Inplikazio sozialak eraginda hartzen dituzte familia gehienek haurrak etxean. Babes, sostengu, atxikimendu eta goxotasun beharrean dauden haurrak izan ohi dira gehienak, eta etxean hartzeko ez dagoela Asiara edo Afrikara joan beharrik diote harrerako familiek, inguruan ere badela aukera.

Ehuneko ehun eusko labeldunak”, hala erantzun ohi dute guraso askok etxean harreran dituzten haurrak nongoak ote diren galdetzen dietenean. Gizartean, oro har, ezezagutza eta informazio falta handia dagoela uste dute eta jendeak ez dakiela nolako beharra dagoen: “Haur horiek, harrera etxeetan, gure alboan bizi dira, eta hilabete edo urte batzuetan behintzat, familia batek eman dezakeen egonkortasuna behar dute”.

Premian dauden haurrak norbere etxean hartzea, azken batean, zerbi-tzu sozial bat betetzea da, bakoitzaren denbora eskaintzea borondatezko zeregin bati eta gizarte-inplikazio horrek eraginda erabaki zuten Mari Luz Fernandezek, Ana Escuderok eta Julia Larrinbek haurrak etxean hartzea. Gasteizen elkartu da “Hazi Hezi”, harrerako hiru ama horiekin, euren esperientziaren berri jasotzeko.

Mari Luzek harrera-etxe batean egiten zuen lan. Hango umeek zuten familia beharra ikusita, argi zuen ahal bezain pronto harrera-familia bilakatuko zela. Bikotekiak eta biek egonkortasun apur bat izan arte itxaron zuten eta modua ikusi bezain azkar hiru anaia etxean hartu zituzten: “Guk bagenekien anaia-multzoen kasuan zailagoa zela harrera-etxeetatik ateratzea lortzea, eta guri bat edo hiru berdin zitzaigunez, aurrera egin genuen”. 9, 11 eta 12 urte dituzte orain semeek eta 7 urte darama-tzate Mari Luz eta bikotekidearekin bizitzen. Prozesua “oso gogorra” izan dela dio eta oraindik ere hala izaten jarraitzen duela, haur horietako bakoitza “bere motxilarekin” baitator: “Haurrik txikienak uneoroko arreta behar zuen eta nik lana utzi behar izan nuen. Gainera, hasieran Gasteizen bizi ginen, baina haurrentzat hobea izango zelako beste herri txikiago batera joan ginen gero. Ez da erraza izan”. Orain, ordea, atzera begiratu eta haurrek izan duten eboluzioa ikusita harro eta asebeteta sentitzen da.

Gizarte jardueretan txikitatik parte hartu izan du Anak, boluntario zereginetan hazi eta hezi da, eta hasieran harreran umerik hartzerik pentsatzen ez bazuen ere, bere lanean desegituratutako familietatik zetozen haurrekin jardutea tokatu zaio eta egoera gordin asko ezagutu ditu. Horregatik da gaur egun harrerako ama: “Hasieran zalantzak nituen, baina gutxika neure burua lasaiago eta egonkorrago ikusi nuen. Haurrak harreran hartzeko denbora eta espazioa nituela konturatu nintzen eta horixe egin nuen”. Haur kopuruari mugarik jarri ez bazion ere, azkenean nahaste autista bat duen bost urteko umea hartu zuen etxean. Hiru urte daramatzate orain elkarrekin bizitzen. Harreman konplexua, baina aberasgarria ari da izaten.

Julia berriz, Besarka Arabako Harrera Familien elkarteko presidentea izateaz gain, lau umeren ama da uneotan: adoptatutako alaba bat dauka, beste bi anaia harreran hartuta, eta beste bat asteburuetako eta oporretako aldietan. Bera ere gaztetatik boluntariotzan ibilia da, eta horregatik ez du inoiz zalantza egin lehenik adopzioaren eta ondoren umeak etxean hartzearen aldeko hautua egiterakoan. “Nik alaba adoptatu nuenean ez nuen harrera familien kontua ezagutzen, ez dakit existitu ere egiten zen. Geroago, ordea, harrera-etxeak ezagutu nituen eta umeak etxean hartzeko aukeraren berri izan nuen, eta ez nuen bi aldiz pentsatu, ‘hemen bertan etxean hartuko dituzten familien beharrean ume mordoa edukita, zertarako adoptatu haurrak kanpotik?’. Badakigu harrera etxeetan ere oso ondo zainduta daudela, baina familia falta zaie. Beraz, bihotzean daukadan maitasun apurra horretara bideratu nahi izan dut”. Orain baino lehen ere beste haur batzuk harreran eduki izan ditu Juliak eta aurrera begira ere, ahal duen artean funtzio hori betetzen jarraituko duela dio.

Prozesu gazi-gozoa

Ez da erraza harrerako familia izatea. Familia mota guztietan izaten dira arazoak, baina harrerako umeen kasuan, bestelako ohiko auziei haur horiek aurreko bizipenengatik dakarten zamak eragindako zailtasunak gehitu behar zaizkie. Izan ere, harrerako haur gehienak desegituratutako familietatik datoz eta bizimodu zailak izan dituzte: “Ume asko eurak hezteko gai ez ziren edo zaintzen ez zekiten familietatik datoz. Kontua ez da familia biologikoarekin inolako loturarik ez dutela izan, baizik eta kasurik gehienean lotura hori ez dela egokia izan. Beraz, haur horiei harrera familiak beste era bateko lotura positiboak sortzen laguntzen die, erreferentzi-azko pertsona batzuekin atxikimendua garatzen. Hori haur askorentzat oso garrantzitsua da euren bizitzan aurrera egin eta bakoitzak bere bidea jorratu dezan”, argitu du Mari Luzek.

Harrerako familien funtzioa, familia biologikoak umea berriz ere etxean hartzeko gai izan arte, haur horiek zaintzea izan ohi da. Egoera hori haurren larru-azalean bizitzea oso konplexua da. Bestelako arazorik ezean, haur gehienak harrerako familian bizi arren, aldizka, familia biologikoarekin egoten dira. Haatik, ume horietako askok abandonu sentipen handia izaten dute eta harrera familien egiteko bat horri aurre egitea izaten da. Anak adibidez, behin eta berriz errepikatu ohi dio semeari bera ez dutela abandonatu, bere familia biologikoak asko maite duela: “Nik familia biologikoarekin harreman ona dut. Eta etengabe esaten diot semeari, berak bi familia dituela uneotan, eta bien artean familia handi bat osatzen dutela. Hala ere, zatituta bizi da umea, bi mundutan, eta sekulako beldurra dio abandonuari”.

Kalean, lanean edota eskolan, beste gurasoekin elkartzen direnean, sarri harrerako gurasoek ez dute abegikortasunik sentitzen. Informazioa eta sentsibilizazioa falta dela diote, eta harrera familien ekarpena eta funtzioa ez dela errekonozitzen. Horrexegatik, gaur egun Euskal Herrian dauden harrera familiek ez dute asetzen familia premian dauden haurren beharra. “Irudipena dut, guraso askok, beste ondasun batzuen kasuan bezala, haurrak norbere izateko nahia duela”, dio Mari Luzek. Horrexegatik, harreran haurra hartzeari buruz hitz egitean “bai, baina gero umea kendu egingo dizute”, adierazi ohi dute kalean zenbaitek. Hala dio Anak: “Hori ez da kentzea. Haurra ez da objektu bat, pertsona bat baizik. Beraz, behar duen arte, edo premia duela uste den arte nirekin egongo da, eta itzultzeko baldintzak betetzen direnean bere jatorrizko familiarengana itzuliko da”. Harrerako familiek badakite egunen batean, haur horiek etxea utziko dutela, eta une horretarako haurrak nahiz familia prestatu egin beharko direla, lotura mota hori hautsi egingo dela eta beste lotura mota bat sor dadin lan egin beharko dutela. Baina, gurasoek dioten moduan, hein batean, halaxe gertatzen da seme-alaba biologikoen kasuan ere.

Esperientzia konplexu eta sakona izan arren, eta une gogorrak igaro badituzte ere, Mari Luz, Ana eta Julia gustura daude haurrek euren etxeetara iritsi zirenetik izan duten bilakaerarekin. “Umeak zaurituta egotetik garapen oso positiboa izatera igaro dira eta ni ziur nahiz harrera familiarik gabe hori ez zatekeela posible izango”, azaltzen du Mari Luzek. Anak berriz dio, zenbait momentu gogorrak izan arren, umeari begiratu eta aurrera egiten duela ikustea oso asebetegarria dela: “Nire kasuan gainera, nahasteak dituen haur batez ari gara. Batzuetan badirudi aurrera egiten ari dela nabarmen, eta bat batean, dena hankaz gora jartzen da eta agresibitatea azaltzen da, oldarkortasuna eta bideratzea horrenbeste kostatako beste hainbat jokabide. Baina merezi du. Sekulako ordainsaria da egindako esfortzu guztiak haur hori izatera irits daitekeen horretan balio izan duela ikustea”.

Juliarentzat berriz, bizipena ez da hain gogorra izan. Beste edozein familiak ere izan ditzakeen arazoak dituela uste du, baina haurrekin eguneroko harremana normaltasunez darama. Min handiagoa egiten dio gizartean, eta bereziki, instituzioetan sumatzen duen jarrerak eta hainbat auziren inguruan ematen dituzten erantzunek: “Sarritan triste jartzen nau eta aiurri txarra eragiten dit erakundeen jarrerak. Iruditzen zait askotan ez dutela arretarik jartzen umeengan eta harrerako familien aurrean mesfidantzaz jokatzen dutela”. Hala eta guztiz ere, haurrak harreran hartzeak bizitzan ia guztia eman diola aitortzen du. “Nik berriz ere berdin jokatuko nuke. Haur gehiago ez ditut hartzen diru-kontuengatik”. Juliari gainera, prozesuan lagundu egiten dio aurretik ume bat adoptatuta izateak. Izan ere, adoptatutako haurrek oso ondo hartu ohi dituzte harrerako anai-arrebak: “Uste dut eurak direla harrerarik onena egiten dietenak. Nik alabarekin komentatu nuen beste bi haur harreran hartzeko asmoa nuela, baina azken erabakia nirea izan zen. Orain, ordea, lau urteren ondoren, anai-arreba arruntak dirudite eta horrek poz handia ematen dit”.

Gogobetetasun handiko esperientzia izan da hirurentzat haurrak etxean hartzea. Uste ez bezalako indarra dutela konturatzeko balio izan die, aurrez ezagutzen ez zituzten baliabideak dituztela ohartu dira eta baita pazientzia izugarria ere. Pertsona batek barruan duen hori guztia beste batzuei eskaintzeak ez duela parekorik diote: “Dena ematen duzu, ezer gorde gabe”.

Familia eredu bakarrik ez

Familiartean, kalean nahiz eskolan beste jendearekin erlazionatzerako garaian ere, ez da erraza harrera familiako parte izatea. Harrerako gurasoen esanetan, eskolan, eta gizartean oro har, familia moten gainean egiten den lanketa aldatu bada ere, oraindik “aita” eta “ama”ren eredua gailentzen da. Anak dioen moduan, era askotako familiak daude, eredua ez da monolitikoa, beraz gaiari ematen zaion trataerak ere ez luke hala izan behar: “Askotan esan ohi dut, akaso familiei elkarbizitza unitateak deitzen hasi beharko dugula”. Anak gainera, etxetik kanpo beste arazo bat ere bizi izan du, berak azaldu bezala, oro har, gizartean familia biologikoa errudunesteko joera baitago. “Behin eta berriz saiatu naiz haurrak bere jatorrizko familiarekin ez duela inolako arazorik eta harreman ona duela azaltzen. Mezu kaltegarririk ez igortzeko ere behin baino gehiagotan esan behar izan diot jendeari, baina zenbait pertsonari hori ulertzea kosta egiten zaiola dirudi”.
Juliak ere, seme-alaben eskolako lagunak tarteko, izan ditu bizipen garratzak: “Ni ez nintzela euren ama esaten zieten”. Ama izateko modu bat baino gehiago zeudela azaltzen saiatu izan da Julia bere seme-alabei, eta baita beste gurasoak inplikatzen ere, haiek ere euren seme-alabei ama izateko zein beste era dauden azal diezaieten. Mari Luzek ostera dio, euren hiru semeek ez dutela sekula gai horrekin arazorik izan, ez eskolan eta ezta kalean ere, txikitatik etxean sakon landu baitute kontua: “Eurentzat naturala da bizi dutena eta edonori azaltzeko gai dira harrerako umeak direla, horregatik gaizki sentitu gabe”.

Familia-harrera motak eta aukerak

Harrera-familia umeak eta nerabeak babesteko baliabide mota bat da. Jatorrizko familiak ezin duen artean edota gaituta ez dagoen artean, umea zain-tzeaz eta hezteaz arduratzen da harrerako familia. Aldi baterako neurria da beraz, eta aldi horretan ere haurrak familia biologikoarekin harremana izan ohi du. Haurrak harreran har-tzeak, hortaz, ez du zerikusirik adopzioarekin, eta ez da horren aurretiko urratsa ere.

Bi motatako harrera familiak daude: Familia Zabaleko Harrera (familiarteko norbaitek hartzen duenean haurra etxean, normalean aiton-amonak edota izeba-osabak izan ohi dira) eta Besteren Familia-Harrera (kanpoko familia batek hartzen duenean haurra). Era berean, harrera aldizkakoa (haurra asteburu, jai-egun eta oporraldietan hartzea), denbora jakin batekoa (aldi jakin baterako haurra etxean hartzea) edota iraunkorra (etxean haurra hartzea beharrezkoa den arte) izan daiteke.

Familia-harrera tokian tokiko Diputazioek kudeatzen dute. Beraz, araudia ere probintzia batetik bestera aldatu egin liteke. Edonola ere, etxean haurra harreran hartu nahi duen familia batek Diputaziora jo behar du lehenik. Hainbat elkarrizketa egin eta etxean bisita jaso ondoren, erakundeetako teknikariek erabakitzen dute eskaria egin duen familia egokia ote den haurrak harreran hartzeko. Ez da familiaren profil zehatzik bilatzen. Guraso bakarreko familia, bikotea, seme-alabak dituen familia edo haurrik gabekoa… harreran hartuko den haurrari egonkortasuna, babesa eta goxotasuna emateko gai badira, guztiak dira egokiak.

Harrerako familiek hainbat laguntza jasotzen dituzte administraziotik; hala nola, hezitzaile edo psikologoaren laguntza, haurraren mantenu gastuetarako laguntza ekonomikoa, eskola publikorako beka, etab.

Leku bakoitzeko harrerako familien elkarteek ere (Araban Besarka, Gipuzkoan Beroa, Bizkaian Agintzari, Nafarroan Magale, etab.) funtzio garrantzitsua betetzen dute, harrera familien sostengu nagusi izaten baitira. Umeak harreran hartu aurretik nahiz ondoren, ikastaroak antolatzen dituzte, baita tailerrak ere.