Bizitzak aurkezten dituen gatazkak gainditzen laguntzen du ipuinak. Baina ipuin guztiek ez dute funtzio berdina eta ez dituzte balio berdinak transmititzen. Ipuin egokiak aukeratzen lagundu digu Galtzagorri elkarteko Itziar Zubizarretak.

Haur eta Gazte Literaturan aditua da Itziar Zubizarreta idaz-lea, eta euskal tradizioaren ezagutza ikaragarria du. Galtzagorri elkartearen barruan, Bularretik Mintzora proiektuan dihardu, 0-6 urte bitarteko haurren guraso eta eta hezitzaileei tradiziotik harturiko kontakizunak, poesiak, jolasak etab. ezagutarazten.

Ze garrantzi dauka ipuinak haurrarentzat?

Pertsonaren barne munduaren proiekzio bat da ipuina, pertsonaren antsiak, esperantzak, beldurrak, etab. biltzen baititu modu sinboliko batean. Bizitza nola ikusten dugun, zer esperantza ditugun, bizitzak aurkezten dizkigun ataka nola gainditu ditzakegun... plantearazten digu ipuinak. Azken batean, gai transzendental guztiak planteatzen dizkio ipuinak haurrari: bakardadea, gosea eta pobrezia, bizitza aurrera atera behar izatea, sexuak plantea-tzen dituen barne gatazkak, etab. eta horiei nola egin aurre erakusten dio ipuinak. Guk ametsetan gauzak erraz konpontzen ditugu, nolabait esateko, hauts magiko batzuk bota eta garaitu egiten ditugu arazoak; bada ipuinek berak gainditu dezakeen mundu bat aurkezten diote umeari.

Nola funtzionatzen du ipuinaren magiak arazo horiek denak gaindi-tzen laguntzeko?

Esperantza ematen dute ipuinek. Berez gainditu ezin ditugun gauzak aurkeztean, esperantza ematen digute ipuinek, bizitzan gauzak kontra izango ditugula azaltzen digute, baina baita alde ere, zeinek lagundua izango dugula... Gatazkak eta eragozpenak gainditu ahal izateko egoerak ondo kudeatu behar dituela erakutsiko diote ipuinek haurrari. Ipuinaren estrukturaren azpian bizitzaren ikuspegi bat dago, ikuspegi esperantzatsu bat haurrarentzat.
 
Esperantza emateaz gain, ze funtzio ditu ipuinak?

Funtzio anitzak ditu ipuinak,  eta horietako bat balioen transmisioa da. Irakaspen batzuk eskaintzen ditu ipuinak, haurrei balioak transmiti-tzeko. Baina balioen transmisio hori oso neutroa da, ez da botika bat. Gaur egun dagoen okerretako bat, ordea, ipuina botika bat bezala aurkeztea da, baina ez, ez da botika bat, proiekzio eremu bat baizik. Barne arazoak agertzen dira hor, eta mezu bat; barne arazo horiei aurre egiteko aukerak dituela ikusiko du haurrak; bizitzari aurre egitea, erabakiak har-tzea, norbere burua norberak bideratzea eta eragozpenei eta gatazkei aurre egitea dira aukera horiek.

Ipuin guztiak al dira egokiak balioen transmisiorako, edo ipuinaren nolakotasunak garrantzia dauka?

Tradiziozko ipuinek  balioen transmisioa dute barnean. Ondo fijatu behar dugu zer nolako ipuina aukeratzen dugun haurrari kontatzeko. Edozerk ez du balio, liburu txarrek ez dute balio.

Kontuan izan behar dugu zein haurri, zein adinetan zer balio transmititzen diogun. Haur txikientzako egokiak diren ipuinetan gatazka sexualik ez da agertzen, txiro izatea agertzen da, abandonua, bakardadea, heriotzari buruzko beldurra... Gauza existentzialak.  Horien artean leudeke, besteak beste, ‘Zazpi antxumeak’ eta ‘Hansel eta Gretel’, izugarrizko pobrezia giro batean abandonu bat dago. Horiek transzendentzia bat duten ipuinak dira, barne-barneko gatazka batetik abiatzen dira, haur txikiek dituzten gatazketatik. Angustia, bakardadea, heriotza...  ager-tzen dira, eta horiek ez dira egunero kontatzeko ipuinak, noizean behin kontatzekoak baizik. Horiek kontu handiz kontatzeko ipuinak dira. Haurraren gatazkarekin konektatzeko modu bat dira.

Aipaturiko tradiziozko ipuin horien berridazketa batzuk egin behar dira. Egun ez dira “politikoki” zuzenak ez rol sozialei begira, ez hainbat espresio “krudelei” begira ere.  Berritu behar ditugu, baina berridazketa horietan ezin dugu barneko traszendentzia hori kendu. Hori ipuinaren barneko egituraren oinarrian dago, eta hori gabe esanahirik gabe geldi-tzen dira ipuinak eta funtziorik gabe uzten ditugu, erabat desitxuraturik.  

Beste ipuin batzuk entretenimenduzkoak dira.

Entretenimenduzko ipuin asko daude, adibidez metatzen diren ipuinak, ‘Ilargia gazta handi bat da’ edo ‘Akerra ikusi dugu’-ren gisakoak. Ipuin horien barnean kolaborazioa dago, elkarrekin egin ditzakegun gauzak... Giro dibertigarri batean kontatzeko ipuinak dira, eta horiek dira haurrek gehien maite dituzten ipuinak, beren estruktura ziklikoarekin bat egiten dutelako. Egitura hori oso ipuinaren egitura da, egitura purua da eta haurrari bere sintaxia eraikitzen eta garatzen laguntzen diote. Ondo pasatzeko ipuinak dira, irribarre batekin ohera joateko ipuinak, antzezteko ipuinak... Era horretako ipuin asko daude.

Aipatu duzu kontuan izan behar dugula zein haurri, zein adinetan zer nolako ipuinak kontatzen dizkiogun. Adinaren arabera, ze ipuin dira gomendagarriak?

Guraso bakoitzak erabakiko du, noski. Baina 0-6 adin bitartean, batez ere metatzen diren ipuinak dira egokiak, egitura erritmikoa dutenak eta, gainera, umeei izugarri gustatzen zaizkie. 5  urtetik aurrerako haurrei kontatzeko, amandre ipuinak ; eta euskal ipuingintza oso aberatsa da.

Zergatik ez genioke 4 urteko haur bati Txanogorritxuren ipuina kontatu behar?

Txanogorritxu adierazle sexuala duen ipuin bat da, nesken bilakaeran bat eta mutilen bilakaeran ikaspen bat proposatzen du, eta  5 edo 6 urtetik aurrerako umeentzat da. Txanogorritxuk, Errauskinek, Edurne Zurik eta Grimm anaiek idatzitako beste askok haur izatetik heldu izateko gazte batek pasa behar dituen probak azaltzen dituzte.

Gainera kontuan hartu behar da guk Txanogorritxuren –eta gisa horretakoen– bertsio bat ezagutzen dugula. Txanogorritxuren kasuan, 18. mendeko bertsioa ezagutzen dugu, eta bertsio hark garai hartako morala azaltzen du. Interpretazioak milaka daude, eta guk bakarra ezagutzen dugu eta iruditzen zaigu hori dela ipuina. Gero, ordea, bertsio hori oso gogorra iruditzen zaigunez, edulkoratu egiten dugu.

Eta zer iruditzen zaizu gisa horretako ipuinak edulkoratzea?

Oso gaizki. Erabat deformatzen dugu ipuina eta azkenean amonak, otsoak eta ehiztariak elkarrekin meriendatzen bukatzen dute! Hartz bat azaltzen zeneko bertsio bat ere ikusi nuen behin! Baina hori ez da Txanogorritxu, hori beste ipuin bat da. Hobe da, kasu horretan, beste ipuin bat kontatzea, eta kontatzekotan eguneratutako interpretazio bat kontatzea, eta ipuin hori, bere horretan, helduagoentzat uztea. Bere garaian adierazle sexual handiko ipuin horiek 13-14 urtetik aurrerako neska-mutilei kontatzen zitzaizkien. Gaur egun, berriz, estilizatu egin dira ipuin horiek, bere funtzioa galdu dute eta haurrari ez diote bere bizi-tza proiektatzeko aukerarik ematen.

Aipatu dituzun ipuin horien tankerakorik ba al dugu esukal tradizioan?
‘Mari Xor’ da euskal tradizioan horren adibide izugarri bat. Errauskine europar tradizioko ipuin bat da,    Grimm anaiek momentu batean idatzi zutena. Baina Errauskine Alemanian zegoen bezala, herrialde bakoitzak berea zeukan, eta euskal tradizioan ‘Mari Xor’ dago –Joxe Arratibelen bilduman jasoa dagoena–. ‘Mari Xor’ neskaren bizimodua irudikatzen duen ipuin iniziatiko bat da, ume izatetik heldu izatera bitarteko pasadizo guztiak kontatzen ditu, gure bizitzan aurkitzen ditugun ataka eta gatazka horiek guztiak. Gisa horretako ipuinen artean mutilei zuzendurikoa  ‘Makila Kixki’ izan liteke bat, ‘Martin Txiki’ eta zapataria... Herensugea hil behar duteneko ipuin horiek.

Nola jakin dezakegu ipuin bat sexista den ala ez?

Kontu  handia izan behar dugu neskak eta mutilak zein rol sozialetan agertzen diren ipuinetan, emakumeak beti etxean, umeak zaintzen, etxea txukun-txukun eduki behar dugula dioten rolak barbaridade bat dira, eta oso kontuan izan behar da hori. Tradiziozko gauzetan zenbaitetan kontu handiarekin ibili behar dugu, baina zenbaitetan geu gara gaizki interpretatzen dugunak.

Beste kontu bat, rol sozialez gain, elementu arketipikoak dira. Neska batengan arketipo femeninoek segur aski indar handiagoa izango dute, eta maskulinoek gutxiago, eta vice versa. Baina guztiek, bai neskek bai mutilek, biak ditugu, Yin eta Yang bezala.

Ipuina kontatzeko moduak ze garrantzi dauka?

Nire ustez, handia. Guk ezagutzen ditugun ipuinak noizbait idatzi dira, eta idatzi ere idatzi dituen pertsona horrek zuen munduaren ikuskeraren arabera, eta bere proiekzio morala egiten du hor, eskubide guztiarekin. Ahozko transmisioa oso inportantea da, hor kontalariak transmititu egiten baitu ipuinari buruzko ikuspegia, nahi ez duela ere. Kontatzen ari garenean interpretatzen ari gara.

Ipuin batzuek irudiak dituzte, beste batzuek ez... Txiki-txikitatik aurkeztuko dizkiegu haurrei ipuinak irudiekin ala ez?

Nik uste dut bi gauza direla, eta biak osagarriak direla. Alde batetik, bai txikitan eta bai handitan, gehien zaindu behar dena ahozko transmisioa da, irakurria izan edo gure kabuz kontatua izan; ipuinak batez ere horretarako baitira, transmisio bat egiteko.

Nik garrantzi handia ematen diot entzumenari, baina ilustrazioen irakurketa bisuala beste gauza bat da, eta garrantzia handia dauka, estetika jasotzen da, eta beste alde batetik, errelatoak ez dituen hainbat elementu erants ditzake, errelatoa ulergarriago egin dezaketenak. Irudiak txiki-txikitatik erakutsi behar zaizkiela uste dut: irudiak dituzten ipuinak kontatu eta aldi berean irudiak ikusi. Nik uste dut irudiek izugarrizko ekarpena egiten diotela ipuinari, ilustratzaileak bere ikuspuntua adierazten duelako eta hori, nire ustez, askotan kontuan hartzekoa da –beste askotan ez–.

Bestetik, guk ipuin bat kontatzen dugunean, haurrak bere buruan egiten du ipuinaren irudia, eta hori oso ona da, norberak eraikitzen duelako ipuinari buruzko ikuspegia. Horrez gain, hausnarketa puntu bat da, etengabeko hausnarketa bat; gu ipuin bat kontatzen ari garenean, entzulea bere buruan eraikitzen ari da errelatoa eta, aldi berean, en-tzuten duen guztiaren hausnarketa egiten du. Elkarrizketan dago testu horrekin. Hausnarketa bide guztiaz gain, irakurketaren ulermena eraiki-tzeko bide aparta da.

Umea bere kasa irakurtzen hasten denean, bakarrik utzi behar da irakurketa horretan?

Hori astakeria bat da. Irakurketa oso mekanizatua ez dagoen bitartean, haurrak ez du irakurketaz gozatzen, eta ipuina gozatzeko da, hausnartzeko, amets egiteko, norbere barnean sartzeko, dibertitzeko, ondo pasatzeko... Eta haurrak ezin badu ipuinaz gozatu funtzio gabe uzten dugu ipuina. Astakeria bat da 6-7  urterekin, oraindik silabaka irakur-tzen dutenean, irakurketari zen-tzurik ematen ez diotenean haurrak bakarrik uztea; ikaragarri kaltegarria da. Kontrakoa lortzen dugu.

Irakurketa luzatu egin behar dela uste dut. Bai gurasoen irakurketa, baina baita irakasleen irakurketa ere, segi eta segi. Batxilerrean ere irakasleak irakurtzea eta irakurketa ozenak egitea, oso sanoa da.  Irakurketa partekatu egin behar da, puskaka adibidez, haurrak pixka bat, eta helduak beste pixka bat... eta eskolan ere bai. Pixkanaka beraiek irakurketa ozenean sartzea polita da, pertsonaia baten esana irakur-tzea, adibidez...

Asko ibili naiz eskolaz eskola, eta ikusi izan ditut 7-8 urteko haurrak ulertzen ez dituzten testuak ozen irakurtzen, eta horiek (irakurketa eta irakurketa ozena) bi ariketa oso diferente dira. Bere kabuz zentzurik ematen ez dion ipuin bat irakurtzea oso aspergarria da.

Gaur egun asko ikusten dira emozio zehatz bati aurre egiteko ipuinak, izan lotsari aurre egiteko, edo autoestimua lantzeko...

Ipuin onek beti baloreak transmiti-tzen dituzte. Ipuin onek aukera ematen digute gai bati buruz haurrarekin hitz egiteko. Ez dugu ipuin horretan botika magiko bat aurkituko, botika magikoa izango da gurasoek  irakasleek, helduek  aitzakia bat aurkitzea gai bati buruz hitz egiteko.

Askotan heriotzaren gaiarekin gertatzen da hori. Haurrak 3-4 urtetik aurrera badaki hil egin behar duela, eta hori oso gogorra da. Euskaraz badaude heriotza aurkezten duten ipuin oso onak, edo lotsa aurkezten dutenak... Hor dagoena adibide bat da, eta adibide bat ondo erabiltzen badugu gurasoei aitzakia ematen die haurraren arazo horretara iritsi, horri buruz hitz egin eta bere barneko kezka hori mahai gainean jartzeko Baina ipuinak ez dira botika. Haurrak inguruan dituen helduek, ipuinaren bidez, gaiaz hitz egiteko egokiera baliatzea izango da botika.

Haur askoren aurrean ipuin iniziatiko bat kontatu nuen behin –non heriotza ez zen esplizituki agertzen– eta ipuina bukatzean, 8-10 bat urteko haur bat jarri zen zutik eta esan zidan, “joan den astean nire aita hil zen”. Ehun bat ume zeuden, eta erabateko isiltasuna egin zen. Haur horrek jaso egin zuen, eta ipuina bere bihotzeraino iritsi zen. Hizketan hasi nintzen haur horrekin, eta beste guztiak isilik gelditu ziren, entzuten. Helduak ere prest egon behar du haurraren kezka horri erantzuteko. Arazoak arazoak dira, eta ume txikiak txikiagoak direlako ez du esan nahi arazoak txikiagoak direla. Txikitan ditugun arazo berdinak ditugu handitan; angustia angustia da, eta beldurra beldurra da, eta betidanik edukiko dugu. Helduok emozio hori lasaitzen lagundu behar diogu eta ipuinak aukera ematen digu haurrak barrenean dituen emozio horiek ateratzeko. Ez da botika, baina emozioak hizpidera ateratzen ditu eta arazoak mahai gainean jartzen.

Hizkuntzaren transmisioan zer garrantzi dauka ipuinak?

Hizkuntzaren transmisioan eragin zuzena poesiak dauka. Poesiak hizkuntzaren atal txikiak gainditzen eta osatzen laguntzen dio haurrari, eta garapen bat egiten. Ipuinen erabilpen oso anker bat egin da urte askoan, ahozkotasunarekin kalko bat egin nahi izan baita. Nire ustez, ipuinak garrantzi handia dauka hizkuntzaren garapenean, batez ere haurrari irudikarazten diolako  hizkuntza jasoa nolakoa den, nola idazten den, eta hori oso garrantzi-tsua da. Idatzizko konposaketaz eta erredakzioaz hausnartzea dakarkio haurrari, “nola esango dut hau?”, eta hori lanketa izugarria da.