EHIGE, BIHE eta SAREAN hezkuntza elkarteak Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar ekimena sustatzen ari dira azken urteotan. Euskal Hezkuntza eta Eskola Publikoaren hobekuntza ahalbidetzea da hiru elkarteen plataformaren lan ildo nagusia. Jarraian, hiru elkarteek azaldutako idatzia dago.  

1. ELKARTEON AURKEZPENA

Ekitaldia antolatzen dugun hiru elkarteok (EHIGE, BIHE, SAREAN) Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar ekimena sustatzen ari gara azken urteotan. Euskal Hezkuntza eta Eskola Publikoaren hobekuntza ahalbidetzea da hiru elkarteok osatzen dugun plataformaren lan ildo nagusia.  

 

2.  ESKOLA EHUNTZEN EKITALDIAREN HELBURUAK

Gaur EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA HARATAGO liburuaren argitalpena ospatzen dugu.

Azken urteotan Eskola Publikoa hobetzeko eta berriztatzeko egin diren ikastaro, mintegi, jardunaldi, topaketa, eta ikastetxeen artean eman diren eztabaida-foro, bilera, …ugariak izan dira eta beraietan pertsona askok parte hartu dugu.

Egindako lan guzti honek lagundu digu gaurko Eskola Publikoak dituen beharrak eta erronkak sakonki ezagutzen, eta berriztapenaren eta hobekuntzaren norabidea definitzen.

Gaur aurkezten dugun publikazioa, metatu dugun jakinduria guzti honen sintesia da.

 

3.  EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA HARATAGO

Zer jasotzen da liburuan?

Euskal Herrirako Curriculuma publikatu genuenetik gaurdaino, Euskal Herriak bere kohesio soziala indartzeko behar duen Eskola Publiko euskalduna definitzen eta egituratzen saiatu gara.

Euskal Herrirako Curriculumean hezkuntza publikoaren eduki kultural eta ideologikoak definitzen genituen bezala, Euskal Eskola Publikoa Haratago dokumentuan, Euskal Eskola Publikoak gaurko eta biharko gizartean bete behar duen funtzioa eta bere gain hartu behar dituen konpromisoak zehazten ditugu.

Gure eskola  hiru dimentsioen arabera eraiki nahi dugu:

 

a) EUSKALDUNA: Euskararen erabilera normalizatzeko eta euskal kultura indartzeko eragile konprometitua da Eskola. Ikasle guztiei bere ezagutza bermatzeko behar diren baliabideak eta estrategiak defendatu eta bultzatuko dituen Eskola.

 

b) PUBLIKOA: Hezkuntza inklusiboa da Eskolari bere izaera publikoa ematen diona. Bakarrik Eskola Publiko bat dago: dohakotasuna, laikotasuna eta ikasle guztien arrakasta lortzearekin konprometitua dagoena. Eskola Publiko bakoitzak bere proiektu propioa osotasunean garatu ahal izateko, autonomia maila handiagoa behar du Eskolak, eta era berean Administrazio publikoen  korresponsabilitatea.

 

c) HARATAGO: Hezkuntzan etengabe ematen diren erreformek, lege eta araudi aldaketek, hezkuntza sistemak behar duen egonkortasuna izatea oztopatzen dute.

Eskoletako proiektu eta planak bizi duten behin behinekotasun egoera honetatik ateratzea ezinbesteko baldintza da emaitzetan aurreratzeko. Eskola Publikoak, adostasun zabal batean oinarrituriko lege marko eta lan hitzarmen iraunkorrak behar ditu, bere funtzio soziala eta kalitatea bermatzeko. Gaurko behin behinekotasuna gainditzeko, “haratago” begiratzen dugu, eta Eskola Publikoaren etorkizunean inplikaturik gauden guztion zereginak zehazten ditugu gure dokumentuan. 

 

Administrazioak, berak kudeatzen dituen zerbitzu publikoei buruz duen ikuspegi administratibista gainditu nahi dugu, eta Eskolak bere zeregin sozialari buruz duen ikuspegi askea azaldu nahi dugu;

 

4.  DEIALDIA HEZKUNTZA-ERAGILE GUZTIEI

Hezkuntza berez biziki hauskorra da. Ondorioz, eta bere osasunean inplikaturik dauden eragile guztien ahaleginaren eta erantzukizun mailaren araberakoa da bere bizi-kalitatea.

Horregatik, bakoitzak gure erantzukizuna daukagu:

·               Ikasleri, eskola eskaintzen dizkion aukerak ahalik eta ondoen aprobetxa ditzan, erantzukizuna eta diziplina eskatu behar zaio bere zeregin horretan.

·               Irakasleak, eskolaren hezkuntza-proiektuari atxikitu behar du bere zeregina, helburu kolektiboak bere interes propioen gainetik ezarriz.

·               Familiak eragile nagusiak dira bere seme-alaben heziketan eta Eskolaren hezkuntza-jardueretan lankide izan behar dute. Denok gara arrakastarako faktore.

·               Sindikatuak: hezkuntza publikoaren zeregina indartu eta egonkortuko duten lan hitzarmen adostuak lortzen bere ahalegin guztia ezinbestekoa da. Gaur eguneko zatiketa gainditzea ezinbestekoa ikusten dugu, hezkuntza-jarduera normalizatzeko eta sendotzeko.

·               Alderdi politikoak ezinbestekoak dira Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren ardatz bihurtzeko. Egun ditugun erronkei aurre egiteko behar ditugun baliabide eta eskumenak eskatzen dizkiegu. Alderdi politiko progresistei akordi zabal bat eskatzen diegu Eskola Publikoaren izaera indartzeko eta merezi duen aitortza izateko.Guk, Eskola Publiko euskalduna, bikaina eta integratzailearen alde lan egitea konprometitzen gara.

 

Uste osoa daukagu, Euskal Eskola Publikoa Haratagon planteatzen dugun Eskola Publikoaren eredua, hiritar ororen interesak eta ilusioak betetzeko behar dugun Eskola dela.

5.  GAURKO EGOERA GAINDITZEKO BEHARRA

Gaurko ekitaldia aprobetxatu nahi dugu, hezkuntza orokorrean eta hezkuntza publikoa bereziki jasaten ari den murrizketen politikak eta abian diren lege aldaketak salatzeko. Aurreko legealdian, behin baino gehiagotan ordezkapenetan eta aniztasunari aurre egiteko neurrietan egiten ari ziren murrizketekin gure desadostasuna azaldu genuen.

Era berean, Estatuak hezkuntzarako planteatzen dituen erreformekin ere ez gatoz batere ados, erkidegoen errealitate desberdinak kontutan hartzen ez dituelako eta hezkuntza sistema segregatzaile bat proposatzen duelako.

Gure dokumentuan planteatzen ditugun xedeak eta proposamenak aurrera eramateko, hezkuntza publikoa lehenetsiko duten eta ekitatea eta aukera berdintasuna indartuko duten politikak behar ditugu. Hain zuzen, Hezkuntza Saila berriari bere politika aipatu bide honetatik bideratzea eskatzen diogu, murrizketen politikak alde batera uzteko, eta gure hezkuntza sistemaren ezaugarri propioak defendatzeko.

 

www.euskaleskolapublikoa.eu