puntu horretaz ahazten?

Agindu sozialak, sistemak, onartzen du gizonezkoek, ekoizpen-merkatuan lan egin ondoren, atseden hartzeko eskubidea dutela, eta eurek ere nahiko barneratua daukate ideia hori. Haatik, emakumeek gaur egun oraindik norbere burua zaintzea baino barneratuago daukate ondokoa zaintzea, eta sistematikoki euren interesen, beharren eta desioen aurretik besteenak jartzen dituzte. Onartzen dugu besteek eurentzako denbora behar dutela, baina kosta egiten zaigu, oraindik ere, geure buruari premia hori aitortzea eta betetzea. Nork bere buruarentzat denbora hartzeko eskubidea duela aitortzea ezarritako genero-arauak iraultzeko bide bat da.

 

Bi gurasoen baimenak berdintzeak lagunduko al luke egoera parekideago egiten?

Gizonezkoek eta emakumezkoek baimen berdinak eta partekaezinak dituzten esperientziek erakutsi dute, argiki, neurri garrantzitsua dela. Gizon batek eta andre batek pentsa dezakete maila berdinean daudela, baina familia bat osa-tzean sistema publikoak esaten die andreak direla zaintzaz arduratu behar direnak nagusiki,  eurek duten zaintza-eskubidea luzeagoa baita gizonezkoek dutena baino. Politika publikoek esaten digute zaintzaren ardura emakumezkoena dela bikote heterosexualetan. Hori iraultzea garrantzitsua da gizartearentzat baina baita emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat ere. Azken hauen kasuan, euren seme-alaben zaintzan hasieratik parte hartzen duten gizonezkoek lotura estua eraikitzeko aukera handiagoa izaten dute, eta horrek atxikimendua sortzen laguntzen du. Nik egin nituen elkarrizketetan argi ikusi nuen, zaintza-lanean lehen mailako rola hartzen zuten gizonezkoek —eta ez laguntzailearen bigarren mailakoarena—, atxikimendu lotura garrantzitsua eta konplizitate handia eraikitzen zuten euren seme-alabekin, eta ondorengo zaintza-jarreretan garrantzia handia zuen lehen momentu horrek. Zuk zure lanaren edo tabernan egotearen aurretik zure seme-alaben zaintza jartzeko, lotura estu bat eta nahikari bat eraiki behar duzu. Haatik, politika publikoek eta inertziek beste aldera jotzen dute.

 

Beste zer neurri zehatz dira baliogarri familia-bizitza, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko?

Lan jardunaldia modu orokorrean murriztea garrantzitsua irudi-tzen zait; ez soilik emakumezkoek murriztea, baita gizonezkoek ere, zaindu ahal izateak normala beharko bailuke izan. Ezin dizkiegu egiturazko arazoei soluzio biografikoak bilatu, ezin du norberak bere irtenbidea bilatu, aitonari, amonari deituz... Zaintza-lana posible egingo duen gizarte batean bizi behar dugu, bizitza zaintzeko beharrezkoa baita elkar zaintzea.

Horrez gain, esan dugun bezala, gurasotasun-baimenak parekatzea oso garrantzitsua iruditzen zait, baita noski, sexu bereko gurasoen kasuan ere. Baimenak amak edo aitak har ditzakeenean, ia-ia beti emakumezkoak hartzen ditu; haatik, iparraldeko herrialdeek erakutsi dute aitek ere euren baimen partekaezina dutenean aitatasun-lanetan parte hartze handiagoa dutela. Gainera, bizi dugun egoera hau injustua da gizonezkoentzat: eurak kotizatzen ari dira baina gero ezin dute zaintza-lana benetan ahalbidetuko dien aitatasun baimen batez behar bezala gozatu, ukatzen zaien eskubide bat da. Eta horrek, gainera, desberdinkeria egoera batean ezartzen ditu emakumeak, zamatu egiten du “prestutasun gutxiago” dioen kartel hori.

Garrantzia ematen diot, baita ere, zaintza-lanak ahalbidetzen dituzten zerbitzu publikoak sustatzeari. Eta hau puntu benetan garrantzitsua iruditzen zait guraso bakarreko familiei begira. Gastu publikoa murrizten duten gizarteek emakumeen egoera kaltetzen dute, estatuak bereak zituen egiteko batzuk —zaintzari, hezkuntzari, osasunari lotuak...— abdikatu baititu. Gaixo bat erietxetik etxera bidaltzen badute osatu aurretik murrizketen ondorioz, nork zainduko du etxean? Gastu publiko handiagoa duten herrialdeek, eta berriro iparraldeko herrialdeak aipatuko ditugu, emakumeen egoera hobetzen dute, eta gizarte parekideagoak dira.

 

Aipatu dituzun neurri gehienak administrazioen esku daude. Eta bitartean, zer egin dezake bakoitzak bere testuinguruan?

Erantzunkidetasunaren ideia berreskuratu behar da. Zaintza-lanaren ardura pribatizaturik, ikusezin eta feminizaturik egotetik gizarte ardura izatera pasa behar da. Horrek gizartearen, enpresen eta, noski, gizonen eta emakumeen parte hartzea eskatzen du. Beraz, bi fronte genituzke zabalik: batetik, eredu sozialaz eztabaidatu behar dugu, bai erakunde mailan eta alderdi politikoen mailan, baina baita gizarte mailan ere, gure lehentasunak zeintzuk diren zehaztu behar dugu, hezkuntza, osasuna, zaintza... ala eredu desarrollista bat gura dugun, kontsumitu ezin duena baino gehiago ekoitziko duen gizarte bat nahi dugun. Eztabaida horri heldu behar diogu, gauden lekutik.

Egunerokotasunari dagokionez, pertsonok, eraikiak izan garen bezala eta sistema barneratua dugun modu berean, egunerokotasuna aldatzeko eta desobeditzeko boterea daukagu. Nola? Lehenik eta behin, egoeraren kontzientzia hartuz; eta bigarrenik, Erich Frommek dioen bezala, askatasunaren zama astuna asumituz, hau da, gure gurasotasuna nolakoa izango den erabakiz. Egia da lan-merkatuak presio ikaragarria eragiten digula, baina halaber, inoiz baino aukera handiagoa dugu geure gurasotasuna planteatzeko.

 

Ezagutzen al duzu lan ordaindua, familiako lana eta bizitza pertsonala modu parekidean ahalbidetzen dituen sistema eredugarririk?

Europa iparraldeko herrialdeetan emakumeentzako baimenak ondo zaintzen hasi ziren, gero baimen horiek aitek edo amek hartzeko aukera ireki zuten, baimen transferigarriak baitziren, eta gero, aitentzako baimenak sortu dituzte, transferiezinak direnak, kuota gisa ezartzen direnak, hau da, edo aitak hartzen ditu edo ez ditu inork hartzen. Azken baimen horrek aldaketa garrantzitsua ekarri du gizonezkoek euren seme-alaben zaintzan duten esku hartzean. Praktikan egiaztatu da baimen horiek zaintza-eredu parekideagoa dakartela, beraz, iparraldeko herrialdeetako ereduak aipatuko nituzke. Islandiak, adibidez, hiru aldi bereizten ditu: baimen transferigarriak, amarena transferiezina eta aitarena transferiezina, eta egiaztatu dute aitek baimen horiek hartzen dituztenean euren parte hartzea zaintzan areagotu egiten dela. Zaintza-baimen transferiezinak eredu garrantzitsua dira, partekagarriak direnean andreek hartzen baitituzte eta sistemaren inertziak betikotzen baitira.

Gainera, horrek gurean zera dakar, ama etxean gelditu behar bada seme-alabak zaintzeko, egunerokotasunari aurre egiteko bikotekideak zortzi ordu baino gehiago sartu behar izaten dituela, eta rolen tradizionalizazioa dakar, hau da, haur bat izatean, gizonezkoek lan-jardunaldia luzatzeko joera dute eta emakumeek murriztekoa eta lan erreproduktiboa areagotzekoa. Gakoa emakumeek eta gizonek independentzia ekonomikoa edukitzea ahalbidetuko lukeen gizarte-eredu bat bultzatzea litzateke, zaintza eta hazieraren plazer eta lo-galtzeen ardura parekidea bermatuko lukeena.

Egunerokotasunean norberak duen botereaz jabetzea garrantzitsua da, eta nork bere buruari denbora eskaintzea ere bai. Gure etxean jarrera aldatze hutsa eta parekideago jokatzea gure seme-alabentzat onura da, eta baita ondokoentzat ere, eredu parekideagoa ari baikara eskaintzen. Horretarako, emakumeok ere zaintzaren esparruan izan dezakegun botereari uko egin behar diogu, eta besteari ardurak hartzen utzi behar diogu, “utzi, egingo dut nik” horri galga jarriz.